Asteroko buletina
Intxaur arbolak ez du lagunik nahi

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Zer da izurrite bat?

[Jakoba Errekondo]

Landareari kalteak sortzen dizkion edozein animalia izurrite bihur daiteke. Ikusi edo ez ikusi, handi edo txiki, animaliak dira: barraskilo, bare, nematodo, zorri, har, beldar, zimetz, satagin, kotxinilla, luhartz...

Batzuek landareari puska kendu eta jaten dute. Beste batzuek eztena sartu eta izerdia zurrupatzen dute. Azken horiek arazo larriak sor ditzakete: landare batean xista, horren gaitza edo birosia, beste batean xista, erraz kutsa dezake. Badira sustraiak jaten dituztenak, baita zuztarrak edo hostoetako barrenak bazka dituztenak ere. 

Animaliak noiz dira izurrite? Galder horri erantzutea gero eta zailago da. Lehen, bakarra ikusi ordurako, izurrite bat bezala tratatzen zen. Gaur egun, denok oreka batean parte garela badakigu. Sator bat izurritetzat jotzen bada, berak jaten dituen ehunka intsektuak indartuko dira eta haiek bai benetako izurrite bihurtu. Kontuz, beraz, kontuekin eta tamaina hartu.

Horra batzuk, ezagutu eta diosala egiteko pronto egon. Tratamenduak egiterakoan, kontuan izan xaboia eranstearen garrantzia. Xaboiak intsektuaren azalari erasotzen dio eta horrek, bere, hil dezake. Baina baita ere nahastuta daraman intsektizida barrura errazago saru eta egindako mina handitu. 

* Zorria. Bizkarroi ezagunetakoa da. Espezie ugari dago, baina denek berdin erasotzen dute: muturrean duten eztena hostoan, kimuan edo txorten gurian sartzen dute eta izerdia zurrupatu. Txindurriak lagunak dituzte: zorrien jariatzen duten lika gozoa gustuko dute, ordainetan, txindurriek zorrien arerioak uxatuko dituzte. Landarean gora-behera txindurriak ikusiz gero, argi, zorriak ez dira urruti izango. 

Ziztaden ondorioz, hostoak eta kimu berriak kizkurtu biribilkatu eta desitxuratzen dira. Era berean, jariatzen duten lika onddoak garatzeko bazka ezin hobea da. 

Zorri mota asko dago. Negua ere baratzearen inguruan, urrutira gabe, igarotzen dute. Urte batean hiru belaunaldi baino gehiago izatea ohikoa da. Udaberrian, lene belaunaldiei tamainan eutsiz gero, alde ederreko garbitasuna izango dugu urte osoan. Ikusi adibidetarako, babarekin egin behar diren lanak.

Zorri izurritea baratzeko desorekaren baten adierazle garbia da. Gehiegizko ureztatzea edo ongarriketa, jeneralean. Arazo hori konponduta, zorriak bere tamainan biziko dira, amona mantangorrien eta zorrien lehoein (krisopak) elikaduraren parte izango direlarik. Haien harrek, iputsardeek bezala, barrabarra jaten baitituzte. Ipurtsardeei laguntzeko, hartu lurrezko lorontzi bat, txibilez bete eta sare batekin eutsi, buruz behera jarri eta ez husteko moduan. Baratze inguruan zintzilikatu. Babes horretan habiak egingo dituzte. Eta bertan sortutakoek makina bat zorri jango dute. 

Zorriak uxatzeko baratzearen inguruan asuna, isipu-belarra, salbia sendakaria, erromeroa, albahaka, arraixka, menda eta atxaparra jarri. Kukuprakak eta kaputxinak zorriak erakartzen dituzte, beran goxo geratzen direlarik. Ipomeak eta asentsio-belarrak txindurriak uxatuko dituzte, eta zorriak zurtz utzi. Errautsa gainean astintzeak ere min egiten die, bat-batean deshidratatu egiten baititu. Intsusa, izpilikua, huntza, tomatea, tabako-belarra, larranbiloa, bortusaina, mota-belarra, baratxuria, garoa, asuna, azeribuztana, zolda-belarra eta abarren urak erabiltzen dira haien aurka. Beti ere xaboi potasikoarekin nahastuta. 

Ongarriketa zaindu. Hezetasunarekin esan dugun era berean, nitrogeno gehiegi duen lurretako landareen kimu berriak goxo-gozoak dira zorrientzat. Urrutitik usaintzen dituzte. 

* Euli txuria. Euli ttiki-ttiki bat da, zuri-zuria. Ezkutuan izaten dira, baina landarea astinduz gero laino baten antzera hedatzen dira inguruan. Izerdia zurrupatuz, hostoak horituarazi eta eortzeraino kaltetu ditzakete. Tropikoetatik etorria dela uste da. Lehorzalea da eta negutegietan ikaragarrizko triskantzak eragiten ditu. Zorriak bezala lika gozo bat hariatzen du, gaitzak eragingo dituzten onddoen bazka dena.

Euliok uxatzeko albahaka, menta, tajetea, erromeroa, kaputxina, huntza, ilena (ebaki-belarra, baltsamo-belarra) eta, batez ere, perrexila aldatu, haizeak jotzen duen aldetik onena. Baratxuriaren urak eta estraktuak ere uxatzen dituzte. Tabako-belarraren urak ere ederki jipoitzen du. Akabatzeko mota-belarra, zolda-belarra, huntza eta bortusainaren ura. Lurrari heze eustea komeni da, ez baita hezetsunaren zale. 

Itxuraz kolore horia asko gustatzen zaio. Zenbaitek kolore horretako tranpak jartzen ditu: kolore horretako edozer gauza olioz eta eztiz igurtzita jarri zintzilik eta hurbildu ahala bertan itsatsiko dira. Tarteka bildu eta zuzenean erre.

Xaboi potasikoarekin ere tratatzen da. Intsektuaren azaleko exoeskeletoa babesik gabe uzten du eta hil egiten da. 

* Nematodoak. Lurpean bizi diren har antzeko animaliak dira, oso txikiak. Landarearen sustraia ziztatu eta kaltzen dute. Ondorioz ahuldu egingo da, ongarri gabezia edo ur eskasia duenaren itxura erakutsiz. Ez dira arerio errazak. Bortusaina, salbia sendakaria, ilena, tajetea... uxatzaile onak dira. 

* Barraskiloa eta barea. A ze parea! Gure baratzeetako bisitari ezatseginenetakoak dira. Hezetasuna maite dute. Egun argiz zaila da ikustea lehortetik babesteko ezkutatu egiten dira eta gauez atera. Landareei kosk eginez kalte handiak eragiten dituzte, batez ere landare txikietan. Kontrolpean izateko alor asko zaindu behar dira: gordelekuak eta txoko hezeak kendu  (huntza, ohol, sastraka...), tranpak (garagardoz betetako potoak lurrazaleraino sartuta) eta hesiak antolatu (zerrautsam karea, errautsa, txikitutako arrautza azalak...), landare artean teilak jarri, bizkarrez gora, itzala eskainiz. Beraiek bilduko dira bertara. Handik zeuk bildu. Teilape hori erakargarriago egiteko gustuko duten gutiziaren bat jar daiteke: laranja-azala, limoi-azala, patata-azala... landare txiki aldatu berrien artean arrautza azal txikituak zabaldu. Azal puska zorrotzen gainean ibiltzea ez dute gustuko eta moluskuak urrutiratu egingo dira. Gatza jartzen dienik ere bada: pilatxoak jarri, asko gustatzen zaie, baina deshidratatu egingo ditu eta hil. 

Amuak jartzeak balio du, baina ez da nahikoa. Gustuko ez dituzten landare usaitsuak jarri: izpilikua, salbia, erromeroa. Baratzearen inguruan teilak edo lurra kendutako oholak jarri, eta azpiko aldiko babesera bilduko direnak maiz-maiz bildu eta kendu. 

Badira hosto ea kimu guriei puskak kentzen dizkieten bestelako animaliak ere. Barraskiloak eta bareak nondik nora dabiltzan agerikoa da, ordea: lirdinga distiratsuzko arrasto ikusgarria utziko dute. Hala dio Lizardik Asaba zaarren baratza olerkian: "Marraskiloek bide biurri dirdaitsuez apaindua". Ez tartikua, ez bortussaina, ez asentsio-belarra, ez garoa, ez kaputxina ezta bergenia ez zaizkie gustatzen. Beraz, baratze inguruan aldatu eta zaindu. Kontrario naturalak zaindu: triku, zapo, zozo, birigarro eta abar. Baita barraskilo jale den jendea ere. Ilunpean kriseiluarekin bildu eta eman, eman jatera!

Bareak ateratzeko pozoirik gabeko era erraz bat bada: egur ezpalak. Izena sko du: ezpala, porroxka, zoztorra... Landareen azpian ezpala jarri ondroso. Bertan hartuko dute habia lurreko kakalardo, nematodo eta beste laguntzaile ugarik. Horiek bareak eta beren arrautzak jan edota bizkarroi jarriko zaizkie. Era berean, ezpala usteltzen doan eran, ongarri ederra da. 

Bare eta barraskiloek bere joan-etorrietan uzten duten lirdinga hori baratzerako ona dela dioenik ere bada.

* Satagina. Ugaria da karraskari jende hau! Ezaugarri adierazgarriena horixe du, ugalkortasun oparoa. Lurrazalean eraikitzen dituzte zulobide luzeak, landareen sustraiak janez eta hankaz gora jarriz. Lur gaina garbi eduki eta baratze inguruak ere bai. Hegazti harrapariak dira bere arerio nagusiak eta haiei lagundu behar diegu: lurra garbi edukiz azkarrago ikusiko dituzte. Gaueko harraparientzat talaia izango den hesola handi samar bat jarri. Tartikuak eta intsusak uxatu egiten ditu. Garai batean etxe guztietan zen intsusaren bat edo gehiago etxe ondoan. Suge jendea ere uxatzen duela esan ohi da. Eta haiek eta sagu jendea ere ukuiluetatik uxatzeko azpein azpian itsusa arbak jartzen ziren. 

* Luhartza. Lurtxakurra (Ziortza-Bolibarren) eta txir-txir satorra (Aramaioko Oletan) ere deitzen zaio. Kilkerraren antza du, baina handiagoa da, 4-5 cm-ko luzera du. Gorrizta da eta karramarroek dituztenen antzeko haginak ditu. Hagin horiek bere bizimoduaren eboluzioaren adierazle ederrak dira: lurpean galereiak egiten ditu, satorraren antzera, landareen sustraiei erasoz eta moztuz. Landareak oso-osorik moztu ditzake ipurditik. Harrak, zizareak, txindurriak eta abar ere jaten ditu. Azaltzen den tokian kalte ikaragarriak egiten ditu. Lur fresko, arin eta batez ere harroak gustaten zaizkio. Aurkari ditu hegazti asko (araba-zozoa, ipar belea, harrapariak...), trikuak, satorrak, sataginak, arratoiak, azeriak... Asia aldean jendeak jaten omen du, frijitua gutizia omen. Udaberriko gau epeletan arraren kantua entzun daiteke, zatarenaren tankerakoa da. Emeak erakartzeko, lurpeko galerien artean aparteko txokoak eraikitzen ditu, kantuari berezko doinu bat eransteko. Hortik ote datorkio txir-txir sator izen hori? Zenbait arrainen arrantzarako beita preziatua da. 

Luhartza harrapatzeko, udazkenean lurrean zuloak egin, pare bat aitzukadaren tamainakoak, behor-simaurraz bete eta estali (ontzi baten tapa, teilak...). Hotz den artean, tarteka miatu eta bertan aurkituko ditugu simaurraren epelean luhartzak eta bere kumeak. 

Akabatzeko janari tranpak ere jartzen zaizkio: zahia eta azukrea nahastu eta ura emanez ore trinko bat egin, horri intsektizida naturalen bat nahastu (rotenoa, piretrina, pelitre, neem olioa...). Baratzearen inguruan pilatxoan jarri, teila baten azpian. Gozoaren usainean lurpetik aterako da, baita hil ere. 

Behin beroak hasten direnetik atzera, udaberrian eta udan, tranpak jartzen zaizkio: erdiraino urez edo garagardoz betetako ontziak, ahoa lurraren mailaraino sartuta. Simaur berri pixka bat ere jar daiteke. Sartu, sartuko dira, baina ateratzeko inolako aukerarik gabe. 

Bere galeria sistema topatuz gero, urez betetzeak kalte egiten dio eta aterarazi. Urez edo ura eta detergentea nahastua (5litro ur + 0,15 litro detergente) betetzen duenik bada. Urari rotenoa edo piretrina nahas dakioke (litroko 2 koilara txiki bete). Zenbaitek olio zaharra ere sartzen dute. Asunarekin egindako irakin hutsa da onena. Betetako zuloetatik azkar ateratzen da, harraptzeko pronto egon, eta bizi!

* Satorra. Lurpeko bisitaria da satorra. Hanka eta beso indartsuen bidez lurpean galeriak zulatzen ditu eta ia urte osoan bertan bizi da. Bere jaki gogokoena zizarea da. Zizareak ttuaz sorgortu eta geldiarazten ditu, gosea izango duenerako biltegiak antolatuz. Beste ornogabe batzuk, harrak, luhartzak, bareak, motxorroak eta abar ere jaten ditu. Landarerik ez du  jaten. Habiak egiteko azpi gozoen bila lur gainera ateratzen denean egiten dituen muntoak dira enbarazu bakarra. Kalte horien ordainetan, lurpeko intsektuak janez egiten duen mesedea, alde ederrekoa da. Horrexegatik, gero baratzean ditugun laguntzaileen kuadrillan ere aipatuko dugu. Era berean, lurrari ere mesede egiten dio: aireberritzeko eta urak alde egiteko balio dute bere zuloek. 

Satorra itsua da, lurpean begiak alferrik, argi ibiltzen da, ordea. Horretarako ikaragarrizko sentiberatasuna garatu du ukimenean eta muturrean, hanketan, besoetan eta isatsean dituen ileetan.

Satorra harrapatzeko tranpak daude. Beste batzuk kez edo urez betetzen diote satorzuloa, aterarazi eta harrapatzeko. Pazientzia gainezka dutenak munto berriak egiten dituenean aitzurkada emateko zain egoten dira. Askotan satorra  akabatu nahian egien diren lan horiek bera ernegatzea besterik ez dute lortzen. eta ondorioa okerragoa da,zulo berriak egingo ditu. Intsusarekin edota tartikuarekin egindako irakinarekin ere betetzen zaizkio zuloak. Uxatzeko ere errazagoa bada: metro eta erdiko burdinazko hagatxoaren erdia lurrean sartu eta lurretik ateratzen den beste erdiaren muturrean, plastikozko botila bat sartu buruz behera. Haizea dabilenean hagatxoak lurpera eramango du. Mugimendu horrek sortzen dituen dardarak ez zaizkio batere gustatzen, eta ospa egingodu. 

Kontuan izan, hala ere, satorra akabatu edo desagerrarazten badugu, beraki eraikitako zulo eta galeria multzoa hutsik geratuko dela,eta baratzean berak baino kalte askoz ere larriagoak egin ahal dituzten beste batzuk (satagin...) etorri eta bertan geratzeko arrisku ederra izango da. 

* Hari harra. Lurpeko harrak dira. Usteltzen ari den materia organikoa janez bidzi dira, baina lurrean topatzen dituzten sustraiei, tuberkuluei eta zuztarrei ere eraso diezaiekete. Patata, azenarioa eta artoa gustuko ditu, baita aldatu berria den ia edozein landaretxo ere. Toki beroetan ugariago da, eta ondu gabek simaurra edo edozein materia organiko duen lurretan errazgo azalduko da. 

Simaurra eman eta landareak jarri arteko tartea luzatzeak bere erasoa apaltzen du. Azenarioa oso gustuko du, maiz ikusiko duzu azenarioaren sustrai lodikotea har ttiki hauek egindako galeria luzeekin. Egiten duen kaltea baino gero datorrena da  okerragoa: bere koskadizoaren zaurian gaitza, usteldurak sortzen dituzten onddoak sartuko dira. Baratzean badirenaren susmoa badago, azenario puskak lurpean sartu; aldameneko landareen sustraiak bakean utzi eta azenarioetara etorriko dira. Sarri miatu eta bertan sartuta jaten ariko diren harrak atera eta akabatu. Edo oilioi eman.

* Azen harra. 1976an Jakin-ek argitaratutako Natur Zientziak Hiztegia-n ederki asko deskribatzen da: "Azatximeletaren beldarrak hori berdeskak izan ohi dira, gorputzean beltzune batzurekin". Gurutzedunei erasotzen die, ez nolanahi gainera: tximeletak hostopean erruten ditu arrautza hori-laranjak, multzoka. Gero harrak jaiotakoan saldoetan bizi dira eta landarea hozkada-hozkada jo eta hostorik gabe, zipiztuta uzteko gai da. Kolore bizikoa da bai harra edo beldarra, bera jatera hurbiltzen diren txoriei "`pozoia" duela adierazten die, eta jateko gogoa zapuztu. 

Apiriletik atzera azaldu daitezkeen arrautzak bilatu eta eskuz zanpatu, txof-txof. Geroxeago gauza bera egin jaio diren hartxoekin. Saldoan, denak batera izaten dira eta topatzen ez dira zailak. Azaburuaren gainean garo hosto bat jarrita ere ez  omen da tximeleta arrautzak jartzera hurbiltzen.

Uxatzeko, asentsio-belarra eta isats arruntza ikusi. Akabatzeko: mota-belarra, tomatea eta intsusa. Baita tabako-belarra eta xaboi nahasketak ere. Gari irina eta sodio bikarbonatoa nahastu, azen gainean zabaldu, hautseztatu; konturatzerako harrak akabatuko ditu. 

* Beste arerio batzuk tratatzeko:

Armiarmak. Azeribuztana, asuna eta baratxuria

Azaren eulia. Mota-belarra

Azenarioarren eulia. Mota-belarra, baratxuria eta tipula

Gaueko sits eta tximeletak. Intsusa

Gurgurioak. Tabako-belarra

Harrak, orokorrean. Tabako-belarra, baratxuria, asentsio-belarra eta intxaurondoa

Kotxinilla. Tabako-belarra

Orkatzak, ardiak, ahuntzak. Baratxuria

Tipularen eulia. Bratxuria

Tripsa. Intsusa

Txindurria. Izpilikua

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora