Asteroko buletina
Kandelarioz euria. Laister du udaberria.

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Intsektizida naturalak

[Jakoba Errekondo]

Intsektuei aurre egiteko, landare askoren esentziak erabiltzen dira. Esentzia horiek egitura desberdinak dituzte: olioak, esterak... Rotenonak, piretrinak, neem olioa, nikotina... Aukera gero eta zabalagoa dago eta, zer esanik ez, pozoi kimikoen aldean askoz ere naturalagoak dira. Gure baratzearen orekarako eta geure osasunerako. Zorriak jaten dituzten listafinak eta amona mantangorriak adibidez ohiko bihurtzen dira. 

Bacillus thuringiensis izena du beste intsektizida ezagun batek. Bakterio bat da eta intsektuei erasotzen die. Ez du bestelako eraginik, ez landareetan, ez lurrean. XX.mendearen hasieran aurkitu zen eta mende horren erdi aldera hasi zen mahasti eta soroetan erabiltzen. 70eko hamarkadan pinuaren prozesionaria tratatzeko erabiltzen hasi zen, baita artasoroetan ere. Mendearen azken laurdenean bakterioaren beste aldaera batzuk aurkitu eta askoz ere intsektu gehiagori aurre egiteko erabiltzen hasi ziren. gaur egun nekazaritza ekologikoan gehien erabiltzen den intsektizida da. 

Xaboi potasikoa. Xaboi neutroak erabiltzen dira, baina onena xaboi beltza edo potasikoa da. Landareen koipe naturalekin soilik egiten da. Intsektu gehienen aurka erabiltzen da: zorria, euli txuria, kotxinilla...

Intsektuek landarean dabiltzanean sortu eta uzten duten kakari erasotzen dion onddo beltzezka ere garbiltzen du. Onddo horrek kalte latzak ekar ditzake, hostoa estali eta, argia hartu ezinik, hark ezin baitu behar bezala lan egin.

Intsektuek duten anparo handiena azal gogorra da. Xaboiak azal horren kanpoko aldeko babesa urtu eta kentzen die. Gero, arazoak besterik ez dituzte izango: eguzkiak erre, haizeak lehortu, gaitzak sartu... Hil arte. 200 gr xaboi 10 litro uretan nahastu, indarrez irabiatu eta kito! Beste aukera bat xaboia eta alkohola batera erabiltzea da: lehengo nahasketari (200 gr xaboi + 10 litro ur) erretzeko alkohol litro erdi bat eta 10 gr itsasoko gatza erantsi. 

Tabakoa eta xaboia, intsektuen aurkako nahasketa on bat. 

Mastekatzekoa, adibidez, 100 gramo tabako. Litro erdi bat alkohol eta bete hainbeste ur nahastu eta tabakoa sartu. Hamabost bat egunez beratzen utzi. 100 gramo xaboi neutro gogor birrindu eta 10 litro uretan urtu. Tabako ura eta xaboi ura nahastu. 

Horra hor, erraz askoa, intsektu egoskorrenari ere aurre egin eta gailentzeko intsektizida naturala. Euli, har, beldar, arkakuso, zorri, zimitz, kotxinilla... Argi ibili! Deskuiduan intsektuak izurrite bilakatu badira, zuzenean nahasketa horrekin tratatu. Erasoari izurrite esaterik ez bada, tratatzeko, erantsi beste 20 litro ur. Intsektuak ez baditu garbitzen, landareak ondo garbitu arte astero tratatu. 

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora