garaian, garaikoa, garaiz
Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.
Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.
Liburua eskuratzeko[Jakoba Errekondo]
Luarra edo ongarri organikoa egiteko toki bereizi bat jartzea da onena. Bertan hiru pila izango ditugu: bat usteldua dagoena eta ongarri gisa lurrari ematen ari garena, bigarrena hondakinak pilatuta eta usteltzen ari dena, hirugarrena sortzen ari garen hondakinak pilatzeko. Niri egurrez egindakoak gustatzen zaizkit, baina era askotara antola daiteke. Baratzean bertan sortzen diren hondar organikoei (hosto, zarba, zuztar, belar...) etxekoak ere gehitzea litzateke egokiena. Baratzekoak jaten ditugun etxetik, atzera bueltan baratzera. Gure bizimoduan sortzen dugun hondar organikoa, ez hondakin gisa, baizik eta gure lurraren elikagai bezala baliatzen dugun egunean, aurrerapauso ikaragarria emango dugu geure bizitza kalitatearen hobekuntzan. Baita gure lurraren eta ingurumen osoaren zaintzan ere.
Luarra nola egin? Tokia garrantzitsua da. Lurraren gainean egitea komeni da. Bero handiak egiten dituen tokian itzaletan jarriko dugu luartokia, toki hotz eta hezeetan, aldiz, eguzkitan. Bakoitzak gure amona parea dugun eran, ongarria egiteko eskolak, baratzezainak adina dira, ia. Era erraz bat azalduko dizut: hondakin organikoak eta simaurra, 3-1 proportzioan nahasi eta errauts pittin bat gehitu. Simaurrik ezean, lehendik ondutako ongarria jarri eta errautsaren ordez karea erabili daiteke. Egiten ari den ongarri pila gutxienez ilargiero (ilbeheran) jiratu, ez gehiegi berotu eta, arnasa hartuz, luzundu ez dadin. Maizago iraultzen baduzu hobe. Berotu, berotu egin behar da, hartzidura egokia egiten ari den seinale. Ez bada berotzen harrotu. Harro eusteko ezpalaren tankerako hondakina (izarbak, lasto zakarra, orbela...) nahastu beharko diozu, agian. Asunak nahastuz gero luarra azkarrago onduko da. Zenbaitek asun uraz bustitzen du. Hiruzpalau hilabetera, tenperatura apaltzen zaionean, bakean utzi. Hortik aurrera ez du airerik behar. Zizareen tankerako zomorro handiagoen lana hasiko da, eta hauek bakea behar dute. Zortzi-hamar bat hilabeterako erabiltzeko moduan egongo da. Kolore iluna, basoko edo perretxiku usain gozoa izango ditu, eta eskuetan erraz xehatzen da. Ez bada, hala, gutxiegi harrotu eta irauli duzun erakusle da. Zahartu ahala, bere osagaik mineralizatu egingo dira, eta ez da komeni. Behin egina dagoenean lasai erabili, lurrari azalean emanez edo nahasiz.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545