garaian, garaikoa, garaiz
Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.
Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.
Liburua eskuratzeko[Jakoba Errekondo]
Esan beharrik ez dago, baina ura eta landarea uztarri berean datoz. Gure lurrak harreman estua du urarekin. Guk ura goitik behera -suilaka, zaldizka, zirimirian gozo-gozo...- datorrela ikusten dugu. Landareek hartzen duten ur gehiena, baina, behetik gora dator, kapilaritatez lurrean gora igotzen dena. Kapilaritatea zer den ikusteko, eskuan zintzilik hartu oihal bat eta azpiko muturra ura dagoen ontzi batean sartu. Berehala ura gorantz abiatu da oihalean barrena. Lurrean berdina gertatzen da. Gorantz datorren ur horren bila luzatu ditu landareak sustraiak.
Sustraiak zenbat eta luzeago eta sakonago, orduan eta gutxiago sufrituko du landareak lehortea. Behetik gora datorren ura harrapatzen lehena izango da. Sustrai jendea axaleko duten landareak dira ur eskasia sufritzen lehenak.
Ura beste forma batzuetan ere etor daiteke: ihintza, izotza, elurra, kazkabarra edo harria... Ihintza gau epel oskarbietan sortzen da eta aireko hezetasuna lur gainean edo landareen gainean tantaka biltzen du. Ihintzak bildutako ur kopurua handia denean basura deitzen zaio. Udako lehorte luzeetan ihintzak emandako urak majo laguntzen du baratzean. Landare gehienen egiturak hostoetan pilatutako ur ttantak zurtoin aldera bildu eta ipurdia bideratzera egokituta daude.
Lur on baten kakoa bikoitza da: goitik eta behetik datorkion urari eusteko gaitasuna izan beha du. Era berean, alde egiteko bidea erraztu behar dio datorren urari, gehiegizkoa denean, drainatu eta airea sar dadin.
Isurialde atlantikoko lurretan ur gehiegia da arazo handiena. Urak eta hezetasunak onddoak suspertzen dituzte, eta horiek gaitzak eragin, hau da, gure uztaren zaputza. Lurrari harro eustea da oinarrizko lana baratzeko landareak osasuntsu eta emankor bizitzeko. Harro egoteak, lur barruan airea dabilela esan nahi du, hau da mikroorganismoentzat oxigenoa eta urak alde egiteko bidea. Harrotzeko ongarri organikoa, hondarra edo mausarra, karea eta errautsa erabiltzen dira. Bakoitza noiz eta non komeni den, baratzeak berak erakusten du.
Lur itoetan etxean bezala bizitzen diren landareak badira. Horiek ikusten ditugun tokian horretxen adierazle dira, ura barra-barra: azeribuztana, eztul-belarra, ezpata-belarrak, lezkak, menda, txortaloa, ihiak, azpelarra, zolda-belarrak, zazporria, plantain handia, sapelarra, berbena, oroilorea, zaingorria... Buztin lurren adierazle garbiak dira: lapa-belarra, baratze-gardua, astalikardua, txikoria eta txikoria-belarra.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545