Asteroko buletina
Urrats, Urteberri, zoroak ere igarri.

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Uzta

[Jakoba Errekondo]

Lan guztien ondoren dator ospakizuna

Baratzean festa etengabekoa da. Ondo antolatuz gero egunerokoa da uztaren jaia. 

Barazkiak ahalik eta freskoenak jan. Ez utzi handi egiten. Handitzearekin batera azala zaildu, barruak zakartu eta ahosabairako makaldu egingo dira. Azala egiten hasi berriak dauden patatak, golf pilota baten tamainako erremolatxak, hatzen luzerako azenarioak, kuiatxoaren loreak, bururik eratu gabeko urazak, ihartu gabeko baratxuriak, artaburu guriak, hatzaren lodierako porruak... Beste inola eskuratu ezin daitezkeen gutiziak zeure baratzean izango dituzu. Gupidarik gabe dastatu eta jan. Barazkizainari etekinik emango ez dion barazki txiki hori, samurrenean eta gustu onena duenean zure esku! Badira, hala ere, handituagatik gustuari eusten diotenak ere, apioa, adibidez. 

Jaso ezin daitezkeen barazkiak, asko jarriz gero denak batera etorriko dira eta zer egin? Uraza edo errefaua, esaterako, tarteka eta maiz gutxi batzuk jartzen ikasiko dugu.

Uzta batzuk (baba, ilarra, leka, kuiatxoa, luzokerra, piperra...) maiz-maiz, etengabe, biltzea komeni da. Erabat heldu eta ihartu gabe jaten ditugun fruitua dira. Fruituak zenba eta sarriago kendu, orduan eta lore gehiago emango du, eta uzta gehiago. Fruitua bertan uzten bada, horiek ondo heldu arteraino lan egingo du landareak, gehiago eman beharrik gabe. 

Baratzearen osagarri diren hesi, eskardura, itxitura, lorategi eta landare laguntzaileek ere badute emana. Fruitutxoak, loreak, hostoak... denetatik dastatu. Hona jangarri eta gozagarri diren lore batzuk: izpilikua, ekilorea, azafraia, intsusa, lila, kaputxina, txikoria-belarra, arrosa, bioleta, Sirirako arrosa... 

Gozoenetik bildu eta jan. Eta ezin baduzu jan, guri horretan iraunarazi eta urte osoan jan ahal izateko, kontserbak egiten ikasi. Urte guzirak baratzea! 

Samurrenetik jan, baina hazitarako ale batzuk bere horretan landarean uztea ez ahaztu!

Haziak jasotzeko aurreneko fruituak dira onenak. Behar bezala heltzeko eta osatzeko aukera gehiago izango dute. Landare bat edo batzuk horretarako uztea da onena: fruituak bildu gabe bertan uzteko seinale bat jarri eta markatu. Kontuz txoriekin, batzuk hazizale amorratuak dira. Sare, poltsa edo dena delakoren batekin nolabait babestu. 

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora