Asteroko buletina
Buruilak uda ez hiltzen, baina neguaz oroitzen.

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Zer da gaitz bat?

[Jakoba Errekondo]

Begiz ikusteko modukua ez den mikroorganismoaren batek landareari erasotzen dionean gaitza sor daiteke. Onddok, birusek eta bakterioek sortzen dituzte.

Birusek hostoak deformatu eta kizkurtzen dituzte. Bakterioek oilaurrak, kuku sagarrak, hanturak eta tumoreak sortu. Onddoek, aldiz, landareari kolorea apaldu, marguldu eta histu egiten diote, baita hauts-itxurako orbanak eta lizunak sortu ere: zuriak, grisak, gorriak, beltzak... Jeneralean, gaitzaren aztarna horiek ikusten ditugunerako landare osoa kaltetuta egonga da, eta zaputzaldiari buelta eman eta berpiztea oso zaila izango da. Egoera horietan zirt edo zart zerbait erabaki behar izaten da: aldamenekoetara ez zabaltzeko, gaitza duen landarea ipurditik atera eta bertan erretzea litzateke oena. Bizitza eta uzta luzeko landarea bada, sendabidean jarri beharko da. 

Birusak eta bakterioak gainditzeko erarik ez dago. Onddoak fungizidekin tratatu beharko dira. Onddoen artean bi multzo nagusi bereizten dira: lurpekoak eta airekoak. Lurpekoak dira okerrenak: ez dira ikusten eta tratatzen zailenak dira, konturatzerako kaltea larria izan daiteke. Landareak tokiz txandakatzeko arrazoietako bat horixe da. Airekoen artean ere bi multzo daude: hostoaren barrura eta handik landare guztira sartzen direnak (gorrina, herdoila...) eta azalean zabalzen direnak (zurina...). Lehenek usteldura hezeak sortuko dituzte eta bigarrenek erre itxura lehorra emango.

Arruntak diren gaitz batzuk. Sendabideak indartzeko larranbiloa edo kamamila eta milorria nahastu. Baita esnekiak ere. Propolioa ere beti da lagungarri. Era berean, ur oxigenatua, sodio bikarbonatoa... denetatik saiatzen ari da. Helburu nagusiak landarea suspertu eta indartzea eta azala sendotu eta lehortzea dira. Onddoek zailago izango dute sartzea. Gaitzen izenekin izugarrizko zikulusaltsa dugu, baina ustez gehien erabiltzen diren eran jarri ditut. 

* Gorrina. Edo gornia. Gazteleraz mildiu, frantsesez mildiou. Onddo batek sortzen du eta, batez ere, hostoei erasotzen die. Hezetasunarekin batera etortzen da eta 10 eta 20 ºC arteko tenperaturarekin suspertzen da. Batez ere euri sasoietan azaldu eta hedatzen da. Sortzen dituen orbanak gainaldean marroi edo horiztak dira eta azpialdean grisaxkak eta lizun edo bixar itxura dute. Udaberrian eta udan hedatzen da. Mahatsari ez ezik, batik bat solanazeoei erasotzen die: patata, tomatea, alberjinia... 

Sendagaiak, landare-urak: lapa-belarra, mota-belarra, kaputxina, salbia eta azeribuztana. Esnea, gazura edo jogurta ere ona da (%10 urtuta bota). Baita propolioa ere. Kobrea duten produktuak erabiltzen dira, eta, batez ere, salda bordelesa. 

* Herdoila. Ugerra ere deitzen zaio. Gazteleraz roya, frantsesez rouille. Hostoaren gainaldean orban horiak sortzen ditu eta azpialdean laranja, gorri edo marroiak. Herdoil edo uger koloreko oilarruak sortu eta hostoa, aihena edota zurtoina deforma ditzake. Lekadunei (babarruna, ilarra, leka, baba...) erasotzen die, baina baita baratxuariari, patatari... ere. Sendagaiak esnekiak (%10 urtuta) eta belar-urak:azeribuztana, garoa, asentsio-belarra, lapa-belarra...

Beterri aldean onddo hau zabaltzeko eguraldi aproposa ari duenean, beroa eta lanbro-laino hezea, herdoil giroa dela diote.

* Zurina edo oidioa. Gazteleraz oidio, frantsesez maladie blanc. Gaitz hau ezagutzeko errautsaz gogoratu. Hostoan eta txorten gurietan errautsaren itxurako hauts zurizta bat hedatzen da. Hostoak kizkurtzen ditu eta loraldia galaraz dezake. Bater ere kukurbitazeoei erasotzen die: kuia, kuiatxoa, luzokerra, kurkubia... 

Euria eta beroa txandaka ari direnean azaltzen da, batez ere udaberrian, eta urte osoan apopilo, bertan goxo gera daiteke. Sendagaiak: propolioa, sufrea, asuna, azeribuztana, baratxuria... Gorrina bezala esnekiekin ere tratatu daiteke. Sodio bikarbonatoa ere laguntzaila ona da. 

* Usteldurak. Edo lizun gaitzak. Grisa, beltza, zuria... Usteldura mota ugari dago. Gehiegizko hezetasunak ekartzen ditu usteldurak sortzen dituzten onddo eta bakterioak. Arrazoi ugari dago: landareen arteko tarte txikiegia, aireztatze eskasa, behar baino gehiago ureztatzea, lur itoa, nitrogenoa duten ongarriak neurririk gabe erabiltzea...

Horiez gain, makina bat onddo badago gaitz askoren sortzaile: usteldura beltza, grisa eta zuria, alternariosia, zerkospora, zanbroa... Gogoan izan ia gaitz denak onddoek sortutakoak direla eta horiei aurre egitea dela arazo gutxi izateko bide onena.

Lurrak ondo drainatu, ondo ongarritu, harrotu eta tamainan ureztatu. Era berean landareen arteko tartea handitu, eguzkiak lurra ondo berotu dezan.

Gaitz gehienentzako sendabide eraginkor bakarra aurrea hartzea da. Hezetasuna kentzea garrantzitsua da. Ikusi tomatearen atala. Bertan trikimailu ugari azaltzen da. Aipagarria da nitrogenoa duten ongarrien arazoa. Nitrogeno asko hartzen duen landareak ura asko hartu eta jaso behar du, hostoak urez puzten ditu eta usteldurak uretan aise hedatuko dira...

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora