Astelehenero 8:00etan zure epostan
Jakin nahi nuke Nola egiten den Mila esker
10 zenbakiaren formula da. 10 litro euri ura. Metalikoa ez den ontzi batean jarri. Kilo bat asun zarba fresko erantsi eta nahasi. Zakarrik ez sartzeko estali, baina airea sartzen dela. 10 bat egunez makil batekin fuerte irabiatu edo nahasi. Aparra edo bitsa sortuko du. Aparrik sortzen ez duenean egina dago. Agian 9. Eguna edo 12. Eguna izan daiteke. Erabiltzeko horko litro bat 10 litro ur garbiarekin nahasi.
Gaur arte erantzundakoak (1247 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba, piñua bota berri dugu lursail aldapatsu batean eta pista zabaldu den tokitan lur pareta oso ahulak daude itxuraz, jakin nahiko nuke bertako zuhaitz/zuhaixka zerrendatxo bat egitea ba ote dezun edo gida libururen bat existitzen den pareta hauei eusteko egokienekin.
Nire iritziz azkar hazten diren zuhaitza txikiak dira egokienak. Onenak, zalantzarik gabe, sahatsak eta zumeak. Baita lizarra handia ere, milazka edo tamariza, makala eta otsalizarra ere.
Kaixo, egunon.
Ea laguntzerik daukazuen.
2026 ilargia eta landareak izeneko agenda begiratzen ari naiz eta zalantza sortu zait.
Apirilaren 18an babarruna ereiteko dio, baina maiatzeko lanetan ere babarruna aipatzen du.
Legorreetan daukat sail txiki bat: noiz litzateke hemen babarrun beltza ereiteko egun edo aste egokia?
Mila esker
Babarrunaren ereite lanetarako apirila bezain egokia da maiatza, eta jende askorentzat maiatza hobea. Garrantzitsuagoa da zuren aukerak ikustea, lurrean noiz daukazun giro egokia lurra prestatzeko eta abar. Ilgora eta fruitu egunak dira egokienak. Apirilean ilgora 8tik 23 artean da eta fruitu egunak 9 eta 18. Maiatzean ilgora 5 arratsaldetik 18 artekoa da eta fruitu egunak 6, 7, 15 eta 16.
Perexilla ereiteko noiz da momentu egokiena? Entzunda daukat " perejil de mayo para todo el año", ez dakit egia den edo. Ea esatea duzun. Mila esker.
Orain tontortu edo garatzen ari da iaz ereindako perrexila. Biurteko landarea da aurten erein eta hazi, eta hurrengo udaberrian loratu eta hazia eman. Ba oraintxe da ereiteko sasoia. Gure amona Joxepa zenak aste santuko ostiralean ereiten zuen.
Aupa Jakoba!! Gure mahastian asi dira mugitzen landareak, gehienak badatoz, baiño badira bakan batzuk etorriko ez direnak edo itxura hori dute behintzat. Okurrittu zait landare oberenetatik adarrak moztu eta hilda dauden hoietan txertatzea. Eztakit posible litzaken. Hala bada noiz izango litzake hori egiteko garaia? eta hildako landarea txerto zaharretik bera moztu beharko nuke berriz txertatzeko ezta?? Eskerrikasko aldez aurretik eta segui holaxe urte askuan !!
Mahatsondoa nori txertatu da gakoa. Hilda dauden landare horiek erabat hilda al daude, gaineko barietatea eta mentu oina biak hilda? Hala bada ez daukazu nori txertatua. Horietan onena mentu oina izango den landarea orain landatzea da, eta hurrengo urtean txertatu; neguan eta adarreko edo zotzeko txertoarekin. Beste aukera da hilda egotea baina azpiko mentu oina bizirik. Horrela bada, mentu oin horrek altsuma berriak emango ditu, eta horiek utzi egin behar dira, onenak hautatu eta besteak kenduaz bat edo bi utzi. Horiek izango dira hurrengo neguan txertatzeko oinak.
Zainzuri zarpa lehor samarrak daude. Uretan sartu ditut hidratatzeko (hala egiteko gomendatu baitidate) Zenbat denbora komeni da izatea? Ta jartzeko eguna zein izan leike aproposa? Sakanan jartzeko dira, probatzen ari naiz.
Zarpak lehortuta etortzen dira. Lurretik atera eta egun batzuk kanpoan igarotzen dituztelako. Onena ahalik eta azkarren landatzea da. Lurrean bertan hidratatuko dira, era berean sustrai berriak ematen dituztelarik. Datorren igandea apirilaren 12a ez da txarra izango.
Kaixo Jakoba: Tageteak erein nituen otsailean negutegian eta dagoeneko erne dira (ikusi argazkia). Lurrean landatzeko sasoia da orain edo itxaron egin behar dut oraindik pixka bat? Oñatin bizi naiz. Eskerrik asko, Maite
Kanpoan landatzeko goiz antzera da. Seguru jotzeko, nik ontzi banatan landatuko nuke landaretxo bakoitza. Horrela toki babes batean mantendu ditzakezu, baina era berean hazten jarraitzeko tokia eta jakia izango dute. Gero, hil honen amaieran edo maiatzaren lehen hamabostaldian behin betiko tokian landatu.
Egun on, Jakoba. Bilbotik hurbileko Iturritxualde izeneko jolas-lekuan apainketa-gereziondo batek zalantza sortu dit. Izan ere, ia adar guztiek arrosa koloreko loreak eta hosto gorriztak, atera berriak, dituzte (prunus serrulata?), baina adar baten loreak zuri-zuriak eta hostoak berdeak dira, betiko prunus aviuma izango balitz bezala. Nahasketa bitxi hori txerto kontua ote da?
Baietz iruditzen zait. Apainketarako gereziondo horiek txertatuta sortzen dira. Ohikoa da zaintza egokia eman ez eta hori gertatzea: mentu oinak altsuma zurrupatzailea bota eta txertatutako barietatea gainditzea. Altsuma horiek, txertoaren zauriaren azpitik sortzen diren horiek maiz-maiz kendu egin behar dira, izerdiaren indar guztia gora, txertatuarengana bideratu dadin. Hori ez bada egiten mentutik sortutakoak ia akabatu arte borrokatuko du gainekoa.
Aupa Jakoba. Apirilleko azken hiru egunetako baten, aguakate batzuk aldatuko dittut. Patroi klonalak dira duke 7 eta hass, bacon eta lamb-hass bariedadeak. Badira sei bat hillabete erosi nittula eta tiestoan pasa duten denbora hau luze xamar itten ari zaiela iruditzen zait. Aldatu eta gero zer egingo nieke bixkortzeko? Eta aurreneko urtean pake xamarren utzi beharko dittut ezta? kimatu gabe etb. esan nahi det... ERskerrikasko
Tokiaren aukeraketa eta guzti hori garbi duzula alde batera utzita. Landatzerakoan egiteko oraindik argitaratu gabe dudan trikimailu bat duzu hau.
Arbolak landatzeko lagungarri oso ona den nahasketa hau prestatu: ontzi batean euri ura jarri eta erantsi trikoderma (onddo lagungarria), mikorrizak eta rizobakteriak (inguruko lurra biziberritzeko), azido humikoak, fulbikoak eta algak (sustraien inguruan bizi diren mikroorganismoak suspertu eta indartzeko). Ondo nahasi eta landatu aurretik sustraiak bertan busti. Errazago itsatsi eta gogatsu haziko da. Soberan duzun likidoarekin landareen oinak ureztatu.
Garrantzitsua da oso ohiko ongarriketa. Jarri landareen inguruan simaurra edo luarra. Ahuakateondoa hazkunde azkarreko landarea, baina baldin eta eskuera nahikoa janari baldin badauka.
Eta bai, lehen urteetan kimaketa ahaztu. Indartzen lagundu eta neguan babestu: enborrak bendatu, goitik soilik babestuko duen txapela bat jarri eta inguru guztian azarorako simaur berri-berria jarri eta neguaren hasieran berritu gehiagorekin. Honela negua epelxeago igaroko dute.
Azken aldian tomateak horizontalki landatzen dituztela ikusi dut sare sozialetan. Landarearen azpikaldeko hostoak kenduz, landarea etzan eta zurtoina lurrarekin tapatuz. Ondoren zurtoina doblatu bertikalki jarriz. Zer deritzozu praktika honi? Komenigarria iruditzen zaizu?
Maiz ikusten den landaketa era da aipatzen duzun hori. Sustrai gehiago ematen duela esan ohi da. Nik uste dut gurean beste gauza batzuk askoz ere garrantzitsuagoak direla. Adibidez lurra tontor batean altxa edo ildo-bizkar baten gainean landatzea, lurreko uraren maila arruntetik ihes egiteko.
Kaixo Jakoba! Egutegian hirukote famatua apiril bukaeran ereiteko momentua dela diñozu. Nonbaiten irakurri dot artoa lekak baino lehenago ereiten dela, gero lekak artoan abarreztatu ahal izateko. Zentsua dauka lekak azkarrago hazten direlako. Nola egin? Mila esker zure lanagatik
Denetatik egin ohi da. Nik lana aurrezteko dena batera ereingo nuke eta artoa luzatzen hasi ordurako lekaren aihen luzeak berari kiribildu. Bi ereintza egin nahi badituzu, lehenik artoa erein eta bi-hiru astetara haien oinean leka.
Arratsaldeon, Jakoba. Etxeko aguakate freskoak (izoztu gabe) ahalik eta denbora luzeen jateko, nahiz eta arbolak jada lore betean izan, fruta guztiak kendu beharrean ahal zaizkien aguakateondo helduei ale batzuk utzi geroago jateko, ala horrek arbolaren garapenean kalte egingo dio?
Esan ohi da egokiena loraldia zabaltzerako ale guztiak bilduta edukitzea komeni dela. Nahi baduzu ale gutxi batzuk utzi geroago jateko, baina besteak bildu eta jan egingo nituzke. Horrek esan nahi duena da hurrengo urtean lehenago hasi behar duzula aleak kendu, heldu eta jaten.
Lursail baten barrena ondoko lursailera erortzea ekiditeko zuhaitzak landatzea pentsatzen ari gara. Zein zuhaitz edo landare izango litzateke horretarako egokiena? Eta zenbateko tartea beharko litzateke batetik bestera? Eguzkiak eguerdi-arratsaldetik aurrera jotzen du bertan. Eskerrik asko
Nire iritziz azkar hazten diren zuhaitza txikiak dira egokienak. Onenak sahatsak eta zumeak. Baita lizarra handia ere, milazka edo tamariza, makala eta otsalizarra ere.
Aupa Egunon patatie ipini da Gero Karie bota dotzie, ondo?? Eskerrikasko
Hobe litzateke jarri aurretik ematea karea. Kareak, hala ere ez dio kalte berezirik egingo. Laster nahastuko da lurrarekin eta bere lanak egiten hasiko da. Aurretik lurrari eman balitzaio lan horiek eginda eta patatarentzako pronto legoke hasieratik.
Egunon Jakoba. Ibon Azkoititik. Hamen Axkottin 30 bat urte dauzken keixie ihertu eintzitek. Txabola ataxen zaukeat eta aurreko urtetatik ai huan kaxkartzen,onguek zauzkean eta aurten kitto,bate loraik ez. Nahi nukena jakin ze landaketa ein laiketan. Azkar xamar hazikoana itzela eta bista diximulatzeko,eta 4 bat metrotik bera geldiuko litzekena. Eta garai onin nabillen eo berandutxo,ze keixe zarra kendu einberkoiat eta gerri buelta haundi xamarra ta sustraieke eukikotxik. Hire idean eta erantzunaren zai geratze nauk. Ondo izan. Ibon.
Lau metrora geratuko den arbolarik etziok. Aukera bakarra enanizatutakoak dituk eta horiek ezin dituk nolahala tratatu. Nik udareondo bat, edo beste fruitu arbolaren bat jarriko nikek: sagarrondoa, hurritza, irasagarra… Beste aukera ahuakateondoa dek, baina txertatutakoa. Tarteka adar zuzenak moztu beharko dizkiok. Horrek itzala urte guztian eta hostoa galdu gabe disimulatze lanak ederki egingo dizkik.
Egun ON! Jakoba Hil honetan edo Apirilean ziazerba ereiteko egun egokiak zeintzuk lirateke?.. eta patata" erein edo landatzeko" egun egokiak... Eskerrik asko!
Ziazerba ereiteko ilgora eta hosto eguna da egokiena, apirilean 15, 16 eta 17. Patata erein egin nahi badezu 12, 20 eta 21 goiza. Landatu nahi baduzu 121 arratsaldea, 28, 29 eta 30.
Entzuna daukat sagastietako belarra ez dela komeni sasoi honetan moztea, polinizatzaileentzat garrantzitsuak diren loreak kentzea dakarrelako. Hala da? Eta noiz da orduan ebakitzeko garairik egokiena?
Sagastiak hemendik hilabete batera loratuko dira, gutxi gorabehera. Loraldi hori igaro arte belazean pixkanaka loratuko diren espezieek polinizatzaileak erakarriko dituzte eta hori ona izan daiteke sagastiarentzako ere. Fruitua izango dela uste baduzu loraldiaren ondoren ebaki. Sagastia gaztea bada eta lore-fruitu esperantza txikia baduzu ez diozu horri begiratu beharrik.
Aguakate landare injertatua erosi nahi det, ze patroi da onena ? Zutano patroia zer moduzkoa da ? Eskerrikasko
Zutano barietatea mentuoin gisa ere erabiltzen da. Bere ezaugarri nagusia sortzen duen sustraije handia da, baina era berean lurreko onddo kaltegarriei aurre egiteko ahul antzekoa da. Nire iritziz toki eta lur hezean bizi behar badu hobe da beste mentuoin bat aukeratzea, adibidez Dusa edo Duke 7.
Egun on Jakoba! Hurrengo ilbeheran kinpulak landatzeko ametsa dekogu. Asuntua da urte batzuk direla oso buru eskasa egiten deuriezela eta ez dakigu zer izen ahal dan. Ongarria erabiltzen dogu eta lurragaz ondo nahastuta, belar txarrak kendu...zer izan leike? Eskerrik asko aldez aurretik.
Tipula ondo egiteko martxoaren erdirako landatu behar da, beraz berandutzen ari zaizu sasoia. Lur buztintsuetan alferrik ari zara. Lur harroa behar du. Ongarria ez du maite, ezer ez. Belarrak bai, beti kendu. Eguzkiak landare osoa eta inguruko lurra berotu-lehortu behar du. Saio berezi bat egin nahi baduzu egin 30-40 cm alturako ildo-bizkarra eta gainean eta bi aldeetara landatu, beti ere toki eguzkitsu eta beroan.
Kaixo Uste dut dagoeneko berandu gabiltzala adarrak kimatzeko. Galdetu nahi nizun, ea merezi duen berandu izan arren orain kimatzea ala ez. Eskerrik asko eta hurrengo arte.
Ez zabiltzate inolaz ere berandu. Hobe da geroxeago, azkarregi baino. Izerdia mugitua duenean egitea komeni da inausketa. Izerdia ateratzen denean zauria errazago itxiko du.
Kaixo, Jakoba: Iaz 3 hortentsia aldaxka sartu nituen lurrean eta beste 4 loreontzian. Ez nuen uste guztiek aurrera egingo zutenik, baina horrela izan da, eta orain horrela daude. Bi galdera: 1) Loreontzian dauden hortentsiak noiz landatuko ditut lurrean? 2) Lurrean dauden hortentsiak gertuegi daudela iruditzen zait. Horrela utzi ditzazket edo sakabanatuago jarri behar ditut? Horrela bada, noiz egin beharko nuke hau? Eskerrik asko!
Ahal duzun azkarren, ahal baduzu gaur bertan. Ahalik eta lur gehienarekin atera lurrean daudenak eta loreontzietakoak bere horretan. Gutxienez metro beteko tartea eman batetik bestera.
5 jardinera edo lorontzi haundi ditugu baserriko terrazan. Loreak aldatzen ditu amak ( Begonia esaten dit). Larba edo ar zuri haundi batzuk sortzen zaizkio lur azpian. Nola ekidin dezakegu? Eskerrikasko
Ez da erraza ekiditea. Garrantzitsua da, baina orain den denak kentzea. Horretarako lur guztia ondo miatu eta harrak kendu. Sustraiak jaten dituzte eta kalte handia eragin. Urtero egin beharko duzu.
Aupa Jakoba, Burgoseko iparraldean bizi naz. Hemen neguak Euskal Herrian baino pizkatxo bat luzeagoak dira, apirilean oraindik izozteak daukaguz. Klimaren arabera, zure agendako urteko lanak, zenbat atzeratu behar dodaz?
Agendan gutxi gorabehera kontutan hartzen dugu tarte hori. Pentsatu antzeko egoeran daudela Euskal Herriaren hego muturreko lurraldeak. Hala ere negu partean ilargi bat edo hilabete bat atzeratu daiteke, eta uda partean, beroagoa den sasoian, alderantziz, aurreratu.
Kaixo, Jakin nuke hilabete honetan, martxoan, noiz hasten den ilgora eta noiz ilbera. Eskerrik asko
Ilbeheran gaude 11ko 22:03 arte. Orduan ilgora hasiko da 25eko 05:35 arte. Ondoren berriz ilbeheran sartuko gara hilaren amaiera arte. Informazio hori dena “2026ko Ilargia eta Landareak” agendan duzu, baita 2026ko Ilargiaren Egutegian ere, biak oraindik eskuratzeko moduan dituzunak. Nahi izanez gero jo ARGIA-BIZI BARATZEAko azokara hemendik: 943371545 edo https://azoka.argia.eus/produktua/ilargia-eta-landareak-202-urteko-lanen-agenda/
Kaixo Jagoba. Mahatsaren poda burutzeko asteazken goizetik larunbatera bitartean apuntatuta daukat egun gomendagarri bezala. Nire ideia da gaur arratsaldean egitea baina eguraldi honekin... Zer lehenetsiko dut? Eguraldia ala egun gomendagarriak? Euriarekin podatu daiteke? Eskerrik asko
Nik egunei eutsiko nieke ahal bada. Hala ere 11 arte ilbehera da. Hobeak dira 7 artekoak baina 11 artekoak ere ez dira txarrak. Euritan ere lasai asko inausi. Mahatsondoak baino gehiago sufrituko duzu zuk.
EGUNON , HIRE IRITZIYE JAKITIE NAHIKO NIKIK ALDAXKA BIDEZKO CONIFERAN HAZKUNTZAN ETA ZE GARAITAN EITIE KOMENIKO UKEN.
Ez diat ezagutzen inor prueba hori egin dikenik. Hi izango hitzakek niretzako lehena. Beraz saiatu. Kriptomeriak egur gogorra dik, eta aldaxkak egiterakoan adar berria edo gazteenaren mugatik moztuko nikek. Eta hormonakin lagundu. Onena apirileko ilbehera, 1etik 7ra, eta sustrai eguna 1; hurrengoa21 eguerditik maiatzaren 5 eguerdira., eta sustrai egunak apirilaren 28, 29, 30 eta maiatzaren 1 (17:00 arte). Lurpean izango den parte guztian zauri arin arinak egin eta hormonakin igurtzi lurpera dijoan zati hori dena eta beheko zauria. Gero ere ureztatzerakoan tarteka hormona ttantta bat nahasi urari. Itzaletan eta lurrari heze eutsi.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545