Uztailaren bat euritsua bada, hilaren zalantzazkoa izango da.

Sasoiko lanak: garaian, garaikoa, garaiz

Gaur, 2026ko irailaren 29a
Eguzkia 08:01 19:52
Ilargia 20:57 11:19
Ilargia
ilgora

Ilgora Ira. 18 Urr. 2

ilzahar

Ilzahar Ira. 26 Urr. 10

Biodinamikoa
Fruitua

0:00 - 24:00 Fruitua

Iturria: Euskalmet, AEMET, Meteo France eta Ilargiaren Egutegia

ASTEKO LANAK: 2026ko 40. astea, irailaren 28tik Urriaren 4ra

Ziazerba kanpoan ereiteko urteko azken aukera

Irailaren 2, 13:27arte ILGORA, ondoren ILBEHERA

Aste osoa ILZAHAR

Ziazerba kanpoan ereiteko urteko azken aukera. Ilgora hau osoa ona izango da, lurra oraindik bero dago eta neguko egun hotzenak etorri aurretik hazteko eta indartzeko denbora izango du.

 

Baratzerako ereintza: tipulina, tipula gorria eta zuria, berdetarako baratxuria, errukula, eskarola, ziazerba, baba eta ilarra. Berotegirako ereintza: tipulina, tipula gorria, berdetarako baratxuria, errefautxoa, errukula, uraza, eskarola, kukulua, ziazerba, baba eta ilarra.

Baratzean landatzea: tipulina,  aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, eskarola, ziazerba eta marrubia. Berotegian landatzea: porrua, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, ziazerba eta borraja.

Aste honetarako lan egokiak: su egurretarako pagoa bota. Sustrai lodiak eta errizomak dituzten lore landareak birlandatu. Neguko loreen erreboilak landatu. Berdetarako baratxuria “erein”.

Kuia aleei lurra kendu, azpian zerbait jarrita.

Landare usaindunak banatu eta landatu: menda, ezkaia, izpilikua

Udazken-negurako azken aza jendea eta porrua landatu.

Txertatutako landareetan txertoaren azpitik hazitako altsumak kendu.

Udako begiko txertaketa garaia da. Sasoia lehorra badoa, txertoa egin aurretik sakon ureztatu mentu oina.

Soropila areatzeko garaia da. Hondarra ere eman daiteke, baita ongarria ere lehen eman gabe badago.

Soropil eta belardi berriak sortu eta lehengoak osatzeko hacia erein.

Haziak jaso nahi ez ditugun lorategiko landareetan lore iharrak kendu, indarra lore berriak ematera bidera dezaten.

Sustrai lodiak eta errizomak dituzten kala eta tankerakoak orain atera lurretik eta ugaltzeko banatu eta birlandatu.

Neguan loratuko diren erraboilak landatu: idi-bihotza, iazintoa, nartzisoa eta abar.

Hortentsia, arrosa eta tankerakoan aldaxkak egin ugaltzeko.

Lizar adarrak moztu bazkatarako. Orain zuzenean aziendari emateko edo negurako zatukatan bilduta jasotzeko.

Fruta arboladia edo azienda gehiago larretuko ez den belazeak ongarri erdi onduarekin ongarritu daitezke.

Peoniak ipurditik atera eta banatuta birlandatu.

Era guztietako haziak bildu, lehortu eta jaso.

Arbolen hazi handiak geruzatu, ontzi batean hondar artean babestuta jarri, kanpoan eta heze eusteklo ureztatu.

 

 

Lan bereziak

  • Hazia da etorkizuna
    Hazia da etorkizuna

    Hazia da etorkizuna. Hazia da landare leinu edo kasta baten iraupena. Lore emetik dator fruitua eta bertan dago hazia. Hazia heltzen denean negualdia edo atsedenaldia igarotzeko eta ondoren ernatzeko prestatuko da.

    Altxorra da hazia eta lotsa ona ekarri behar diogu. Hazia bildu eta jasotzerakoan kontutan izan:

    -    Landare onenetik, fruitu onenetik eta gaitzik gabekotik aukeratu.

    -    Fruitu hori landarean bertan ondo heltzen utzi.

    -    Haziak heldutakoan bildu, lurrera erori aurretik.

    -    Haziak egun batzuez zabalduta eduki itzaletan, ondo lehortzeko.

    -    Ondo lehortutakoan, argirik sartzen ez den ontzi batean jaso, toki lehor, ilun eta fresko batean.

    -    Sekula ez jaso hazia etxe barru beroan. Ereiten dugunean ez da ernatuko; hotza sentitu behar du, beraz kanpoan eduki edo hozkailuan.

    -    Jasotako haziak ondo etiketatu: zein landarerena den, noiz jasoa, urtea...

  • Mugurdiak inausi
    Mugurdiak inausi

    Fruitua emateari uzten dio mugurdiak egunak mozten direnean. Udazkeneko izerdialdia baliatzeko, fruitu aldia amaitzean inausi egiten da. Horrela hurrengo udaberrian loreak eta aleak emango dituzten adar berri gazteak izango ditu.

  • Landareei azpiak egitea
    Landareei azpiak egitea

    Landareen arteko lurra estaltzeari azpiak egitea esaten zaio. Material organikoak erabiltzen dira, gehien bat. Plastikoa ere erabiltzen da.

    Ur falta dagoenean asko laguntzen du, baita belarrik ez sortzen ere eta ustelduz lurra ongarritzen du.

    Material asko erabiltzen da: pinu azala eta orria, lastoa, belar ondua, orbela, adar txikitua, papera eta kartoia, soropileko belar ebaki berria, garoa, azeribuztana...

  • Lore landareak ugaltzeko
    Lore landareak ugaltzeko

    Lore baratzea osatzen duten landare ohikoenak ugaltzeko sasoia da. Honetarako era errazena erabiltzen da: aldaxka. Arrosaondo, hortentsia, geranio, begonia, krabelin, fuxia eta abar orain ugaldu daitezke.

    - Aurten hazitako adarrak moztu, muturreko bi hostorekin, edo handiak badira bakarrarekin utzi.

    - Dilista ur edo sahats ur edo hormonetan busti ebakia.

    - Lur heze era gozoan zotz batekin zuloa egin ondoren sartu.

    - Lurrari heze eutsi aipatutako ur horiekin ureztatuz.

    - Neguan toki babesean eduki.

  • Baba handia noiz erein
    Baba handia noiz erein

    Baba urritik otsailera erein daiteke, ilgoran. 10-15º C tartea du ernetzeko gogokoena.

    Errenka artean 60 cm utzi eta aletik alera 8-10 cm edo zuloka hiru ale, bakoitzean 25 cm-ko tartearekin.

    Kontuz jorraldiarekin, txikia denean egin eta arin-arin.

    Handitan ez etzateko lokarriak, makilak edo zerbait jarri.

    Uzta apiriletik ekainera jasoko da.

  • Nola zaindu kriskitin suge landarea (Calathea lancifolia)
    Nola zaindu kriskitin suge landarea (Calathea lancifolia)

    Etxe barruko landare hau tropikala da. Berotasuna eta aireko hezetasuna behar­ beharrezkoak ditu. 

    Erdi itzalean egotea komeni zaio. Eguzkitan koloreak ahuldu egiten zaizkio. Neguan eguzkiak zuzenean joko ez duen gela argitsu batean eduki.

    Epeleko landarea da. Gora-behera nabarmenek landarea zapuztu eta hondatu egiten dute. Gutxienez 15 °C behar ditu.

    Lurrari beti heze eusteko moduan maiz ureztatu, baina ito gabe.

    Uda partean ureztaketa urarekin hilean behin ongarritu. Neguan ez.

    Ugaltzeko: 2 urtetik behin loreontzia aldatu. Orduan landarea ebaki eta zatitu. Hosto pare bateko aldaxkak, inguru heze eta beroan erraz itsasten dira.


    Azalpen guztiak: Etxeko landareak liburuan

  • Hortentsiak landatzeko sasoia
    Hortentsiak landatzeko sasoia

    Toki oso hotzean urrian hasi daiteke landaketa eta hotz handiak etortzerako errotuta egongo da; gainontzean hotzak alde egindakoan, martxoa aldera egin. Toki epelagoetan negu osoan egin daiteke.

    Udazkeneko landaketa egiteko landarea loreontzian izan behar da, sustrai guztiekin eta zauririk gabe landatzeko.

    Neguan, aldiz, lurretik atera eta sustrai bistan dagoen landarea landatu daiteke.

    Bata zein bestea hotzetik babesteko inguruko lurra simaur edo luar berri beroz estali. 

Iraileko lanak

Erein

Baba, ilarra, errefaua, errukula, eskarola, ziazerba, erremolatxa, perrexila, perraitza edo apoperrexila, ardi-mihia, kertxuna edo berroa, martorria, mendaroa, azenarioa, tipulina eta tipula zuria eta gorria.

Berotegirako: tipulina, arbi zuria, errefaua, uraza, eskarola, txikoria, kukulua, ziazerba, borraja, azenarioa eta apio-arbia

Landatu

Porrua, aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, uraza, kukulua, eskarola, txikoria, orburua, kardua, erremolatxa, mihilua, apioa, apio-arbia, zerba, ziazerba, borraja eta toki hotzetan marrubia.

Berotegian: uraza, eskarola, txikoria, kukulua, ziazerba, borraja, mihilua, apioa eta apio-arbia.

Ongarri berdea erein: oloa, zekalea, zalkea edo txilarra edo txirta...

Belar finak eta usaindunak ugaltzeko zatitu edo aldaxkak egin: porru-tipula, arraixka, oreganoa, erromeroa, salbia, ezkaia, azitraia, izpilikua...

Beharrezkoa bada, tratamenduak egin: mahatsondoaren gorrina...

Udako edo begiko txertoak egin, bereziki gereziondoarentzako sasoi egokia da.

Usteldu diren fruituak arbolpetik bildu eta, batez ere, gaitzak jotakoak badira, luarraren edo simaurraren pilara ez bota. Onena erretzea.

Haziak jaso eta hondarretan geruzatu edo estratifikatu.

Iraila edo garoila, izenak dio sasoiaren berri, azpitarako inaurkinarena: garoa, ira, iratzea, iriztorra, inistorra...

Udazkenean landatuko ditugun zuhaitzentzako zuloak egin.

Su-egurretarako pagoa bota.

Hilaren hasieran lizar adarrak moztu eta zatukak deitzen diren sortatan jaso, hosto iharra neguan aziendari emateko.

Belardia sortzeko, edo saretutakoa osatzeko hazia ereiteko sasoia.

Sustraiak lodiak edo errizomak dituzten landareak (kala, iris, nartziso, aster, doronicum, zitori arrunta...) atera, banatu eta landatu.

Neguko loreen erraboilak landatu: idi-bihotza, mugeta, hiazintoa, nartzisoa, irisa, fresia...

Aldaxkak egin eta landareak ugaritu: arrosa, hortentsia, geranioa, fuksia...

Hostaia ihartutakoan peoniak ipurditik atera, banatu eta landatu. Hotz handia izango bada lurreztatu, eta udaberrian lur hori kendu.

Txertu sasoia da: arrosondoak eta abar.

Hostoa galtzen duten hesiak kimatu.

Haziak bildu eta lehortu ondoren argirik sartzen ez den ontzi batean jaso.

Hostaiari eusten dioten landareak landatzeko sasoia hasiko da hilaren bukaera aldera: koniferoak, ezpela, gorostia... Baita igokari guztiak ere.

Iraileko uzta

Bertakoa eta sasoikoa.
Hilabete honetako kalitatezko barazkiak.
gora