Asteroko buletina
Ezpala egurretik eta egurra zuhaitzetik

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Argia

Landare batzuek argi asko behar dute eta beste batzuk ederki bizi daitezke gutxiagorekin ere. 

Eguzkizale amorratuak dira: baratxuria, tipula, tomatea, piperra, alberjinia, orburua, meloia, angurria, mihilua... Itzal pixka bat izanagatik, bost!

Erdi itzalean ere majo asko haziko dira: uraza, eskarola, marrubia, ilarra, zerba, ziazerba, porrua, arbia, errefaua, patata, apioa, aza, azalorea, baba, brusela aza...

Baina, nondik nora bizi da landarea? Argirik gabe landarea hil egingo da, auto batentzat gasolina bezala da landarearentzat argia. Di-da batean azaltzeko, landareak lurretik mineralak uretan nahasirik hartzen ditu, izerdi gordina da. Izerdi hori hostoetara igotzen du. Hostoa da landarearen motorra. Hostoan, argiaren energia erabiliz, fotosintesia gauzatzen da. Argiarekin, hostoak airetik karbono dioxidoa hartu eta janariz aberasten du izerdi gorria. Izerdi landu hori landare guztira banatuko da gero, hosto beretik hasi eta sustrai muturretaraino jaitsiz. Hostoan landutako izerdi horrek elikatuko du landarea. Soberakinekin, landareak erreserbak eraikiko ditu. Ondoren etorriko dira loreak, fruituak eta haziak. 

Landarearen ibilbidea erraza da: sustraia, zuztarra, hostoa, erreserba, lorea, fruitua eta hazia. Zer etekin kendu nahi diogun, hurrengoa osatzen hasi aurretik bildu. Adibidez, uraza jateko erreserbak egiten ez utzi, baina tomate fruituak jan nahi baditugu, hosto marduletatik etorriko dira. Sustraiek hartutako ura eta elikagaiak eta hostoek hartutako ura eta karbono dioxidoa, argiaren energia erabiliz azukre eta oxigeno bihurtuko ditu. 

Azukreak landarearen janaria izango dira; ura bere tenperaturari eusteko erabiliko du, eta oxigenoa askatuko du. Azukreak, baita ere, landarearen egiturari eutsiko dio, tente eta leun. Hor sartuko gara gu: geuk jango ditugu landarearen janariak sortutakoak eta berak askatzen duen oxigenorik gabe, arnasa hartu ezinik, hil egingo ginateke. 

Argiak beste lan bat ere badu. Landare batzuk argi kopuruaren arabera loratzen dira. Batzuek egun luzeak behar dituzte (ilarra, uraza, espinaka, erremolatxa...) eta beste batzuek motzak (tipula, tabakoa...) Beste batzuei egunaren luzerak bost: tomatea, piperra, luzokerra, leka...

Tenperaturak landarearen bizitzako une guztiak baldintzatuko ditu. Une bakoitzak tenperatura egoki bat du, eta ez beti bera: ernatzean, baztean, loratzean... Gauez eta egunez ere tenperatura egokienak desberdinak dira, adibidez, tomateak azkarren hazteko behar dituen batez bestekoak egunez 25-27 eta gauez 16-18 gradu dira. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora