Asteroko buletina
Baratzea beti da galera multzo baten artean garaipen gutxi batzuk, bizitza bera bezala

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Karea edo gisua

Karea edo gisua. Kaltzioa da. Euskal Herriko isurialde atlantikoan lur gehienak buztintsuak dira. Buztina lur aberatsenetakoa da, baina gure herrian esaten den bezala, honek ere ipurdian zuloa, alde txarrak ere badituela, alegia. Hemengo eguraldiak ere ez du laguntzen eta buztin lurra lur itoago eta azidoago bihurtzen du. Jaki batzuk lurrean korapilatu antzean daude eta landareak ezin ditu hartu, behar bezala elikatu ezinik dagoelarik. Korapilo hori kareak askatzen du: pH-a igo egiten du lurraren azidotasuna apalduz, lurra harrotu egiten du, aire gehiago sartzen da, urak aiseago alde egiten du, lurrari bizia ematen dioten mikroorganismoak hobeto biziko dira, osagai organikoak errazago usteldu eta desegingo dira eta lurrean dauden janariak landareen esku jartzen dira. Nonahi karobiak izateak ederki adierazten du kareak zein garrantzi duen gurean. Lurra hobetzeko bezala kortak, ukuiluak, etxean desinfektatzeko ere erabiltzen da. 

Lur buztintsuak etengabe beharko du karea. Behin bota dugula-eta ez dugu arazoa zuzenduko. Beraz, urtero edo biz behin ematea komeni da, pixkanaka lurrari azidotasunaren kotrako joera emateko. Bat-bateko aldaketa baino hobea da.  Kare gaindosiak ere arazoak sor ditzake: mineral batzuk kateatu (boroa, burdina, manganesoa, aluminio, zinka...), ongarri organikoa urritu... Kontuz, beraz. Lur azidoari karea ematea teknika ona da, baina simaurra edota ongarri organikoak ere erruz dantzatu beharko ditugu. Baratze emankorra izateko simaurrak edo luarrak eta kareak uztarri berean joan behar dute. Aspaldiko urteetan karerik usaindu ere egin ez duen lurrari eman metro koadroko 200-400 gramo kare bizia edo hila. Gero horrik aurrera urtero 70-100 gr. nahikoa izango da. 

Lurrari karea emateko era asko dago: kareharri hautsa, su egur hautsa edo errautsa, labe garaiko zepa hautsa, ehotako maskorrak, alga hautsa, kare bizia, kare hila...

* Kareharri hautsa (Kaltzio karbonatua, CaCO3) oso ona da, baina epe luzera lan egiten du. Badira bereziak, beste mineral batzuk ere badituztenak, adibidez magnesioa duten kareharri dolomitikoak (kaltzio-magnesio, karbonatoa, CaMg(CO3)2). Harrobietatik ateratzen dira.

* Errautsa ere oso ona da; kaltzioaz gain, landareak erabiliko dituen beste jakiak ere baditu, potasioa adibidez. Eskueran baduzu lasai erabili. Lorea, fruitua edo hazia baliatzen dugun landareentzat bereziki egokia. Honek ere epe luzera lan egiten du. 

* Labe garaiko zepa hautsa. Burdina urtzean silizea kentzeko karea gehitzen da, zepan kaltzio silikatoa emanez. Altzairua egiteko ere karea erabiltzen da, silikatoak eta fosfatoak dituen Thomas izeneko zepa emanez. Hori hobea da, berarekin fosforoa ere ematen baitiogu lurrari. Magnesioa eta manganesoa izan ohi ditu, zenbait labetakoek tamaina politean. Bere eragina, hala ere, epe luzerakoa izango da. 

* Alga kaltzioa. Alga arrea (Lithorthamium sp.) lehortuta eta ehotuta sortzen da. %70 kaltzio izan dezake. Oso ona da. Boro franko izan ohi du. 

* Maskor ehoak erabiltzeko saio ugari egiten ari da azken aldian. Muskuiluenarekin, batik bat. Emaitza onak azaltzen ari dira, baina kontuan izan: beti ere epe oso luzera lana egiten du. 

* Kare bizia (CaO, kaltzio oxidoa) eta kare hila (Ca(OH)2, kaltzio hidroxidoa), ni hauen zalea naiz: azkar lan egiten dute eta inolako zalantzarik gabe buztin-lurretarako onenak dira. Kare hila edonola erabili daiteke, bizia ez. Kare bizia pilan edo lur azalean busti, euritan edo propio, eta hiltzen utzi eta gero nahastu lurrari. Erre egiten du eta kontuz:gorputza ondo estaliko duen arroparekin, eskularruak jantzita, begiak babestuta eta haizerik ez dabilenean zabaldu, bestela arnastu eta birikak erreko ditu.

Berriro diot, kontuz! Kare biziak hiltzeko hezetasuna edo ura hartu behar du. Lurretik gure azaletik, airetik...ukitzen duen edonondik ura hartu egingo du eta ura kendu duen hura erre. Hautsa edo pikorra erabil daiteke. Hautsa bat-batean hasten da, lehenbaileheneko lana egiten du, hasi eta buka. Ni pikorraren aldekoa naiz. Azkar hasten da lanean, baina luze irauten du, erabat urtzea kostatu egiten baitzaio. Zein dosi erabili lurraren analisi zehatzak esango digu, baina oro har, aspaldi karerik usaindu ez duen buztin-lurrari metro koadroko 200-400 gr artean eman. Zenbat eta buztintsuago, lurpeko lupa rinkoago eta materia organiko gehiago izan, orduan eta dosi handiagoa. Karetzeko ohitura hartu ondoren, urteko dosia 100 gr ingurua eraman. 

Inoiz ez eman karea eta ongarri organikoa batera. Eragin desberdinak dituzte eta bai bataren eta bai bestearen onurak alferrik galduko dira. Hilabeteko tartea utzi batetik betera. Ongarri organikoa neguaren hasieran edo bihotzean zabaldu behar da. Karea zabaltzeko sasoi onena, aldiz, neguaren amaiera aldea da; lurra berotzen hasia dagoenean. Karea zeharo makala da lurrean, ez da beste mineral edo jaki batzuk bezala mugitzen, bera, arin-arin bada ere, lurrarekin nahastea komeni da, eragina sustraiek eskuera senti dezaten. Gainean ezartzen badugu, bere lana azalekoa izango da. Hazia erein edo landareak aldatu aurretik, bustialdi on bat izan behar du, edo ihintzaren emana. Ezer jarri aurretik, gutxienez hamabost egun itxaron. 

Gogoan izan, lurrari kaltzioa ematen diogunean bertako bizia suspertu eta puztu egiten da. Horrek landareengan eragin ona izan dezan, nahitaezkoa da lurrak nahikoa materia organikoa (simaurra, luarra...) izatea. Karetzen den lurrak ongarri organiko gehiago beharko du. 

 

 

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora