garaian, garaikoa, garaiz
Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.
Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.
Liburua eskuratzeko[Jakoba Errekondo]
Baratzeak, lagunak bezala, denbora behar du. Ez gehiegi, baina etengabe. Hutsegiteetatik ikasiz, eskarmentuz jantzi ahala, baratzea aberastu egingo da: barazki-aukera hazi egingo da, uztarekin batera. Ez izan presarik. Ito gabe, astiro baina beti ari. Eta, batez ere, urrundu lehiatik. Besteenetatik ikasi gauza onak; uxatu barazki handiena, azkarrena, lehena izan behar hori. Kalitatea, ez kantitatea. Barazki eta fruitu itsusiak jan, ederrenak dira, eta batez ere, onenak dira. Gure amona Joxepa zenak ederki asko esaten zigun: txoriak mokoka zulatu duen sagarra aukeratu jateko, huraxe da onena. Ez ahaztu sekula: baratzea plazeren plaza da. Bestela ere bada, bai, nahiko estres eta lehia.
Baratzean, edertasuna eta erabilgarritasuna ezkontzen dira, eta onuga ugarien azoka da: osasuna, ariketa, kultura, estetik, artea, kalitatea, jakintza, bioaniztasuna, paisaia... Baratzea izan da euskaldunon jardina. Bertan elkarrekin landu izan dira barazkiak, lorategi estetikoak, sendabelarrak, hazitegiak, lokarrietarako gaiak, zuhaitz eta arbola muintegiak, errituetarako landareak, belar eta inaurkin metak, fruitu arbolak, abereentzako bazkak... Aspaldi ekin zioten paisajistek hiriguneetako lorategietan barazkiak jartzeari. Hori da gure Paisaia Kulturala. Estetikaren eta emankortasunaren arteko harmonia hori lortzean datza baratzezainaren artea. Horretarako, ahal dugun sail onenean jarri beharko da baratzea. Familiaren eta etxearen gune garrantzitsuena behar du.
Lur sailik ezean, hor daude leiho, balkoi, terraza, patio, teilatu... Loreontzi, poto, latontzi, bidoi, bainuontzi... Edozein ontzi ona da barazkiak egiteko. Han eta hemen, gero eta gehiago ikusten dira; jendearen irudimena mugagabea da eta harritzeko moduko baratze hiritarrak sortzen dira; asko, gutxien uste den birziklatutako materialekin eraikitako asmamen harrigarriak. Perrexila eta halako belarretatik hasi eta fruitu arbola txikietaraino, denetatik ikusten da etxeen azalean.
Besterik ezean lurrak okupatu eta baratzea egin; Jean Jacques Rousseauk esan zuen: "Lurra ez da inorena eta fruituak denonak".
Hemen baratzea sortzeko, moldatzeko eta eusteko oinarrizko jakintza landu nahi du. Lurrean edo ontzietan izan, bakoitzak egokitu beharko ditu hemen emandako aholkuak. Mundu berri baterako ataria da eta oinarri-oinarrizko jakintza dator hemen. Sakondu nahi duenak badauka makina bat argitalpen, webgune eta abar.
Baratzezaintza ahal den zentzuzkoena izan dadin, ahal den ekologikoarena, logikoena egitea proposatuko dizuegu: ingurumena zainduz, garen guztiaren oinarria den lurra babestuz, sortuko ditugun hondakin organikoak bertan birziklatuz, pozoiak baztertuz... baratzean hasten da gure osasuna. Jaten duguna gara, diote. Areago, ereiten duguna gara.
Jarri mota guztietako barazkiak. Ale gutxixeago izango badira ere, tamaina, forma eta sasoi desberdinetako aukera zabalago batekin, baratze biziago, oparoago, osasuntsuago eta, batez ere, ederrago bat izango da.
Baratzeko lanetan estu eta larri ibiltzea azkena da. Baratzea gozatzeko da. Ongi pasatzeko. Primeran pasatzeko. Eta zoriontsuago bizitzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545