Asteroko buletina
Apiril euritsu, urte belartsu.

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Ilargiaren eragina

[Jakoba Errekondo]

Ilargiak etengabeko eragina du landareengan. Gorantz doala, beherantz datorrela, berritzen ari dela, zahartzen... Gorabehera ugari du ilargiaren mugimendu amaigabeak. Hala ere, ilargairengandik ez mirakulurik espero, garrantzitsuena lanak ongi egitea da: landarea hautatu, garaiz erein, ureztatu, ongi zaindu... 

Bi gauza argitzeko:

1. Ilargiak eragiten duen energia, ilargiaren beraren masa osoak sortzen du. Ez dauka inolako loturarik guk egunetik egunera hazten edo txikitzen ikusten dugunarekin. Horrek eguzkia-lurra-ilargia hirukiaren egoerarekin du lotura, besterik ez; eguzkia non dagoen, ilargia nola argitzen duen eta lurra non dagoen, guk ikusten duguna da. Aldiz, ilargia, ilargi osoa, guk ikusi edo ez, gorantz eta beherantz ari da, etengabe.  

Ilargia gora badoa, landarearen izerdiak goranzkoa joera errazago hartuko du. Horrek landarearen garapena sustatuko du. Baratzeko landareetan, loratzea dakar, eta fruituak eta haziak ematea. Ilargia behera badoa, landareak garatzea zailago izango du eta izerdia eta energiari sustraietan, zuztarrean, hostoetan eta erreserbetan eusteko grina izango du. 

2. Izenak. Eta hizkuntza. Euskaraz ilargiaren mugimenduak izendatzeko ditugun hitzak nahastuta dauzkagu, nire ustez, erderen eraginez. Frantsesezko lune croissante edo gaztelaniazko luna creciente euskaldun gehienok "ilberria" esaten dugu. Aldiz, "ilzaharra" edo "ilondoa", nahiz eta zenbait tokitan oraindik erabili, ia erabat galduta ditugun hitzak dira, eta frantsesezko lune décroissante eta gaztelaniazko luna decreciente esateko "ilbehera" erabiltzen dugu. 

Handitzen edo argiz hazten ikusten dugunean "ilberria" esaten dugun bezala, txikitzen edo argiz murrizten ikusten dugunean, "ilzaharra" erabili beharko genukeela iruditzen zait. "Ilgora" eta "ilbehera" izenak, horixe, gora eta behera egiten duenerako jasotzea da egokiena. Honela erabiliko dugu hemen:

* ILBERRIA: Ilargia ikusen ez den unetik hasi eta egunetik egunera ilargia handiago ikusten dugun tartea. Ilargi berritik beterako tartea. 

ILZAHARRA: Ilargi betea ikusen dugun unetik hasi eta egunetik egunera ilargia txikiagoa ikusten dugun tartea. Ilargi betetik berrirako tartea. 

ILGORA: egunetik egunera ilargiaren orbita gero eta gorago dago. 

ILBEHERA: egunetik egunera ilargiaren orbita gero eta beherago dago. 

Landarearengan eragina duen mugimendua gorakoa eta beherakoa da. Ez zer ikusten dugun guk, baizik eta gorantz edo beherantz doan. Horri helduko diogu, beraz. 

ILBEHERAKO LANAK

Ilbeherak izerdiari behean heltzen dionez, landarearen bizitzari eutsi egiten dio, galga emango balio bezala, eta zikloaren hasierako atalak indartuko ditu: sustraia, zuztarra, hostoa, erreserbak... Mozkin horiek kentzen dizkiegun landareak lantzeko sasoia da. 

Oinarrian, lan hauek egin behar dira:

- hostoa, sustrai, zuztarra, tuberkulu edo erraboila baliatuko diegu barazkiak erein eta aldatu 

- lurra landu

- simaurtu

- inausi

- jasotzeko diren barazkiak bildu

- erreserbak bildu (patata, baratxuria, tipula...)

- luarra eta simaurra maneatu

 

ILGORAKO LANAK

Ilgorak landarearen garapena sustatzen du, bizitza bizkortuko balio bezala, eta zikloa aurreratzera, tontortzea, lorea + fruitua + hazia ematera joko du. Mozkin horiek kentzen dizkiegun landareak lantzeko sasoia da.

Egitekoak:

- lorea, fruitu edo hazia baliatzen diegun barazkiak erein eta aldatu 

- freskoan jateko barazkiak, loreak eta fruituak jaso

- haziak bildu

- usain-belarrak jaso

- sendabelarrak jaso

Ilargiak 27 egunero lurrari bira ematen dio, hau da, eguzki sistema osoaren paretik igarotzen da. Areago sakonduta, Biodinamikari jarraituz, bira horretan, 2-3 egunetik behin lau elementuei lotutako eraginetik igarotzen da: sua-lurra-argia-ura. 

Suak, berotasunak, fruitua eta hazia sustatzen ditu.

Lurrak, hotzak, sustraia laguntzen du. 

Argiak, aireak, lorea bultzatzen du.

Urak, hezetasunak, hostoa eta orria indartzen ditu. 

Ilgoraren, ilbeheraren eta lau eragin horien konbinaziotik dator oinarrizko egutegi biodinamikoa. 

 

 

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora