Asteroko buletina
Sapar zailari aihotz zorrotza

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Oinarriak

[Jakoba Errekondo]

Baratzea non egin?

Baratzeak maiz azaltzea eskatzen du. Lanak behar bezala burutzeko, hau da, garaian garaikoa garaiz egin ahal izateko, garrantzitsua da erraztasuna. Narraskerietan eta lardaskan ez ibiltzeko, aukeratu aisa bertaratzeko moduko toki bat.

Toki bakoitza bakarra da. Ez dago horrelako beste bat. Baratze bakoitzak bere mikroklima izango du.

Baratzea non egin aukeratzean, gogoan hartu hiru gauza: lurra, ura eta argia. Ahal den eta lur onena duen tokia aukeratu: erriberak, lur sakonak eta harroak, eguterak.. Noizbait baratzea izandako sailak, adibidez, lan erdia emango digu. Ahaztu lurra ez beste gaiekin egindako betelanak (eraikuntza uda harrobi hondakin, zabor...) eta buztin-lur itoak, edo prestatu lana latz egiteko.

Argia behar-beharrezkoa dute landareek bizi ahal izateko. Etxe barruan bizi diren landareek ederki erakusten digute: begira nora okertzen diren, argi bila beti. Zenbat eta eguzki gehiago, orduan et barazki hobeak. Eguzki-begia aukeratu, hegoaldera begirako isuri handirik gabeko lur saila, onena. Gutxienez sei ordu eguzki behar direla esan ohi da. Kontuz inguruko zuhaitzekin eta basoekin: iparraldean bale, baina beste aldeetakoren batean egonez gero, goizean ez bada arratsaldean itzalpean hartuko dute baratzea. Barazki guztiek ez dute argi premia bera; batzuk erdi itzalean ere ederki hazten dira. Aho sabaiak ere erakutsiko digu: erdi itzaletan hazitako barazki batzuk, samurragoak, bigunagoak, finagoak, mamitsuagoak, gozoagoak izango dira. Geurea bezala, haien azala erre eta zakartzen du eguzkiak. Beste batzuek, aldiz, eguzki betean alde ederreko usaina eta zaporea hartuko dute. 

Landareak zimel-zimel eginda ikusi nahi ez baditugu, ez ditugu egarriak eduki behar. Hazitegiak eta landare aldatu berriak, itsatsi artean, ureztatu beharko dira. Sasoi bero eta lehorretan baita baratze osoa ere. Ura, halaber, lanabesak eta barazkiak garbitzeko beharko dugu. iturriko urik ez badago, zer edo zer asmatu beharko da premiazko beharrak aseko dituen euri-ura bildu eta jasotzeko. 

Haizea ere aditu beharko dugu. Beti ona da haize nagusien aldetik babesen bat eraikitzea. Ikusi buruhausteen atala. 

Baratzean geuk jango duguna landuko dugu; kontuan izan, zenbat erein edo aldatu erabakitzean. Landare asko batera jartzea baino, hobe da landaketak tartekatzea. Tamainako lana eta tamainako uzta, eta ahal bada etengabekoa. Baratzeak, baita, berarekin dakar uzta soberakinak jasotzeko teknikak ikastea ere: marmeladak, ozpinkiak, ontziratzea, lehortzea... Gaitu zaitez. Urtea luzea da, eta zenbaitek sasoiko uztak urte osorako egiten ditu. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora