garaian, garaikoa, garaiz
Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.
Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.
Liburua eskuratzeko[Jakoba Errekondo]
Landareak gu bezalakoxeak dira: batzuk bestearekin ongi moldatzen dira eta beste batzuek elkar ikusi ere ezin dute egin. Naturala da. Barazkiak egoki elkartzeak ere onurak dakartza baratzera: landare batzuek gustu hobea hartzen dute, sailak hobeto baliatuko ditugu, landareak ez dira janariengatik lehiatuko, izurriteak uxatzen elkar hartuko dute, eta hutsune urriagoekin, komeni ez diren belar "txar" gutxiago.
Landareak nor norekin elkartzerakoan kontuan izan, batez ere, elkarri kalte egiten dioten landareak zeintzuk diren. Adibidez, ez elkartu: perrexila eta uraza, tipula eta lekadunak...
KONTUAN IZAN
Janari asko behar dutenak elkarrekin ez jarri.
Asko behar duena eta gutxiagorekin konpontzen dena elkartu. Janari premiaren arabera hona hiru multzo:
- Asko behar dutenak: azak, azaloreak, porrua, apioa, patata, artoa, meloia, luzokerra eta lekak ez diren fruituak ematen dituztenak: piperrak, marrubiak, tomateak, alberjiniak, kuiak...
- Hainbestean moldatzen direnak: tipula, baratxuria, zerba, borraja, txikoria, azenarioa, uraza, espinaka, errefaua...
- Oso gutxirekin hasten direnak: lekak ematen dituztenak: baba, ilarra, leka, babarruna...
- Mantso hazten dena eta azkar etortzen dena: tomatea eta uraza, azak eta eskarolak, artoa eta errefaua.
- Elkarri gustu hobea ematen diotenak: mihilua eta errefaua, babarruna eta errefaua.
- Lurra hobeto baliatzeko: artoa, babarruna eta kuia, azenarioa eta uraza edo eskarola, apioa eta azalorea, erremolatxa eta espinaka...
- Bata bestearen arerioak uxatuko dituztenak elkartu: tipula etdo porrua eta azenarioa, erremolatxa eta azak, tomatea eta albahaka edo tajetea edo kaputxina, aza eta tomatea edo apioa, tipula eta erremolatxa, tomatea eta azenarioa...
- Baratzean beti izan behar dira usain-belarrak eta lore asko ematen dituzten belar eta landareak. Adibidez, tomatea eta borraja, azken horrek intsektu polinizatzaileak erakarriko ditu. Beste batzuek barazkien arerioak (zorri, euli...) uxatuko dituzte: ezkaia, erromeroa, izpilikua, perrexila...
Familia berekoak elkarrekin ez jarri. Hona barazki gehienak familiaka:
- Solanezoak: alberjinia, patata, piperra eta tomatea.
- Kukurbitazeoak: kurkubia, kuiak, kuiatxoa, luzokerra, meloia eta angurria.
- Liliazeoak: porrua, tipula, tipulatxa, baratxuria eta esparragoa.
- Unbeliferoak: azenarioa, perrexila, apioa eta mihilua.
- Gurutzedunak: aza, azalorea, Brusela aza, brokolia, erromaneskoa, errefaua eta arbia.
- Lekadunak: babarruna, leka, baba eta ilarra.
- Lore elkartuak: uraza, eskarola, txikoria, orburua eta kardua.
- Kenopodiazedoak: zerba, espinaka eta erremolatxa.
- Borraginazeoak: borraja.
- Arrosazeoak: marrubia.
- Lastodunak: artoa.
Baratzean jartzeko moduko landare lagun asko dago
Izpilikuak, salbiak, mota-belarrak, isipu-belarrak eta menda batzuek txindurriak uxatuko dituzte, eta txindurriek zorriei mesede egiten dietenez, haien aurka egin nahi dugun tokietan landare horiek jarri.
Isipu-belarrak zorriak eta barraskiloak uxatuko ditu.
Izpilikuak intsektu polinizatzaileak erakarriko ditu, fruitua eman behar duten landareei lagunduz. Era berean, landareen arerio asko jaten dituzten krisopak ere baratzeratzen dituzte.
Baratxuriak arrosondoen aldamenean jarri, horien usaina hobetzen dute. Gorrinen beldur garen tokietan ere aldatu.
Erromeroaren ondoan dauden azenarioetara ez da berehalakoan inguratuko horien eulia.
Porruaren usaina azenarioaren euliari ez zaio gustatzen. Ezta azenarioarena ere porruaren harra jartzen duen tximeletari. Bien arerioak uxatzeko tartekatuta jarri.
Tomateak eta uratzak, gurutxedunei (aza jendea) kalte handia eragin diezaiekeen lurreko arkakusoa urrutiratzen dute. Tartekatu.
Uraza eta azenarioa: azenarioak denbora behar du etta bitartean urazak azkar etorriko dira, itzala eginez eta azenarioa hazteko lurrari heze eutsiz.
Errefaua eta azenarioa: errefaua azkar etortzen da, azenarioaren lurra itzalpean eutsiz eta harrotuz. Bortusaina zorriek ez dute aldamenean nahi eta sugeak uxatzen ditu.
Txortaloak (poleo menda, Mentha pulegium) txindurriak uxatzen ditu.
Tajeteak eta albahakak tomate, patata edota perrexil artean jarrita, sustraiei eraso egingo lieketen nematodoak uxatuko dituzte.
Albahakak sitsak, akaroak eta euliak uxatzen ditu. Kalamuak eta errefau minak (Armoracia rusticana) patata-zomorroa urrutiratuko dutenez solanazeoen ondoan jarri: alberjinia, tomatea, patata...
Asentsio-belarrak, erromeroak eta apioak azaren tximeleta uxatzen dute.
Menda jarri bare eta barraskiloek jango dituzten beldur garen landareen artean (uraza, zerba...) Uxatu egingo dituzte.
Salbiak, azenarioak eta azak, elkarren euliak uxatzen dituzte.
Salbiak euli txuria ere aldentzen du.
Erromeroak, azak eta salbiak, euliak urrutiratuko dituzte.
Baltsamo-belarrak zorriak, harrak eta txintxeak uxatzen ditu. Baita nematodoak eta euli txuriak ere, mendafinarekin nahastuta jarriz gero.
Mendafinak, zorriak neurrira ekartzen ditu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545