Asteroko buletina
Haltzari ez eska fruiturik

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Landare prestakinak

[Jakoba Errekondo]

Gaitzei eta izurriteei aurre egiteko etxean presta daitezkeen makina bat aukera bada. Batzuek landareak indartuko dituzte, berez kaltea eragozteko. Beste batzuek arerioak uxatuko dituzte, eta zenbaitzuek akabatu ere egingo dituzte.

Landareak erabiliko ditugu prestakinak egiteko. Ura da oinarri garrantzitsua: euritakoa da onena; besterik ezean, iturrikoa ontzi zabal batean utzi egun pare batez, kloroa kentzeko tarteka irabiatuz. Ontziak zurezkoa, plastikozkoa edo altzairu herdoilgaitzezkoa izan behar du.

LAU ERATAKO PRESTAKINAK EGIN OHI DIRA

1.- Beratua. Arinenak dira. Landareak uretan sartu eta egun batez edo biz bertan beratzen utziko ditugu. Uretara igaroko dira landareak dituen osagaiak. Landare hezeak edo ezkoak txiki-txiki ebakita jarri, kilo bat 10 litro uretan (oro har). Landare lehortuak erabiliz gereo 100 eta 200 gr artean, belarraren arabera, izango da. Ondoren iragazi eta zuzenean erabili. Ez jaso, irakin egingo du eta. 

2.- Irakina. Beratuen antzerakoa da, baina egun gehiagoz utzi behar da. Hartzitu edo irakin egingo du. Gutxienez egunean behin indarrez irabiatu. Hori egin eta burbuilak igotzen diren artean mantendu. Burbuilarik azaltzen ez denean prest da; minda itxura izango du. Landarearen eta uraren arteko proportzioa beratuen bera da, kilo bat eta 10 litro. Toki epel batean egin behar da eta, jeneralean, 10-15 egunean egingo da. Orduan iragazi eta ontzi itxi batean jaso, airerik gabe, irakinaldia eteteko. Ardo onena bezala jaso, 12ºC inguruan edukiz gero luze eutsiko die bere gaitasunei. 

3.- Egoskina. 24 orduz landareak beratzen eduki eta ondoren irakin. Irakinaldia gozoa eman, 15-30 minutu artekoa. Ez da komeni bor-bor indarrean irakitea, pir-pir irakin arinean eustea hobea da. Ontziari tapa jarri, sustantzia lurrunkorrak bertan geratzea komeni da. Tapa altxatu gabe hozten utzi, iragazi eta zuzenean erabili. Ez dira jasotzen. 

4.- Infusioa. Kamamila prestatzen dugun eran egin behar da. Ur hotzetan landareak sartu eta irakitera eraman. Irakinarekin sua kendu eta tapatuta utzi hoztu arte. Orduan erabili. Egun gutxi batzuk iraungo dute, hozkailuan jasoz gero. 

LANDARE-URAK. AUKERATU ALIATU SORTA.

* Asentsio-belarra, Artemisia absinthium. 2 kg landare ezko, 10 litro uretan, 10 bat egunez irakin eta %10 arte urtu. Edo infusioa: 100 gramo 10 litro uretan. Harjoa eta azen tximeletak eta harrak uxatzeko, baita zorriak ere; lurra bustita bareak eta barraskiloak uxatzeko. Irakinak gaitzen aurka indartzen du landarea. 

* Baratxuria, Allium sativum. Buru bat txikitu eta litro bete uretan infusioa egin. Edo, motrailuan birrindu ondoren, pare bat egunez 10 uretan eduki. Urtu gabe, gaitzei aurrea hartzeko ona da: muxikaren lepra, marrubiaren usteldura, lepoko usteldurak... 100 fr xaboi neutro erantsiz gero zorriak uxatuko ditu, baita porruaren tximeleta eta azenarioaren eulia ere. Oliba edo liho oliotan oare bat koilarakadatan 100 gr baratxuri birrindu 2 egunez beratu eta iragazi. Litro bat uretan nahasi eta astebete eduki. %5ean urtuta zorriak, tipularen euliak eta abar akabatzeko, baita gaitzen aurka indartzeko ere,. Orkatzak uxatzen ditu. 

* Zolda-belarra, Symphytum officinale eta Symphytum tuberosum. Irakina erabiltzen da, batez ere lurrak bizitu (%20ra urtuta) eta landarak suspertzeko (%5era urtuta). Hosto gordinak luarra bizkortzen du. Hosto gutxi batzuk, hamar bat, litro bat uretan 20 minutuz irakin, 12 ordu utzi eta iragazita zorriak eta euli txuriak hiltzeko. 

* Garoa, Pteridium aquilinum. Irakina egin behar da: kilo bat hosto heze edo 125 g hosto lehor 10 litro uretan, 10 egun. Intsektizida da, zorrien kontrakoa, eta bareak uxatzen ditu. Gorrinari aurrea hartzeko ere, landare sentiberak maiatzean tratatu. 

* Izpilikua, Lavandula sp.. Irakina egiteko, kolo bat landare heze eo 200 g lehor, 10 litro uretan, 10 egunez. Infusiorako 100 g heze edo 20 g lehor litro baterako. Intsektuak akabatu eta uxatzen ditu: zorriak, txindurriak... 

* Lapa-belarra, Arctium lappa. Irakina: kilo bat landare 10 g litro uretan. Landareak suspretzen ditu. Fungizida da: mildiua tratatzeko %5era urtuta. 

* Itsas arrunta, Ciytisus scoparius. Azaren harraren tximeleta urrundu eta atzeratzen du haren irakinak: 15 egunez, dozena erdi bat zarba 10 litro uretan. 

* Kaputxina, Trapaeolum majus. Zorriak beregana biltzen ditu. Euli txuria uxatzen du ingurutik. Gaitzei aurre egiteko (tomatearen mildiua...) infusioa: 5 litro uretan kilo bat hosto heze, eta hirutik baterino urtu. 

* Asuna, Urtica dioica. Ikaragarrizko lanak egiteko gai da asuna. Intsektuak uxatu eta hiltzeko, eta fungizida gaitzei aurre egiteko: erdi irakina, kilo bat 10 litro uretan 4-5 egunez. 12-14 eguneko irakin osoarekin, tomateak eta beste landareak indartzeko, lurra ureztatu. Luhartzei aurka egiteko, bere zulobideak gainezka bete irakin honez. Luarra ontzen laguntzen du. Hosto hezeak puskatu eta landarearen ipurdian lur azalean sartuta, gaitzetatik babesten du. Zainak agerian aldatzen diren landare eta zuhaitzak. Irakinarekin busti, itsatsi eta indarrean etorriko dira. 

* HuntzaHedera helix. Kilo bat hosto, 10 litro uretan egindako irakina erabiltzen da. Zorriak eta euli txuria uxatu eta hiltzen ditu. 

* Intxaurondoa, Juglans regia. Harren eta zorrien aurkakoa. Beratua: 10 litro uretan, 2 kilo hosto heze edo 200 g lehor. Egoskina: 250 g hosto lehor 10 litro uretan, 24 orduz beratu eta gero 15 minutuz irakin. Erabat hoztu gabe epela denean erabili. 

* Azeribuztana, Equisetum arvense. Ekain edo uztailean bildu, itzalean lehortu eta oihalezko edo paperezko zaku edo zorroetan jaso. Mildiua, gorrina eta aberretatik babesteko lurra bustitzen da erdi irakinarekin: 200 g hosto heze edo 50 lehor 10 litrotan egun batzuez. Horri berari 100 g xaboi beltz gehituta zorriei eta armiarma gorriei kontra egingo die. Egoskina ere erabil daiteke: kopuru berak 24 orduz beratu, 20 minutuz irakin eta 24 ordura erabili. Landareak ere busti daitezke, gaitz horietatik babesteko, bi astero, batez ere ekaitzen ondoren. 

* Intsusa,  Sambucus nigra. Zorriak, tripsak eta gaueko tximeleta eta sitsak borrokatzen ditu. Beratua: kilo bat hosto, lore, fruitu edo kimu, 10 litro uretan 2 egunez. Egoskina: kopuru berak 24 orduz beratu eta ordu erdiz irakin. Satorzulo eta sataginen zulobideetan botatzeko irakina: kilo bat 10 litro uretan. 

* Mota-belarra, Tanacetum vulgare eta Tanacetum cinerariifolium.  Zorrien, eulien (txuria, azarena, azenarioarena...) eta azarena eta antzeko tximeleten aurkakoak. Egoskia:  400 g hosto heze edo 40 g lehor, 24 orduz beratu eta 15 minututaz irakin. Baita irakina ere: 70 g lore lehor 10 litrotan, eta %20ra urtu. Tomatearen mildiuarentzako infusioa: litro batean 30 g lore. 

* Tomatea, Lycopersicum esculentum.  Zorrien eta azaren eta porruaren harren tximeleten kontrakoa. Azken horren kontra uztail osoan eta abustuaren erdira arte 5 egunero tratatu. Erdi-irakina: kilo bat hosto eta kimu xehatu eta 10 litro uretan 3 egunez eduki. Zorrien kontra alkoholetan ere jar daiteke: kilo erdi bat hosto eta kimu birrindu eta litro bat erretzeko alkoholarekin estalita ontzi hermetiko batean jarri. Zortzi egunera zanpatu eta iragazi. Litro laurdeneko ontzietan jaso. Tratamendua egiteko 10 litro uretan laurden bat eta 100 g xaboi beltz edo xaboi natural gehitu. 

* Tabako belarra, Nicotiana tabacum. Intsektizida eraginkorra da, harrak, kotxinillak, zorriak, gurgurioak... dantzan jartzen ditu eta akabatu. Onena infusioa: 10 litro uretan 300 g zigarri mutxiki (irazkirik gabe) ordu erdiz gozo-gozo irakin. Iragazi. Erabiltzeko urtu: infusioko litro erdi bati bi litro ur erantsi, eta eragin handiagoa izateko 40 g xaboi beltz edo xaboi natural gehitu. 

* Salbia, Salvia officinalis.  Infusioa, 100 g landare litro bat uretan. Irakina, kilo bat 10 litro uretan, eta erabiltzeko %10 urtu. Mildiua bezalako gaitzetarako, patatarenerako bereziki. 

* Larranbiloa, kamamila, Matricaria chamomila.  Gaitzei aurre egiteko landareak indartzen ditu. Gaitzen eta intsektuen aurkako beste landare-urei eransten zaie bere infusioa: 50 g lore lehor 10 litro uretan. Intsektuei barrenak nahasten dizkien osagai mikatz bat du. 

* Bortusaina, Ruta graveolens. Zorrien kontrakoa, bareak eta barraskiloak uxatzeko. Irakina egin: 10 egunez, kilo bat hosto 10 litro uretan. Erabiltzerakoan urtu: irakin honetarako 2 litrori 10 litro ur erantsi. Euli txuria hiltzeko, beratua: 24 orduz, 80 g hosto heze, gero %20ra urtu. 

* Milorria, Achillea millefolium.  20 g lore lehor litro bat uretan beratu. Bete fungiziden lana indartzen du, azeribuztana eta abarren urei erantsi. 

* Tartikua, Euphorbia lathyris.  Sator eta sagu jendea uxatzeko. Baratzean bertan maiz ikusten da, eta haren ingurua busteitzeko irakina egin behar da: 10 litro uretan 800 g belar. Sator zuloetan zuzenean bota.

* Tipula, Allium cepa. Azenarioaren eulia akabatzeko, irakina: litro ureko 20 g tipula gorri edo horien azala. %5era urtu eta ekainaren amaieran tratatu, astean bitan. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora