Asteroko buletina
Irille ideille.

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Landarea nola sortu?

[Jakoba Errekondo]

Baratzea sortu eta eusteko lan nagusiak azalduko dira hemen. Barazkiak banaka-banaka azaltzen diren atalean, berriz, bakoitzarekin egin beharrekoen zehaztapenak ageri dira. 

Landarea nondik nora sortu. Hasieran, baratzea osatzeko errazena landaretxoak erosi eta aldatzea da. Denborarekin, pixkanaka, etxeko haziak sortu, eta landarea geuk egiten ikasiko dugu. 

Ereintza:

Hazi bat nahasketa sexual baten ondorioa da: espezie bereko arra eta emea nahasi dira, eta haziak bien ezaugarriak daramatza. Nahasketa bat denez, zehatz-mehatz ezin jakin zer landare sortuko den. Adibidez, fruitu handia ematen duen landare baten hazitik ale txikiagoak emango dituena sor daiteke. Gure baratzean sortuko ditugun hazien ama ezagutzen dugu, hazia eman duen fruituta daraman landarea, hain zuzen ere. Aita, aldiz, ezezaguna: nork eman du polena? Horrexegatik hazi batek emango duen landarea ez da amaren berdin-berdina izango. Eta zeharo desberdina izatea ere litekeena da. 

"Hibrido" izenarekin edo F1 kodigoarekin saltzen diren haziak ar-eme nahasketa jakin batetik sortuak dira, eta ondorioz haziak emango duen landarea ezaguna da. 

Ereintza lanetan abiatzen zarenerako aholku batzuk:

- Hazia jasotzerakoan landare onenetik aukeratu, gaitzik ez dutenetik eta fruitu onenak eman dituztenetatik.           

- Haziak jaso aurretik, fruituari landarean bertan ondo heltzen utzi.        

- Haziak lurrera erori aurretik bildu. 

- Egun batzuez, zabal-zabal eginda lehortzen eduki, eguzkitan jarri gabe. 

- Ondo lehortu direnean, ontzi lehorretan jaso toki fresko batean, eta berari buruzko informazioa idatzi eta jaso bertan. Garrantzitsua da urtea, landare ama nondikakoa den, noiz jaso den eta abar jakitea. 

Landare batzuk hazitegian ereiten dira eta gero, landaretxoa aldatuko da baratzean. Adibidez: uraza, tomatea, piperra, alberjinia, tipula, porrua, apioa, zerba... Beste batzuk baratzeko sailean erein eta inolako aldaketa lanik gabe bertan haziko dira; adibidez: azenarioa, espinaka, leka, perrexila, babarruna, artoa, patata, errefaua, erremolatxa... Badira bietako edozein eratara egin daitezkeen landareak: kuiak eta kuiatxoak, luzokerra... 

Muintegirako bidean:

- Haziak zahartuta ote dauden zalantzarik baduzu, erein aurretik uretan jarri. Alferrik galdu direnak, jandakoak eta hutsak ur gainean geratuko dira eta osorik daudenak urperatu. Era berean haziak ur pixka bat hartzea onda da, ernatzen lagunduko baitio. 

- Hazitegia egiteko edozein ontzi erabili dezakegu: poltsak, loreontziak, zurezko kutxak, azpilak... Babesean dagoen toki argitsu  batean jarri. Hotzetik eta bero sapatik babestu behar da. Lurrari heze eutsi behar dio, baina ito gabe. Behar adina zulo egin azpiko aldean, gehiegizko urak erraz alde egin dezan. 

- Lur harroa jarri; baratzeko lur beltza, simaurra edo luar zaharra eta hondarra edo mausarra heren bana nahastuz egindako onena. 

Hazi handi samarrak zuzenean lur gainean jarri. Lur pittin batekin estali. 

- Hazi txikiak hondarrarekin nahasi eta errazago banatuko ditugu. Horiei lurrik ez jarri gainean, erein ondoren lurraren azala, sardexka edo antzeko zerbaitekin pittin bat horrotzea eta nahastea nahikoa da. 

- Ureztatu. Ura suilaka ez eman. Arin-arin, behar izanez gero ihinztagailu edo spray batekin. 

- Landareak bakandu edo ez, zeuk erabaki. Hasi zeure eskola egiten. 

- Landare bakoitza desberdina da. Batzuk  5-6 zentimetro dituztenean eta beste batzuk 8-10 edo gehiagorekin hazitegitik atera eta aldatuko dituzu.

- Landare hazitegitik atera aurretik lurra ondo busti. Nahikoa baduzu, landare onenak aukeratu. Koilara edo antzeko zerbaitekin lagunduta, ahal izanez gero landaretxo bakoitza bere lur puskarekin atera. 

- Landarea ondo itsatsi dadin, bere sustraiak baino handiagokoa den zuloa egin, haiek okertu beharrik gabe sartzeko modukoa. Zuloa lurrez bete, landarearen ingurua zanpatu eta lehen astean ureztatu. 

- Goiz partean edo ilunabarrean egin beharreko lana da aldaketa. Bero handieneko egunetan ez egin. 

- Zuzenean lurrean erein. Landare ugari zuzenean baratzean izango duen sailean bertan ereiten da: erraz ernatzen diren hazi handiak (leka, babarruna, baba, ilarra...), lurpeko erreserbak jaten zaizkienak (azenarioa, errefaua, erremolatxa, arbia...) eta hazirik gabe, landare puskak erabiliz "ereiten" direnak (baratxuria, patata...). Hona urratsak:

- Ereiteko, ildoak egin behar dira. Landarearen tamainaren araberako tartea utzi. Ildoen bi muturretan arbatxo batzuk sartuz gero, non erein dugun erraz ikusiko dugu eta ureztaketa eta belarrak kentzea erraztuko ditugu. 

  • Ildoa ureztatu, eta ondoren haziak banatu: banaka, multzoka edo errenkan.
  • Ildoa lurrez estali, arin-arin.
  • Ureztatu leun-leun, urak haziak eraman ez ditzan. 
  • Hazia ernatu eta sortutako landaretxoa ondo itsasteko, lurrari lehortzen ez utzi. 
  • Landarea sarriegi etorri bada, bakandu. Kentzen ditugunak, nahi izatera, aldatu. Muintegitik ekarritakoekin egin beharreko urratsei heldu. 

 

Haziez beste, beste ugalketa erak:

Hazia ereinda, hura eman zuen amaren desberdinak diren landareak sortzeko aukera handia da. Amaren berdinak sortu nahi direnean beste ugalketa erak erabili behar dira. Haziaren nahasketa sexualik gabe, ugaltzeko beste era horiek landare amaren landare-kume berdin-berdinak sortzeko erak dira. Arra eta emea nahastu gabekoak. Amaren puska bat hartu eta "ereiten" edo aldatzen dugunean amaren kopia bat, "klon" bat egiten ari gara.

Tuberkulua, aldaxka, begia edo alea, erraboila, belauntzea, herrestadarra... era asko dago. Mendaren aldaxka, patata tuberkulua, aratxuri begia, erraboila, tipulatxoa, marrubiaren herrestadarreko muturreko landaretxoa... Horietako edozein lurrean jartzen dugunean landare berri bat sortuko da. Eta gogoan hartu, beti amaren kopia bat izango da. Ezaugarri berak izango dituzte: fruiur eta hazi berdinak, lore berdinak, hosto berdinak, kolore berdinak, forma berdinak...

Erreserbak direnak (tuberkulua, erraboila, begia...) erraz ernatu eta itsasten dira. Marrubi landaretxoa, sustraiak luzatuta dituenean aldatu eta itsastea ere ez da zaila. Aldaxkak landare berria sortzea, hori da zaila. Aldaxka adar edo hosto zati bat besterik ez da, ez du sustrairik. Aldaxka landaretik moztu eta ahal den azkarren aldatzea komeni da. Dilista-urak asko lagunduko digu. Nola egin? Jarri dilistak urez blaitutako kotoi, oihal edo paper batean bilduta. Berehala ernatuko dira. Ernatzeko hormonak dantzan jarri behar izan dituenez, hormona festa hori baliatuko dugu gure aldaxkari laguntzeko. Zanpatu eta txiki-txiki egin ernatutako dilistak eta urarekin nahasi. Aldaxka lurrean sartu aurretik bere azpiko aldea ur horretan busti. Ondorengo egunetan ur horrekin ureztatu lurra. Sustraitzen ederki lagunduko dio. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora