Asteroko buletina
Urria usoaren galgarria

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Lurra

Lurra M hizkiz idatzi beharko genuke. Ez bat eta ez bi, funtsezko hiru M-k osatzen baitute lurra: Mineralek, Materia organikoa eta Mikroorganismoek. Hiru horien elkarlanak lurrari bizirik eusten dio, eta hori da baratzen osasuntsu eta oparo baten oinarria. Zenbat eta biziago lurra, orduan eta uzta aberatsagoa. Horrexegatik, besterik ez bada, ez genuke inoiz pozoirik erabili behar. Pozoiek gure barazkien aerioak hiltzen dituzte, baina baita lagunak ere. 

Mineralak dira lurraren osagarri nagusiak. Lurpe sakonean dauden harkaitzetatik edo sail horretara kanpotik (uholdeek, jendeak...) ekarritako barrietatik askatzen dira. Mineral-ongarriak emanez, lurra mineral jakin batzuetan aberasten da.

Materia organikoa da lurraren motorra, lurraren biziaren motorra. Usteltzen ari den edozein bizidunen hondarra da materia organikoa. Era askotara erants daiteke materia organikoa: simaurra, luarra, orbela, inaurkina... Ongarri organikoak piztu egiten du lurra. Usteltzea mikroorganismoek eragiten dute. Organiko asko badago, hobea izango da lurraren egitura eta oparoago biziko dira mikroorganismoak. Horien lanak ongarri mineralak askatzea dakar, bai organikotik bertatik baita lurretik ere. Lurra piztu eta mineralez aberaste horrek baratzea biziberritzea dakar, eta alde ederrean etorriko dira gure landareak!

Birziklatze faktoria erraldoi bat da lurra. Bertan milioika eta milioika bizidunek lan egiten dute. Handi eta ttiki, azken horiek dira gehiengoa: Mikroorganismoak. Denetik dago: armiarma, zizare, nematodo, alga, onddo, bakterio... Etenik gabe lan egiten dute, bakoitzak bere barrutian; batzuek azalean, besteek lur sakonetan. Haiei eskerrak, ustelduko da materia organikoa eta eutsi ahal izango zaio lurraren egiturari. Lan horren ondorioz, lurra bizirik egongo da, etengabe galgalean, bor-bor.  Horrek landareen bizimodua erraztu eta bizitza kalitatea hobetu egingo du.

Mikroorganismo bizidun ttikiek beren lana ongi egin eta lurra bizi-bizi egoteko, airea behar da. Uzta kaskarra emango du lur itoak, ur-aseak, ongi aireztatu gabekoak. Lurpeko bizitza apaldu egingo da, lurra bera probetu, sustraien lana zaildu, eta landareak bizi baino iraun egingo du. 

Lurra bi aldetatik aztertu behar da: kimikoa eta fisikoa. Alderdi fisikoak lurraren egitura azaltzen du: harroa den, itoa, hondarra edo buztina den... Horrek ur eta airearen joan-etorria baldintzatuko du, eta ondorioz, lurraren bizian, jatenen egoeran eta landareen bizimoduan eragin zuzena izango du. 

Alderdi kimikoak lurrean landareen eskuera dauden elikagaiak azalduko ditu: zenbat, zein kalitateko, eskuratzeko erraz edo zail... Egoera kimikoa aldatzeko lurra ongarritu egiten da. Ongarriekin elikagaiak eman edo urrean berez daudenak askatu eta landareek hartzeko moduan jartzen dira. 

Aieka fisikotik, lurra ahal den biziena izatea komeni denez harrotasuna da helburu nagusia. Harroa bada, lurrean barrena haizea ibiliko da, horrek bertako mikroorganismoei aire emango die. Bestetik, lurra harro badago ura askoz ere aiseago mugituko da, ur-asetako lur itoak askatuz eta urari alde egiteko bidea erraztuz. Lurra askoz ere lehorrago egongo da eta gaitzek zailtasun handiagoak izango dituzte bizi eta landareei erasotzeko.

Lur buztintsuak, azpian tupa duenak, lan handia emango du. Hasteko ura kentzeko ahalegin guztiak egin beharko dira, gero lurrari harro eusteko lanei ekiteko. Lurra harrotzeko hondarra nahasten zaio. Itsasokoa inoiz ez, baldin eta urtetan euriaren emanari utzia egon ez bada, gatz arrasto guztiak ken diezazkion. Hondarrak errekakoa izan behar du, bestela silize hondarra izan dadila, harrobikoa. Silizea ateratzen den harrobikoa eskatu. Garestixeagoa da, baina gerora eskertuko duzu, epe luzerako lanean arituko zara, hasiera-hasieratik. Erruz eman, gupidarik gabe, lurrazala estali, lodi estali, 8-10 cm zabaldu denean. Lanerako ere eskertuko duzu. Lan hori sailka egin dezakezu, ez dago baratze osoarena batera egin beharrik. Kareak lurra harrotzen du, baita errutsak ere. Ildo bizkarrak egitea ez da aukera makala: lur muntoetan lurrari harroago eusten zaio eta landarea alde ederrean etorriko da. 

Aieka kimikotik begiratuta lurrak bi multzotan banatzen dira: lur azidoak eta lur basikoak. 

Lur azidoak pH-a 7tik behera dutenak dira. Zure lurrean ondorengo landare hauetakoeren bat ikusten baduzu azidoa da: uztaoa edo lapaitza, zazporria, errefautxoa edo kanta-belarra, txilarrak, oteak, garoa, kuku-praka, erratza, isatsa, buminka edo xanpora, basadutea edo baratze otondo-belarra. 

Lur basikoak pH-a 7tik gora dutenak dira. Baratzea egin nahi duzun tokian lurra basikoa izateko arriskua dago ondorengo landare hauetakoren bat ikusten baduzu: basa ziapea, negakina, larre oloa edo olo zoroa, hirusta gorria, pagotxa, gaitun txikia, zauri-belarra, ezkila-loreak, udazkeneko mandabelarra edo zuhain azenarioa. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora