Asteroko buletina
Abendua, argia eta egurra erretako hila.

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Nondik nora sor daitezke arazoak

[Jakoba Errekondo]

Lurra eta bere ingurumenaren osasuna eta oreka ahal den neurrian eusten eta indartzen den eran, baratzean orduan eta komeria eta buruhauste gutxiago izango dugu. 

Arazo gehienak iturri bera dute: uzta handiegia eta azkarragoa nahi izatea. Bestelako arrazoiren bat ere izan daiteke:

- Monolaborantza, urtea joan eta urtea etorri lur berean landare berdina lantzea.

- Ongarri kimiko gehiegi eta ongarri organiko gutxiegi erabiltzea. Horrek lurreko jakien desoreka ekar dezake eta landareak elikatzeo zailtasunak izango ditu. 

- Zuzenak edo egokiak ez diren lanak egitea. 

- Kanpoeder jokatzea. Bertako aldaerak baztertu eta kanpoko landareak ekartzea, baratzeko klimara eta lurrera egokitu gabeak...

- Gaitzen eta izurriteen aurkako borrokan laguntzaile naturalak direnak uxatzea; ingurua soilduz, landareak kenduz edo zuzenean garbituz edo kanporatuz, trikuak, txoriak, zapoak eta igelak, harrapariak eta abar. 

- Pestizida kimikoen eraginez lurreko onddo laguntzaileak urritu eta galtzea. Horrek lurra zapuztera eta antzutzera darama. 

- Erabaki okerrak hartzea: lanak garaiz kanpo, aproposak ez diren barazkiak...

Gaitz eta izurriteei aurre egiteko era onena aurrea hartu eta prebentzioa erabiltzea da. Baratzearen ekosistemaren oreka da garrantzitsuena.  Ekosistema naturalenak bere oreka du, hobeto esanda, ekosistema oreka da, etengabe aldatzen den oreka. Oreka horren arabera gaitzak eta izurriteak eramangarriak izango dira, eta eragingo dituzten kalteak arinak.

Landare bakoitzaren premiak ezagutu eta gogoko dituen baldintzak betez gero tantoaren erdia geurea da. Baratze osasuntsua izateko bertako aldaera edo barietateak erabili, bertako klimara eta inguruan ditugun gaitzetara eta izurriteetara egokituta egongo dira. Txandakatzea eta elkartzeak erabili, lurra ondo ongarritzen saiatu, landare lurrintsuak aldatu...

Behin gaitza edo izurritea sartu eta landareei gaina hartzen hasten bada, kontrol biologikoa da onena, adibidez: intsektu erasotzaileen eta intsektu horiek jango dituzten beste intsektu mesedegarrien arteko oreka zaindu. Ondoren kontrol zuzena letorke, baina ahal izanez gero beti produktu naturalak erabiliz. Produktu kimikoak edo pozoiak badarabilzkigu, lurra bera pozoitu eta azkenean barazkiekin batera jango ditugu.

Gure baratze ekosistema bat da, eta bertan denontzat aukera izan behar da. Bateren bat akabatzen badugu besteentzat toki asko geratuko da eta gaitza edo izurritea sortu. Tamainako uzta arriskuan jarri gabe, denok bizi behar dugu.

Animalia mesedegarri ugari ibiltzen da baratzearen inguruan. Horiek bizi badira, geure landareak hobeto egongo dira. Zaindu: amona mantangorriak, trikuak, armiarmak, igelak eta zapoak, txoriak, sorgin-orratzak, erlastarrak, listafinak... Pestizidak erabiltzen ditugunean horiei ere kalte egiten diegu, oreka hautsiz eta, gerora, baratzeko arerioei emanez. 

Gaitzei eta izurriteei aurre egiteko aholku batzuk:

- Ongarri onak erabili, lurra osatu eta landarea egoki elikatzeko.

- Bertako lurrera eta klimara ohitutako landare aldaerak edo barietateak aukeratu. Urteen poderioz hona egokitu dira. 

- Landareei tarte egokia eman, ez estuegi ez lasaiegi.

- Sailka, landareak txandakatu, arerioak nahasi egingo dira.

- Landare elkartze egokiak landu.

- Arerioak uxatuko dituzten landareak eta landare lurrintsuak jarri.

- Gaixotutako landareak edo zatiak azkar kendu eta berta erre, ez bazterrera eraman eta bertan utzi. Laster zabalduko dira bestela. 

- Kalitatezko haziak erabili.

- Kanpotik dakargun landarea ongi miatu: harrak, arrautzak, intsektuak, onddoak, edozein eratako apopilo desatsegin bat ekar dezake. 

- Etxean sortutakoetatik ere, sano eta sendo daudenak erabili. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora