garaian, garaikoa, garaiz
Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.
Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.
Liburua eskuratzeko[Jakoba Errekondo]
Sor daitezkeen arazo batzuek eragindako kalteak edozein landaretan azaldu daitezke.
* Izotza. Hormatzea, karroindatzea, leia egitea, jelatzea... Izen asko du euskaraz izotza egiteak.
Ihintza tenperaturak behera, 0 ºC ingurura, egin duenean gertatzen bada izotza izango da. Hortik behera hozten badu, izotza beharrean jela izango da, putzuak ere jelatuko dira. Izotzak eta jelak zuriak eta beltzak izaten dira. Izotz edo jela zuria, airean hezetasun asko dagoenean gertatzen da. Hezetasun hori izozten denean lurraren gainean dagoenaren azalean, lurrean bertan, belarretan, landareetan, zuri-zuri azalduko da. Ihintza izozten dela esan daiteke. Horrek, neurri batean, landarea babesten du. Gaineko izotz horrek barrukoa ez du erabat erretzen. Izotz edo jela beltza airean hezetasun gutxi dagoenean gertatzen da. Tenperaturak behera jotzen du eta hezetasun gutxi dagoenez ez da izozten eta landarearen gainean pausatzen. Tenperaturak 0 ºC azpitik behe xamar jotzen badu landare barruko izerdiak izoztuko dira. Ura izozten denean handitu egiten da, eta horrek landarearen barruko egitura jo eta txikitu egingo du. Gero goizeko epela etortzen denean barruko izotz hori urtu egingo da eta landarea bere buruari eusteko gauza ez dela, deseginda, eraitsita azalduko da eta hostoak beltz.
Izotzak oro har, eta garaiz kanpokoak zer esanik ez, kalteak eragin ditzake. Batez ere, berau jasateko halamoduzko gaitasuna duten landareetan. Hostoak, kimuak eta arbak erere ditzake. Jaio berri dauden landareak (ilarrak, adibidez) dira gehien sufrituko dutenak. Sustraiak ere erretzeko gai da. Ez aldatu landarerik izotz egunetan. Aldatzeko lurra harrotu egiten da eta izotza sustraietaraino erraz sartuko da, landare osoa, goiak eta beheak izoztuz.
Ihintzetik eta izotzetik babesteko txapel baten tankerako babes bat nahikoa da. Biak goitik behera, zerutik behera jaisten dira zuzen-zuzen. Kazkabarra eta harria baratzearen kontrario txarrak dira. Batak negu aldean eta besteak uda aldean, kalte eta txikizio latzak eragiten dituzte.
* Haizea. Maiz garrantzi handirik ematen ez bazaio ere, haizeak kalte latzak ekar ditzake. Landarea bortizki dantzatzeak sustraiak mugi ditzake zauriak eginez, urez asetzen diren hutsuneak ere sortuko ditu sustraien aldamenetan, era berean hausturak eragingo ditu, ezbehar horiek denek usteldurak ekarriko dituzten gaitzak sartzeko arriskua areagotzen dute. Landareak etzan ditzake. Hostoen ertzak ere zartatzea eta gorritzea da ohikoena. Haizeak ur premia sortzen du. Uda partean berezko egarria larritu dezake.
Haizearen erauntsiei aurre egiteko landareak arbatu egiten dira. Era berean baratze osoa babestuko duen hesi edo muga fisiko sendo bat jartzea ona da. Baratzea sailaren mugetaraino eraman beharrean, inguruan landu gabeko zati bat utzi: ipularra. Ipularra hesiak eta landare laguntzaileak jartzeko erabiliko da. Hesia materialezkoa izan daiteke: hesolak, oholak, zotz-hesiak, taulak, harriak, harlosak, xaflak... Hesi hori landarez osa daiteke, Horretarako, egokiak dira zuhaixkak, izan ere zenbat lan egiten duten: loreak eta fruituak eman, intsektuak jango dituzten txoriak, beste intsektuak, trikuak eta abar altzoan hartu, baratzean polinizazioa suspertuko duten tximeleta, erle, liztor eta abar erakarri... Hesi horiek sendagai bezala edo sukaldean erbil ditzakegun landareekin osa daitezke. Hona batzuk: elorri beltza, ereinotza, astalarrosa, mugurdia, elorri zuria, zuhandorra, zumalikarra, karraskiloa, andere-mahatsak eta arakatzak... Itxitura bat ere egin daiteke, eta gero loreak eta fruituak emango dituzten landare igokariz jantzi: mahatsa, arrosak, aihenak, urkitza edo jasmina, glizinia, huntza, bignomia...
* Itzala. Itzal iraunkorra arazo handia da. Hazkundea atzeratu eta makaldu egiten da, landare osoa kaskarragoa izango da, batik bat hostoak. Eta, hostoa da landarearen motorra... Eguzki eskasiarekin gaitz eta izurriteen bazka errazak izango dira. Itzaletan ondoen etortzen direnak hostoa edo lurpekoa kentzen dizkiegunak dira. Itzal horretan ez jarri inoiz fruitua edo leka eman behar duen barazkirik.
* Ura. Ura falta duenena landarea goibeldu egiten da. Lehenik hostoaren kolorea histu eta gero hostaila makurtu, zimeldu eta ihartuko da. Hasieran landareak garapena azkartuko du eta hazitarako joera hartu. Ordea, ireki aurretik lore-pipittak eta heldu gabeko fruitu txikiak erori egingo dira. Hostoak gorritu eta jausi. Hori ez gertatzeko, ongarri organikoa eman, ureztatze sakonak egin eta urari eusteko edozein inaurkin edo hondakin organiko jarri lur azalean, azpiak egin; horrek lurretik lurrintzen ari den urari eutsiko dio.
Lehorte sasoietan fruituen azala zaildu, zakartu egiten da. Ondoren, dezenteko eurite bat baldin badator, bat-batean hazi egin beharko du eta azalak gehiago eman ezingo duenez pitzatu eta zartatu egingo da. Tomateak, patatak... jasaten dute. Agorraldia latza bada fruitu barrua zikoiztu ere egin daiteke. Lehorte garaietan, luzatu gabe, aurrea hartu eta ureztatu.
Ur gehiegi izateak ere ageriko eraginak ditu: lurrean airerik gabe, sustraiak ezinduta daude hazteko eta elikagaiak hartu behr dituzten muturreko iletxoak hil egingo dira; sustraiak berak ere usteldu egingo dira. Hostoakk histu eta hazkundea erabat zapuztuko da. Baratzea drainatzea nahitaezkoa da. Lur buztintsuetan, udazken-negu partean ongarri organiko ugari zabaldu eta neguaren amaian karea eta errautsa zabaldu. Lurrari nahasteko hondarra ereoso ona da. Oinarrizko lanak egitea ere txarra ez: erretenak, zangak, azakiak.
Ssakonekoak dira onenak: drainatzea errazteko eraikitzen dira erreka estaliak: lurpean, landuko duguna baino sakonago, harlosez eutsitako edo harriz betetako zangak egiten dira. Nahi izatera lana errazten duen tutu zulatua jarri daiteke barruan. Isuri egokia emanez, ur soberakinak eramango ditu.
* Jaki gabezia. Lurreko elikagai eskasia azkar igarriko du landareak. Ahuldu egingo da eta indar gabe, hazkundea makaldu eta itxura zurbila hartuko du. Hostoen kolore deigarriak azalduz gero jakiren bat falta dela diote: ertzak gorritzea fosforoa, ertzak horitzea potasioa, bihotza horitzea nitrogenoa, marra laruak magnesioa, erabat larutzea sufrea edo karea edo manganesoa... Arazo horiek ongarri egokiak erabiliz bideratzen dira.
Falta dena ongarri organikoa bada (simaurra, luarra...) arazoa larria da. Ongarri hori oinarrizkoa da lurraren biziari eusten dioten mikroorganismoak elikatzeko, lurraren egitura fisikoa hobetzeko, landareek behar dituzten elikagaiak mugitu eta bere eskura jartzeko. Ongarri organiko pilarik edo metarik gabeko baratzerik ez luke behar.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545