Asteroko buletina
Kukua etorri, gosia etorri; kukua fan, gosia fan (joan).

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Lan nagusiak

[Jakoba Errekondo]

Baratze batetik bestera zaintza lanak asko aldatzen dira. Lurra, tokia, nahi ditugun barazkiak, zenbatean behin joaten garen lanera... Bakoitza berera ohitu beharko da eta landareek erakutsiko digute, mozkinaren arabera, zaintzaren norabidea. Denboraren poderioz, eta urtez urte landutakoak sortutako jakintza bezalako laguntzailerik ez duzu izango. Gogoratu: dena idatzi eta jaso, baratzeko kaiera izango da zure lanen iparrorratz fidagarriena. Aldamenekoek eta harantzaxeagokoek nahi dutela esan dezatela. Zu zeurera. 

* Lurra irauli edo ez. Lurra harrotu eta lantzea errazteko irauli egiten da.  Horretarako lehenik izakitu edo zopizartu egiten da, hau da azal-azalean belarrak aitzurrez kendu. Gero laia, lauhortza, hondeaitzurra, aitzurra, goldea... dena delakoarekin. Zokortuta geratzen bada zokor-mazoarekin danbaka jo eta txikitu, eta ondoren etorriko dira ongarritzea, eta abar.

Gaur egun, hala ere, lurra irauli gabe lantzeko joera hedatzen ari da. Lurrak berezko egitura du, mailako eta geruzaka antolatuta. Maila bakoitzak berezko bizitza du eta mailak irauliz gero bizitza hori zaildu eta eragotzi datieke. Irauli gabe lantzeko izakitu eta axal-axalean eskuarez-edo harrotu eta erein edo landatu.

Nire iritziz, lur beltz sakonak dituzten lurrak iraul daitezke, eta ez da kalte handirik eragingo. Baina lur beltza urria duten lurrak iraultzeak kalteak besterik ez dakartza. Saioak egin eta zeur erabaki. 

* Aldatzea edo zehar aldatzea. Muintegitik datorren landaretxoak bi aukera ditu: zuzenean gero bizi beharko duen tokian aldatu edo bitarteko toki batean zeha aldatu. Zehar aldatzea ontzietan edo baratzeko txoko batean, lur gozoena dagoen tokian, ildaska bat ireki eta bertan aldatuz egin daiteke. Muintegian bertan mantendu beharrean, zehar aldatuz gero landareak asko irabaziko du eta behin betiko tokira eramandakoan alde ederreko indarrean izango da. Beste aukera, zuzenean bizitokia izango duen tokian aldatzea da. Bat edo beste egitea, norberaren erabakia da: baratzean dugun tokiaren arabera, edo landaretxoa hobeto babeteko edota zaintzeko.

Aldatzeko aitzurrarekin zuloa (tomate, piperra...) edo ildoa edo zulo luzea egin (porrua...) eta estali, edo lurra harrotu gabe aldagailuarekin zuloa egin eta landarearen sustraiak bertan sartu (aza jendea, brokolia, azalorea, Brusela aza...). Garrantzitsuena lurra eta sustraia elkar ukituz jartzea da. Horretarako landatu ondoren inguruko lurra zanpatu eta sakon ureztatu.

Landarea errazago itsasteko eta bizimodu berriari indarrean ekiteko: buztina eta simaur zaharra edo luarra nahastu eta ur pittin batekin salda edo ore lodi bat prestatu, sustraiak bertan zikindu eta aldatu. Landare aldatu berria sarri-sarri ureztatu beharko da, uda beroan edo lehorteren bat bada, erruz. 

* Ureztaketa. Euskal Herriako isurialde atlantikoan baratzeak ez du ur asko behar izaten. Landareak behar duen ur gehiena lurrean behetik gora dator. Hala ere, landarea pattalduta, hostaila makurtuta eta zimurra ageri badu ura behar duela dio. Landare aldatu berriek ere ura beharko dute itsatsi eta indarrean sustraitzen eta pujatzen hazteko. Ureztatzen dugunean ura lurrari eman. Landareak hostotik ere ura hartzen du, baina zainetatik hartzen du gehiena. Landareak iletsuak baldin badira (tomatea, alberjina...) landarea sekula ez busti, kontuz-kontuz ura lurrari eman. Landarea bustitzen duten zipriztinetatik gaitzak sartzeko aukera handia dago.

Bero handiak direnean inoiz ez busti landareak, jo eta bertan kiskalduko dira. 

Ureztatzeko lanak goiz partean egiteko hobeak dira: egun guztian lurra eta landareak berotu dira eta ilunabarrean bero-bero eginda daudenean ureztatuz gero, ur asko bero hori kentzen lurrundu eta galduko da. Goiz partean, aldiz, gaueko freskurak bere onera ekarriak izango ditu lurra bezala landarea, eta ematen diegun ur guztia aprobetxatuko dute. 

* Jorraketa. Baratzean bizi diren landare guztiek jaten dute bertatik. Lehia izugarria dago, naturan bertan bezala. Beraz oro har landare aldatu berriak eta txikiak ditugunean inguruko "belar txarrak" kentzea komeni da. Hori da jorraketa. Landareak handiak direnean, zeuk ikusi. Badira, adibidez,  xamur eta zuri nahi izaten ditugun barazkiak: eskarola, uraza, porrua,... Nik horien belarrak ez nituzke kenduko. Jatena hartzen dute, baina baita itzala eman eta mesede egin ere. Oro har, belar horiek lorea ematen dutenean eta hazia eman aurretik moztu eta kendu. Jorraketa lan horrek luarra egiteko gai asko emango digu. Haziak baldin badituzute bertan erre, luarretara ez bota, bestela gero hura lurrari bueltatzean hortxe ereingo ditugu gure "belar txar" horiek. 

* Lurreztaketa. Jorraketarekin batera egiten da, jeneralean. Jorraketan harrotzen dugun azaleko lurra landareen inguruan edo gainean jartzen da. Landareari eusteko eta azaleko sustraiak sendotzeko (artoa, tomatea, piperra, babarruna...) edo argia kendu eta zuritzeko (pataata, erremolatxa, eskarola, endibia...) egin ohi da. Kontuz! Lan hori sustraiak ukitu eta zauritu edo moztu gabe egin. 

* Azpiak egitea. Gazteleraz acolchado eta frantsesez pailler deitzen duten teknikaz ari naiz "azpiak egitea" esaten dudanean. Aziendari ukuiluan edo kortan egiten zaionaren antzekotasunetik hartutako esaera. Landareen ipurdian, lurra estaltzen duen zerbait jartzea da. Jartzen den hori bi eratakoa izan daiteke: organikoa edo plastikoa. Organikoa lastoa, belarra, pinu-azala, orbela, luarra, simaurra, turba, ezpala, txirbila eta abar izan daiteke.

Azpiak egiteak bi helburu nagusi ditu: lurretik lurrintzen den ur kopurua gutxitu eta, itzalpean, belar "txarrak" jaiotzea eragotzi. Teknika hau oso ona da ur eskasia duten tokietan. Ura soberan izaten denetan, aldiz, arazo larriak ekar ditzake: gaitzak eta izurriteak, batez ere. Toki hezeetan, ura pilatuko da lurraren azalean eta onddoak etxean bezala ugalduko dira; era berean, barraskilo, bare eta sataginek babesleku ederra izango dute beren azio eta pikardietarako, jateko landarea bertatik bertara izango baitute. Nire iritziz, hego-hegoaldeko lurralde lehorretan izan ezik, Euskal Herriko beste lurraldeetan, udaren lehorrenean erabiltzeko teknika izan daiteke, beti ere udazkenean, hezetasuna eta freskura datorrenean kentzekotan. 

Azpìak egiteko material organikoa erabiliz gero, pixkanaka ustelduko denez, lurra aberastu egingo da eta landareak igarriko dio. Lurrari ezaugarri kimiko jakinen bat eransteko ere erabili daiteke; adibidez pinukiak lurra azidotu egingo du.

* Kimaketa. Fruitua eman beharko duten landareek, lorea ematen hasi ordurako, etengabeko katean sartzen dira: lorea eman, fruitua ekarri eta hazia heldu. Fruitua zenbat eta txikiago, guriago, kendu, orduan eta lore berri gehiago emango du. Fruitu batzuk, ordea, ondo heltzea komeni da. Bero handia behar dutenez zailago dute. Horiei laguntzeko, adarren muturra kimatzea komeni da, horrela, adarrak luzatzera eta lore gehiago ematera bideratuko lituzkeen energia guztiak dagoenerako dituen fruitu horiek indarrean ekartzera joango dira. 

* Arbatzea. Landare batzuek ez dute enborrik edo zuztar gogorrik bere buruari airean eusteko. Berez beste landare batzuen gainean hazteko ohitura dute. Horretarako laira edo urteko puja aihen gisa luzatzen du edo kribilak emango dituzte. Aihena beste landare edo euskarriren batean biraka gora hazten da (leka, babarruna...). Kiribilak aldamenean harrapatzen duen edozeini heltzen dio eta pujak bere aldetik hazten jarraitzen du (ilarra...). Beste batzuk fruitua haztean aldera-kargarekin lurrera erortzen dira (piperra, tomatea...). 

Batzuek non hazi izan dezaten eta besteei eusteko, zer edo zer jarri beharra dago. Arba, zarba, adar, parda, makila, soka, alanbre, sare, burdinazko hagatxo, hesola, baldo, taket, trabes... Zer ez da erabiltzen arbatze lan horretarako! Material naturalak, artifizialak, birziklatuak, asmatuak.... Irudimena landu eta baratzea apaindu.

Toki hezeetan lan hau ongi egitea nahitaezkoa da. Landareari lurra kendu eta gora hazteko egokiera azkar ematen diogun neurrian, hezetasunetik urrunduko da eta osasuntsuago bizitzeko aukera izango du. 

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora