Asteroko buletina
Sabel hutsa, zorri toki, sabel betea simaurtegi.

Baratzearen oinarriak

garaian, garaikoa, garaiz

Bizi-baratzea

Baratzearen abenturan murgiltzeko grina dutenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek modu atsegin eta ulerterrazean, baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenetzat ere.

Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzea lortu du Jakoba Errekondok liburu honetan. Baratzearen entziklopedia.

Liburua eskuratzeko

Simaurra

Eskueran izanez gero, simaurra erabili. Beti ere ondua, ongi egindakoa. Gutxi baldin baduzu, honoko trikimailu hau ez da txarra: simaurra oihalezko edo sare trinkoko zaku batean jarri eta urez betetako ontzi batean sartu. Astebete utzi, simaur zakua atera eta ur horrekin baratzea ureztatu. Ura biziegia dagoela irudituz gero, arintzeko ur gehiago nahasi. 

Baratzea bertan ongarria egiteko ohitura hartu behar da. Etxera daramagun uztarekin batera hondakin organiko ugari sortzen da: azalak, hosto kaskarrak, zortenak, txortenak, zarbak, zuztarrak.... Lurra prestatu behar denean, hiratu aurretik zopizartu edo izakitu egin behar da, azalean aitzurrarekin jo eta belarrak eta haien axaleko sustraiak kenduz. Lur pixka batekin nahasian geratuko diren belar "gaizto" hondar horiek ere oso egokiak dira usteldu eta ongarri bihurtzeko. Lur ustela esaten zaio: hondakina ongarri. 

Simaurra. Satsa, kortaitza, gorotza, izen ugari du euskaraz simaurrak. Aziendaren etzalekuan azpitarako jarritako inarukina eta gainean haiek egiten duten kakarekin eta pixarekin sortutako nahasketatik sortzen da simaurra. Inaurkinak era askotakoak izan daitezke: garoa, belarrak, zerrautsa, txirbila, arto zuztarrak edo zurikinak, orbela... Azpiak egin edo ateratzean, simaurra izango dena ateratzen da, ukuilu, korta edo bordatik simaurtegira. Han onduko da. 

Simaurra freskotan erabil daiteke. Lurrari eman eta bertan ustelduko da. Landare batzuk kaltetu ditzake ordea. Argi ibili. Jenerealean luartu egiten da, hau da, ondu. Hori da simaurtegiko edo luartokiko lana. Horrekin simaurraren bueloa erditik behera jaitsiko dugu, nahastuta daramatzan gaitz eta izurriteen arrastoak garbituko dira eta landareentzako jakiak egonkortu egingo ditu. 

Simaurtegia aterpea izan ohi da. Simaurra ondu egin behar denez, mikroorganismo ugarik lan egin behar dute. Onena lurraren gainean bertan pila egitea da. Irakin egin behar du, berotu egingo da eta egokiena 45-60º C izatea da. Tenperatura hortik gora abiatzen bada, pila busti. Ilbeherero irauli egiten da, irakinaldia ona izan dadin. Trinkoa eta itoa badago inaurkin gehiago nahastu, airea izatea behar-beharrezkoa du. Behin irakinaldia amaituta, bake-bakean utzi, estalita, euriak haren osagai onenak eraman ez ditzan. Simaur pilaren ondoan  sortzen den minda, ur beltza, oso ona da ureztatzeko eta landareak indartzeko. Inguru horretan izaten dira menda eta osenei galdetu bestela. Simaur pilan zizareak nagusi direnean eta han-hemenka belarrak jaiotzen direnean erabiltzeko moduan dago. 

Zenbait tokitan aparteko inaurkin batekin geruzatan jarri eta luartzen da, horretarako sortutako luartokietan. Gehienetan otearekin. 

Simaurrak aberastasunez janzten du lurra. Ongarri onenetakoa da: mineral eta jaki ugari izateaz gain milioika bizidunez hornituta dago. Horrek denak lurrari bizia erantsiko dio. Baratzeetan erabiltzen den dosia lur motaren araberakoa da. Lur buztintsuetan metro koadroko pare bat kilo luar heldu. 

Kontuz, hala ere, gaindosiekin: ongarri organikoek (simaurra, luarra...) nitrogeno asko dute eta, hobe beharrez, behar baino gehiago eman eta porru hazi ederrak egiten dira. Nitrogeno gehiegiak landarearen mastrati ikaragarrizko indarra emango dio, baina beste jaki batzuk lurretik ezin hartuko ditu eta handia bai baina ahula izango da zeharo. Landare horiei erasoko diete azkarren gaitzek eta izurriteek: guri-guriak, baina babesgabeak. 

Azienda bakoitzaren simaurra berezia da, eta are bereziagoa izan duen larre edo jatenaren arabera. Aziendaren bizimodua nolakoa, simaurra halakoa. Pentsuaren, eman zaien botikaren eta oro har elikaduraren arabera simaurra behar bezala ondu eta luartuko da eta heldu ezinik ibiliko da. Hona simaur batzuen ezaugarriak: 

* Behi simaurra. Simaur hau ez da asko berotzen, busti samarra izaten baita. Horrexegatik mesede egiten dio inaurkina nahastuta izateak. Zuntz zakarreko inaurkina ere ederki ustelduko da. Lur buztintsuetarako oso egokia da, baina asko beharko da, 2-5 kilo metro koadroko. Ez baitu jaki askorik. 

* Arkorotza edo ardi simaurra. Simaur hau oso aberatsa da. Luar pila ederki berotuko du. Fruitua eman behar duten barazkiek eskertuko dituzte haren fosforoa eta potasioa. Ondua erebili beti, metro koadroko 1-2 kilo. 

* Ahuntz simaurra. Ardiarenaren antzekoa da, baina gogorragoa eta biziagoa. Ondua erabili, 1-2 kg/m2.

* Txerri simaurra. Simaur hotza da hau ere, eta behiarenak bezala, inaurkina behar du. Hala ere luartzea kostatuko zaio. Ongarri aldetik simaur eskasenetakoa da. Dosia: 2-5 kg/ m2.

* Untxi simaurra. Bere forma borobilagatik erraz ontzen da. Gogor samarra da eta ondo eginda erabiltzen da. Zenbaitek kare pittin batekin nahasten dute, azidotasuna apaltzeko. Dosia: 0.5-1 kg/m2.

* Oilo zirina. Simaur kontzentratua eta ongarrietan aberatsenetakoa, batez ere nitrogeno asko du, behiarenak baino 6-8 aldiz gehiago, beina baita kaltzioa ere. Luarra egiteko ontzean inaurkin ugari nahastu eta sarri irauli. Tamainan erabili, metroko kilo erdi bat baino gehiago ez bota. 

* Behor simaurra. Simaur ahula da, baina beroa. Zuntz asko izan ohi duenez, irakinaldi bortitza du, bero asko askatzen duelarik: hazitegiak berotzeko, esnegorriak edo txanpinoiak hazteko eta abar baliatzen da beroa. Beste simaurrak eta luarrak ontzeko hemendik pixka bat nahasten zaio. 

Simaurra zein luarra aberastu dezakegu. Garoa nahasten badiogu magnesioa gehituko diogu. Zolda-belarra edo errautsa emanda, potasioz osatuko da. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora