Asteroko buletina
Zuhaitz bat asko luzatu eta hazita ere, hostoak sustraietara bueltatzen dira.

Zer da baratze hau?

Sartu zaren baratze hau denona da. Zeurea da. Horixe da baratzea: landareek eta geuk denok osatzen dugun mundua. Eta munduak. Landareekin dugun eman-hartzean bizi gara basoan, lorategian, ortuan, fruitadian, baita etxe barruan ere. Izan ere bizitzako alor guztietan landareen beharrean gara. Eman eta hartze horrek sortu du gure kultura; gure kultura guztia lurra landuz landareak zaintzetik baitator. Garen guztia, dugun guztia lore batetik dator.

Hauxe nahi dugu: landareekin batera eraiki dugun jakintza hori bildu eta denon eskueran jarri. Dakizuna eman eta behar duzuna hartu: hitz bat, izen bat, ohitura bat, trikimailu bat, irudi bat, argazki bat... Eta behar duzuna topatzen ez baduzu eskatu, galdetu. Badakienen bat izango duzu, urrutira gabe, laguntzeko prest.

Euskaldunok lotura aparta dugu landareekin. Kanpotik etortzen direnek landareekin elkarbizitzeko sekretu bat dugula diote. Guk badakigu. Hortik txoko honen goiburu nagusia:

 

DENA DAKIENIK EZ DA.

DENON ARTEAN DENA DAKIGU

 

Jakoba Errekondo Salsamendi

Jakoba Errekondo Salsamendi paisajista eta agronomoa da. Euskal Herriko aditu handienetakoa landareen eta gizakion arteko harremanari dagokionez, erreferentzia Euskal Herriko jendartearentzat, baita komunikatzaile trebea ere.

Hainbat hedabidetan aritzen da landareak, paisaia, baratzezaintza, lorezaintza eta abarri buruz. ARGIA astekarian duela 22 urte hasi eta astero astero idatzi du gai hauen inguruan eta dagoenerako 1000 artikulutik gora argitara eman ditu bertan. Euskadi Irratian 32 urte daramatza bere kontsultategi ezagunarekin. Lau liburu idatziak ditu: Etxe barrurako landareak (Elhuyar, 1995), Euskal Herriko sagardoa (Iñigo garcia de Eulaterekin batera, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak-Elhuyar, 1997), Bizi Baratzea (Argia, 2015) eta Altza Porru (Antton Olariaga, Asisko, Unai Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Mattin, Axpi, Josevyski eta Zaldieroa ilustratzaileekin batera - Argia, 2016).

2016an sortutako www.bizibaratzea.eus webgune honetan bertan buru-belarri ari da: artikuluak idatziz, liburutegirako erreferentziak ekarriz, asteroko lanek atala osatuz, erabiltzaileek luzatzen dituzten galderei eta zalantzei erantzunez, egunero landareei buruzko argazki-istoriatxo bat emanez, landareen eta nekazaritzaren arloetako ekimenekin osatutako agenda moldatzen, asteroko buletina egiten, osagarriak diren sare sozialetako ingurumena elikatzen...

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora