Kaixo, Jakoba: Etxeko baratzerako bacillus thuringiensis-a erosi nahi eta produktu fitosanitarioen maneiatzaile-txartelik gabe ez didatela salduko esaten didate. Hori horrela izanik, Nafarroan non egin daiteke delako txartel hori eskuratzeko ikastaroren bat? Aldez aurretik, esker mila zure arretagatik
Hemen duzu Nafarroako Gobernuaren nekazaritza sailaren webgunean atal horren berri jasotzen duen gunea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/produktu-fitosanitarioen-erabiltzaile-profesionalaren-txartela
Bertan ikusiko duzunez edozein argibide behar izanez gero harremanetarako bide hauek dituzte:
Nekazaritza Zerbitzua
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala
González Tablas kalea 9, 1. solairua
31005 Iruña (Nafarroa)
Telefonoak: 848 426 665 / 848 426 239
Helbide elektronikoa: spsv@navarra.es
Gaur arte erantzundakoak (900 galdera-erantzun)
Zein da babatxikiak lehortzeko modurik egokiena?
Babarruna bezala lehortzen da. Leka ondo ihartuta dagoenean bildu eta erabat lehortzeko eguzkitan jarri egun pare batez. Gauez bildu eta jaso ihintzak busti ez ditzan. Gero lekan bertan jaso dezakezu eta nahi ahala aletu edo denak batera aletu eta aletan jaso. Gurgurioa izan dezakeenaren susmoa baduzu (aurreko urtetan izan delako, adibidez) aleak ontzi hermetiko batean sartu eta izozkailuan eduki 2-3 egunez. Gero atera eta ontzia beti itxita mantendu.
Noiz landatu behar dut babarrona?? Ilargiak ze ikusi badu?? Eskerrik asko.
Pentsatzen dut babarron hazia noiz erein jakin nahiko duzula, ez landatu… Ilgoran erein behar da eta ahal izanez gero fruitu egunean, bestela lore egunean. Orain ilbeheran gaude ekainaren 6 arte. Nahi izatera saio polit bat egin dezakezu: orain ilbeheran fruitu egunean erein batzuk (gaur edo bihar) edo lore egunean (ekainaren 2)eta beste batzuk ilgorako fruitu egunetan (ekainaren 6 goizean edo 14 arratsaldean) edo lore egunetan (ekainaren 9 eta 10). Segurura jotzeko ekainaren 6 goiza eta 14 arratsaldea.
Kaixo Jakoba: Etxean, basotik jasotako lizar landare bat dugu ontzi batean. Pixkat handitzea nahi genuen lurrean aldatu aurretik. Eta momentua iritxi dela uste dugu. Baina noiz izango litzateke urrengo data egokiena aldaketa egiteko? Mila esker! Lorea
Lizarrak hostoa galtzen du neguan, eta huraxe da landatzeko sasoi egokiena, abenduaren hasiera eta otsailaren amaiera artekoa. Loreontzian bizi bada aldatzerakoan ez du sustrairik galduko eta orain ere egin dezakezu, baina lehen urtean loreontzian bezalaxe zaintzeko aukera baldin badaukazu, matez ere ugari ureztatzea. Landatu behar duzun tokian ezin baduzu hori egin, hobe hurrengo neguari itxarotea.
Kaixo Jakoba, Pentsatzen dut nahiko berandu gabiltzala baratzea lurra landu gabe jartzeko, baina hauxe da suertatu zaigun aukera. Urteetan landu ez den larretxo batean baratza jartzeko ideia daukagu, zeinak bere kasa atera zaion belarra duen. Nola jakin nutriente nahikoa duen landareal jarri ahal izateko?. Gure asmoa belarra moztu, lurra eskuzko erramintekin pixka bat harrotu eta bertan landatzea da. Lur horri zerbait bota beharko genioke? Landatu aurretik edo landatu ondoren?. Eskerrik asko aldez aurretik!!!! :) Egun ona izan :)
Idea berri bat emango dizuet: belarra motz-motz moztu eta gainean kartoia zabaldu, zirrikiturik utzi gabeertzetan lurrari atxikitzeko alanbreak edo antzeko zerbait erabili. Kartoia busti-busti egin eta biguindu eta lurraren contra geratuko da. Kartoiaren gainean ondo ondutako luarra edota simaurra jarri, 8-10 zentimetro lodi. Horren gainean lan egin: erein, landatu… Kartoia piskanaka usteltzen joango da, baina belarrari hazten ez dio utziko, eta gaineko materia organikoan ederki etorriko dira barazkiak. Uda lehorra bada ureztaketa zaindu beharko da, lehen urtean.
Zergatik geriza erdibitu egiten da gorritze sasoian
Heldutasunera iristen ari den garaian alearen azala gero eta finagoa da. Tarte horretan ur estresa sortzen bada, hau da ur gutxi izan eta bapatean ur asko, alea azkarregi hazten da eta azala zartatu. Uraren emana kontrolatu behar da eta ur asko izaten den sasoietarako lurra erraz drainatu eta lehortzeko aukerak landu behar dira.
Akazia galtzeko noiz moztu
Galtzea nahi bada izerditan dagoenean moztea da onena, kalte gehiena orduan egingo zaio. Era berean, kaltea areagotzeko, ilgoran eta lore edo fruitu egunean moztu. Ekainean egingo nuke nik. Ilgora 6tik 18ra izango da eta lore edo fruitu egunak 6, 9, 10, 14 eta 15.
Kaixo, Aurten plastikoa jarri dut baratzean (eta goteoko instalazioa) lehenengo aldiz. Barraskilo pilo bat izaten dugu, zoritxarrez. Behin albahaka landare bi jarri nituen eta osorik jan zizkidaten. Duela aste pare bat piperrak landatu nituen eta atzo bertara gerturatu nintzenean zulo batzuetan landarerik ez zegoela konturatu nintzen. Euri pilo bat egin duenez, suposatu dut barraskiloek jan dituztela. Orain plastikoa dudanez, ezin diet plastikozko botilarik jarri mini inbernadero/babesleku moduan. Bola urdinak eta arrautza azalak ere bota izan ditut, baina ez dira nahikoa, baratza handi samarra baita. Zer egin dezaket?
Babeslekua jarri duzu bai, barraskiloena. Eta horiek gutxi balira, baita bareena ere. Hor egongo dira gustura asko plastikoaren itzalean eta lurraren hezetasunean. Biek jango zituzten zure piperrak. Ilundutakoan inguratu eta miatzea besterik ez duzu izango gertatzen ari denaz jabetzeko. Ikusitako bareak eta barraskiloak bildu eta hil edo beste bizilekuren batera eraman… Oso zaila izango duzu babestea, baina saiatu landaretxoak kabitzen diren botila estuak topatzen, gero plastikoaren zuloetan sartzeko. Plastikoaren zuloa irakitzeko ebaki bat egin eta gero handitutakoan kendu eta ebakia bildu.
Egunon, garoa edo iratzea galtzeko ekaineko zein egunetan moztea den egokiena jakin nahiko nuke?
Egokiena ilgoran moztea da eta lore edo fruitu egunean bada hobe. Aurten ekaineko ilgora 6tik 18ra arte izango da. Lore eta fruitu egunak hauek: 6, 9, 10, 14, 15 eta 18 arratsaldea. Uztaileko ilgora ere ez da txarra. Ilgora 3tik 16ra izango da eta lore eta egun egokiak 3, 4, 5 goiza, 6 arratsaldea, 7, 11, 12 eta 16 goiza.
kaixo bi gereziondoak moztu behar genituen etxeko paretaren obra egiterakoan ez dakit horregatik den ala ez, baina gaixo daude, ez dute fruiturik eman aspaldi, batek gainera adar handi bat hilda du. hemen bidaltzen dizkizut argazkiak. Eskertuko nizuke esango bazenidan zer egin sendatzeko mila esker Esther
Zerorrek esan duzu, obra egiterakoan moztutako adar handi horiek utzi dituzten zauriak ezin itxi eta bertatik sartu da barru-barruraino gaitza. Hezurdun fruitua ematen duten arbolak oso sentiberak dira, zauriak kontuz egin behar zaizkie, gainontzean hemengo hezetasunarekin zauritik onddoak sartzen dira. Nire iritziz arbola horiek etorkizun pattala dute. Adar handia iharra duen horrek behintzat… Adar iharrak kendu eta zer buelta ematen dioten ikusi. Gaitzari aurre egiteko gorrinaren aurkako tratamendua erabili: asun ura, salda bordelesa eta xaboi potasikoa. Euri giroa datorren bakoitzean aurrez tratatu.
Hiru urte daramat gardenia landara batekin, tiestuz aldatuz ta lur azidoa jarriz, ura be nahikotzu, beti eze. Horri gutxikin dabil, handitzerakoan, bejegitu ta galdu iten dauz, kimu berriak oparo, baina horriak handitzerakoan galdu. Kalean dago arratzaldeko eguzkitan bakarrik. Ze falta dau? Esk asko
Gardenia da nik ezagutzen dudan landare mokofinenetakoa. Euskal Herri hezean ez dut eder eta mardul urtetan bizi den bakar baten berririk. Lur azidoarena ongi, baina ongarriketa nahitaezkoa du. Urarena ere bai, beti euri ur epela, ez kanilako kaltziodun ura; baina garrantzitsuagoa da egun beroetan hezetasuna hostoetan izatea lurrean baino. Zaila da hori lortzea kanpoan bizi delarik, baina egun beroetan eguzkiak jotzen ez duen orduetan hostajea oparo ihinztatu. Arratsaldeko eguzkia da txarrena. Eguneko gogorrena da, egunaren bero guztiaren errematea. Hobe litzateke “ahulagoak” diren eguzki orduak izatea. Beirate baten atzean ageri da argazkian, kontuz horrekin, eguzkiak erraz erre ditzake hostoak. Arratsaldeko eguzkira begira badago, mendebaldera dagoela dio. Hortik beste arazo bat ere baletorke: haizearena. Haize nagusia mendebalekoa da, eta haize-pasan bizitzea ez du atsegin. Neguan 15ºCtik gora egon behar da.
Kaixo Jakoba, limoiondo bati kelatoa bota diot burdin falta konpontzeko. Zenbat egunetan egin beharko zen tratamendua? Eskerrik asko
Kelatoa dosi oso txikietan erabili behar da, gainontzean emandakoaren zati handi bat alferrik galtzeko arriskua dago. Urtean zehar 3-5 emanalditan banatzen da. Limoiondoak ia urte osoko ziklo mugitua duela kontutan izanda egin banaketa. Bestetik, lur karetsua ez zaio komeni eta loreontzian bizi bada kanilako ura beharrean euri ura erabili ureztatzeko.
Orain ere galdezka gatoz. Zer da hau Jakoba? Eta Zer egin? Prunus persica da. Ez dakit argazkia atxikitzea lortu deten
Lepra da argazkiko muxikaren hostoetan ikusten dena. Taphrina deformans esaten zaion onddo batek eragiten du. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Kaixo Jakoba, Sagarrondo bateko enborraren beheko partearen azalean halako zuloak edo arrailak atera zaizkio. Badirudi janda dagoela. Ez dakit zer den eta pentsatu dut zuhaitza moztea datorren urtean beste bat landatzeko, nahiz eta loratan egon. Eskerrik asko
Zulo edo arrail, nik esango nuke zauriak direla. Zauriak azala jan dion animaliaren batek edo inguruan lanean aritu den makinaren batek eginak izango dira. Hala ere zauriaren ertzetan orbaina indarrean egiten ari dela ikusten da. Nik uste dut urte pare batean ia erabat itxiko duela. Janaria eman eta gaitzak eta izurriteak zaindu eta etorriko da. Zauriak berriz ez gertatzea komeni…
Goizeko eguzkia duen terraza handi samar batean jarri nahi genituzke ale batzuk. Bazkalondoan galtzen du eguzki argia. Aukera dugu igokaria zein bestelakoa jartzeko. Aholkurik? Bestetik, sasoi egokia da? Milesker
Edozein arrosondo mota jarri dezakezu. Zenbat eta handiagoa egiteko barietatea izaan, orduan eta loreontzi handiagoa beharko du. Eta handia esaten dudanean handia da, batzuek 100 litrotik gorakoa beharko dute. Tamaina da aukerarako baldintza bat eta bestea arrosondoak loraldi bakarra izatea, udaberrian, batez ere; eta bestea uda amaiera arte loratzen direnak. Lehenek loraldi bikaina izaten dute, betea eta barietate askok usaintsua. Bigarren motakoek lorea bakanago ematen dute, lore gutxi, baina luzez. Tamaina dela eta igokariak ez direnak lurraren mailan edo goian txertatuak izan daitezke; horrek arrosak zein mailatan izango ditugun aginduko du. Gero kolorearen aukera… Nik denetatik jarriko nuke…
Kaixo, maiatzeko ze egun lirateke onenak patata ereiteko? Eskerrik asko,
Patata ez da hazia, erreserbako tuberkulua baizik. Erein egiten duzula iruditzen bazaizu ilgora eta landatu egiten duzula uste baduzu ilbeheran. Beti sustrai egunean. Ilgoran 19, 20 eta 21 izango dira; ilbeheran, aldiz, 29, 30 eta 31.
Egunon, Nire etxeko melokotoietan argakian ikusten den onddoa atera zait (Taphrina deformans). Uste dut Kupre oxikloruroarekin tratatu dezakedala. Nola egin beharko nuke? Orain fruituak dauzkat zuahitzaten. Eskerrik asko
Argazkirik ez da iritsi baina melokotoiondoen gaitz hedatuena da urte sasoi honetan. Kuprearekin tratatzen da, bai, bere forma guztietan: oxikloruroa, salda bordelesa… Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Orain alferrik samar da tratatzea.
Egunon! Tomate mota desberdinak inguruan jarri ezkero, fruitu ematean jasotako hazia ez da bakoitzaren motakoa izango, ezta?
Hurbil baldin badaude polinizazio gurutzatua gertatzeko aukera handitu egiten da. Tomateak berez badu bere burua polinizatzeko eta gurutzaketa apaltzeko joera; barietate batzuk besteek baino gehiago… Horri autopolinizazioa esaten zaio. Baino hazia nahastutakoa izateko aukera ez da baztertu behar. Gerezi tomateak eta saihets nabarmeneko barietateek, adibidez polinizazio gurutzatua izateko arriskua dute. Barietate nahasgabe edo garbiak jaso nahi izatera aukera seguru bakarra isolamendua da. Landare bat aukeratu edo lore multzo bakanak eta muselina finezko oihalarekin edo begi oso-oso txikiko sarearekin bildu eta itxi, erleak eta polinizatzaileak ez sartzeko moduan. Hor barruan sortu diren fruituek dituzten haziak autopolinizazioaren ondorio direnez barietate garbiari eutsiko diote.
Arratsaldeon Jakoba, argazkian bidaltzen dizudan arrosa handi egin denez ontzitik lurrera birlandatzea egokiena izango dela pentsatzen ari naiz . Inurriz beterik dago ordea. Kaltegarriak izan litezke arrosarentzat, ala ez? Birlandaketarena ilbeheran eta sustrai egunean egin beharreko lana da, hori ikasi dugu 😉, eta horrez gain zeozer kontutan izan beharko neuke? Eta inurriei jaramonik bez, ala zeozelan eraso? Milesker
Inurriengatik ez arduratu. Beraiek moldatuko dira egoera berrira. Landaketa egunak bai horiek dira. Ahalik eta azkarren egin lan hori, izan ere udaberria amaitzen ari da eta negu amaiera.-udaberri hasierako lana da. Orain egin eta uda beroa bada ureztaketa zaindu, lehen urtean behinik.
Sagarrondoari bacilus turingesis, Neem eta jaboi potasikoaz tratatzeko komentatu zenigun maiatzeko azken astean eta ekainaren bi astetan, gero beste pausu bat geratzen zen lira jauzi eta gerorako baina ez dugu gogoratzen eta melokotoiari tratatzeko erremedioa? Orriak tximurtuta daude, eskerrik asko.
Bi gai nahasi direla iruditzen zait. Batetik sagarrondoaren harjoaren izurritearen tratamendua, ondo daude bai produktuak baita denborarena ere. Bestea melokotoiaren leprarena. Horren tratamendua loraldiarekin lotzen da. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du leprak (Traphrina deformans). Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Okondotik idazten dizut. Jakin nahi nuke nola akabatu argazkian bidaltzen dizun landarearekin. Hemen usta esaten diogu.
Uztaoa, lapaitza… izen asko du euskaraz. Sustrai eta guzti ateratzea da onena baina egingarria den aukera bakarra moztu eta moztu egitea besterik ez da. Simaurrarekin edo aziendaren larretzearekin ugaritzen da. Loretzen denean haziak zabaltzen ez utzi. Eta ahal izanez gero udaberri-udan hostajea ipurditik moztu. Kalte handiena ilgoran moztuta egiten zaio. Ilgoraero mozten baduzu, laister desagertuko da. Ilgora onenak, beretzako kaltegarrienak maiatzekoa, ekainekoa eta uztailekoa dira
Kaixo! Gurean beti belarra ekain amaieran mozten da, negurako ganbaran gordetzeko. Data hori maiatza hasierara mugitu ezkero zein onura eta desabantaila ikusten dizkiozu?
Ni ez naiz lan horiek data jakin batzuei lotuta egitearen aldekoa. Belarra moztu, ondu eta jasotzeko lanak, adibidez, noizko lanak dira? Nik belarrari berari begiratzen diot. Negurako belar ondu onena izateko. Kalitate goreneko bazka izateko, noiz moztu? Belarraren energia guztia hostoetan dago eta une jakin batean garatu eta lorea ematea erabakitzen du. Energia hostoetan eta lorean egongo da. Lore hori ernaldutakoan hazia bihurtuko da; orduan energiaren zati handi bat hazian pilatuko da. Hazitan dagoenean mozten badugu hazi asko erori eta galduko da ganbararako bidean. Niretzako sasoi onena, beraz lorea irekitzen duenean da. Zeuk ikusi, ondo ikuskatu eta zuen belazeko belar nahasketako belar gehienak loratzen direnean nik orduan moztu eta onduko nuke. Eguraldiak laguntzea beste upeleko sagardoa da…
Apirila erdi aldera erein nituen kuia, kuiatxoa eta beste batzuk. Orain ari dira ernatzen. Haunditzen direnerako ez ote al da beranduxamar izango baratzean landatzeko? Martxoan erein nituen txikoria eta beste batzuk ez dira ernatu :(
Ez, ez. Lasai hartu landaketa sasoia hasia da, baina ekainaren amaiera arte landatu ditzakezu kuiatxoak, kuiak ahalik eta azkarren. Beste horiek ez ernetzearena zer ote da?
Hobe berandu ezer ez jasotzea baino. Kuia ekainaren bukaeran erein izan dut eta kuiak jaso ere(azaroan). Zuzenean lekuan hazia sartuta hobe, zaindu barraskilo eta bareak
Lurretara pasatzean horrela gelditu zait. Bi aste ondoren honela dago. Lurrari bota diot humus eta perlita. Gaizorik dago edo biziko al da? Mila esker Jakoba
Ahuakateondo hori sufritzen ari da eta ez edonola. Beroa, aldameneko lanpararen argi erretzailea… Atera azkar kanpora, ez noski izotzak harrapatzeko moduko toki batera, baina bai 20 gradutara egongo den salatik balkoipe batera edo antzeko toki batera. Argi asko duen eta udan beroa izango den toki bat behar du. Eta ez ahaztu ureztaketa, lehenengo urtean garrantzitsua da.
Kuia haziak uretan ipini ondoren, ondoratu egin behar al dute sano badaude?
Batzuk ondoratuko dira eta beste batzuk, gehienak seguruenera ez. Onena ernatze saioa egitea da uretan busti ondoren heze dagoen paper edo batean edo lurrean erein eta egun gutxitan somatuko duzu sustraia sortzen duen edo ez.
Iratzeak ipurditik atera edo moztu? Ondoren anitz ongarritu?
Ipurditik ateratzen ez baduzu jai izango duzu. Iratzeak izugarrizko sustrai erreserbak izaten ditu. Horiak akabatu ezean berritu eta berritu egingo da. Nik uste dut aukera onena lurra irauli eta sustrai horiek azaleratu, ahalik eta gehienak bildu eta kendu. Iratzea egon den tokian lurra azidoa egongo da, beraz karetzek on egingo dio. Ongarria baino garrantzitsuagoa da karea. Landaketak egin aurretik denbora tartea izanez gero, biak egin ditzakezu, ongarritu eta karetu, baina ilargi bateko aldearekin.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545