Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herriko (kanntaurialde) zein landare dira aproposak etxerako? Pots, fikus, geranio, Platycerium bifurcatume, palmera eta abarren ordez bertakoak diren zein landare etxe barruan eta zein balkoian? (Klima tropiketan bidaiatzen ari naiz, eta etxerako erabiltzen ditugun landareeetako asko ari naiz naturan ikusten...)
ETXEKO LANDAREAK liburuan (https://azoka.argia.eus/produktua/etxeko-landareak-jakoba-errekondo-bizi-baratzea/ )ederki asko azaltzen dut: gure etxe barruetako baldintzak ez dira kanpokoak. Kanpoan hotz egiten duenean etxea berotu, bero egiten duenean etxea hoztu, iluntzen duenean etxean argiak piztu. Beraz barruen ezingo duzu hemen kanpoan ditugun landareak eduki. Balkoian edo kanpoan bai: begiratu orientazioa, eguzki orduak eta abar bezalako balkoiaren antzeko baldintzak dituen lur sailetan zer landare ikusten dituzun eta zein atsegin dituzun, eta haiekin hasi. Adibidez, eguzki galdatan egoten ez den balkoia baduzu garoekin saioa egin.
Gaur arte erantzundakoak (986 galdera-erantzun)
Egun on Jakoba,
Hilabete tipula aldatu nuela eta kafea tartean zabaltzea bururatu zait. Zer diozu, kaltegarria izan litezke?
Zure erantzunaren zai, ezker mila eta ongi izan.
Kafe hondarra hondakin oso azidoa da, beraz lurrari emandakoan hura azidotu egingo du. Tipulak, ordea, lur azidoa ez du batere maite. Horra ekuazioa. Kafe hondar horiek onena luar pilan nahastea. Edo lur azidoa maite duten landareen azpietan erabiltzea: hortentsia, kamelia, txilarra eta abar.
Egun on Jakoba,
I-"Azufaifo" landarea noiz landatu aholkatzen duzu?
Zure erantzunaren zai, ezker mila eta ongi izan.
“Azufaifo” horrek (Ziziphus jujuba) izen batzuk baditu euskaraz: azufaifea, gereziantza, belkaranki eta jujubaondo behintzat bai. Hostoa galtzen duenez, landaketa neguan egitea komeni da. Izotzik izan den edo izan daitekeen egunean ez landatu. Egokiena ilbeheran eta sustrai egunean egitea litzateke.
Atsaldeon jakoba!! Izaldio ( Idiazabaldik ) idazten diat.Piñudie bota berrie diau ta kantauriar basoa berreskuratu nahi nike , ta ze barietate aldauko nizkike? aldan barietate gehiena nahi nike jarri ta berez etortzekkenakiñ nasiz,hariztie- re badiau ta txori - keiza haundike bai ...Urmael guneak dizkiat baitaere ta igelendako eta buztiñakiñ egiñiko balerak prestatzen ibili neok ...ta aldapa pixkate badiau ta igadura arriskue matarrasan eragiñez hire aolkua nahi nikek. Baitare gustauko zitean analitikan bat lurrai ettea garai bateko hazik agertzen diñ eo ikusteko ,baiño etzekiat zeiñ dedikatzen dekenartaa..,buano gauza asko xamar dittuk baiño ia poliki polikiasten neoken berreskuratze.( Industriarako ez dek erabiliko iada gure sailahu. azkenean etxekoekgestioa utzi baizidatek..buanoeskerrikaskota esangoiak
Kantauriar basoak zuhaitz eta zuhaixka ugari hartzen dik bere baitan: artea, pagoa, haltza, hurritza, lizarra, elorri zuria eta beltza, ezkia, astigarrak, gaztainondoa, lertxuna, urkia, otsolizarra, hostazuria, maspila, zurzuria, hagina, gereziondoa, zumarra, gurbitza, ametza, sagar eta udare makatzak, sahatsak eta zumeak, sasiakazia, artelatza, erkametza, xarma eta abar.
Matarrasa, lurren analitikak eta kontu horietarako basogintzan biribelarri eri dituken teknikariren batzuekin eman-hartuan sartzea gomendatzen diat. Nik TANTAI basojabeen elkartearekin hitz efgitea gomendatzen diat.
Mailuki landareak osatu eta berritzeko garai egokian gara oraindik?
Bai. Berez lan horretarako sasoi egokia azaroa dela esan ohi da, baina Eguraldiak eta lurraren giroak ametitzen badu otsailera arte ere egin daiteke.
Arratsaldeon, Errekondo jauna. Ez dizut ezer galdetu nahi, bitxikeria bat jakinarazi baizik. Tira, bitxikeria nire ustez, baina ez dakit oso normala ez ote den. Kontua da hozkailuan is ahaztuta neuzkala gaztaina batzuk, plastikozko poltsa ia itxi batean, eta bustita. Bada, gaur jateko asmoz haien bila joan eta haietako hiru ernatuak dira. Hozkailuako hotz handian eta ilunean!! Harritu egin gara. Lorontzi banatara aldatuko ditugu, noski! Ez al da bitxia? Jabi Ibañez
Polita da istorioa. Baina era berean erakuslea. Hotzean, baina ez jeletan eta ilunpetan ernetu da, neguaren amaieran lurpean balego bezala. Jarri bai loreontzian eta hurrengo urteko negurako pentsatu non landatu nahi dituzuen. Zorionak.
Kaixo, oraindik kiwiek batzuk arbolan daude. Noiz arte batzea posible da?
Egunon Jakoba, kalabazak baratzean dauzkat ´noiz bidu beharko nituzke?
Egunon Jakoba.
Zugaitzak neguko otzetik babesteko simaur berria erabiltzeko aholkatzen dezu, eta kare kapa bat erantziko benieke kaltegarria izan litezke?
Eskerrik asko, baratzeko zenbait kezkari erantzuteagatik.
Ongi izan.
Hotzarekin sufritu dezaketen zuhaitzak edo edozein landare ederki babestuko du simaur berriak, onena behorrarena, beroena baita. Hartzitzen ari den artean beroa askatzen du eta sustraiak babesteaz gain landarearen inguruko airea epelduko du, hotzari aurre eginez. Karearena beste upeleko sagardoa da. Simaurra eta karea batera ematea ez da egokia. Onena orain simaurra jarri eta gero, otsaila aldera karea ematea litzateke. Aurretik edo ondoren, baina beti gutxienez ilargi baten aldearekin eman biak.
Egunon, Mirian Arrizabalaga naiz eta oraingoan Jakobari galdera bat zuzentzeko idazten dizut. Baserrian bizi izan naiz beti eta lehen aberentzat paotxa erein eta blitzen zela esan izan didate eta haziak bilatzen dituenik ere etorri izan da galdezka. Uzta mailakatua edo esaten duten bezela uzta bat baino gehiago egin ahal zitzaizkion landarea, hortik “paotxa” hitzaren erabilera (nere ustez). Baina ez daukat argi ze landara den, gazteleraz trigo sarraceno esaten zaiona zela susmatu nuen baina euskeraz arto beltza esaten zaio orduan beste bat izango da? Argitu ahalko zenuke zein den eta oraindik mantentzen den? Eskerrik asko
Kaixo Marian.
Paotxa edo Pagotxa (baita ere baboxa, faruxa, ferru, baux, babos, fagotx eta abar ere esaten zaio) hirusten familiakoa da: Trifolium generokoa eta espeziea Trifolium incarnatum. Incarnatum bere lorearen kolore gorri biziagatik.
Urteko landarea da, moztu eta ez da berritzen; alpapa adibidez bai moztu eta berritu, 3-4 urtera arte. Esaera zaharrak dio Agorrilean, abuztuan, arbiarekin batera ereiten dela. Hala ere orain irailaren amaiera edota urrian ereiten da. Bakarrik edo nahasian. Ongarri berdetarako Llolloberlar ingelesarekin (Lolium perenne)nahasita ereiten zen lehen; orain gehiago oloarekin nahastuta. Azidoantzeko lurra atsegin du pH5-6,5 artekoa. Loreak irekitzen hastean mozten da eta beti esan izan da segan ikasteko belarrik onena dela. proteina iturri oso ona da. Bertatik ezagutu ez baduzu merezi du sailtxo bat ereitea, loraldia ikuskizun paregabea da. Pagotxeta esaten zaio pagotxa sailari.
Hazia eskuratzeko Usurbilgo Kooperatiban granelean saltzen da. Ereintza dosia 25-40 kg/Ha da.
Ondo izan, eta besterik behar izanez gero idatzi lasai.
Jakoba
Kaixo Jagoba: Gaurko irratsaioan, galtzear dagoen, otso belarraren hasiak eskuragarri dituzula ulertu dugu. Horrela bada, eskertuko nizuke nola eskuratu ditzakedan esango bazenit. Baserriko nire lehengusinak senda belarrez osatutako ukenduak pasatzen dizkigu zerbait dugunean eta ziur ondo etorriko litzaioklea. Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Agurrak
Otso-belarraz ez otsalizarraz aritu gara. Otso-belarra edo baso-anemona edo baso-eguerdililia Anemona nemorosa da, belar iraunkor bat. Otsalizarra aldiz, Sorbus aucuparia, zuhaitza da. Entzule batek eskaini ditu genero bereko Sorbus latifolia zuhaitzaren haziak. Hazi horiek gogoko badituzu idatzi mesedez Landaberri saiora zuzenean: landaberri@eitb.eus.
noiz moztu behar da kañabera
Pardatarako edo makiletarako kanabera neguan mozten da, urtarrilean edota otsailean. Batzuek ilbeheran diote eta beste batzuek ilgoran. Onena zeuk proba egitea, eta esango diguzu…
Kaixo egunon naturzaleok!goierri aldean limoiondoa aldatu genuen 2022ko azaroan.dozena bat limoi jaso genituen eta aurten adarrak asko hazi zaizkio ,gure galdera da Ia komeniko litzatekeen kimaketa egitea forma emateko eta Noiz izango litzatekeen hori egiteko garai aproposa .Pasa den urtean plastikozko txapela jarri genion eta aurten ere jartzekotan gaude,agian bihar,zer iruditzen? Milesker zuen lanagatik!!
Inola ere ez. Ez du kimaketarik behar. Oraindik oso txikia izango da, gero izango denaren aldean. Kimatzen hasten bazara, fruitu gutxiago emango du, eta indarrak beti haztera bideratuko ditu. Pentsatu etorkizunean tamaina ertaineko fruta arbola izango dela… Adarren batek enbarazu egiten badu hura moztu eta kitto. Gainontzekoak hazi eta fruta emateko bere horretan utzi. Babes txapela bai, jarri eta enborra oihal leun batekin bendatu, adarretaraino.
Atsaldeon Jakoba! Fruta arbolak erosteko hemen inguruko tokiren baten berri ba al duzu?. Besteak beste, sagardotarako sagarrondoak topatzen nabil baina Euskal Herriko leku askotan fruta arbolak saltzeari utzi diote. Eskerrik asko! Nora
Hurbil dudalako ezagutzen dut Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatiban saltzen direla. Ea horrekin moldatzen zaren. Gainontzean idatzi berriz.
Egunon!! Etumeta basarritik idazten diat. Belardin uztau eta asuna ikaragarri erten tzitek eta galdera dek karie noiz bota, ardi puriña bota aurretik edo gero?? Hil goran edo hil beran?? Eskerrikasko aldez aurretik
Uztaua eta asuna purinak indartzen dizkik. Ahal izanez gero purinik ez bota, edo dosia jaitsi. Purina orain ematea onena eta karea urtarrilean edo otsailean. Uda partean beste karealdi bat eman zitekek. Belardia karetzeko ohitura baduzue 100 gr/m2 eta aspaldi karerik usaindu ere ez badik egin 200 gr/m2. Hiru bat urte horrela eta hortik atzera 75-100 gr/m2.
Egun on Jakoba,
Babarruna bildu dut eta nola jaso jakiteko idazten dizut. Izoztea komeni dela dut entzuna, izan ditzakeen intsektu edo gaitzei begira. Nola egin nezake izozte hau?
Eskerrik asko aldez aurretik, eta azaro on!
Maria
Izozteak babarrunean izan daitezkeen gaitz eta izurriteen arrasto ia denak garbituko ditu. Arazo nagusia gurgurioa da. Aleak jan egiten ditu eta zulatu. Gurgurioa bera, edo bere arrautza edo harra egon daiteke babarrunetan. Izozteko ontzi hermetiko batean jarri eta izozkailuan eduki bi-hiru egunez. Ateratakoan ontzia ez ireki, bestela berriz kutsatu daiteke. Erabiltzerakoan behar den babarruna atera eta gainontzekoa bertan eduki, itxita.
Egunon. Limoi arbola bat daukat gaztea baina limoiz bete betea eta eder ederra dagoena baina… euli txuriz betea. Zer egin?
Milesker.
Euli txuria giro lehorrekin harrotzen da. Orain etorri zaigun freskura eta batez ere eurite honekin berak egingo du atzera.
Euli txuriarekin batera kotxinila egotea batere ez harritu. Orduan hasi xaboi potasikoa dantzatzen eta horri Neem olio aedo estraktoa nahasten badiozu hobe. Hiru tratamendu 8-10 eguneko tartearekin. Udaberrian ere miatu eta bietakoren bat azaltzen bada tratatu.
Gabon.Gure baratzan buztin asko daukagu.Askotan esaten duzu ibaiko ondarra ona dala.Etxean daukagu arrobiko ondarra,galdera da,ona da baratzan botatzeko eta zenbat? Mila esker
Harrobi horretako harriaren arabera erabaki beharko da. Adibidez, kare harria bada kaltzio emana kontutan izan beharko da, gaindosirik sortu gabe, gainontzean bestelako janariak lurrean kateatuta blokeatuta geratu daitezke. Hondarrik onena silize hondarra da. Arabako Laminoria harrobiko silize hondarra sonatua da Europa osoan. Lurra harrotu eta emankortasuna hobetzeko 5-10 kg/m2 hondar erantsi. Nahi baduzu bi emanalditan. Eta hurrengo urtean erreparatu; gehiago behar badu eman berriz ere. Ez daukazu lurpera sartzen ibili beharrik. Onena lurgainean utzi eta euriak sartzea da.
Kaixo, Tolosatik idazten dizut. Jardinean, melokotoi eta limoiondoa ditut eta noiz moztu behar diren jakin nahiko nuke. Bestalde, 5 urteko limoiondoak oraindik ez du fruiturik ematen eta ea normala den jakin nahiko nuke. Mila esker, eta ondo izan.
Ez melokotoia ez limoiondoa ez da komeni moztea. Melokotoia, fruta hezurduna ematen duten arbola guztiak bezala oso ahulak dira toki hezeetan. Zauriak eginez gero zura usteldu egingo da, tartean erretxin tankerako jariakin bat askatuz. Limoiondoa ere ez moztea hobe. 5 urte eta fruiturik ez ematea normala da, oraindik gaztea da. Inausten baduzu arazo hori areagotu egingo da, bera hazi eta zeuk moztu eta umetu. Horrela ez du fruiturik emango. Utzi hazten eta berak erabakiko du noiz eman. Arbola horiek soilik enbarazu egiten duen adar bat badute moztu behar dira; eta moztu aurretik beste nolabait konpondu badaiteke hobe, adarra okertu edo makurtu eta lotuz, adibidez.
Atsaldeon;
Kalabaza gordetzeko, noiz bildu behar da.
Mila esker, aldez aurretik.
Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta ondoren freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Hurrengo ilbehera azaroaren 2 arratsaldean hasi eta 16 egun osoa arte izango da. Fruitu egunak berriz 8 eta 16.
Atsaldeon;
Baba haundia, ilarra eta baratxuria eraiteko egunik onenak zein dira.
Mila esker, aldez aurretik.
Ilarra eta baba ilgoran erein behar dira, eta fruitu egunean: azaroaren 17 eta 18 goiza, baita 25 eta 26; abenduan 14, 22, 23 eta 27.
Baratxuria aldiz ilbeheran eta sustrai egunean: azaroaren 9, 10, 11 eta 12; eta abenduan 6, 7 eta 9.
Noiz da alertzea mozteko garaia?, etxeko bigak jartzeko.
Etxearen zurajea osatzeko, zur gogorra eta iraunkorra komeni da. Horretarako neguan, izerdi gutxiena duenean eta ilbeheran botatzean komeni da. Ilbeheraren barruan onena sustrai eguna. Azaroaren 30 eta abenduaren 13 artean izango da ilbehera, sustrai egunak abenduaren 6, 7 eta 9 izango dira. Urtarrilean eta otsailean ere bota ahal izango da. Datan geroxeago argitaratuko den 2024ko Ilargiaren Egutegian ezagutuko ditugu.
Kaixo Jakoba, zein bide gomendatuko zenidake fruta arbolen zaintzan aurreratzeko? Kurso, liburu edota taldetan egiten diren jardueretan batzea pentsatzen ari naiz, gomendiorik? Eskerrik asko aldez aurretik!
Euskal Herrian ikastaro jakinak topatuko dituzu: gaztainaren etorkizuna, kiwia, inausketa, sagardo sagarrondoen zaintza, txerkaketa… Horietarako bidea aurkitzeko jo Fraisoro eskola, Fruitel elkartea, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba, Nafarroako nekazaritza zerbitzura eta Arakilgo Udala eta Arrea elkartea. Gereziondoaren jakintzaz janzteko jo Itsasu aldera, ekoizle elkarte bat badute han antolatua. Oso ikastaro interesgarriak antolatzen ditu baita Asturiasko SERIDA zerbitzu publikoak; gure klimaren antzekoa dute han. Ahuakateondoari buruzko jakintza hedatzen ari da han bezala hemen; hemen jardunaldiren bat antolatu du Fraisoroko eskolak. .
Brokoliak hazten ari direnean belztu egiten dira.Zergatik da hori?
Alternaria generoko onddo ugarik erasotzen dute brokolia; baita burutzen den gainontzeko aza jendea (erromaneskua, azalorea…) eta gurutzedunen familia bereko belarrak ere. Berez familia hori hotza zalea da, baina landatu eta aurtengoa bezala, udazkenean hoztu beharrean epeletik eta berotik jotzen badu eta hezetasuna baldin badago erasoa segurua da. 18º eta 30º artean erasotzen dute, batez ere 20º eta 27º artean eta hezetasuna handia denean. Horrelako giroa datorrela badakizunean aurrez tratatu fungizida batekin: salda bordelesa eta asun ura; xaboi potasikoa ere gehitu, tratamenduak ondo ondo estali dezan landare guztia.
Noiz batu behar ditugu kiwiak?
Kiwia gure lurretan ez da landarean bertan heltzen edo umatzen. Han utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.
Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.
Kaixo Jakoba,
Sagar urtea izanik asko usteldu egin zaigu eta jakin nahi nuke kompostarako erabili dezakegun.
Zure erantzunaren zahi gelditzen naiz.
Inolako arazorik gabe. Sagar asko bada, eta luar pila desorekatuko badu, ondo nahastu lehendik daukazun luarrarekin. Usteltze errazekoa da sagarra, eta lehendik hasia badago gehiago. Horrek luar pila berotu egingo du eta udaberrian erabiltzeko moduan izango da. Haziak ere bertan izango direnez landaretxo asko sortzeko “arriskua” dago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545