Astelehenero 8:00etan zure epostan
Eguraldi aldaketarekin tomate landaran itsura aldatu da eta tomateei gorritzea gehiago kostatzen ari zaie. Zer egin? landarean bertan utzi gorritzen hostoak kenduta???? Ala ipurditik atera landarak eta babesean utzi?
Bi aukera dituzu. Bata aleak landarean utzi eta pixkanaka gorrituko dira. Batzuek ezingo dira hor gorritu eta orduan etxeratu eta han gorrituko dira. Edo gorritzen ez badira berdetan jan, saltsan adibidez. Bestea landare osoa atera eta bruz behera zintzilikatu , gorritu arte. Bietan hostorik ez kendu inola ere, mamia gozatzeko gaia handik baitator.
Gaur arte erantzundakoak (1359 galdera-erantzun)
Kaixo jakoba, duela bi egun zerbak landatu nituen ortuan (Barrikan), eta ordutik hosto batzuk zulatu zaizkit, beste batzuei pumtutxoak atera zaizkie eta gehien laeeitzen nauena hosto batzuk zurbil daudela da. Puntutxoentzako eta abar egur batzuk jarri ditut gauean bareak izatekotan tranpa moduan laguntzen omen dutelako eta bertan jasotzeko landeraz gain. Txorientzako ere badezpada CDak jarri ditut hosto bat apurtuta ikusi nuelako aurrekoan. Baina ez dakit zer egin zurbil dauden hostoekin. Zer izan daiteke? Bestetik, intsektuen kontrako zeozer naturalik dago? Bestetik makil batzuekin heldu ditut aurrekoan lurrari erabat itsatsita topatu nituelako euriagatik eta indartsuago hazteko hasieran lagungarri bezala jarri diet, ideia ona ahal da?
Zuloak bareen edo barraskiloen lana izango de seguruenera. Haiek atzeratzeko bide onena gauez bisitak egitea da; linternaren argitan ederki harrapatu eta akabatuko dituzu. Puntutxoak eta zurbil kolorea eguraldiarenak izango dira. Toki epel eta gozo batetik atera landaretxoak eta baratzean jarritakoan giro petral samarra hartu dute. Utzi lasai. Lur ona badute laster emango diote buelta. Intsektuen hori zehaztu beharko zenuke, zeintzuk dira? Eta hazten diren neurrian ez dute makilarik beharko, zerbak nahiko indarra izaten du bere buruari eusteko. Hala ere gogoan izan hurrengoan urte guztirako zerba izateko maiatza aldera landatu.
Kaixo Jakoba Gontzal naiz, ficus erligiosoena naiz. Landare batean orban batzuk agertu dira.Orbanak gardenak dirá eta hurbiletik puntu beltz batzuk dauzka. Onddo bat izango da? Mila esker
Har “minatzaile” bat da. Hostoaren gaineko eta azpiko epidermisen tarteko mamia jaten du eta punttu beltx horiek bere hondakinak dira. Ez dituzu asko izango eta ondo begiratuz gero jaten hasi ordurako behatz artean erraz akabatuko dituzu. Bestela xaboi pitasikoa, Neem eta Bacillusa erabiliz tratatu. Gehienetanb i aurrenekoak nahikoak dira.
Apa Jagoba, aurten ze egun die onak urrin edo azaron urritz makilak eitteko? Milla esker
Hurritz makilak azaroko ilgoran mozten dira. Ilgora azaroaren 23an hasi eta abenduaren 5ean amaitzen da, biak barne.
Kaixo: Udaran balkoiko loreontzi eta jardineratan tomateak, letxugak eta piperrak eduki ditut. Horiek kendu ditut eta udazken-negu partean loreontzi eta jardinera horietan zer jarri pentsatzen nabil. Aurreko urtean azaloreak jarri nituen. Landareak asko hazi ziren, baina oso buru txikiarekin gelditu ziren (suposatzen dut lur gutxiegi izango zutela). Udazken-neguan ze barazki landatu ditzazket balkoiko loreontzi eta jardineratan lurra aprobetxatzeko?
Eskarola, ziazerba, tipulina, tipulatxa, “calçota”, marrubia, letxuga eta berdetarako baratxuria.
kaixo Jakoba, Gingko Biloba bat erne zait, orain hamar zentimetro inguru izango ditu, kanpoan dago, lorategian. Jakin nahi nuke neguan nola baestu behar dudan eta baita noiz birlandatzea komeni den eta zein ingurutan. Eskerrik asko!
Ginkgoak ez du aparteko babesik behar neguan. Utzi dagoen tokian bertan, horrelaxe eta bera ohitzen joango da. Birlandaketarena zeuk erabaki behar duzu. Edo jaio den tokian bertan utzi betirako edo toki berri batera eraman. Landaketa egiteko ahalik eta sustrai gehienarekin atera eta lurra maila berean duela landatu. Tokia berdintsu da, ez da landare ahula, oso gogorra baizik. Garrantzitsuena nahikoa tokia izatea da, oso handia egiten baita, eta horrela inausi beharrik gabe haziko da. Landaketa neguan egin, abendua, urtarrila edo otsailean.
Kaixo. Donostin lore denda batean zuri idazteko gomendatu didate... Urte hasieran San Juan de Luzen izna nintzan. Bertan jardin batean lore hau ikusi nuen eta zeharo maitemindu nintzen, benetan! Arazoa da ez dakidala zein lore/landare den. Etxean izan nai dut. Lagunduko al didazu zein lore den asmatzen? Eta non lortu dezaket? Eskerrik asko Rosa
Alheli arrunta da. Lehen Cheiranthus chiri zuen izen zientifikoa eta orain aldatu egin zaio: Erysimum cheiri. Izen horrekin eskatu behar duzu. Arazoa da ehundaka barietate eta kolore nahasketa dituztela, eta zuk ikusi duzun hori zehatz mehatz seguruenera ez duzula topatuko.
Kaixo Iakoba ! Arte arbola bat daukat 7-8 urte dituna eta lekuz aldatu nahi det. Galdera da intxaur arbola bota detén lekun aldatu nezake? Ongarririk eman bearko nioke? Ta adartxon batzuk kendu indarra sustraitera Joan eta errexago lurrari Berrío eltzeko. Eskerrikasko
Intxaurrondoa zen tokian lasai asko landatu dezakezu, ahal baduzu ez toki bere-berean, tarte bat utzita. Birlandaketa egin aurretik zuloan ondutako ongarria nahasi lurrari. Gero landaketa amaitzean lurraren gainean ere zabal-zabal ongarria banatu. Lan hori martxoa aldera egitea komeni da, ez bada toki oso hotza. Zenbat sustrai galtzen dituenaren arabera kendu adartxoak adaburuan. Ahalik eta sustrai gehienarekin atera eta landatu. Lurrean lehen dagoen maila berean sartu eta orientazioa ere mantendu.
Aupa Jakoba! Aurtengo udan hau bedarra urten jaku soloan iñoiz baiño geixau. Ezagutzen dozu?ta zeren seiñale da? Oiñ geixau ez zabaltzeko artazixekin ebai eta sue emongotxet,ia hurrengoan ez Bada hainbeste urtetan. Hurrengorarte,eskerrik asko!
Sabia edo amarantoa da landare hori. Negu-udaberriko gehiegizko ongarriketa baten ondorioz ugaltzen da. Onena egingo duzu. Urtero loratu aurretik moztu, eta haziren bat izango ote duen irudipena baduzu erre. Bestela luartokira.
Atsaldeon, ea laguntzerik daukazuen.
Dagoeneko, indaba batzuk helduta eta belztuta daude, baina beste batzuk kolore marroi hau daukate.
Zergatik ote da, hondatu direlako edo oraindik heltze prozesuan daudelako?
Aurrez mila esker zuen denboragatik,
Bi iturri izan ditzake arazoak. Baga, uraren eragina, heldu xamarra dagoenean busti egiten bada (euria, ihintza…) agertu daiteke; baita, uraren estresa, gorabehera handiak eta gero bero zakarra. Biga, gaitzak. Gaitzen bat ere izan daiteke gorrinaren familiakoak jeneralean. Horiek beti hezetasunarekin zabaltzen dira eta azkenaldi honetan egiten ari den ihintza handiekin posible da horietakoren bat izatea. Heldutasun falta behintzat ez da.
Kaixo Jakoba; Zeintzuk izango dira kuiak jasotzeko egunik onenak? Luze irauteko asmoarekin, noski.
Luze irauteko asmoarekin ilbeheran eta, ahal bada, sustrai egunean jaso behar dira. Urriko ilbehera, 2ko 13:27etatik 15era arte izango da, eta sustrai egunak 9, 10, 11 eta 12ko 13:00 arte. Azaroko ilbehera urriko 30ean hasiko da eta azaroaren 12ko 10:31 arte izango da, eta sustrai egunak 6, 7 eta 8 izango dira.
Egun on, ahukateondo landare bat oparitu zidaten gaur aste bi dala. Lorontzi handiago batean jarri eta ureztatu nuen eta hori egin eta hiru egun igaro orduko hostoak ohartzen hasi ziren. Ez dago eguzkitan eta nere ustez nahiko argi dauka. Zer gertatzen zaio? Ur gehiegi izan daiteke?
Nire ustez, eguzkitan erretzen ari ez bada ur falta latza du.
Arratsaldeon Jakoba. Pasa den astean orkatzaren hiru bisita izan nituen baratzean. Ez daukat itxiturarik eta gainera oso zaila da jartzea. Ba al dago orkatza ez sartzeko modurik? Artilea jartzea gomendatu zidaten, txiza botatzea inguruan....Zer gomendatuko zenidake?? Eskerrik asko
Ez dut inoiz jakin sistema benetan fidagarririk. Itxitura altua da egokiena, 2 metro ingurukoa. Zenbaitek horrelako piztientzako (basurde eta abar barne) gure usaina duten gauzak jartzea gomendatzen dute: koloniaz bustitako arropa, ileak eta abar. Beste batzuek baratxuriarekin enborrak igurztea ere bai…
Kaixo, Jakoba
Atxikitado argazkitan ikusten duzun landare-lora hori zein den jakitea gustatuko litzaidake. Asko gustatu zitzaidan.
Noiz egoten da loratan? eta zenbat denboran egoten da loratan? Udako landara-lora izango da ezta?
Zure erantzunaren zain.
Benetan mila esker
Bidens generoko espezieren bat da. Horiek maiatzetik urrira loratzen zira, eta loraldi gorena udako hilabete beroenetan izaten dute. Hotzarekin sufritu egiten dute eta urtetik urtera mantetzez gero, toki babes batera mugitu edo dauden tokian babes moduko bat antolatu.
Egunon, orain dela bi urte botatako pinudian, pinuipurdien galtzea nolabait azkartzeko modurik ba al dago? Eskerrikasko
Pinu ipurdiak azkar samar usteltzen dira. Nik ez nuke aparteko lanik hartuko. Hala ere, horretara jarriz gero jendeak gatzak erabiliaz kaltetzen ditu: Epson gatzak, itsasoko gatza, nitrogenoduten ongarriak eta abar. Horretarako ipurdiari zuloak, edo nolabaiteko zauri handiak egin behar zaizkio gatz horiek barruraino sartzeko.
Kaixo, Jakoba: Ez dakit hemen egiteko moduko galdera ote den, agian ez dago argitaratu beharrik, baina meloiari buruz zera esaten duzu Bizibaratzean: "Euskal Herria ez da, inolaz ere, meloi lurra. Erronka ederra beraz!". Kontua da Arriarango historiari buruzko lan bat idatzi dudala, eta 1630eko epaiketa batean bertako apaizak baratzean dauzkan barazki eta fruta arbolak aipatzen direnean: “…que tiene árboles de fruta como son guindos, ciruelos, melocotones y otros semejantes…”. Horrerarte ondo, baina gero meloiak aipatzen dituzte: “…que planta MELONES, árboles fructíferos, hortalizas y otras curiosidades…”. Posible al da 1630ean Arriaranen meloiak haztea? Ezagutzen duzu hori baino testigantza zaharragorik? Mila esker eta ondo izan, Iker
Bitxikeria ederra! Eskerrik asko! Posible da bai orduan haztea, zer clima ote zen jakin beharko genuke… Eta bestea, zer meloi klase landatzen zuen? Gaur egun ditugun meloi fin eta ahulak ez ziren izango inolaz ere. Meloi “primitiboagoa”, oraingoen amaba zaharra. Eta hurrengoa da: landatzen zituen, bale, eta zer biltzen zuen? Eta ez dut ez ezagutzen testigantza zaharragorik. Milesker hain informazio ederra eta zehatza gurekin partekatzeagatik. Gehiago ere hartuko genuke!
Kaixo ! Jakin nahiko genuke ia argazkitan ikusten den ezpela ( itxitura bezala dugu jargin bueltan..) erabat galduko den edo ihartu arren orain...errekuperatu daitekeen aurrerantzean..? Mila esker aldez aurretik, Olga
Ezpelaren harraren lanak da hori. Cydalima perspectalis izeneko sitsa da. Bere harrak hostoak eta adar gazteen azala jaten du. Nahitaez tratatu beharra daukazu. Intsektizida naturala erabiltzen da, Bacillus thuringiensis izenekoa xaboi potasikoarekin nahasita. Erasoaren tamaina ikusita 3-4 egunetik behin tratatu hosto berdeak berreskuratu arte. Tratamendua egiterakoan alde guztietatik ondo busti, harra ukitzea da gakoa. Ahalik eta azkarren hasi, hala ere landareren bat hiltzea ez harritu.
Kaixo Jakoba! Lurrean dauden larrosondoak lekuz aldatu nahi nituzke. Noiz izango litzateke garairik onena? Mila esker
Hostoa galtzen duten guztiek bezala, arrosondoa neguaren amaieran birlandatu behar da, izerdi berria mugitzera doanean. Martxoan, ahal baduzu ilbeheran eta sustrai egunean.
kaixo Jakoba, Kaki zuhaitza argazkian ikusten den bezala erditik apurtu da pisu gehiegi zeukalako. Zer egin dezakegun gomendatzerik bai? Eskerrik asko
Kakiondoaren gaineko bi adar nagusien arteko lotura zartatu eta hautsita eta bi adarrak makurtu direnez bi aukera dituzu. Dagoen horretan bertan utzi eta makurtutako adarrek fruitu gehiago emango dituzte. Bestea adar horiek zauritik bertatik ebaki eta kentzea da; orduan arbola biziberritu eta hortxe adar berriak emango ditu. Moztea aukeratuz gero itxaron martxoko ilbehera arte.
Egunon Jakoba, Beste korre batean idatzi nizun basarana, elorri zuria eta sasaie zegoen terrenoa noiz desbrotu jakiteko eta zuk esan da egunetan egin dugu. Orain nere idea da sasi hauek moztutako lekuan belar hazia ereitea. Zuri zer iruditzen zaizu lagunduko dio lurrari belarra ateara dadin eta sasia atzeratzeko? Edo eztu merezi belar haiza botatzeak? Ona balitz noiz litzateke garairik edo fetxarik onena? Orain udazkenean botatzeak balio du? Eta zer belar mota dira hobernak ereiteko? Lursail hauek nafarroako altsasu herrian daude. Eskerrik asko.
Helburua belardia edo larrea izatea bada, belar-hazia ereiteak asko lagunduko du. Belarra ondo etorri dadin beste sasi eta horiek berriaz ere moztu beharko dituzue, behin baino gehiagotan. Belarrak berak ez ditu atzeratuko. Orain iraila sasoi oso egokia da ereintza hori egiteko. Baita martxo-apirilak ere. Belar mota hautatzerakoan hor inguruko nahasketa litzateke egokiena. Belarra ondu eta jasotzen duen norbait aurkitu behar duzue eta belar ondu hori pilatu eta jasotzen duen tokian zoruan nahi adina hazi izango da. Hortik hartu eta erein, bertako nahasketa, bertan ondo etortzen dena. Inguruan ez baduzue topatzen urrutixeagokoak ere berdin lan egingo du.
Kaixo , oporretatik bueltan...zer egindezaket?.
Zerbait gogorra gertatu da hor. Harriak edo kazkabarrak jo al du? Eta loreontziko lurra zeharo lehorra ikusten da. Loreontzian bizi diren tomateak ura behar dute, beti landarea busti edo zipriztindu gabe emanda.
Baliteke astakeria izatea, baina dilistak ereitea otu zait, gure inguruan arrotza den arren (Bizkaian, Urdaibairen muga-mugan). Indaba ("babie" guretzat), oso ondo etortzen da (orkatzek jaten ez dutenean behintzat), baina dilistak? Egia esan, nondik hasi ere ez dakit, baina halaxe hasi nintzen zainzuriekin aspaldian eta txarto ere ez gaur egun!. Aholkurik?
Erein lasai eta ingurukoak harrituta utziko dituzu. Araba eta Nafarroa aldean batez ere “pardina” izeneko barietatea ereiten dute. Lur harroa eta ongarritua maite du, karea ere bai. Martxoa aldera erein eta 4-5 hilabete ondoren abuztuan-edo bilduko dituzu. Dilistak bezalaxe txitxirioak ere erein ditzakezu, berdin-berdin.
Kaixo! Kezkatuta nago, zerbait setoa edo arbustoa jaten ari dela ematen duelako. Enborrak hiltzen joaten dira eta hostoak ere lehortu egiten dira. Hasieran zati gutxi batzuk zeuden kaltetuta, baina orain gero eta gehiago dira. Hasieran lehorte moduko zerbait zela pentsatzen nuen, baina orain beste zerbait izan daitekeela iruditzen zait. Martxa honetan dena galduko dut. Zer izan daiteke? Zer egin dezaket? Benetan kezkatuta nago.Nik ez diot xomorrorik ikusten! Mila esker
Nik esango nuke lurreko zerbait dela. Eskubi aldean ikusten da landarea ihartzen. Bestea lehen ihartuko zen eta inausi eta gero ez du adar berririk eman. Lur horretan zerbait gertatzen ari dela dirudi: lehortea, lur edo hondakin pila handia jarri azpian edo horrelako zerbait. Nik ez nioke gaitzei edo izurriteei begiratuko. Bestetik inausketa gogorra egoten dela ikusten da eta urtero maila berean, eta horrelako egitura daukan landarean hori ez da komeni.
Kiwiei ura bota diegu, baina baliteke gehiegi bota izana; izan ere, hostoak ihartu egin dira. Hori ur gehiegi botatzearen ondorio izan daiteke? Ba al du konponbiderik?
Baldekada bat edo bi kiwiondo batentzako ez da ezer. Askoz gehiago behar du, batez ere aurtengoa bezalako lehorte luuuze batean. Mangera ireki, jarri ordu batzuetan ondo busti eta lurra sakon ureztatu dezan. Nik esango nuke egarrik hil direla. Eta Hosto gutxi batzuk dituen hori salbatu nahi baduzu ureztatu azkar. Denak ureztatu eta ea hosto berririk ematen duen. Hostorik azalduko balitz ale guztiak kendu eta indarra bizitzen jarri dezala. Nik uste dut berde dagoen hori arra izango dela, alerik ematen ez duena eta energia gastu gutxiago duena…
Nafarroakao sakanako dorrao herrian sutako pago egurra botatzeko zein lirateken egunik honenak, eskerrik asko.
Abuztuko ilgora da onena. Irailekoa ere ez da txarra. Egun onenak hosto egunak dira. Abuztuaren 22 eguerditik irailaren 4ra eta irailaren 19tik 30era dira bi ilgora horiek eta hosto egunak abuztuaren 29 arratsaldea, 30 eta 31 eta irailaren 26 arratsaldea, 27 eta 28 goiza izango dira.
Hostoak horitu eta erori egiten zaizkio,ze falta o ze zomorro dauken esk asko
Hostoak horitze hori ur gehiegi duelako izango dela uste dut. Jaitsi ureztaketa erdira eta ikusi ea zer gertatzen den. Bestetik, loreontzi handiago batean jarriko bazenu askoz ere ederragoa izango litzateke. Noiznahi egin aldaketa eta lur ona jarri.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545