Asteroko buletina
Zemendia hamaika, garaiak ereiten.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Madagaskargo Dragoi zuhaitzaren inausketa
2024-01-29 04:35 | Izaskun

Kaixo Jakoba; Oraindela 30 urte oparitu zidaten atxikita bidaltzen dizudan artxiboan azaltzen den landarea (semea izan nuenean) eta izugarrizkoa dao, bi metrotik gora, eta ez dakit noiz inausketa egin eta noiz, mesedez aholkatuko zenidake Mile esker aldez aurretik


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-29 11:35

Zorionak horrelako edertasuna eskuera eta begiera edukitzeagatik. Toki egokian eta ondo zainduta bizi den zeinale. Madagaskardo dragoi zuhaitza da, Dracaena reflexa “Angustifolia”. Landare hori 2020an argitaratu genuen “ETXEKO LANDAREAK” liburuan azaltzen da eta fitxa osoa du (164-165 orr). Bertan bere trikimailuetan honela dio: gehiegi luzatzen denean, gupidarik gabe ebaki eta kendutako zatisak ugaltzeko erabili (aldaxka bezala). Moztutako tokian erraz berrituko da. Nahi izatera orain erdia, luzeenak eta okerrenak, ebaki, enborren erdi paretik eta besteak utzi. Moztutakoak kimu berriekin janzten direnean orain moztu gabekoak ebaki. Etxe barruan bizi delarik noiznahi egin dezakezu, baina martxoa aldera onena.

Gaur arte erantzundakoak (24 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba, nere anturio honek zilar kolorezko orban hauek ditu hostoetan. Zerena izango ote den eta nola sendatu? Bestalde hostoa eta hostoa ateratzen du baina lore oso gutxi, agian arazo biak lotuta daude?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-06 13:56

Buztan loreak edo Anturioak behar ditu: argi asko-asko, baina eguzki errainu zuzenik ez; hostoetan hezetasuna eta lurra lehor antzera; beroa. Etxe barruetan bero faltarik ez dugu izaten. Eta hezetasunarena asmatu duzula dirudi, hostoak eman eta eman ari bada. Nik uste dut ongarri falta izango duela. Badira ongarri likido bereziak ureztatzeko urari nahasten zaizkionak. Loretarako ongarria izan behar du (besteak hostotarakoak dira). Ongarri hori lurra ureztatzen duzunero urari nahasi. Ontziak gomendatzen duen dosia baino gutxiago erabili, erdia adibidez, baina ureztatzen duzun oro nahasita eman. Eta ureztatze batetik hurrengora lurrari pittin bat lehortzen utzi. Hostoak bai, hostoak maiz ihinztatu. Loreontziaren azpian platera edo tankerako ontzi batean harri txintxarrak jarri eta beti ura eduki haien artean, ontzia gainean jarriz. Horren inguru hezea bermatuko dio beti.  

Orbanena agian izurrite bat da: tripsa. Ez da erraza kentzen. Probatu xaboi potasikoarekin. Ihinztatze urari nahasi 10 litroko 150 gr proportzioan eta eman maiz, hostajea goi eta behe, ezker eta eskubi alde guztietatik ondo blaituaz.

Aupi! Nire balkoiko landareei (albaka, menda, erromeroa eta ezkaia) orban zuri/hori hauek atera zaizkie. Izurritea al da? Nola zaindu ditzaket? Albakaren adar batzuk ere zuriak eta puztuak jartzen ari dira. Mila esker zure laguntzagatik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-08 11:52

Nik uste dut zerbaitek kosk egiten diola: euli txuria, armiarma txikiak edota tripsa. Horien aurka xaboi potasikoarekin tratamendua egin. Alde guztietatik ondo busti landare guztiak eta baita loreontziak eta balkoiko hormak ere. 4 egunero tratatu, izurritea garbitu eta landarea garbitu arte.

Kaixo barriro !! Etxeko balkoietako geranioetako hosto azpiak ontto moduko mantxaz beteta daude etengabe kentzen dizkiet hostoak baina.....zer egin bestela ??? Esker mile ! Olga

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-02 19:28

Gorrina da, onddo batek sortzen duen gaitza. Hezetasunak sustatzen du. Erraz antzematen da: kolorea galdua duten borobilak gainean eta hostoaren azpiko aldeak puntu gorri-marroiak. Salda bordelesa edo kobrea duen edozein fungizidarekin tratatu. Berak jartzen duen proportzioan urarekin nahasi eta landarea ondo busti, ahal bada eguzki ordu gogorrenetan. Garbitu arte tratatu 6-8 egunero.

Kaixo Jakoba. Geranioak kimatzeko noiz den sasoirik egokiena jakin nahiko nikek! Martxoa oraindik garaiz al nailek?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-03 09:51

Martxoa dek berez sasoi egokiena. Toki gozo eta negu epeleko urtetan otsailean ere bai baina onena martxoa. Ilbehera izaten dek onena. Loreontzitan bizi badituk eta urte pare batez edo gehiagoz luberritu gabe bazeudek hura berritu eta moztutako adarrak landare berriak sortzeko adaxka bezala erabili eta landatu.

Aupi Jakoba! nere landere maiteari, zeinak bi urte daramazkien nirekin, azkenaldian hostoak pitzatzen zaizkio, baita hosto berriak ere. Zer egin dezaket? Mila esker aldez aurretik. Agur bero bat.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-19 17:26

Landarea indarrean eta mardul ikusten da. Hostoen ertzak erreta eta behar bezala ezin zabaldu. Nire ustez tokia ona da, ureztaketa ere egokia, baina ingurua lehorra, hostoak lehorregi daude. Maiz maiz ihinztatzen hasi, ea hostoen ertzeko orbain gorri horiek eta zartadurarik ez den gehiago sortzen.

Kaixo Jakoba. Duela gutxi orkidea eder bat eta beste landareren batekin kristalezko lorontzi batean oparitu didate. Kontua da ontziak ez duela ura irteteko zulorik. Zer gomendatzen didazu? Aldatuko dut ontziz, ala ureztatu behar nuke beste moduren batera ura ez dadin behean pilatu? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-09-25 11:56

Ahal duzun azkarren atera landareak kartzela horretatik. Ontzi hori entsaladak prestatzeko jaso eta landare bakoitza loreontzi banatan landatu, bakoitzak bere tokia, argia, ura eta abar premia bereziak izango baititu. Orkidea loreontzi gardenean, eta beti platera baten gainean; platera horretan harri-txintxar batzuk jarri eta ontzia gainean; plater horretan harritxoen tartean beti ura eduki, ingurua, hosto sustrai eta abar heze sentitzeko.

Aupa Jakoba. Uharte arakildik idazten dizugu. Etxean obra egin dugu ta barruko patio bat daukagu( estali gabe dagoena). Bertan, landare ezberdinak jarri nahi ditugu, paretan zintzilik ta baita lurrean lorontzi handietan ere. Zuhaitzen bat ere jarri nahi genuke. Kiwi bat, karrozak, arbolen bat... Jartzea pentsatu deu. Zure iritzia nahi genuke, ze ez dugu gaia asko menperatzen. Milesker!

3 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-23 12:46

Patioaren tamaina da gakoa zer jarri erabakitzeko orduan. Zuhaitzen bat jartzeko edo kiwia, adibidez. Lur asko eta espazio asko behar dute. Arrosak ez, ez dute asko behar. Patioaren ezaugarriak jakin beharko genituzke: zenbaiterainoko luze-zabalera, hormen garaiera, loreontziak beharrean lur-ontzi luze handiak jartzeko edota lur gainean badago zorua zulatu eta landareak zuzenean lurrean landatzeko ahalbideak… Informazio hori emanez gero zehatzago erantzun ahal izango nuke.

Atxer-ren erantzuna
2024-02-23 12:46
Patioko neurriak ( 4.5 x 6 x 2.5 altuera)
Goiko terrazako neurriak (3 x 6)
Neurriak metrotan dira. 
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-23 12:47

Agian beste erabakiren bat hartu dezute, baina badaezpada: nik ontzi ahalik eta handienak jarriko nituzke, horrekm bakarrik bermatzen du hor izango diren landareak ondo bizi eta dotore izango dituzuela. handiak esan nahi du 40 litro edo gehiagokoak. beste aukera bat da bertan “jardinera” esaten zaien horietako bat eraikitzea, egurrezkoa edo beste materialeren batekin. Zuhaitzen bat jarri nahi izatera nahitaezkoa da jardinera handi bat egitea. Hor sagarrondo nano bat, melokotoia, albertxikoa, edo apaingarri gisa astigar japoniarren bat. azken horiek oso dotoreak dira. Bestetik landare txikiei begira esparragera desberdinak eta hortentsiak aukera dotorea izan daitezke. 

Hiru urte daramat gardenia landara batekin, tiestuz aldatuz ta lur azidoa jarriz, ura be nahikotzu, beti eze. Horri gutxikin dabil, handitzerakoan, bejegitu ta galdu iten dauz, kimu berriak oparo, baina horriak handitzerakoan galdu. Kalean dago arratzaldeko eguzkitan bakarrik. Ze falta dau? Esk asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-05-15 12:37

Gardenia da nik ezagutzen dudan landare mokofinenetakoa. Euskal Herri hezean ez dut eder eta mardul urtetan bizi den bakar baten berririk. Lur azidoarena ongi, baina ongarriketa nahitaezkoa du. Urarena ere bai, beti euri ur epela, ez kanilako kaltziodun ura; baina garrantzitsuagoa da egun beroetan hezetasuna hostoetan izatea lurrean baino. Zaila da hori lortzea kanpoan bizi delarik, baina egun beroetan eguzkiak jotzen ez duen orduetan hostajea oparo ihinztatu. Arratsaldeko eguzkia da txarrena. Eguneko gogorrena da, egunaren bero guztiaren errematea. Hobe litzateke “ahulagoak” diren eguzki orduak izatea. Beirate baten atzean ageri da argazkian, kontuz horrekin, eguzkiak erraz erre ditzake hostoak. Arratsaldeko eguzkira begira badago, mendebaldera dagoela dio. Hortik beste arazo bat ere baletorke: haizearena. Haize nagusia mendebalekoa da, eta haize-pasan bizitzea ez du atsegin. Neguan 15ºCtik gora egon behar da.

Arratsaldeon Jakoba,

Efelido landarea erosi eta aste gutxiren barruan orriak galtzen hasi zan. Leku freskoago baten jarri dut, urik ez dau falta izan ez larregi  ez gitxiegi, behar izan duena hezetasuna mantenduz baina... Argazkian ikusi ahal duzunez egoera eskasean dago une honetan.

Egunero aireztatzen hasi naiz. Ez dakit berbiztu ahal izango dudan. 

Tiesto berean koleoak erein ditut eta astea bete orduko erne dira jada. 

Zure liburua kontsultau dut eta lainoztatzea aholkatzen duzu, hori zelan egiten duzu? Dutxara noanean nirekin eraman lurruna jaso dezan? 

Ahal baduzu erantzun eskertuko dizut

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-26 18:39

Landare mokofina da efelidoa. Ez da erraza asmatzen zer toki duen egokia: haize-korronteak, argia eta abar. Ureztaketa ere kontuz egitekoa du. Negu partean ur gutxi eman behar zaio. Udan gehixeago. ETXEKO LANDAREAK liburua baduzula ikusten dut beraz ez dizut uraren atal hori azalduko.

Lainoztatzeari dagokionez ihinztagailu edo ura fin xamar zabaltzen duen edozein esprairekin egin dezakezu.

Kaixo Jakoba, lagun batek orkidea "kume" bat oparitu dit, orain, zuztarra baso bat uretan daukala daukagu, baina zer egin beharko genuke? Orkideentzako lurra erosi, eta zainak bertan lurperatu? Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-12 18:10

Bai diozun eran orkidearentzako berezia den nahasketa jarri ontzi garden batean eta bertan sustraiak sartu. Luzeenak kanpoan utzi daitezke, antzera egiten baitute lana kanpotik...

Bulboak erosi ditut, loreontzi txikietan datoz, jazintoak laster loratuko dira besteak badaude loratan. Aldatuko ditut pote handiago batera?? Ez daukate ia lurrerik.

Eskerrik asko

Arantza, Sondikan bizi naz.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-03-09 11:12

Neguan loratzen diren erraboilak izango direla pentsatzen dut. Dagoenerako lorea luzatuta edo irekita baldin badute bere horretan utzi. Lorea zimeltzen denean orduan lur gehiago izango duten loreontzian edo lurrean landatu. Lorearen ondoren haziko diren hostoak ondo hazi eta agratzea komeni da. Hosto horiek erreserbaz beteko dituzte berriro lurpeko erraboilak, hurrengo urtean ere loreak eman ditzaten.

Geranioak bihar kimatzeko asmotan nengoen, ondo nabil?
2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-15 21:53

Ilbeheran kimatzea komeni da, bai, baina biharko eguna baino hobea izango da etzi goiza, soilik goiza.

Maite-ren erantzuna
2020-03-23 20:24
Egin det, mila esker

Egun on Jakoba, terrazako arbustoek kotxinila zuria izan zuten duela bi urte. Bat galdu zen, baina besteak salbatu ziren. Abuztu honetan, ordea, arbustoetako bat lauzpabost egunetan suak erreta bezala geratu da, erabat igartuta. Sargoriagatik izango zela pentsatu genuen, juxtu teilatuaren hegaleko aterpearen parean geratzen zen arbustoa zelako. Baina ondokoa ere ziztu batean igartzen hasi da orain...
Igartutako arbustoari kotoi erako orban zuriak agertu zaizkio. Begira hasi gara eta "kotoi" hori gainontzeko arbusto guztietara hedatu dela konturatu gara... kotxinila ote berriz ere??
Nola tratatu beharko genituzke?
Igartutako arbustoen lurretan aldatu al daitezke arbusto berriak? Ala lurra aldatuta hobe?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:36

Kotxinila itxura du. Kotoi zorria ere izan daiteke. Biak izurrite gaiztoak dira, zein baino zein. Erasoa hain handia izanda eta hedatua egonik, nik denak kendu egingo nituzke eta erre. Zaila da lurretik ugaltzea horiek, baina inguruan egongo dira negua pasatzen. Ahal izanez gero ontziak hustu, ondo-ondo garbitu eta lur berrian jarri landare berriak.

Kaixo Jakoba, galdera bat lengoan etxeko jardineran landaketan nabillela har potolo potolo ta zuri batzuk topatu nittun, zer dira. Onak edo txarrak dira nire lorentzat? Zer egingo nuke kendu ala utzi, eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-18 17:48

Har lodi zurizta horiek kentzea hobe. Landareen sustraiak jateko gai dira. Zenbat eta lehenago kendu hobe.

Jakoba, balkoiko landareei buruzko galdera bat daukat.
3 jardineratan hiedrak eta geranioak ditut. Azken boladan geranioak oso lore gutxi ematen ditu, eta gaur ikusi dut barrualdeko hosto asko kotxinillaz beteta dituela 🤔.
Taladroaren kontra Bacillus+Neem+jaboi nahasketa erabiltzen det, baino duela gutxi hasi naiz tratamendua egiten.
Bueno, galdera da ea horrek balio duen baita kotxinillaren aurka, ala zeozer berezia bota beharko niokeen.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-07-20 16:29

Tratamentua egokia da, baina askoz ere eraginkorragoa litzateke tabako-belarraren urarekin osatuko bazenuke. Litro erdi bat ura eta beste hainbeste alkoholetan jarri 100 gr. tabako lehor. Utzi beratzen dozenaren bat egun. Iragazi eta erantsi beste 9 litro ur. Hortik erantsi lehendik egiten ari zaren tratamentuari.

Tratamentuak etengabe egin, astero. Gehienak galduko dira, gelditzen direnak alkoholetan bustitako goata batekin igurtzi eta kendu.

Egun on, atxikita duzu leihoko geranioen argazkia, ez dakit maiatzean nagon edo neguan... pipittetan gustora dago. Tximeleta marroi goikarriak...eguerdiko 12:00 inguruan eguzkiarekin batik bat Geranioaren gana etortzen dira. Nire galdera:nola da posible neguan landareak indar gehiago edukitzea, eta udaran gaixorik indartu ezinik hil ala bizi ezinean egotea...
Mila esker zuri, eta zuek egiten duzuen lanagaitik, miresgarria da.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-21 22:13

Nik esango nuke geranioentzako oso toki ona duzula. Urte sasoi honetan horrelako indarrarekin, hostajea mardul eta lore pipittekin egotea ikaragarria da. Tokia eta ontzian duen janaria, biak onak. Uda partean eskasago egotea agian hori bai tximeletaren harrak eagin dezake. Enborrean sartu eta goitik behera jaten duten harrak dira. Orain harra horietako batzuk tximeleta bihurtuta eta beste batzuk negua igarotzen ari dira eta geranioa pakean. Udaberriarekin hor azalduko zaizkizu. Ordurako pronto egon, tratamentuetarako batez ere. Tratamentua "Bacyllus thuringiensis" eta "Neem" olioarekin egin, lehen harrak ikusi ordurako eta zortzi egunero errepikatu, harrak desagertzen diren arte.

Etxean daukadan orkideak loreak eduki ondoren gelditu diren baretan, orkidea landareak (ez loreak), txikiak irten dira. Nola (eta noiz) egingo dut hortik ontzi batera pasatzeko ?
Ze zaiketa behar ditu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-22 22:18

Zorionak! Loreen adarretan landaretxoak eman baditu indarrean dela adierazten du. Ez ezer egin landaretxo horiek sustraiak ematen ez dituzten artean. Orain arte bezala zaindu, alegia. Sustraiak luzatzen dituenean lorearen txorten hori landarearen azpitik moztu eta orkideoentzako berezia den "lurretan" landatu. Ez da benetako lurra, azal kozkorrak balira bezalako nahasketa bat baizik. Lorontziak gardea izan behar du. Amaren aldamenean jarri, toki onean dagoela nabarmena da eta.

Marrubiak jarri nahi ditut nire etxeko balkoian,zer motatako lurra ipini behar diot? Noiz ureztatu? Zenbat argi behar dute? Eskerrik asko aldea aurretik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-28 20:30

Lurra ahal duzun onena jarri behar duzu, harroa gustatzen zaio. Lur beltza, hondar pixka bat eta simaurra edo luarra nahastea da onena. Lurra baratzeren do sororen batetik hartua bada hobe. Marrubiak janari asko eskatzen du, ongarria maiz eman behar zaio. Oinarrizko ongarriketa, gutxi gorabehera 4 kg/m² simaur, hasieran egin, baina urtero errepikatu behar duzu, azaroa aldera. Bestetik, udaren sarreran beste ongarri pixka bat ere gustura hartuko du. Ohar bat, ongarria beti zaharra edo ondo ondutakoa erabili.

Ontzia ere garrantzitsua da, ahal duzun handiena jarri. Lehorteak ahuldu egiten du eta ureztaketa garrantzitsua da, inoiz ez dadila lurra erabat lehortu, baina itota ere ez eduki. Lur azala lehortzean eman ura. Eta azpian platerarik ez jarri, lurrak behar ez duen urak alde egin dezan. Argitasuna ere gustatzen zaio, baina toki oso beroetan asko sufritzen du. Kontuz beraz balkoian non jartzen dituzun.

Kaixo Jakoba:
Larrosa daukat balkoiko loreontzi batean. Pentsatuta neukan kimatzea martxoan, baina ikusi dut adaxka berriak ateratzen hasi zaizkiola. Komeni da kimatzea? eta nola kimatzen da larrosa?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-02-17 15:45

Arrosaondo edo arrosa landare mota asko dago: igokariak, lorealdi luzekoak, urtean behin besterik loratzen ez direnak… Lorontzian baduzu, arrosaondo motza eta lorealdi luzekoa izango dela pentsatzen dut. Hauek martxoan inausteko esaten dut, baina esateko era bat da. Garrantzitsuena kimu berriak azaltzen direnean egitea da. Honek izerdi berria mugitu dela adierazten du. Izerdi honek di-da batean itxiko ditu inausketan egingo dizkiozun zauriak.

Inausketa egitea komeni da arrosaondoa lahar-edo igokaria delako (kiwia, mahatsa, etab. bezala). Arrosaondo motz hauek jeneralean txertua izaten dute oinean. Txertu horren gainetik 2-4 adar indartsu izatea komeni da. Hauek mozten dira, motz, asko jota arrabete luze utzita. Honela arrosaondoa beti gaztea, berrituta, indarrean izango da, eta loreak ere sendoagoak izango dira.

Lan hau bezain garrantzitsua da ongarritzea. Loraldi oparoa nahi baduzu, eman jaten. Eman eta eman. Ongarri organikoa onena: simaurra, luarra edo konposta. Eta ongarriketa udaberrian eta udan errepikatu.

Zer komeni da egitea geranioei neguan ongi irauteko eta udaberrirako berriro apain edukitzeko? Kimatu? Egarri greban ipini? Barrura sartu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-12-09 16:00

Bi aukera daude: irailaren amaiera aldera aldaxkak kendu eta landatu. Landatutako hauek eta geranio amak babesera eraman. Etxeko egutera aldeko hormaren kontra edo antzeko toki batean jarri. Barrura inola ere ez sartu, nahi baduzu aterpe ireki batean. Azken aukera honetan pixka bat ureztatu. Neguan berez ez dute asko behar.

Bigarren aukera, geranioak bere horretan, orain dauden bezala babesera eraman. Udaberrian, martxoaren hasiera aldera, izerdi berriarekin aldaxkak moztu eta landatu.

Kimatu nahi izanez gero, bi kasuetan udaberriko izerdiarekin kimatu.

Kaixo Jakoba. Zure artikulu bateko fotoa ikusita, behin, Dublinetik pasieran nenbilela, egin nuen beste batez oroitu nintzen, eta horra fotoa! Badut gainera galdera bat: etxeko balkoian cissus bat jarri nuen horman gora ondo igotzeko moduan. Geroago loreontzi berean jazmina jarri nuen txirikordaturik, bestearekin batera gora joan zedin; eta ondo hazi ziren, baina jazmina ximeltzen eta igartzen hasi zitzaidan eta orain cissusa bera ere bai. Zer izan liteke, kokoren bat, orientazio txarra?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2012-03-04 00:00

Kaixo Jon, eta eskerrik asko argazkiko asmo dotorea guregana-tzeagatik. Zure balkoikoari buruz, orientazioa kaxkarra balitz hasiera beretik azalduko litzateke arazoa. Kokoren bat izanez gero beste sintomaren bat ere bai agertuko: lizun, arrautza, har, beldar... Bi landare igokari horien gaitza loreontzia bera izan daitekeela iruditzen zait. Cissusa bezala jazmina, biak aseezinak dira. Etengabe puja berriak luzatu eta hazi egin behar dira, bestela akabo. Eta loreontzia muga da, elikagai mugatuak ditu. Bi landare elkarren ondoan egoteak egoera txartu besterik ez du egiten. Elkar akabatu arteko onik ez dute izango. Ahal izanez gero bakoitza loreontzi banatan jarri. Eta elikadura zaindu: urtero ahal den neurrian luberria eman, axalekoa behinik berritu eta simaurrez ongarritu. Era berean, neguan ez beste, ureztatzen duzunero urari ongarri kimiko dosi txiki bat gehitu, berdetarakoa, hostajea indartzeko likidoa, onena. Hori egiten baduzu ondo ezkonduko direla iruditzen zait. Noiznahi gose punttua pizten zaizunean, lore-ontziko bikotearekin gogoratu... Eta jaten eman.

Kaixo Jakoba. Bidezkoa da etxe barruko eta etxetik kanpoko landareen arteko bereizketa egitea? Izan ere, berez naturan sortzen dira landareak, beraz denak dira etxetik kanpokoak, ezta?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-27 00:00

Kaixo Nerea. Landareak, denak zeuk diozun eran, kanpokoak dira, baina nongoak? Non da kanpo hori? Ez da gauza bera Larrabetzuko landare natural bat edo Tasmaniako bat. Espezie bakoitza bere baldintza ekologikoei lotua bizi da, toki bakoitzeko lurrari eta klimari, batik bat. Etxe barruetan urte osoan baldintza jakinak izaten dira, gutxi gorabehera: giro epela (15-25º artean) eta aire lehor samarra. Horregatik barruetan ditugun landareak naturan baldintza horiek ematen diren tokietatik ekarritakoak dira.
Eragin nabarmenena tenperaturak duenez, gehienak naturalki tropikoetakoak edo lurralde epeletakoak dira. Geurean kanpora aterako bagenitu neguko hotzekin ikaragarri sufrituko lukete. Era berean hemen kanpoan ondo bizi den landare bat, haritz bat kasu, etxe barrura sartuko bagenu ez litzateke luze biziko.

Kaixo. Argazkian ikusten duzuen landarea handi xamarra egin zaigu. Bestalde, beheko hostoak galtzen ari da eta ez dakigu zer egin landarea kontserbatzeko. Goreneko hostoak moztu? Orain egin daiteke? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-10-11 00:00

Kaixo Xabier. Diefenbakia bat da zuen landare hori. Argazkian garbi ikusten den eran, ontzi txikia du eta hor dagoen lurrean eskuera duen janariaren araberakoa hazi da. Landare guztiek bizitzeko etengabe hazi egin behar dute eta zeureak elikagaiak mugatuak izaki hosto kopuru jakin bat mantendu dezake. Ondorioz, hosto berri bakoitzeko zahar bat galduko du, gutxi gorabehera. Hostaje handiagoa izateko ontzi handiago batean jarri behar da, eta urari ongarri likidoa erantsi, pototan saltzen den hori eta “landare berdeentzat” jartzen duen horietakoa.

Muturra moztuta, beheragotik erraz berrituko da eta kendutako kimuak landare berriak sortzeko beste ontzi batean landatu, aise itsatsiko dira. Bestetik, itxura ederrekoa dago eta beraz bizi den tokia aproposa du. Bejondeizuela.

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora