Kaixo, Jakoba: Etxeko baratzerako bacillus thuringiensis-a erosi nahi eta produktu fitosanitarioen maneiatzaile-txartelik gabe ez didatela salduko esaten didate. Hori horrela izanik, Nafarroan non egin daiteke delako txartel hori eskuratzeko ikastaroren bat? Aldez aurretik, esker mila zure arretagatik
Hemen duzu Nafarroako Gobernuaren nekazaritza sailaren webgunean atal horren berri jasotzen duen gunea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/produktu-fitosanitarioen-erabiltzaile-profesionalaren-txartela
Bertan ikusiko duzunez edozein argibide behar izanez gero harremanetarako bide hauek dituzte:
Nekazaritza Zerbitzua
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala
González Tablas kalea 9, 1. solairua
31005 Iruña (Nafarroa)
Telefonoak: 848 426 665 / 848 426 239
Helbide elektronikoa: spsv@navarra.es
Gaur arte erantzundakoak (900 galdera-erantzun)
Tomate haziak nola gordetzen dituzu?
Tomatea ondo aukeratu, guk nahi ditugun ezaugarriak dituena: dasta eta usain ona, forma egokikoa, azala, kolorea… Sano dagoen ale bat aukeratu. Haziak erauzi. Haziak lika baten antzekoa dauka inguruan bi eratara lehortu daiteke: likarekin toki bero batean jarri, eguzkitan ez, zabal-zabal eginda likan lizuna ez sortzeko. Lika kentzeko haziak pilatuta ontzi batean jarri toki beroan baita; usainarekin igarriko diozu hartzitzen ari dela; egun pare batera atera eta irazteko sare batean jarri eta uretan pasa garbi-garbi egin arte; gero zabal-zabal eginda jarri eta aste betean lehortuta egongo dira. Paperezko zakutxoetan sartu eta ontzi hermetiko batean sartu hezetasuna bereganatzen duten silikonazko poltsatxo horietako batekin. Toki fresko eta ilun batean eduki edo hozkailuko barazkientzako txokoan.
nola tratatu
Hostoak herdoildu itxura baino gehiago kolorea galdu eta zilar tankerako azala dute. Hori azpian ikusten diren platanondoaren tigreak egiten du. Intsektu horiek ikusten dira garbi hostopeko argazkian. Intsektizida nahasketa hau aplikatu astero garbitu arte: Bacillus thuringiensis + Neem esentzia edo olioa + xaboi potasikoa.
Kaixo
Abuztuan zein dira egun egokienak patata ateratzeko?
Eskerrikasko!
Patatak luze irauteko ateratzeko egun onenak ilbeherakoak eta sustrai egunak dira. Abuztuaren 23tik irailaren 5 eguerdira arte da ilbehera, dena ona, baina onenak sustrai egunak: abuztuaren 29, 30 eta 31 eta irailaren 1 arratsaldeko 13:00 arte.
Egun on Jakoba
Zuri galderak luzatzeko hau omen da bideetako bat, horretaz baliatuko naiz.
Hagin zalea naiz, hazitik landarea sortu eta zuhaitza nola bihurtzen den ikustea ikaragarria da niretzako.
Gauza da duela hogei bat egun sano sano zeuden haginetako bat zimeldua topatu duda la oporren bueltan. Zure iritzia jakin nahiko nuke, lehortea izan daiteke? Ondokoek ez dure igerri
Herbizidaren batek kaltetu ote du?
Lur desegokia?
Eskertuko nuke zure iritzia emango bazenit.
Eskerrik asko
Ander
Zorionak zure haginzaletasunagatik!
Hebizidarena ez dela dirudi; inguruko belarretan ere igarriko litzateke, haginean baino nabarmenago gainera, bere eragina.
Lehortea izan daiteke horrela ihartzearen arrazoia. Bestela ikusi beharko litzateke inguruko belarrak mozterakoan enborraren oineko azalari kalteren bat egiten zaion; oso ohikoa da sastrakak kentzeko eskuko makinarekin edo bestelako makinekin azala jo eta zauritzea…
Haginak lehortzen ikusi izan ditut txakurren pixaren eraginez ere… Ikusten al duzu txakurrik berari pixa egiten? Baten egin eta atzetik denek han utzi behar izaten dute bere usaina… Eta hagina erre egiten da. Horretarako beste landare gehienak baino ahulagoa da.
Arratsalde on Jakoba! Ortuko baiña, piper eta tomatieri, justo lurre susterraz batzen dan puntuen, atxikituteko argazkiko hori urten jakie. Zer izen al dan? Zer ein geinke?
Eskerrik asko aldez aurretik,
Jon Arzubia
Nire ustez lepoko gaitza da. Berozaleak diren landareen lepoan onddo batek eragiten du. Onddoak garatzeko hezetasuna behar dute eta arazoaren iturria horixe dela esango nuke. Ureztatzen ari al zara? Gehiegi ureztatzen ari al zara? Nahiz eta tamainan ureztatu lurra ez al da behar bezala drainatu eta lehortzen? Landareak itsatsi ondoren ez eman urik.
Kaixo jakoba, perexila noiz erein daiteke?
Perrexila ilbeheran ereitea komeni da, ahalik eta beranduen, ahal dela hurrengi urtean garatu eta loratu dadin. Ekainaren 29an sartuko gara ilbeheran eta uztailaren 12 arte luzatuko da. Ilbehera osoa izango da egokia, baina egun bereziki onak uztailaren 1 eta 10 izango dira.
Egun on,
Ekaina bukatzerako, ilarrak atera ondoren, posible izango litzateke patatak ereitea? Edo oso berandu da.
Mila Esker!
Oso berandu da. Apirilean edota maiatzean ereiten da, bero handiak etortzen direnerako bildua izateko. Uztaila erdirako gutxi gora behera. Nahi izatera saioa egin eta uztailean patataren zarba gorritzen ikusten baduzu, txikiak atera eta berria bezala jan. Hala ere lekadunen ondoren ondoen etortzen diren landareak hostoak baliatzen dizkiegunak dira: uraza, eskarola, zerba, ziazerba, azak… Eta ilarra kentzerakoan zarbari tira eta ez atera. Moztu eta sustraiak bertan utzi.
Ze distantzira sartu
BIZI BARATZEA liburuan babarrunaren fitxan jartzen duena ekarriko dizut:
Arba, makila edo parda jartzeko, errenka batetik bestera 70-90 cm tartea utzi, eta zulotik zulora 50 cm-koa. Zuloko 4-7 ale bota.
Babarrun motza ereiteko, makilarik behar ez duena, errenken artean 60-70 cm eta zuloen artean 40-50 cm utzi.
kaixo,
Japoniako astigarrari buruzko informazioa nahiko nuke.
nola, noiz eta non landatu, eta lehen oinarrizko zainketak.
Astigar japoniarraren izenarekin astigar espezie eta barietate asko ezagutzen da. Orokorrean hitz eginda zuhaixkak edo zuhaitz txikiak dira, bere hostoen kolorearengatik erabiltzen dira batez ere, urte osoko kolore bereziak eta udazkenean hartzen dutenarengatik. Garrantzitsua da baita ere eitea edo forma osoa. Hau da zein tamainakoa egingo den jakitea garrantzitsua da, forma hori hartzeko enbarazurik izan ez dezan eta bere dotorezia guztiaz gozatzeko. Horretarako zehatz-mehatz zein barietate den jakitea ezinbestekoa da.
Tokia aukeratzerakoan kontutan hartzeko beste baldintza argitasuna da. Ez zaio erabateko itzala gustatzen; erdi itzaletan edo eguzkitan landatu. Honetarako ere barietateak zeresana badu. Finenek erdi itzala nahitatezkoa dute.
Loreontzian baduzu orain landatu dezakezu, baina kontutan izan aurtengo udan erruz ureztatu beharko duzula. Beste aukera duzu loreontzian mantendu, hor ere erruz ureztatuz, eta udazkenean azaroa abendua aldera landatu.
Azkar eta indarrean haztea nahi baduzu ongarriketa ez ahaztu. Urtero azaroa aldera ongarri organikoa eman bere inguruan, ez enborraren aldamenean hostoaren bueloaren parean baizik.
Aupa Jakoba!
Landareei hazia nola atera ikastea gustatuko litzaidake. Fruituei (tomate, kuia, etab.) erraz egiten dut baina apio, perejil, borraja... -ekin ez dut jakiten nola egin, eta azkenean handi egin eta lorea ematen duten arren ipurditik atera eta baztarrera botatzen ditut, aprobetxatu gabe. Berdin gertatzen zait bestelako landareekin ere (cinta, regadera...). Non ikas dezaket hau?ikastarorik, zure landareen liburu berrian...?
Eskerrik asko aldez aurretik!eta gora baratzak!!!
Maria
Hazi handiak ematen dituzten landare horietatik haziak erauztea ez da hain zaila. Hazi txikiak ematen dituzten beste landare horietatik bildu eta jasotzea bai, zailagoa da. Hala ere aipatzen dituzun perrexila, borraja eta abar berez hedatzen dira. Haziak erori eta inguruan jaiotzen ikusiko dituzu. Horretarako landare oso-osoa ihartu zen arte ez kendu. Utzi haziei heldu eta zailtzen. Nahi baduzu ondoren landare osoa poliki-poliki atera edo moztu eta paper baten gainean astindu edo esku artean estutu eta hazi ttikiak eroriko dira. Bestela bertan utzi eta inguruan jaioko dira landare berriak.
Hazien sareak badira ia lurralde guztietan eta horiek ikastaroak moldatzen dituzte gehienak udaren amaiera aldera. Adibidez Euskal Herriko Hazien sarea, Aleka, Kristina Enea Fundazioko Haziera, Nafarroako Hazien sarea eta abar.
Aupa Jakoba!
Galderatxo bat, zure liburuan irakurri dut kuien atalean, komeniagarria dela landatutakoan inguruan inaurkina jartzea landarea hobeto itsasteko. Landare guztiei komeni zaie hau egitea (piper, tomate...) udara partean behintzat? eta hazten direnean, edo euri egunak direnean kentzea komenigarri ikusten duzu hezetasuna dela medio (kantauri isurialdean)?
Eskerrik asko aldez aurretik!eta gora baratzak!!!
Maria
Landarea txikia denean inaurkina jartzea ez da kaltegarria eta giro beroak badira alderantziz lagungarria da. Gutxiago ureztatu beharko duzu eta beste belarren konpetentziarik ez du izango. Kontuz ordea euri asko egiten ari bada, hobe ez jartzea. Eta jarrita badago kendu, edo behintzat landareengandik urrundu.
Idea eta sasiak galtzeako....noiz moztu behar dira?
Hitzaldi baten entzun neuntzun ekain eta uztaileko hilgoran baia zure egutegie ez doa bat beste egunkaroegaz
Maiatzeko, ekaineko eta uztaileko ilgorak dira mozteko onenak. Hiruretan mozten baduzu hobe.
Maiatzekoa joan da. Ekainekoa 15 arratsaldetik 28ra izango da. Uztailekoa 13tik 26 eguerdira.
Kaixo, baratzean baba txiki beltzaren landare ederrak ditut. Momentu honetan, loraldiaren ondoren, landareak izugarri garatu dira (2 metro baino gehiagoko landareak) eta leka aunitz eta mardulak dituzte.
Prozesuaren amaiera iristen ari den honetan ez nago ziur nola egin. landareak erabat lehotzen utzi behar al ditut, babarruna izango balitz bezala? zer aholkatzen didazue?
Argazki batzuk bidaltzen dizkizuet. Milesker eta ondo izan.
Txisku Txiki.
Baba beltx txikia eltzekari gisara jateko jaso egiten da. Horretarako ondo lehortu behar da, jasoptzeko babarrunak bezala. Horretarako lasai utzi, lekaren barruan dauden aleak janariz osatu eta zaildutakoan landarea ihartuko da, baita lekak ere. Orduan lekak Bildu, areago lehortzen utzi eta aletu eta jaso. Landare iharra ez atera ipurditik, moztu eta sustraiak bertan utzi lurra aberasten dute. Moztutako landareak ere luar pilarako oso onak dira, osorik edo txikituta. On egin!
Egun on.
Zuhaitz, zuhaixka edo landare bat landatu nahi dugu gure amaren errautsekin batera.
Jakin nahiko genuke ekainaren erdialdean landatu ahal izango genukeela, ondo hazteko bermea izateko.
Lursaila Donostiako Ibaeta auzoko lokal batean dago.
Ibarbide batean dagoenez, eguzkia eta itzala jasotzen ditu egunean zehar.
Eskerrik asko erantzunagatik.
Luis Garmendia
Nik zalantzarik gabe hagina jarriko nuke. Bertakoa da, hostorik ez du galtzen eta oso gogorra da. Txakurren etengabeko pixa errekek bakarrik akabatzen dute. Toki txiki samarra bada hagin zorrotza jarriko nuke (Taxus baccata Fastigiata Robusta) toki zabala eta enbarazurik egiteko arriskurik ez badago hagin arrunta (Taxus baccata)
Kaixo, hilabete hontako ze egun da egokiena patata ereiteko? Mila esker!
Erein egiten dela uste baduzu Ilgoran, eta ahal izanez gero sustrai egunean: 19an, 20 arratsaldean, 21ean eta 22 goizean; baita 29, 30 eta 31. Landatu egitewn dela uste baduzu Ilbeherara itxaron eta egun bereziak ekainaren 8, 9, 10 eta 11 goiza.
Arratsalde on, Jakoba:
Bide hau aukeratu dut zuri arazo bati erremedioa jartzeko esperantzaz.
Kultibo mahai bat det etxean 1,5 m karratukoa. Inurritegi bat daukat bertan eta letxuak etab landatu aurretik ura irekiten bota nuen lurrera, inurriak akabatu asmoz. Ba, ondoko tiestoetara zabaltzea besterik ez det lortu eta olibondo tiestoa ere inurriek hartu dute. Letxuak tipulinak eta marrubiak ere hartuta jarraitzen dute.
Zer egin dezaket?
Eskerrik asko aldez aurretik eta barkatu eragozpenak.
Argitze
Ez da lan erraza inurriak uxatzea. Loreontzietan daudenak bidaltzeko egingo nukeena zera da loreontzia oso osorik uretan sartu eta eduki gau batez edo egun oso batez gutxienez bertan. Entzun izan dut ozpina ere ez dutela gustuko. Ozpina urarekin urardotu eta esprai batekin busti maiz-maiz dabiltzan inguru guztia.
Arratsalde on:
Zalantzak argitu nahiean, galderatxo bat luzatu nahi nizuke. Aspaldi xamar Urgull, Ulia eta inguruko bide hertzetan “marrubi antzeko” batzuk aurkitzen ditugu. Batzuk baietz eta besteak kontra ibiltzen gera, alegia marrubi edo beste landare mota bat ote den.
Bide batez, Argia eta Irratian jarraitzen zaitugunez gure esker beroena Jakoba!
Adeitasunez,
Iñaki Zubillaga.
Marrubiaren tankerako beste landare bat gero eta ugariago ikusten da bazter hauetan.
Sasimarrubia da, Potentilla indica (lehen Duchesnea indica).
Marrubiak lore zuria du, besteak horia. Marrubi fruitua konikoa da, bestea borobila. Marrubia zintzilik egoten da, bestea zut goruntz begira. Marrubia gozoa eta bizia da, bestea gozo antzekoa baina zaporegabea eta motela.
Arratsalde on!
Baratzan karakolak eta bareak inguratzen zaizkigu eta ez dakit nola uxatu: karea botatzen dugu buelta guzian baina, ez dakit nola, pasatzen dira eta barazkiak jan. Kalabazinekin ez dugu karrerik ateratzen. Arrautzen azala botatzea ona dela entzun dut baina nola lortu inguru guztian botatzeko adina arrautza azal!
Zer beste egin dezakegu?
MIla esker.
Axun
Errazena harrapatzea da. Horretarako gauez hurbildu behar da eta linterna baten laguntzarekin bildu. Bestea babesguneak jartzea: teilak, adar edo egur pilatxoak eta antzekoak; egun argiz azpian eta tartean babesten direnez miatu eta bildu. Tranpak ere jar daitezke; erabiliena hondoan edo ipurdian garagardoa edo sagardoa duten ontziak ertza lurraren mailan dutela lurrean sartu; edariak erakarrita bertan itoko dira. Gai ekologikoz osatutako produktuak ere badaude, janez gero hiltzen dituztenak.
Landareen karea edo errautsa jartzeak eragin mugatua du. Ihintzarekin edo euriarekin bustiz gero trinkotzen dira eta mugalari lana galtzen dute.
Egunon
Lote bat tokatu zait herrian sutarako egurra itteko,ze egun die aproposenak mozteko maiatzean?
Agur bat Patxi
Maiatzean haltza botatzen da, gainontzeko egurrak ez; horiek hobe udazken neguan. Haltza maiatzeko ilgoran mozten da. Ilgora 19an hasten da eta hilaren amaiera arte iraungo du. Agian egun berezienak ilgorak eta ilberriak bat egiten dutenak izango dira, maiatzaren 30 eta 31.
Noiz bildu? Azala lehortzean? Ala orain berdea dagoela?
Gaur egun ilarra berdetan, fresko eta samur-samur dagoenean jateko biltzen da hemen. Garai batean baba edo babarruna bezala lehortu eta lekale edo eltzekari bezala erabiltzeko jasotzen zen.
Freskotan jan nahi baduzu berdetan bildu eta ahalik eta azkarren jan. Gutizia ederra da.
Lehortu eta eltzekaria nahi baduzu, leka ihartu arte utzi bertan eta gero bildu, lekak aletu eta jaso.
Zein egun dira egikienak maistzean
Sagardoa eta gainontzeko edariak botilaratzea ilbeheran egiten da. maiatzean 5 eta 18 artean izango da ilbehera. 16 eta 17 ezik beste egunak onak dira baina onenak 12, 13 eta 14
|
Kaixo Jakoba
Tomate landara hauek ditut etxean. Ortuan labdatzeko gogoarekin daudela esango nuke baina gouz da. 5cm lorontzi hoietan beste hilabete bat izango zenituzke? Aguantatuko dute? Arinago landatu? Ez dakit zer egin. Zuk zer egingo zenuke?
Eskerrik asko
Toki
Zalantzarik gabe ezin dituzu egun bat gehiago eduki kartzela horietan. Atera eta birlandatu loreontzietaneman orainduten baino lur dexente gehiago. Ahal baduzu orain arte bizi izan diren toki berean eduki landatu arte. Haundi eta txiki badituzu eta agian onena bi landatualdi egitea litzateke onena. Bi data proposatuko dizkizut eta ahl baduzu egun horietan landatu, bietan eguerdia aurretik: maiatzaren 1 eta 20. Lehenean handienak eta gero besteak. Emango diguzu emaitzen berri...
Arratsalde on.
Lekak ereiteko unerik egokiena zein izango litzake, apirileko hilgora ala maiatzakoa?
Mila esker.
Aurten apirilaren amaieran ere ilgora dugu eta nahi izanez gero aste honetan bertan erein daiteke. Larunbata apirilaren 30 eta igandea maiatzaren 1 oso egun onak izango dira. Maiatzean izango den hurrengo ilgora ere ez da txarra izango.
Zelan uxatu
Hona BIZI BARATZEAn satorrarern atalean agertzen dena:
Satorra harrapatzeko tranpak daude. Beste batzuk kez edo urez betetzen diote satorzuloa, atera arazi eta harrapatzeko. Pazientzia gainezka dutenak munto berriak egiten dituenean aitzurkada emateko zain egoten dira. Askotan satorra akabatu nahiean egiten diren lan hauek bera ernegatzea besterik ez dute lortzen. Eta ondorioa okerragoa da, zulo berriak egingo ditu. Intsusarekin edota tartikuarekin egindako irakinarekin ere betetzen zaiozkio zuloak.
Uxatzeko era errazagoa bada: metro eta erdiko burdinezko hagatxoa erdia lurrean sartu eta lurretik ateratzen den beste erdiaren muturrean, plastikozko botila bat sartu buruz behera. Haizea dabilenean botilak dantza egingo du eta honen mugimendua hagatxoak lurpera eramango du. Mugimendu honek sortzen dituen dardarak ez zaizkio batere gustatzen, eta ospa egingo du.
Arratsalde on.
Pagoa kimatu behar dugu eta jakin nahiko nuke noiz den garairik egokiena horretarako.
Mila esker
Lorea
Pagoa kimatzeko urte sasoi egokiena otsaila edo martxoa da, beti ere ilbeheran. Dagoenerako apirilean gaude eta beraz berandu antzera. Aurten nahitaez egin beharreko inausketa dela uste baduzute ahalik eta azkarren egin. Ilbeheran apirilaren 8, 10:16ean sartuko gara, 21 arte; baina momentu onena 11ean izango da, 13:00 eta 19:oo artean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545