Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba. Duela 2 hilabete, gereziondoa landatu nuen eta, itxuraz, zimeltzen ari da. Zergatik ote da? Nire uztetan gehiegi urestatzearren izan daiteke. Lursaila Araban, Agurainetik gertu dago. Eskerrik asko. Bixente
Nik esango nuke beroarekin sufritzen ari dela. Ura eman, eta eman. Lur horrek daukan itxuragatik erraz alde egingo dio urak. Gehiago laguntzeko inguruan jarri lurgainean ongarri organiko (simaur, luar…) jeruza eder bat, 10 cm lodi edo gehiagokoa, eta hura ureztatu maíz, bero egiten duen egunetan egunero. Lehen urtea du eta sustrairik ez du bere kasa ura topatzeko.
Gaur arte erantzundakoak (283 galdera-erantzun)
Urtero mizpirak orbain beltzez beteta hazten zaizkigu. Aurten fruita gehiena beltz dago. Zuhaitzak itxura ona deko, hostoek be bai. Zer egin daiteke gaitz horren kontra?
Hotzarena dela esango nuke. Abadiño landare tipo horrentzako muga da. Argazkietan ikusten denez izotzari garbi eskainita dauden aleak, hostoen eta adarren gainean erreta daude eta hostoen azpietan ikusten direnak ongi. Eta normala da fruituak erre eta hostoak ondo egotea. Kendu ahalik eta azkarren fruitu horiek eta utzi soilik jateko modukoak izango direla iruditzen zaizkizunak. Nahikoa da izotz polit bat urtero hori gertatzeko beraz zeuk ikusi, agian udazkenean txapela jarri beharko diozu. Eta han atzean somatzen den ahuakateondoarekin ere azti ibili…
Egunon. Jose Miguel de Barandiaran Fundaziotik idazten dizut. Ataunen badugu aranondo bat,Sara Etxearen aurrean. Bere adar bat pitzatu zaio eta ziurrenik moztu beharra dagoela,zuhaitza bera ere okertu da eta. Garairik onena noiz den jakin nahiko genuke, eta geratzen den zuhaitz zatia bizirik jarraituko lukeela uste duzu?
Ez dauka itxura ona aranondo horrek. Urtetsua eta zauritua. Bestetik zauritik antzeman daiteke egurra ere irudituta eta ustelduta dagoela. Ez dauka atarramendu onik. Mozteko sasoi onena berez otsaila da, baina arriskua ikusten baduzue orain, berdetako inausketa sasoian egin daiteke, ekainaren lehen hamabostaldian eta egun onenak ekainaren 5 eta 6 izango dira. Geratzen den zatiaz, onena, badaezpada hagatzea da, zutoinekin eustea, alegia. Eta ez diot etorkizunik ikusten. Hala ere erabaki horiek zuzen hartzeko teknikariren baten bisita eta txostena lirateke egokienak. Hasi pentsatzen ordezkoan. Udazkenean landatzen dira eta bitartean zein barietate nahi den (lehengoa bera, adibidez istorioari jarraipena emateko, edo…), nondik eskuratu eta abar.
Gereziondoa (erantsitako argazkikoa) eta ahukatea (reed barietatea) oparitu berri dizkigute. Lurrera aldatuko ditugu ala ez da sasoirik onena? Landatu behar baditugu, zer egunetan egin beharko genuke?
Ahuakateondoa landatzeko sasoi betean gaude. Ez aldiz gereziondoarentzako. Hala ere pentsatzen dut loreontzian egongo dela eta horrek gauzak errazten ditu. Biak landatu eta aurten bereziki zaindu: beroaldi guztietan ureztatu. Datorren astean lau egun oso egoki datoz: 28, 29, 30 eta 1 (17:00 arte). Ilbeheran izango gara eta sustrai egunak dira.
Gabon!! Baserrian daukagun kiwi landarea arra edo emea den jakitea gustatuko litzaiguke. Jakiteko aukerarik badago? Nola jakin daiteke? Mila esker!
Era seguru bakarra loraldiarena da. Emea loratzen denean lorearen barruan koxkor txiki bat du, gero fruitu alea izango dena. Arrak, berriz, ile luze batzuk ditu mutur zabalxeagoa eta horia dutenak. Arraren loreak denak zimeldu ondoren erori egingo dira eta ez da arrastorik geratuko. Emearenak aldiz, polinizatu ondoren koxkorrak geratzen dira, hazi eta hazi egingo direnak udazkenean biltzeko moduko fruitu izan arte. Loreak ireki direnean tartean arrik ez dagoela sumatzen baduzu, beste nonbaiteko arren baten adarrak ekarri eta astindu polena zabaltzeko. Emerik ez badago ez da fruiturik izango.
Aupa Jakoba!! Gure mahastian asi dira mugitzen landareak, gehienak badatoz, baiño badira bakan batzuk etorriko ez direnak edo itxura hori dute behintzat. Okurrittu zait landare oberenetatik adarrak moztu eta hilda dauden hoietan txertatzea. Eztakit posible litzaken. Hala bada noiz izango litzake hori egiteko garaia? eta hildako landarea txerto zaharretik bera moztu beharko nuke berriz txertatzeko ezta?? Eskerrikasko aldez aurretik eta segui holaxe urte askuan !!
Mahatsondoa nori txertatu da gakoa. Hilda dauden landare horiek erabat hilda al daude, gaineko barietatea eta mentu oina biak hilda? Hala bada ez daukazu nori txertatua. Horietan onena mentu oina izango den landarea orain landatzea da, eta hurrengo urtean txertatu; neguan eta adarreko edo zotzeko txertoarekin. Beste aukera da hilda egotea baina azpiko mentu oina bizirik. Horrela bada, mentu oin horrek altsuma berriak emango ditu, eta horiek utzi egin behar dira, onenak hautatu eta besteak kenduaz bat edo bi utzi. Horiek izango dira hurrengo neguan txertatzeko oinak.
Aupa Jakoba. Apirilleko azken hiru egunetako baten, aguakate batzuk aldatuko dittut. Patroi klonalak dira duke 7 eta hass, bacon eta lamb-hass bariedadeak. Badira sei bat hillabete erosi nittula eta tiestoan pasa duten denbora hau luze xamar itten ari zaiela iruditzen zait. Aldatu eta gero zer egingo nieke bixkortzeko? Eta aurreneko urtean pake xamarren utzi beharko dittut ezta? kimatu gabe etb. esan nahi det... ERskerrikasko
Tokiaren aukeraketa eta guzti hori garbi duzula alde batera utzita. Landatzerakoan egiteko oraindik argitaratu gabe dudan trikimailu bat duzu hau.
Arbolak landatzeko lagungarri oso ona den nahasketa hau prestatu: ontzi batean euri ura jarri eta erantsi trikoderma (onddo lagungarria), mikorrizak eta rizobakteriak (inguruko lurra biziberritzeko), azido humikoak, fulbikoak eta algak (sustraien inguruan bizi diren mikroorganismoak suspertu eta indartzeko). Ondo nahasi eta landatu aurretik sustraiak bertan busti. Errazago itsatsi eta gogatsu haziko da. Soberan duzun likidoarekin landareen oinak ureztatu.
Garrantzitsua da oso ohiko ongarriketa. Jarri landareen inguruan simaurra edo luarra. Ahuakateondoa hazkunde azkarreko landarea, baina baldin eta eskuera nahikoa janari baldin badauka.
Eta bai, lehen urteetan kimaketa ahaztu. Indartzen lagundu eta neguan babestu: enborrak bendatu, goitik soilik babestuko duen txapela bat jarri eta inguru guztian azarorako simaur berri-berria jarri eta neguaren hasieran berritu gehiagorekin. Honela negua epelxeago igaroko dute.
Arratsaldeon, Jakoba. Etxeko aguakate freskoak (izoztu gabe) ahalik eta denbora luzeen jateko, nahiz eta arbolak jada lore betean izan, fruta guztiak kendu beharrean ahal zaizkien aguakateondo helduei ale batzuk utzi geroago jateko, ala horrek arbolaren garapenean kalte egingo dio?
Esan ohi da egokiena loraldia zabaltzerako ale guztiak bilduta edukitzea komeni dela. Nahi baduzu ale gutxi batzuk utzi geroago jateko, baina besteak bildu eta jan egingo nituzke. Horrek esan nahi duena da hurrengo urtean lehenago hasi behar duzula aleak kendu, heldu eta jaten.
Egunon Jakoba. Ibon Azkoititik. Hamen Axkottin 30 bat urte dauzken keixie ihertu eintzitek. Txabola ataxen zaukeat eta aurreko urtetatik ai huan kaxkartzen,onguek zauzkean eta aurten kitto,bate loraik ez. Nahi nukena jakin ze landaketa ein laiketan. Azkar xamar hazikoana itzela eta bista diximulatzeko,eta 4 bat metrotik bera geldiuko litzekena. Eta garai onin nabillen eo berandutxo,ze keixe zarra kendu einberkoiat eta gerri buelta haundi xamarra ta sustraieke eukikotxik. Hire idean eta erantzunaren zai geratze nauk. Ondo izan. Ibon.
Lau metrora geratuko den arbolarik etziok. Aukera bakarra enanizatutakoak dituk eta horiek ezin dituk nolahala tratatu. Nik udareondo bat, edo beste fruitu arbolaren bat jarriko nikek: sagarrondoa, hurritza, irasagarra… Beste aukera ahuakateondoa dek, baina txertatutakoa. Tarteka adar zuzenak moztu beharko dizkiok. Horrek itzala urte guztian eta hostoa galdu gabe disimulatze lanak ederki egingo dizkik.
Entzuna daukat sagastietako belarra ez dela komeni sasoi honetan moztea, polinizatzaileentzat garrantzitsuak diren loreak kentzea dakarrelako. Hala da? Eta noiz da orduan ebakitzeko garairik egokiena?
Sagastiak hemendik hilabete batera loratuko dira, gutxi gorabehera. Loraldi hori igaro arte belazean pixkanaka loratuko diren espezieek polinizatzaileak erakarriko dituzte eta hori ona izan daiteke sagastiarentzako ere. Fruitua izango dela uste baduzu loraldiaren ondoren ebaki. Sagastia gaztea bada eta lore-fruitu esperantza txikia baduzu ez diozu horri begiratu beharrik.
Aguakate landare injertatua erosi nahi det, ze patroi da onena ? Zutano patroia zer moduzkoa da ? Eskerrikasko
Zutano barietatea mentuoin gisa ere erabiltzen da. Bere ezaugarri nagusia sortzen duen sustraije handia da, baina era berean lurreko onddo kaltegarriei aurre egiteko ahul antzekoa da. Nire iritziz toki eta lur hezean bizi behar badu hobe da beste mentuoin bat aukeratzea, adibidez Dusa edo Duke 7.
Kaixo Uste dut dagoeneko berandu gabiltzala adarrak kimatzeko. Galdetu nahi nizun, ea merezi duen berandu izan arren orain kimatzea ala ez. Eskerrik asko eta hurrengo arte.
Ez zabiltzate inolaz ere berandu. Hobe da geroxeago, azkarregi baino. Izerdia mugitua duenean egitea komeni da inausketa. Izerdia ateratzen denean zauria errazago itxiko du.
Kaixo Jagoba. Mahatsaren poda burutzeko asteazken goizetik larunbatera bitartean apuntatuta daukat egun gomendagarri bezala. Nire ideia da gaur arratsaldean egitea baina eguraldi honekin... Zer lehenetsiko dut? Eguraldia ala egun gomendagarriak? Euriarekin podatu daiteke? Eskerrik asko
Nik egunei eutsiko nieke ahal bada. Hala ere 11 arte ilbehera da. Hobeak dira 7 artekoak baina 11 artekoak ere ez dira txarrak. Euritan ere lasai asko inausi. Mahatsondoak baino gehiago sufrituko duzu zuk.
Kaixo berriro ere Jakoba, Lehenengo eskerrak eman lehengo egunean erantzuteagatik baiña gustatuko litzaidake jakitea apirilean zeintzuk diren egun aproposak sagardoa enbotellatzeko. Mila mila esker Jakoba!!!
Botilaratzea ilbeheran egin behar da eta ahal izanez gero sustrai egunean. Apirilean ilbehera 1etk 7ra izango da eta 21 eguerditik maiatzaren 5 eguerdira. Sustrai egunak hauek izango dira: apirilaren 1, 28, 29 eta 30erta maiatzaren 1 (17:00 arte).
Kaixo, Jakoba. Gasteiztik hurbil hainbat frutarbola ditut. Gereziondo eta aranondoak altuegiak egiten ari dira eta puntak kimatu nahiko nizkieke, baina entzun dut ez dela hezurdun fruituen arbolak kimatzea komeni... Zer gomendatuko zenidake? Eta kimatzekotan noiz litzateke garairik onena? Bestalde sagarrondoak, madariondoak etab. kimatzeko zeintzuk dira egunik aproposenak? Mila esker!
Hezurdunak ez kimatzea da onena. Gaitzak erraz harrapatzen dituzte eta hori ekiditeko egokiena horrela da. Nahi baduzu ilgoran hartu adarrak era okertu, makurtuarazi. Horrela indarra galtzen dute eta fruitua ematera joko dute. Sagarrondo eta madariondoak izerdi berria etortzen denean, martxoko ilbeheran, eta ahal baduzu sustrai egunetan (aurten 4, 5 goiza, 6 eta 7) eta berdin gorako adarrak ez kendu, adar zurgatzaile edo txupoi gehiago ateratzea eta fruitu gutxiago ematea nahi ea baduzu…
Kaixo Jakoba, Zer moduz? Lehengo urtean bezala galdera bat egin nahiko nizuke. Sagardoa embotellatzeko zein da egun aproposa? Mila esker
Aurten martxoaren 4, 5, 6 eta 7 izango dira.
Kaixo. Badakit pistatxo landareak urtero kimatzen dituztela. Nere galdera da ea mahats landarak bezala beharra dutelako den edo produkzioa eta ustiaketari begira egindako ekintza den. Nafarroan dauzkat dozena bat landara eta ez dakit nola jokatu. Mila esker eta aioooo¡¡¡¡
Fruitu arbola guztietan bezala ohiko kimateka lanak arbolak ekoizpen handiagoa emateko helburua dute, nagusiki; bide horretan baita ere forma, eusteko gaitasuna eta abar nahi dira lortu. Ez baduzu bide horretan eta bere lanetan sartu, hasieran forma irekia eman, enborreko altsumak kendu eta kitto. Aurrerantzean elkar jotzen duten adarrak, ihartutakoak eta abar kendu beharko dituzu.
Egun on. Urtero negua bukatzean pikondoak kimatzen ditut azken urteko adarrak. Aurten puntetan erne muinak bota dituzte, konturatu orduko. Ahal ditut kimatu hala ere, ala hurren urte arte itxaron.
Kimatu lasai. Hobe da izerdia mugituta dagoenean kimatzea, izerdi horrek zauriak azkarrago itxiko ditu. Inausketa udazkenean edo neguan egiten denean sortzen da arazoa, zauria udaberrira arte irekita egongo da, eta batez ere pikondoa bezalakoetan, adarra barrutik hutsa dutenetan. Nahi baduzu adarrak ugaltzeko erabili, lurrean zulo luze bat egin aitzurrarekin eta muturra bistan utziz adarra bere luzera osoan sartu. Zanpatu eta lehen udan ureztatu. Oso erraz itsasten da.
Kaixo atsaldeon!!! Mugurdi saila kimatzeko garaiz al nailek??? Ta ze komeni dek, azpi azpitik ebaitzea eo erdiparetio??? Adar luze eta arku estilokoak dituzte fruta eman zuteneko pisuak eragindakoak. Aio ta aldez aurretik eskerrikasko!!!
Ez habil ez berandu. Hurrengo ilbehera aprobetxatu eta sustrai egunak badituk hobe. Martxoaren 4, 5, 6 eta 7 alegia. Mugurdi ezagunen eta hedatuenen inausketa sinple samarra dek: iaz fruitua eman ziteken adar luzeak okertuta egongo dituk. Horiek behe-behetik moztu eta adar berri gazteak osorik utzi. Behetik moztutakoek adar indartsuak emango dizkitek, muturrean loratu eta fruituekin jantziko ditukenak.
"Sagar loreak heldu dio" esapidea zuzena da loretik fruiturako urratsa eman duela esateko? (Oiartzunen erabiltzen dugu baina...Kazkabar erasoarekin lorea ez dela galdu adierazteko, adibidez)
Bai, bai. Nire iritziz ondo esana dago. Eta ederki adierazten du gertatzen dena.
Aupa egunon Jakoba!! Zikatrizatzeko pasta erosita naukan datorren hillean mahatsak eta mizpirak kimatu ondoren emateko. Zuk etzenieke pastaik emango?? Eta zertarako da egokia pasta hori? Eskerrikasko
Inausketan eragindako zauriak orbainarazteko pasta ez erabiltzea da onena. Pasta horrek, itxuraz, zauria babestu egingo du, baina benetan gertatzen dena hauxe da: pasta horrek ez dio landareari bere kabuz, bere izerdiarekin orbaina egin eta zauria ixten. Era berean, irekita jarraitzen duen zauriaren gainean pasta gogortu eta zakartu egingo da, eta pasta eta zauriaren artean hezetasuna sartu eta berarekin gaitzak sartzea ahalbideratu eta sustatuko du. Pasta orbaintzailea ez genuke inoiz erabili behar. Gakoa ebakia noiz eta nola egin da. Noiz egin: beti landarea izerdia mugitzen ari denean, sekula ez udazkenean edo neguaren hasieran, izerdirik gabe zauria irekita eta bistan. Ebakiaren formaren arabera zauria laster batean itxiko da edo sekula ez eta egurrean barrena luzatuko den zuloa bihurtuko da, gaitzak eta izurriteak sustraietaraino sartzeko atea irekiaz eta erraztasun guztiak antolatuaz.
Egun on Jakoba! Etxebarri BHI eskolan fruta arbolak jarri ditugu eta izenak jarri nahi dizkiegu euskeraz, gazteleraz eta latinez. Kontua da, euskeratzerakoan, zalantzak ditugula. Laguntzerik bai? Batez ere fruta bakoitzaren mota edo klase desberdinak espezifikatzerakoan ditugu arazoak (adib: cereza pikota=Gereziondo...). Hona hemen fruta arbolen zerrenda bat pdf-an. Milesker zure eskuzabaltasunarengatik!
Erabaki batzuk hartu behar dituzue:
1.- Izenak artikuluarekin edo gabe, baina denak berdin: intxaurrondo edo intxaurrondoa.
2.- Aldaerak edo barietateak beti kakotxa artean jarriko nituzke Gereziondoa “Burlat”
3.- Ordena erabaki “Konferentzia” madaria edo Madaria “Konferentzia.
Bestetik:
4.- Aldaera denei jarri, albertxikondoak ez du, Albertxikokondoa “Canina”, edo abrikotondoa. Biak ondo.
5.- Mandarinondo clementina ez, Klementinondoa, Clementina, Citrus x clementina.
6.- Irasagarrondoa “Portugalgo erraldoia”
7.- Sagarrondoa “Errege sagarren erregina”, Manzano “Reina de reinetas”
8.- Sagarrondoa “Errege sagar grisa”
9.- Pikondoa “Uztapikoa”
10.- Almendrondoa edop arbendolondoa bitan ageri da, barietate bera.
11.- Nogal común ez, nogal.
12.- Hirugarren zutabean latinez jartzen dezute, ez da latinez, “izen zientifikoa” baizik.
13.- Izen zientifikoak idazteko arauak oso zorrotzak dira:
* Lehen izena generoa da eta beti letra larriz hasten da.
* Bigarren izena espeziea da eta letra arruntaz hasten da, ez larriz.
* Beti letra etzanez idazten dira Prunus avium, adibidez.
Mahatsa daukat terrazan, itzala egitea da helburua. Noiz podatu beharra daukat?
Mahatsondoa martxoan inausten da. Onena ilbeheran eta sustrai egunean. Aurten martxoaren 4, 5 goiza, 6 eta 7.
Aupa egunon Jakoba!! Mizpira bat daukat, aspaldi kasoik in gabe eta itsusi samarra, arbola fuertea dago eta aurten kimaketa on bat egin nahi nioke txukuntze aldea. Noiz izango litzateke egun aproposena? Eta adar haundi xamarrak moztu behar dizkiot eta heridan pastan bat edo ematea komeni da?? Mizpira hau Adunan dago hegomendebalderantz orientatuta. Esangoiazu. Ondoizan eta eskerrikasko.
Inausketa egiteko sasoi onena izerdi berriaren mugimendua da, martxoa. Ilbehera eta sustrai egunak egokienak. Aurten martxoko ilbeherak 1etik 11ra eta 25etik atzera izango dira. Sustrai egunak 4, 5 goiza, 6 eta 7 izango dira. Zauriak ondo egigtea da gakoa, eta sekula ez eman pasta orbaintzailerik, kalte besterik ez dute egiten: orbaina ondo egitea galarazi eta gaitzak zauritik sartzeko aukerak handitu.
Kaixo Jakoba, Tolosako landare azokan ahabia eta mugurdi horia erosi ditut. Orain aldatu daitezke? Edo oraindik izotz arriskua egon daiteke eta itxoitea hobe? Ilbeheran komeni da ez? Ahabiari buruz irakurri dut, baina mugurdi horiari buruz ezer gutxi dakit. Zer eduki beharko nuke kontutan? Fruituak noizko izango ditugu?
Orain landatzea komeni da. Hostoa galtzen dute eta otsailean egin, beranduenera martxoa erdirako. Ilbeheran egitea da egokiena, bai. Ahabia eta mugurdia berdin zaindu. Eguzkia tamainan, mugurdiak gehixeago jasan dezake. Ongarria urtero eman. Karerik ez eman, lur azidoa atsegin dute eta. Ahabia azkar hasten da ematen agian baita lehen urtean ere. Mugurdiak 2-3 urte beharko ditu.
Kaixo Jakoba, horietako bi ditut asko handitzen ari dira eta inoiz ez dakit noiz kimatu behar diren. Fruitua udan hasieran ematen dute, ekain--uztailean; horren ondoren, agian? Mila esker
Bai, egokiena fruitua eman ondoren. Izerditan dagoela onena. Hala ere ez da asko kimatu beharreko fruitu arbola. Kimatzen duzun eran fruitua emateari utziko diote. Beraz kontuz, asko ez moztu…
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545