Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo, Barrido kareagaz bueltaka. Orain kipulak jaso dodaz, arlo zati hori berri landa tu baiño aurretik karea bota beharko neunke eta hilabete (hilargi bat) ondoren lur ongarria?? Hau da, prozesu hau behin eta berriz errepikatu behar da? Bestetik, noiz da Ilena landatzeko sasoia? Eskerrik asko! Garikoitz Leitza Ozaeta
Ongarriketa nagusia udazkenean egiten da, eta orduan errespetatu behar da karea eta ongarri organikoa emateko tarte hori. Kipularen alor hori ongarritu gabe egon bada orain ongarritu dezakezu, edo soilik ongarri organikoa (satsa, luarra…) eman. Eta udazken neguan bien ongarriketara bueltatu, organikoa + karea.
Ilena landatu ahalik eta azkarren. Udaberrian komeni da landatzea. Hurrengorako gogoan izan. Orain arte egin ez baduzu jarri ahal duzun azkarren.
Gaur arte erantzundakoak (507 galdera-erantzun)
Atsalde on Jakoba, KUIATXOAK: Kuiak horitzen hasi dira. Lehen aleak onak eman zituen baina orain daudenak ounta mehe eta horitzen ari dira. Zergatik izan daikete? Beroa? Ur gutxiegi? Satza bora izan diet. Zer egin? Nola horitsauna ekiditu? TOMATEAK Lehen aleak gorritzen hasi dira. Ze pena azpia begiratu eta marroi ikusterakoan? Zer da gaixotasunen bat? Zer egin genezake? IKusi argazkiak mesedez. Mila esker eta gogor segi
Nire ustez kaltzio falta da. Bietan gauza bera gertatzen ari da. Uraren estresa medio, hau da orain ur asko, gero gutxi, gero batez, gero ikaragarri… Horrek lurreko kaltzioaren asimilazioari eta landare guztira banatzeko garraioari eragiten die. Izan daiteke uraren estresari lurrean kaltzio falta izatea erantsi beharra. Karea ematen al diozu? Edo beste zerbait kaltzioarekin ongarritzeko. Hori ondo zaindu beharra dago. Nahi baduzu lur gainean karea zabaldu eta gero sakon-sakon ureztatu. Hurrengo urterako gogoan izan udazken-neguan ongarritzen duzunean simaur-sats-luarrarekin ongarritu baina baita karearekin, 150-200 gr/m2. Bi ongarriketen tartea gutxienez ilargi bat, hilabete bat. Kuiatxoetan arazo antzekoa etorri daiteke polinizazioa kaxkarra delako horrelakoetan lore arra hartu eta eskuz polinizatu behar dira emeak. Hala ere kasu honetan uste dut bi arazoak bat direla, kaltzioarena.
Egunon! Inguruan dauden landare desberdin hauek, argazkietan agertzen diren bezala jarri dira 2/3 egunetan. Beste guztiak ondo daude! Ur gehiegi bota zaiela irakurri dut, baina arraroa da, denak berdin ureztatzen ditugu eta. Gainera tomate landarea ez da ureztatzen. Eskerrikasko zuen lanagatik!!!;;;;
Nik esango nuke bereziki landare gutxi horiek ur gehiago behar dutela. Ez dakit bere kokapena besteekiko nolakoa den, baina nire ustez egarri bizia dute. Eman ura ondo: goizez, egunsentia aldera, ura asko sakon beheraino joan dadin, ez gutxi eta maiz (hori okerrena da).
Tomateetan hosto batzuk argazkian bezala ageri dira.Hosto horiek kendu eta erre ditut.Horrez gain ,tomate fruitu batzuk mantxa boribil marrixka zeukaten.Horrek ere erretiratu nituen.Gaixoa da?Zer egin dezaket?.Eskerrik asko.
Nik uste dut hosto horietan agertzen diren orbain gorri horiek erredurak direla. Tomate aleetakoak ikusita errazago litzateke arazoa ikustea, baina ez dut uste gaitza denik, eguzki kolpea baizik.
Egunon! Tomatei lehengo asteako berón ondoren,loratan zeona ihartu egin zait lorea baino tomatea agertu ez, hosto batzuk kolore hau daukate, argazkian ikusten da. Besteak Ondo daude. Baina ale gehio espero nituen Aste hontan eta lorea ihartuta ezin tomatea atera. Zin dizut argazki bat baino gehio bidali eta bi bidali nahi dizkizut, tomate lorea nola ihartu den bata, eta bestea, hosto batzuk nola dauden.Zergatik ote? Iratxe
Izan dugun beroaldi horrekin lorea galtzea ez da harritzekoa. Argazkiko tomate landareari ez diot aparteko ezer ikusten, kolorea normala da eta ageri den gauza bakarra da inausi beharreko hostoaren oineko kimua kendu gabe dagoela eta oso handia da. Horiei ez zaie hainbeste handitzen utzi behar, bestela inausketa zauria gero oso handia izango da. Kontuz.
Kaixo, Jakoba! Hiru kuiatxo landare ditut jarrita, dagoeneko handituta eta kuiatxoak ematen hasiak. Ordea, hiruetako bat guztiz erorita topatu dut, argazkian ikusten den moduan. Beste biak, aldiz, ondo daude. Zein izan daiteke arazoa?
Nik esango nuke lurpeko erasoren bat izan dela. Saiatu hosto guztiei heldu eta gora tira eta ea libre dagoen. Sustraiak edo sustrai batzuk jan eta moztuta egotea ez harritu. Hala bada, ondo zaindu eta hor azpian zer dabilen arakatu, gainontzean aldamenekoak ere atarramentu bera izan dezakete…
Egun on Jakoba! Helda leken landareak xelebre ditugu aurten baina ez dakigu zer den, hostoak okertuta/kizkurtuta eta tontortxo berde ilunekin bezala aterea dira (ez denak) eta ez dakigu zergatik den. Bestalde, kilo pare bat jaso ondoren (3m inguruko sarean) ez dugu lore gehiagorik, nolabait bultza daiteke lore gehiago produzitzea? Eskerrik asko!
Nire ustez akaro bat edo birus bat da. Inola ere ez bata ez bestea ezin dira tratatu eta garbitu; aldiz, oso kutsakorrak dira. Hartu hori duten landare guztiak, ipurditik atera eta erre.
Kaixo Jagoba: Egun hauetan, landaketa berriak egin ahala, lurrak txingurriz josia daukagula onartu gara. Zein izan daiteke konponbidea?landareei bacylus botatzea? Azeri buztana? Osina?
Begira aurtengo “Ilargia eta Landareak 2026” agendan argitara eman genuen trikimailua:
Txortaloa txingurriak uxatzeko
Txortaloak (Mentha pulegium) txingurriak uxatzen ditu, mendafinak bezala. Bien usaina ez zaie gustatzen. Beraz, txingurriek kalte egiten duten tokian edo zorriak ez izateko fruitu arbolen inguruan txortaloa landatu. Lur hezeetan txortaloa mendafina baino hobe da. Honek, gainera, erleak erakartzen ditu.
Beste hau txingurriak non dabiltzan eta zein landareetara igotzen diren ikusi eta haietan tratamendua egiteko:
Landareetako inurriak ezabatzeko irtenbide natural bat da ondorengo hau.
Nahastu 10 ml ozpin zuri litro 1 uretan eta ontzi-garbigailu xaboia tanta batzuekin.
Ihinztatu intsektuetan, ukitu ahala berehala hilko dira. Errepikatu prozesua inurriak ezabatu arte.
Kaixo, Kalabazin eder bat jaso dut baina gehiago ateatzea edo jaio direnak handitzea asko kostatzen ari zaio. Zer izan daiteke? Mila esker
Arrazoi ugari izan daiteke. Hasteko beroa eta lehortea. Horrek ez dio polinizazioari batere laguntzen. Ezta euri egunek ere. Polinizazio xelebrea dute kuiatxoek: alde batetik lore arrak eta bestetik emeak dituzte eta polena kakalardoek eramaten dute. Badaezpada zeuk egin polinizazioa. Hartu txorten mehe baten muturrean zabaldutako loreak eta azpian kuiatxo txiki potxoloa duten loreetan igurtzi. Lehenak arrak dira, bigarrenak emeak. Hori bi-hiru egunero egin. Ea ugaltzen den uzta.
Egun on Jagoba, lagun batek bidali deust argazki hau, ikusten dozunez oso txikiak hasi jakoz tomateak. Kristalezko hormak daukozen gela batean daukoz, loreontzi haundietan, beroa bai baina ondo aireztatuta. 6 landara inguru daukoz eta danak dauke ale txikiak. Zergaitik hasi dira hain txikiak? Ongarri falta izan leike?
Arazoa landare guztietan azaltzen bada, oinarrizko akatsa dagoela esan nahi du. Loreontziaren tamaina, agian. Tomateak gutxienez 20 litroko loreontzia behar du, gutxienez. Handiagoa bada hobe. Beste aukera lorontzian dagoen lurraren kalitatea da. Tomateak jaki asko behar du, fruitua eskatzen diogu eta horretarako ziklo osoa bete behar du… Eman ongarria astero. Eskuratu nitrogeno gutxi eta fosforoa eta potasioa ugari duen zerbait eta ureztaketa urarekin nahasita eman.
Piper txorizeroaren zurtoin oina marroituta eta landarea zimelduta. Phytophthora capsici izan leike? Zer egin geinke? Landare barriak jarri ezkero bardin-bardin kaltetuko dira?
Izan daiteke, edo lurreko beste onddoren bat. Seguruenera uraren erabilera desegokiagatik ugalduko zen. Maizegi ureztatzea izan daiteke arrazoia. Landarea jarri aurretik ondo, sakon busti saila eta gero oso noizean behin ureztatu eta inola ere landareak busti gabe.
Kaixo Jakoba, Tomate-landareekin arazo bat daukat eta zure iritzia jakin nahiko nuke. Duela hiru aste 15 tomate-landare landatu genituen baratzean. Lurra drainatze onekoa da, ez da buztintsua, eta landatu ondoren landare bakoitzari bi egunez behin bi litro ur inguru eman dizkiogu. Hasieran gehiegi ureztatu ote genituen pentsatu nuen, eta azken egunotan 15 landaretatik 4 hil dira. Hildako landareak ez zeuden batera, sakabanatuta zeuden. Zurtoina lurrarekin elkartzen den tokian kalte handiak ikusi ditut: zurtoina zurbil eta hondatuta dago, eta sustraien inguruan eta lastoaren artean zuntz edo onddo zuri moduko batzuk agertu dira. Sustraiak, ordea, ez dira oso ustelduta edo beltz ikusten. Beste tomate-landare batzuk oraingoz osasuntsu dirudite. Zure ustez zer izan daiteke arazoa? Onddo bat izan daiteke? Kobrezko fungizida ematea gomendatuko zenukete? Eskerrik asko aldez aurretik.
Ulertzen dudanez, landareei azpiak egin dizkiezu lastoarekin. Hori Euskal Herri hezean ez da batere egokia, baldin eta lur oso lehorrean ez badaude. Hori eta hainbeste ur emateak sortu du lepo aldeko onddoen eraso bortitz hori. Utzi ureztatzeari eta kendu lastoa landareen ingurutik. Eguzkiak landare guztia eta bere inguruko berotu ditzala, berotu eta lehortu. Horra irtenbidea: onddoei behar-beharrezkoa duten hezetasuna kentzea.
Aupa! Gure baratzean, Errekalden (Añorgan), piper min exotiko lerrokada bat jarri dugu (naga, habanero, etab. motatakoak). Baratzara aldatzerakoan jada nahiko haundik zian eta itxura ona zekaten. Aldatu eta astebetera hostoak janda agertzen hasi zian, eta horrela gertatzen ari da gaur egunera arte. Bisitari honi ez diogu bare itxurarik hartzen. Ar mota bat dela pentsatzen dugu, nahiz eta hostoak harakatzean ez dugun aurkitzen. Pasa den astean eskura genuen etxean egindako baratxuri salda bota genien baina ez dugu emaitza positiborik lortu. Ea laundu gaitzakezun. P.D.: letxugek ere bisitari bat izan dute, posible al da bareaz aparte arrak ere erasotzea? Mila esker!
Nik esango nuke B&B gure lagun parearen azaña dela, barraskilo eta bareena, alegia. Gauez egin bisitak, maiz- maiz linterna hartuta eta ondo miatu. Bareak txiki-txikiak izan daitezke, bare-xixak, alegia. Harrak baldin badira, erraz ikusten dira, piperretan bezala letxugetan.
Aupa artistie!! Zenbat ureztatu bidire piperrak? Eta ureztaketa tartie Eta tomatiek? Nik tomatiek astien behin, ondo.
Morgan bizi dira,Eeskerika auzoan, Bizkargiko maldetan.
Batzuk negutegi barrun eta beste batzuk kanpun
Mila esker eta pozik bizi!!
Mila esker eta pozik bizi!!
Kanpokoak ahal duzun gutxiena. Piperrak eta tomateak berdintsu. Ureztatzen duzunean landareak ez zirripiztindu, eta beti ureztaketa goizean goiz egin. Txikiak badira, oraindik ongi itsatsi eta sustraitu gabe badaude ureztatu. Negutegikoak bai, tarteka ureztatu beharko dituzu. Beti kontutan izan behar duzuna da hobe dela ureztaketa sakon bat egitea astean behin, eta ez egunero edo bi egunetik behin ur pixka bat ematea. Ura azpian bada sustraiak luzatuko dira eta landarea zailduagoa izango da.
Egunon Jakoba! Ortuko lanetan berria naiz baina oso gustura ari naiz. Iaz hasi nintzen eta aurten "harrotasun" guztiaz landatu ditudan tomateak nik ereindako hasitik lortu ditut, baina....kezkatuta nago ematen ari diren lorengatik, oso haundiak eta ezberdinak bait dira. Denetik esan, didate...ez zaidala beste lotarik irtengo....ez dakit lore hoiek kendu behar diren, ala.... Es laguntzen didazun! Milesker Loli
Hazien jatorriaren arabera izaten dira gero sortutako landarearen ezaugarriak. Lore horiek bereziki handiak dira, baina horrek ez du esan nahi antzuak direnik; hortik datozen fruituak nolakoak diren ez dakigu. Nik ez nituzke kenduko eta seguru lore berriak etorriko direla.
Tipula ta baratzuria jasotzeko moduan dude, egunin onenak noiz izango dira
Ilbehera da sasoi onena, luze iraun dezaten. Ilbehera ekainaren 15 etik 28ra arte izango da. Ilbehera horretan egun onenak sustrai egunak dira, 21 arratsaldea, 22, 23 eta 24.
Kaixo! Aurreko urteko arazo berdinarekin gabiltza Donostiko baratzan, kalabazin txurien landareak pozik dabiltza fruituak ematen baina ondoan dauden kalabazin berdeek ez dute apenas ezer (lorea bai, badute, bai arra eta emea...). Aurreko urtean uste genuen landare gutxiegi zirelako izan zitekeela, aurten badaezpada 4 jarri ditugu bakoitzetik eta berdin gabiltza, zer izan daiteke?
Arraroa da oso, izan ere arazoa polinizazioa izan daiteke, baina batzuek bai eta besteek ez… Landarea kanpotik ekarria bada, galdetu saltzaileari zein barietatea den, etorkizunean hori ez hartzeko. Egin dezakezuena da eskuz polinizatzea: hartu lore arrak, petalo horiak kendu eta erdiko muturtxo hori lore emeetan pasa. Bi-hiru egunetik behin egin lan hori, ea horrela konpontzen den.
Noiz atera beharko nuke tipulina, ilberan edo ilgoran?? Segituan jateko eta aurrerako?? Eta patata?? Eskerrik asko aldez aurretik
Bien kasuan erreserbak erabiliko ditugu, beraz berdin da segituan jateko edo jasotzeko izan, bi kasuetan ilbeheran ateratzea komeni zaizu.
Itaia esate zaion bainak erderaz nola izena du ? Eskerrikasko
Gazteleraz izen bat baino gehiago ditu. Bi aldaera dira ezagunenak, Perona eta Bachoqueta. Azken horri ferradura edo herradura, bajoqueta eta bajoca ere esaten zaio.
Azenarioak, edota daykon arbiak, landatu edota ereiteko, nola prestatu behar da lurra? Ze, alde batetik, sarritan esaten duzu ez dela komeni lurraren geruzak hondatzea, eta, hortaz, nahikoa dela laiarekin-edo lurra apur bat harrotzea. Baina horrela, nik behintzat, ez dut lortzen lurra guztiz soltea edukitzea, azenarioek-eta behar duten moduan. Bestaldetik, lurra guztiz soltea edukitzeko, argi dago errazena rotabatorra pasatzea dela, edo, bestela, eskuz eta atxurrarekin jo ta ke landu. Baina, jakina, kasu horretan, lurraren geruzak erabat hondatzen dira. Zein da zure aholkua?
Toki bakoitzeko lurraren arabera landu beharko da. Komeni da lur harroa izatea, baina horrek ez du esan nahi irauli eta landu behar dugunik. Ezagutu behar dugu lurrazal beltzaren geruza zenbaiterainokoa den, eta hori landu. Errotabatorea ez da berez txarra, bere erabilera bai, desegokia izan daiteke. Errotabatorea erabiltzekotan ez behera bultzaka eraman, berez sakontzen duen tarte hori landu. Lurra berez harrotzea litzateke onena, hondakin organikoak, lur ustela, hondarra, karea, errautsa eta abar erantsiaz. Lurraren maila altxatzea ere ona da lehortu eta harrotu egiten da.
Aupa jakoba, Buruan nuen artoa, babarruna eta kalabaza leku berean jartzea, asociación precolombina esaten duten hori. Ikusi dut zuk esan duzula aste hau dela egokia eta azken aukera hauek ereiteko. Artoa gaur goizean erein dut, orain ez dakit babarruna eta kalabaza noiz erein. Artoarekin froga egin nuen etxean eta gutxi germinatu zitzaizkidan, ez dakit arrazoia, ea lurrean ondo doan!! Beraz, jakin nahi dudana da ea zenbat eguneko tartearekin erein behar diren. Eskerrik asko eta besarkada bat.
Babarruna ereiteko garaia artoak erakutsiko dizu. Artoak 20-25 cm luzatu denean orduan erein. Kuiak edo kalabazak dagoenerako nahi duzunean. Soroaren inguruan ereiten dira. Onena biziko diren toki berean ereitea da. Beste aukera loreontzietan erein eta gero 3-4 hostoko landare koxkorra denean lurrera eraman.
Aupa, Jakoba. Tomateak daukadaz negutegian. Etxeko klasea da, aspalditik datorrena. Esango dodana aurtengo problemea be bada, baina ez da aurtengo kontua bakarrik, atzenengo 4 bat urtean beti bera izan da endredoa-edo. Tomateak plantau eta ondo hasten dira hazten. Baina 30 bat cm direnean, eta hortik gora, goiko partea, puntatxoa (10-15 bat cm-ko tartean) urdindu egiten jake, eta bigun itxurea hartuten dabe. Ez da onddo bat edo holangorik; landarearen goialdea bera txotxatu legez egiten da. Beheragoko orriak berdeago (baltzago) dagoz eta itxura normalean. Gero, hazi hazten da landarea, eta gero tomateak izaten ditu, baina bitarte honetan zeozer ez dago normal. Urtero bardin. Argazkian ikusten da lehenengo planokoa legez atzekoak antzera dagozala. Eta behealdeko orriak berde eta ondo. Kontua lurretik-edo datorrela nago. Ongarritzat etxeko sats zaharra eta erositako konpost-garaua erabiltzen dut (aurten gehien-gehiena satsa). Probatuta nago ur gitxiagogaz eta holango aldaketak eginez, baina ez dago modurik. Ea zer dinozun. Eskerrik asko.
Tomate klase horretako guztiekin gertatzen da. Aurten negutegian ez daukat klase hori baino. Osteratzean kerexa-tomate luzanga batzuk izaten dodaz, 3-4 gehienez, eta klase horretan ez da besteena pasetan.
Kontua ez da "indarberritzen" dala, kontua da gora egin ahala beheko zatia normal dagoela eta goiko punta hori urdin eta ahul. Lora batzuk be galdu egiten dira tarte horretan.
Lagun batzuri emonda nago landarea eta eurenean ez dago problema hori.
Ea jarraibideren bat daukozun. Bestela, ez apurtu bururik; egingo dodaz pruebak eta igual inoz aurkituko dot arrazoia.
Eskerrik asko eta ondo izan.
Juanjo
Nik bi arrazoi izan daitezkeela pentsatzen dut. Bata ura, uraren gorabeherak. Gaur ur asko, eta egun batzuetan gutxi, eta estresak jotzen du. Bero handiak gorabehera horretan eragiten du. Itsasaldeko baratze batean bizi badira ez ureztatu batere. Bero handiren bat bada orduan sakoneko ureztaketa on bat eman eta kitto. Beste arrazoia ongarri desoreka izan daiteke. Sats gehiegi, adibidez. Horrek muturra ahultzea dakar; hazi egingo da, baina arazo hori azaldu daiteke eta horrek zorriak eta abarren erasoak ere ekar ditzake. Tomateari karea gustatzen zaio. Urtero eman, kare bizia eta koxkorrean. Satsa gutxixeago eta hilabete lehenago edo ondoren karea. Aspaldi karea usaindu gabeko lurra bada metro kuadroko 200 gr. Bigarren urtean 150 gr eta hortik atzera urtero 100 gr. Orain ere tomate landareen artean karea zabaldu dezakezu lurrazalean, landareak ukitu gabe
Kaixo Jakoba! Baina ereinteko,ze egun diren egokiak jakin nahi nuke. Besterik gabe,agur bat.
Egun onak ilgorakoak dira eta ahal bada fruitu egunak. Ekainean 2, 3, 4 goiza, 11 arratsaldea eta 12 izango dira.
Kaixo: Etxeko terrazan loreontzian marrubiak landatu ditut aurten. Landarea ondo dagoela ematen du, baina loreak ateratzean gehienak zimeldu egiten dira fruitua ematerako. Zergatik izan daiteke? Hostoak ere oso haundiak direla iruditzen zait... Eskerrik asko
Argazkian ikusten dire loreetako batekm fruitu ale ederra dakar. Besteak oraindik ttiki daude eta zer letorkeen ezin esan da. Agian lehor tarteren bat izan dute eta horrek zapuztu du orduan irekita zegoen lorea. Maiz ureztatu, bero sapagatik behar izanez gero egunero.
Kaixo, Jakoba. Argazki bat bidaltzen dizut, non albahaka landarea intsektu txuri batzuz beteta agertzen den. Piperretan ere gertatu zaigu. Balkoian genituen landare guztiak. Zer egin dezakegu tratatzeko, eta baratzera eraman ditzakegu horrela egonda, edo beste landaratara pasatzeko arriskua dago? Milesker
Euli txuria da. Garbitzeko era onena xaboi potasikoa erabiltzea da. Ihinztagailu batean ura jarri eta xaboi potasiko ttantta bat ondo nahasi. Egunero busti goi eta behe, ezker eta eskubi eta laster desagertuko da. Baratzera eraman aurretik garbitu eta han besteren batean agertzen bada berdin tratatu.
Egun on Betidanik izan ditugu azelgak ortuan, azken urteotan baina, ezin ganorazko alerik jaso. Egunak luzatzen hasten direnean inurriak eta haiekin natera zorriak agertzen dira. Saiaru gara xaboiarekin etab. Ezinean gabiltza.
Zerba asko gustatzen zaie zorriei. Inurriak zorriak ibiltzen dituzte batetik bestera eta gustuko duten landarean koloniak sortzen dituzte bere mesederako lan egin dezaten. Zorriak eztena ziztatuz izerdi gozoa ateratzen diote landareari eta haren hondarrak baliatuko dituzte inurriek. Zerba samurrak bilatzen dituzte eta horiek ongarri gehiena jaso dutenak izaten dira. Hasteko ongarri gutxiago eman edo batere ez. Probatu urte batean ongarririk eman gabeko sailean jartzera, gehienez ere karea edo surtako hautsa emanda. Bestetik zorri beltz multzo horiek ikusten hasi ordurako landare hori kendu, ugalketa oztopatzeko. Eta ezin bada kontrolatu tratatu. Xaboi potasikoarekin tratatzea nahikoa izaten da, jeneralean. Baina tratamendua zorrotz egin behar da: landare guzti guztia busti behar da, benetan landarea ez baita busti behar, zorriak baizik, tratamenduak bere gorputza kutsatu behar du ez landarea eta horretarako zirrikitu guztiak ondo busti behar dira. Zorri asko badago 3-4 egunetik behin. Hala ere ezin kontrolatu badira berdin tratatu baina xaboiari Bacillus thuringiensis eta Neem erantsi.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545