Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Loreontzien lurra noiz aldatu
2021-04-06 14:26 | Socorro Jimenez

Eguardi ón Jakoba!!!

Nere galdera da hiedrai nai nuke lurra aldatu, noiz izanen tzen egun egokia?? 

Senarrak erraten nau ilbeheran in behar direla...

Xoko Urdazubi tik..

Milesker..


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-04-07 10:13

Orain oso garai hona da lan honetarako. Sustrai berriak ematen hasita daude eta lur berria badute alde ederreko kemenarekin haziko dira. Hala ere aurreko hilabetean, martxoan eginez gero hobe. Giroak agintzen du. Hurrengo urteetan gogoan izan. Giroa epeltzen bada, martxoan egin.

Ilbeheran hobe, zalantzarik gabe.

Gaur arte erantzundakoak (111 galdera-erantzun)

Gorostia jaso dot eta ez dauka itxura politik. Goikaldea desitxuratua baina behekaldea uste dot ondo datorrela. Lorontzi barria behar du beraz zer egin dezaket ...goikaldea kimatu eta behekaldea indartzen utzi? noiz? eta zer lur mota? Eskerrik asko zure aholkuagatik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-09-23 09:23

Gorostia oso ondo dago. Forma berezia du, seguruenera bere bizilekutik atera eta loreontzian jarri delako. Esaten duzun bezala ondo dator, eta itxuratua-desitxuratua, zuk ikusi nahiko zenukeen formarekin pentsatzen duzulako da. Loreontzi dezente handiagoa jarri, hiru edo lau aldiz handiagoa eta janaria ondo zaindu: urtero simaurra edo luarra nahasi lurrari eta ureztatzen duzunean ongarri likidoa nahasi, gutxienez hamabost egunetik behin. Indartzen hasten denean kimu berriak ikusiko dituzu eta orduan erabaki, agian behetik sortzen diren adar horietatik bakar bat uztea, eta gelditzen den horren muturreko kimuei punta, soilik punta moztu, ea zabaltzeko joera hartzen duen. Hala ere ahaztu buruan duzun forma koniko perfektu hori, har dezala berezkoa, zure zaintzara eta bizi den toki horretara egokitua.

Kaixo! Atzo Telegrameko kanalean proposatzen zen bezala, iaz gurasoek porruei zomorroak ez ateratzeko izpilikua bota zieten eta emaitza bikaina eman zuen. Urtero, porru bakoitzean bi edo hiru zomorro izatetik batere ez izatera pasa zen kontua.Konponbide erraza eta baliagarria benetan. Eraginkorra oso.


Zomorroa kakalardo txiki marroi baten antzekoa da baina ez dakigu bere izena.  Dena dela, izpilikua ilbeheran moztu behar litzake? Berez, inausketa lanak irailean egiten ditugu eta oraintxe ez dugunez, irailean egiteko asmoa genuen. Esango dizuegu ea aurten ere berdin joaten den kontua. 

Mila esker zuen aholkuengatik!! Ongi segi!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-09-14 17:41

Pozten naiz saioa egin eta esperotako emaitzak bildu izanaz. Hala ere izpilikuak eta sendabelar guztiak, eraginkorragoak izateko hobe da ilgoran moztu eta jasotzea. 

Kaixo Jakoba. Azken hiru egun hauetan har izurritea daukagu Lasarten, zelaiak gorri utzi arte. Erremediorik bai?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-09-23 10:03

Harra bat da bai, azken egun hauetan dugun izurritearen eragilea: Mythimna unipuncta sitsaren harra.  Har horrek belarrak eta gramineoak erasotzen ditu. Belar landarea jaten du, belarra horitzen da eta erasoa larria bada galdu. Tratatu nahi baduzu, soilik kalteak dituen tokian egin, xaboi potasikoa eta Bacillus thuringiensis nahasita eman, 3 egunero errepikatuz desagertu arte. Orain tratatzea garrantzitsua da. Udazkena sartu ahala negua pasatzeko gorde egiten baitira. Gero maiatza aldera azalduko da lehen belaunaldia. Orduan zaindu ea agertzen den eta hala bada tratatu. 

Etxalarren, Jardin eta inguruan, izugarrizko plaga ageri zaigu, ta iruditzen zait gazteleraz Gusano Cortador deritzona dala. Zer egin daiteke plakarekin bukatzeko? Ze ondorio ditu? Belarra lehortzen ari da, ta asko ari da zabaltzen. Mila esker aldez aurretik. Amaia

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-09-21 09:40

Harra bat da bai, azken egun hauetan dugun izurritearen eragilea: Mythimna unipuncta sitsaren harra.  Har horrek belarrak eta gramineoak erasotzen ditu. Belar landarea jaten du, belarra horitzen da eta erasoa larria bada galdu. Tratatu nahi baduzu, soilik kalteak dituen tokian egin, xaboi potasikoa eta Bacillus thuringiensis nahasita eman, 3 egunero errepikatuz desagertu arte. Orain tratatzea garrantzitsua da. Udazkena sartu ahala negua pasatzeko gorde egiten baitira. Gero maiatza aldera azalduko da lehen belaunaldia. Orduan zaindu ea agertzen den eta hala bada tratatu.

Bidarteko terrazan erramu ondoren daren landareak legortzen ari dira, ez dakiguna da erramua kalte garri dan gainerako landarentzat, zeren eta erramua handitzen ari dan einean ondoko landareak ihartzen ari dira...zure iritziaren zahi geratzen gara. Milesker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-08-27 09:02

Nik uste dut arrazoi guztia duzula. Erramua landare gosetia da eta handia egiten da, oso handia. Aukeratu beharrean zara. Beste aukera litzateke erramua urtero inausi eta zutabe baten tankeran mantendu, eta lurrean denentzako adina ongarri eman urtero. Hala ere denborarekin nagusitu egingo da.

Arratsalde on! Bioingeniaritzako eskuliburu bat euskaratzen ari naiz, eta era horretako teknikak erabiliz egindako obrak landareztatzeari dagokionez aipatzen diren jarraibide/gomendioetako bat da "aviverar el material [vegetal] en obra" edota "se debe contar con una zona en obra para poder aviverar el material vegetal [en arena húmeda o en agua]". Hor zehar irakurri dudanez, landarea mintegiko kondizio bertsuetan mantentzea da "aviverar" hori, sustraiak lehortu ez daitezen zaintzea (edo), baina inon ez dut aurkitzen termino horren euskarazko ordainik, eta bururatu zait balitekeela euskaraz nola erabili/esan ohi den zuk jakitea. Eta hementxe naukazu galdezka. Aldez aurretik estimatua edozein ekarpen. Eskerrik asko eta ondo izan! leire

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-08-16 16:13

Guretzako hori zeharraldatzea da. Landarea edo txirpia ekarri eta behin betiko tokian aldatu aurretik zanga moduko bat egin eta hor sartuta eduki, sustraijea lehortu ez dadin.

Kaixo Jakoba. Bi astetik behin larrosa, hortentsi eta larrosei ongarria ematen diegu (nitrogenoa, burnia, kobrea). Noiz arte da beharrezkoa ongarria ematea? 4 saiotan eman diegu. Eskerrik adko zure lanagatik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-20 15:17

Udazkeneko oinarrizko ongarriketa emanez gero ondoren ez dago gehiago eman beharrik. Ongarriketa organiko naturala da gakoa, simaurra, luarra, zizare-lurra, edo nahi duzuna. Horrekin nahikoa dute, baldin eta arazo bereziren bat ez badago. Orain ere onena hori ematea litzateke. Baina udazkenean gogoan izan ongarria ondo ematea.

Kaixo Jakoba: Etxe zahar bat txukundu nahian gabiltza eta laguntza eskatu nahi genizuke, argazkian ikusiko duzun pareta horren kontra (edo paretatik gertu behintzat), ze lore-landare jarri erabakitzeko. Orain, osinak ateratzen dira. Paretak mendebaldera ematen du eta teilatupea da, Leitzan. Ureztaketa gutxi behar luken ze lore-landare gomendatuko zeniguke?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-20 16:11

Osinak egoteak esan nahi du lur oso aberatsa dela. Ongarri faltarik ez du izango urte batzuetan behintzat. Loreen aukeraketari buruz, garrantzitsua da zuen gustuaren arabera aukeratzea. Nik horrelako tokietan nahiago izaten dut landare bakarra jarri, horrela ikusgarriagoa da. Nirea balitz kalak jarriko nituzke. Lehendik kalak dauden tokiren bat aurkitu eta lurpetik erraboilak atera eta landatu. Metro erdi bateko tartearekin jarri eta denbora gutxian multzo ederra izango duzu. Landaketa lan hori uztail-abuztuan egiten da eta ilbeheran.

Inguruko landetan belar mota barri urtetzen hasi da eta oso bizkor hedatu da, kasu batzuetan belarra desagerrarazi arte Badago modurik aurre egiteko? Beste landare motaren bat, tratetako produkturen bat... Oraintxe ataratako argazkia bialtzen deutzut; Bizkaian bizi gara, Ziortza-Bolibarren Eskerrik asko, ondo izen

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-20 15:44

Belar hori oso ugaria da hemen. Batez ere mugitutako lurretan sortzen da: bide bazter, betelan eta abarretan. Kentzeko era errazena moztea da. Ipurdi-ipurditik moztu eta berritzen bada berriro moztu. Lan hori eraginkorragoa da ilgoran eginez gero. Uztaileko ilgora 9tik 22 eguerdia arte izango da, eta onena 15etik 20 artean, biak barne. Abuztuan ere ez da txarra; ilgora 6tik 18ra, eta egun onenak 12, 13 eta 14.

Kaixo! Canna indica landarea zabaltzen ari zait leku desberdinetara. Bulboak ateratzen ari naiz (konpostara eraman nituen bulbo batzuk eta han ere atera dira, argazkia) kiziotik ateratzen ari zait. Konpostatik uste dut kendu dudala baina nola kendu dezaket beste tokietatik? malla ilun bat jarrita? zer egin dezaket bulboak hil daitezen? Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-03 13:04

Lurpeko zatietatik ugaritzen diren landareak akabatzea ez da erraza. Onena ahalik eta erraboila gehienak ipurditik aitzurrarekin ateratzea da. Eta ondoren estali. Estalkiari gutxienez urtebetez eutsi beharko diozu.

Urteetan soro izan eta aurten baratza egin dugun lurran Mythimna Unipuncta dagoela ikusi dugu. Zer egin dezakegu horren aurka?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-22 18:53

Har horrek belarrak eta gramineoak erasotzen ditu. Baratzean ez dizu kalte nabarmenik eragingo, baina belardia baduzu inguruan hura zaindu. Hara sartzen bada horitu eta galtzeko arriskua dago. Tratatu nahi baduzu xaboi potasikoa eta Bacillus thuringiensis nahasita eman, 3 egunero errepikatuz desagertu arte.

Kaixo Jakoba: Zer moduz? Gu Zubieta Herri Eskolako LH6ko ikasleak gara. Zuhaitz eta landareetan aditua zarenez, mesede bat eskatu nahi dizugu: Gure eskolako patioko eremu batean zuhaitzak jarri nahi ditugu, itzala emateko baina, azkar hazi behar dira, kontuan hartu eskolako txikienak ibiltzen direla jolasean. Proposatuko zeniguke zuhaitzen bat? Eremuaren argazki bat bidaliko dizugu. ESKERRIK ASKO JAKOBA!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-24 17:07

Hasteko, hostoa galtzen duten zuhaitzak izan beharko dute, udan itzala baina neguan eguzki errainuek igarotzen dituztenak. Bestetik zuhaitz handiak ezin jarriko ditugu bestela urte gutxiren barruan hor etorriko dira guraso batzuek ea noiz kimatu behar diren galdezka. Azkar hazteko zuhaitzak gutxi dira, baina hemen batzuk: haltza, urkia, loretako sagarrondoa (Malus “Evereste”) eta astigarra (Acer campestre). Landatzeko argazkian ageri den itzalaren lerroa baino pixka bat eraikuntza alderago.

Atsaldeon: Etxe atarian dugun hormako larrosa nahiko pattal dago. Atera zituen larrosak ez zeuden oso politak, eta berehala erori ziren. Zerbait egin dezakegu? Eskerrik asko! Amaia

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-22 19:02

Hasteko arrosondo horren tamainarako loreontzia OSO TXIKIA da. Hobe lurrean landatua balego. Ezin bada, hiru edo lau aldin handiagoa den loreontzian landatu, ahalik eta azkarren. Hostajea eta adarjea pattal dauzka, goseak baitago. Ez naiz harritzen lorerik ez ematea. Gero, lur berri ondo ongarrituarekin landatutakoan, ureztatzen duzun bakoitzean, loretarako berezia den ongarri likido pixka bat nahasi ureztatzeko urari. Horrela bere onera etorriko da eta egunen batean loretarako joera piztuko zaio. Ureztaketa ere zaindu, ez utzi lurrari erabat lehor dadin.

Jakin nahiko nuke balkoian dudan gorosti emeak zergaitik galdu edo ilartu egiten dituen loreak ta zer egin zitekeen. Oraindik metro erdiko luzera ez dauka ta duela bi urte oparitu zidaten. Esker aunitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-24 12:24

Hasteko, nolaz dakizu gorosti landare hori emea dela? Emea balitz ere, metro erdi batera iristen ez bada, oraindik umetxo txiki bat delako da eta ez da gai fruituak eta haziak emateko. Bestetik hazteko eta koxkor gorriak emateko heldutasunera iristeko loreontzi handia jarri beharko diozu, ahal den handiena.

Egun on, etxe barruan loreontzi batean dudan amarillis landareak haziak eman ditu, eta saiatu nahi dut horiek ereiten. Bilduko al ditut dagoeneko, edo bere horretan gehixeago utzi? Haziak nola gorde erein arte? Eta batez ere, noiz eta nola erein eta zaindu behar ditut? Oso zaila al da hazitatik amarillis berria ateratzea?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-25 09:53

Ez da bereziki zaila hazitik ugaltzea. Haziak lorea zen horretan utzi behar bezala heldu arte. Berak erakutsiko dizu haziaren azala lehortzen eta gogortzen denean denean pronto egongo da jasotzeko. Aste pare bat hozkailuan eduki eta gero, beranduenera uda erdia aldera erein.

Horrela egin beharko diogu orduan. Ala ere, argazki honetan ikusten den bezala, hosto hauek ximelduta egotea ere, horregatik izan daiteke? gaitzen bat izango zela uste genuen.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-26 21:03

Jarraipena egin, agian gaitzen bat ere izan daiteke, baina behetik hain indartsu dator… Bestetik eusteko jarritako soka mehe txuri hori kendu ahalik eta azkarren. Azala zaurituta edukiko du seguru.

Aupa Jakoba Ondarroan dagoen Lizar honi zer gertatzen zaio? zergatik goikaldeko kimuak ez dira zabaldu? ez dakit argazkian ongi antzematen den baina enborra marroituta dauka justu zati hortan Milesker aldez aurretik

0 erantzun | Zeuk erantzun

Kaixo, Jakoba: Artea gaixo daukat. Hostoetan orban beltzak ditu, eta hosto ugari erori zaizkio. Gorriña izan daiteke? Horrela bada, zer egin dezaket? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-17 12:33

Orban iluna edo orban beltza deritzon gaitza da. Cycloconium quercus-ilicis onddoa da, gazteleraz “roña” eta “repilo” esaten zaio. Ez da oso ezaguna hemen. Itxuraz zuhaitz ale bakanei erasotzen die, agian ahulduta daudenak beste arrazoiren bat medio: ur gehiegia, lur astunegia… Orban borobil nabarmen horiek sortzen ditu, inguruan zirkulu horixkak dituena (batzuetan ia ez dira ikusten). Hostoak osorik horitu eta erori daitezke, zuhaitza asko soilduz. Udazkenean eta udaberrian, kimu berriak sortu aurretik, orain adibidez, kobrea duten produktuekin tratatu: salda bordelesa, kobre oxikloruroa eta abar. Beti ere tratamendua lagundu xaboi potasiko pixka batekin eta ahal izanez gero azeribuztan ura edo mindarekin. 10 egunero tratatu 3-4 aldiz.

Esan zenidan gorostia lore ontzi txiki batetik bestera aldatzeko martxoko azkeneko astea edo apirileko 2 lehenak zirela onenak baina hauen barruan zein diren egokienak esango zenidake? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-24 14:31

Gorostia birlandatzeko egun onenak ilbeherakoak eta sustrai egunak dira. Hurbilen ditugunak apirilaren 11, 12 eta 13 goiza dira.

Ezpela ihartzen ari zaigu..zer egin dezakegu ???

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-28 17:17

Har batek jaten dizkio hostoak eta kimu berrien azala. Cydalima perspectalis izena du eta gogor erasotzen du ezpela Euskal Herri hezean azken urte hauetan. Aukera bakarra intsektizida natural batekin tratatzea da. Nahasketa bat eginez gero eraginkorragoa da tratamendua: xaboi potasikoa + Neem + Bacillus thuringiensis. Azken horren klase asko dago eta komeni da aldatzea. Bat bukatzean desberdin bat eskuratu, eta gero beste bat; hona klase desberdin batzuk: aizawei, kurstaki, israelensis, galleria eta tenebrionis. Aldaketa honek eraginkortasuna handitzen du. Tratamendua beraiek ekartzen duten dosia errespetatuz egin behar da eta ezpela alde guztietatik ondo busti. 8-10 egunetik behin egin behar da, hutsik egin gabe, apirilean hasi eta urria aldera arte.

Kaixo Jakobarena, zaila egin zait zimaur desidratatua aurkitzea, azkenean lortu dut. Bi eskaini didate, oiloena edo zaldiena. Zure ustez, zein da aproposena lorategian erabiltzeko? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-26 12:42

Biak dira oso onak, zein baino zein. Behorrarena ahulxeagoa da, eta oiloarenak nitrógeno gehiago du. Gose den edozein lurretarako biak onak. Oiloarena berdea, hostajea, belarra eta abar indartu behar duzunerako hobea.

Gure etxeko kameliak ez dut lorerik ematen nahiz eta kimuak agerian izan. Lorontzi haundi baten dago. Sondikan bizi da.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 12:12

Kameliak loratzeko ahalik eta janari gehien izan behar du eskuera. Loreontzi handiago batean, ondo ongarritutako lurrarekin jarri edo, onena, lurrean landatu. Loreontzian jarraitzen badu urtean bi edo hirutan ongarria eman lurrari, gainean jarrita edota ureztaketa urari mahasita.

Kaixo jakoba! Bizilagun baten arrosa landaretik kimuak jaso eta larrosa berriak ateratzea nahi dut. Zer eduki behar dut kontuan eta noiz egin lan hau? zuzenean lurrean labdatu edo tiestotan hobe?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 10:29

Arrosondoa aldaxkatik sortzeko sasoi onena udaberria da; bestela udaren amaieran, irailean. Landarea izerdia mugituta eta sustraiak emateko grinarekin dagoenean egin behar da. Egokiena otsaileko edo martxoko ilbeheran egitea da eta sustrai egunetan bada hobe. Otsailean 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18 izango dira. Martxoan 15 eta 16. Hotza bada atzeratu. Loreontzian egitearen abantaila hurbil eduki eta zaintzeko erraztasuna da, baita hotzetik babestekoa ere. Martxoan eginez gero aldaxkak zuzenean lurrean landatu ditzakezu.

Egunon Photyniak podatu beharra dauzkat, noiz den sasoirik hoberena, mugitzen hasita daude punttak... Mila esker.

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-27 12:16

 

Photiniaren sasoi ikusgarriena udaberria da. Loraldi zurizta eta kimu gorri dotoreak. Udazkenean kimatuz gero, hurrengo udaberrian loratuko liratekeen loreen begiak kentzen ditugu: loraldi eskasa. Loraldia igarotzen utzi. Loraldiarekin bateratsu dator kimu gorrien sasoia. Nire iritziz kimatzeko sasoi onena kimuen hazkuntza geratu denean da. Horrek uda erdira aldeko bigarren kimualdi gorria sortzea laguntzen du. Aldaera edo barietateei buruz, hemen batean eta bestean ikusten dena Photinia x fraseri “Red Robin” hori da. Horrez gain besteren bat nahi izatera mintegiren batean eskatu eta ekarriarazi beharko duzu.

iñaki-ren erantzuna
2025-03-10 11:18

Nire esperientziaz: udazkenean azken kimaketa eginez gero, normalean udaberrirako ez du ia lorerik izango hurrengo pujaldiak. Badaude barietateak adartsuagoak direnak photinia klasikoa baino(Red robin). Barietate berri horrek('Carré rouge') lan gutxiago eskatzen du kimatzen landare itxia lortzeko, eta lore gutxiago izaten du, oso kimu gorri ederrekoak. Barietate berri hori nonnahi erosi ahal da. Eta 'Red Robin' ez baduzu kimatzen, udaberrian lehenbizi lorez beteko da eta ondoren pujaldi gorria etorriko da.

Kaixo Jakoba, Alegiatik idazten dizut, jardin batean camelia bat dut, altura 2.5 metrokoa eta zabalean lehengo urtean podatua! Tokiz aldatu nahi dut eta jakin nahiko nuke noiz eta nola egin, lurrean izango litzateke berriz eta toki goxoan, zermoduz onartzen dituzte toki aldaketak cameliak, eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-22 17:55

Ez da bizitokiz aldatu zalea kamelia. Egokiena urtebeteko tartearekin egitea da. Hau da, aurten loraldia amaitzen denean, martxoa-apirila giroaren arabera, kimu berriak hazten diren bitartean bere inguruan, metro bete edo handixeagoko diametroko zanga bat ireki, aitzur arruntaren zabalerokoa eta 40 bat zentimetro sakonekoa. Hor sustraiak ebakiko dira. Bete berriro zanga lurrarekin eta uda partean zanga hori ureztatu. Ureztaketa urari sustraitzeko hormonak nahastuz gero hobe. Hormonak kimikoak, slatzen direnak, edota etxean egindakoak (dilistak paper bustian ernetu batidoran urarekin txikitu eta ureztaketa urari hori nahasi) izan daitezke. Hurrengo loraldiaren ondoren zuloa berriro ireki, suabe-suabe hor egongo dira eta sustrai berriak, horiek hautsi gabe. Lur guztiarekin ateratzen saiatu eta beheruntz dituen sustraiak moztu beharko dituzu. Bizitoki berrian lur-zepeloiaren tamainako zuloa prestatu eta jarri. Ahal baduzu lehen zuen orientazioa errespetatu, iparra, orain ere iparrera. Ez du gustuko eguzkitan egotea, itzala nahiago du. 

gora