Asteroko buletina
Gaitzaren aita edozein izan daiteke, baina zalantzarik gabe, ama dieta txar bat izan zen
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Tenperatura

[Jakoba Errekondo]

Etxeko landareek sasoi aktiboan tenperatura epelak behar dituzte: egunez 25 ºC ingurukoak eta gauez 10 ºC ingurukoak. Beren jatorrizko lekuetan landareak tenperatura handiagoetan bizitzera ohituta daude, baina hemen ez ditugu tenperatura horiekin batera izanten diren hango hezetasuna eta argitasuna.

Landare bakoitzaren zikloa ezagutzea oso garrantzitsua da, negua zein tenperaturatan igaro behar duen jakiteko batik bat. Badira negu partean hotza (10 ºC-tik behera) behar duten landareak (klibia, azalea, eta abar) edo neguan bizirik irauteko 13 ºC-tik gorako tenperatura behar dutenak (etxeko poza, gardenia eta abar). Orokorrean lorea eman behar duten landareek tenperatura desberdina izango duten bi sasoi izatea eskatzen dute. Hotzaldi baten ondorengo epelaldiak loreak ematea sustatuko du. 

Landareen arerio nagusia tenperaturaren gora-behera azkarra da. Egunetik gauerako tenperatura-aldaketa 8 gradutik gorakoa denean, ondorio latzak jasan ditzakete.

TENPERATURA DESEGOKIEN ONDORIOAK 

Bero handiegia bada: 

* Loreek gutxi irauten dute. Ireki orduko zimeltzen dira.

* Puja eta hosto luze eta ahulak haziko dira.

* Hostoek beherantz makurtuko dira. Ertzak ihartu ondoren erori egiten dira. 

Hotz handiegia bada:

* Hostoak zimurtu eta marroitu ondoren erori egiten dira. 

INGURUKO HEZETASUNA ETA LAINOZTATZEA

Berozale eta lehorzale amorratuak ez diren landareak, kaktusa adibidez, tamainako hezetasuna izatea eskertzen dute. Nahiz eta etxe barru beroetan tenperatura, argia, ureztaketa eta abarreko baldintzak maila egokian izan, hezetsunari eusten ez badiogu landarea ez da batere eroso garatuko eta hosto eta loreak galtzen hasiko da.

Landare gehienak %50eko hezetasunarekin ondo biziko dira. Hala ere, etxe beroetan zenbat eta hezetasun handiago eduki, hainbat eta emaitza hobeak lortuko ditugu.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar landare asko urez gehiago hornitzen direla inguruko airetik ontziko lurretik baino: Ficus generokoak, potosa, gardenia, bromilazeoak, eta abar. 

Landareen inguruan hezetasuna lortzeko era asko dugu:

* Landareak multzoka jartzea. Inguruko landareen hostoetatik eta loreontzietako lurretik lurrintzen den ura medio, inguru hezeago bat sortuko da haien artean.

* Loreontziaren azpian, ontzi zapal batean, hartxintxarrak ipini eta tartean ura jartzea.

* Loreontzia goroldio, luar, orbel edo hartxintxar bustiz betetako beste loreontzi handiago batean sartzea.

Lainoztatzea da ingurua eta landareen hostajea heze mantentzeko era egokiena. Esprai baten bidez hostoak bustitzea. Inguruaren tenperatura duen ura erabili, eta euri-ura bada kanilakoa baino hobe. Landarea dutxatzea da beste aukera. Hezetsuna eta lainoztatzea maite duten landareak, gehienak hosto leuna eta distiratsua dutenak, astean behin adibidez, indar ahuleko dutxa tankerako txorrota baten azpian bustitzea ere ona da. 

HEZETASUN MAILA DESEGOKIEN ONDORIOAK

Ingurua lehorregia bada:

* Hostoen muturrak ihartzea. 

Ingurua hezeegia bada:

* Hostoak, loreak eta enborra, lizun zuri edo grisez estaltzea.

* Usteldurak agertzea; egitura urtsua duten landareetan batipat (kaktusetan, adibidez). 

Oporraldiko ureztaketa nola egin?

Uda partean

Proposatzen diren neurrien  ahalik eta konbinazio osatuena erabili. Hilero landareek ur asko behar dute eta udan gehiago. 

1/ Landareak multzo batean elkartu. Horrela mikroklima hezeagoa lortzen da.

2/ Ingurua hezetu, landare multzoaren ondoan urez betetako ontziak jarriz.

3/ Loreontzia harriak eta ura dituen ontzi handiago baten gainean jarri.

4/ Ura zuzenean eman loreontziari. Loreontzien aldamenean goraxeagoko maila baten urez betetako ontzi bat jarri. Uretatik abiatu eta loreontzi bakoitzaren lurrean ondo sartuko den metxa bat edo oihalezko zerrenda edo xingola bat jarri. 

Negu partean

Loreontziak erabat ureztatu, gehiegizko urari alde egiten utziz. Landareak leiho eta ateetatik urrundu. Gelarik epelenean elkartu plastiko baten gainean. Etxea berogailuz berotzen bada, uda parteko sistema erabili. 

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora