Asteroko buletina
Buruila udaren buztana eta neguaren hastapena.
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Argia

[Jakoba Errekondo]

Tenperatura egokia, ura eta hezetasuna bezalaxe, landareek argia behar-beharrezkoa dute elikatzeko, hazteko eta oro har bizitzeko. Baina, nondik nora bizi da landarea? Argirik gabe landarea hil egingo da. Landareak lurretik mineralak uretan nahasirik hartzen ditu, izerdi gordina da. Izerdi hori hostoetara igotzen du. Hostoa da landarearen motorra. Hostoan, argiaren energia erabiliz, fotosintesia gauzatzen da. Argiarekin, hostoak airetik karbono dioxidoa hartu eta janariz aberasten du izerdi gordina. Izerdi landu hori landare guztira banatuko da gero, hosto beretik hasi eta sustrai muturreraino jaitsiz. Hostoan landutako izerdi horrek elikatuko du landarea. 

Kanpoan ez bezala, etxe barruko toki argitsuenean ere zaila da landare batek bere zikloa osatzea; ez baitu kanpoko argitasunik, ezta gutxiagorik ere! Honela, ematen eta lorea ematen duten gehienek fruiturik ez. Beraz, landareen kokalekua ahal den argitsuena izatea garrantzitsua da. 

Hona hemen gomendio batzuk: 

* Toki ilunenetan jartzeko moduko landare gutxi dago: habi garoa, burdin urtu landarea...

* Landarea argi aldera okertu ohi da. Zuzentzeko lorontzia jiratu egin behar da (pixkanaka eta maiz hobe).

* Sekula ez jiratu lorea pipitetan duen landarea; loraldia zapuztu egin daiteke. 

* Leiho inguruetara hurbildu landareak, baina ez eguzkia zuzenean hartzeko moduan; erre egin baitaitezke. 

* Negu partean kristalak maizago garbitu. Argi kopurua % 10 bat igo daiteke. 

* Kolore argiko hormek argia isladatzen eta zabaltzen laguntzen dute.

* Argi artifizial hutsa dagoen tokietan ere landareak bizi daitezke; begoniak, bromeliazeoak, bioleta afrikarra, gloxinia, sagu-isatsa, eta abar.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora