Asteroko buletina
San Bartolome: burua lodi ta lepua me.
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Aukeraketa

[Jakoba Errekondo]

Barrurako eta kanporako 

Oinarri nagusia landareen kokapena da. Zure etxeko txoko hori, berdin da barruko edo kanpoko, bakarra da, ez dago mundu osoan berdina den beste bat. Argiak, haizeak, tenperaturak eta abarrek baldintzatzen dute landarea biziko den tokia. Eta gogoan izan, zure txoko hori bat eta bakarra da. 

Etxera ekarriko ditugun landareentzako bizitoki egokiak aurkitzea garrantzitsua da. Tropikoetatik ekarri ditugun landareek nahiago dute etxe barruan bizi. Beti antzeko tenperatura izango dute, baina gehienetan maiz urez lainoztatu eta busti beharko diegu hostajea. Etxeko kanpoko aldean jarri nahi ditugunak gure ingurukoen antzeko klima baldintzak dituzten lurraldeetatik ekarritakoak izan beharko dute. Bestetik, badira urtearen zati  bat kanpoan biziagatik, beste zatiren bat babestuta bizi behar dutenak. Zenbait kanpoan bertan babestea nahikoa izango da; beste zenbait barru epel batera sartu beharko da. 

Bizilekua eta landarea

Aukeraketa

Nola aukeratzen dugu etxera ekarri nahi dugun landare bat? Askotan, bere itxura ponpoxoagatik; ikusi, gustatu eta etxera. Batzuetan bat-bateko erabaki bat medio eskuratzen ditugu landareak, bi aldiz pentsatu gabe. Gehienetan galdetu ere egin gabe: norako moduko landarea da? Zer behar du? Zer gustatzen zaio? Gero hasten dira komeriak: etxera eraman eta hostoak ximurtu eta erori ahala, landare horrek gure altzoan zailtasunak dituela konturatzen gara.

Bizilekua eta landarea. Bi aldeetatik begiratuta egin behar dugu aukeraketa. Landarea jarri nahi dugun tokiak zer baldintza ditu? Adibidez, balkoi bat bada, zenbat eguzki ordu ditu, euria egiten duenean bustitzen da ala ez, haizetokia al da... Barruan berdin: eguzki zuzena izango al du? Berogailurik ba al du aldamenean? Haize korronterik izango al du?... Eta landareak zer behar du? Hemen bi maila ditugu: landare bakoitzak nahitaez eskatzen dituen baldintzak batetik, eta bestetik, bizi bai baina mardulago eta ederrago egingo luketen baldintzak izan al daitezkeen edo ez. Txoko bakoitzerako landare egoki eta gustukoena hautatzea ez da txantxetako erabakia. 

Hautaketa egiterakoan kontutan hartu behar direnak

* Landarezale ezagunen batengandik edo konfidantzazko saltzaile batengandik eskuratutako landareak, hasierako eta oinarrizko bermea du. 

* Landarea miatu eta arakatu, hostoak osorik dituena et gaitz -edo izurrite- arrastorik gabekoa hautatzeko. Landarea sano badago, saltzailea ez zaizu haserretuko.

* Zurtoin soila duen edo hostorik gabeko landarerik ez erosi. 

* Loreontzia ondo arakatu. Ureztatzeko edo ura hustutzeko zuloetatik zainak hazi badira, landareak denbora asko daraman seinale, edo okerragoa, gose da. Kontuz! Landareak zerbait gehiago behar du eta mugitutakoan hil egin daiteke. 

* Landareak eta loreontziak proportzio bat gorde behar dute. Landare handiegia edo txikiegia bada, ez erosi! Lorea ematen duten landare gehienek loreontzi txikia izango dute, lorea sustatzeko, hain juxtu ere. 

* Lurrak hezea eta loreontzian tarterik gabea behar du. 

* Loretarako landareak erosten, lore-begi edo pipilak ahal den ugarien baina hertsirik dituena hartu; kolorea hautatzeko adina bat edo beste irekirik duena. Denak irekiak baditu, etxera aldatuta zaputza segurua izango du. 

* Loreontziak garbia behar du izan, lurrazalean edo kanpoko aldean lizun-, liken- edo goroldio-arrastorik ez dadila ageri (hezetasun handia behar duten landareetan salbu). 

* Landarea estalki batez inguratuta garraiatu. Estalkiaz kanpoko aldeko hostoak zaindu eta aire korronteetatik babestuko du.

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora