Asteroko buletina
Azatxoak azatuko dituk
Dani Blanco

Hortensia arrunta

Hydrangea macrophylla

[Jakoba Errekondo]

Asia ekialdetik datoz hortentsiak, batik bat Japoniatik. "Hydrangea" grekoko "hydro" (ura) eta "angos" (pitxarra edo txarroa) hitzetatik dator, hazi kapsulen ontzi-itxuragatik, alegia.`"Macrophylla" hitzak hosto handia esan nahi du. Hortensia izena, latineko "hortensius" hitzaren femeninoa da, hau da,  baratzekoa esan nahi du. "Baratze bat izan, zaindu eta benetan maite duena" omen du esanahi. Jatorrizko herrialdeetan sendabelar gisa eta edariak egiteko erabiltzen da. Suak erretzeko zaila dela-eta, Tasmanian etxe aldamenean landatzea gomendatzen dute. Loreen hizkuntzan kapritxoa adierazten du. 

Deskribapena

Zuhaixka honek hostaila galdu egiten du udazkenero. Hostoak binaka ditu eta aurkariak, 1.015 cm luze, arrautza antzekoak eta berde biziak dira eta ertzak zerradunak edo horztunak. Loreak zurtoinean edo adarkadura muturretan garatzen dira eta korinbo erako infloreszentziatan biltzen dira. Bi eratako loreak dituzte eta biek 45 petalo dute. Batzuk antzuak dira, petalo zabalak eta deigarriak dituztenak. Besteak berriz, antzuen artean egoten dira eta txikiak, ia ikusezinak eta emankorrak dira. 

Barietateak

Hydrangea serrata: lore antzuak eta emankorrak ditu.

Hydrangea paniculata: zuhaitz itxurakoa da eta lore panikula koniko galantak ditu.

Hydrangea petiolaris: igokaria da. 

Gaitzak eta izurriteak

Botritisa: onddo honek hostoak zimurtu eta usteldu egiten ditu. Erasotutako hostoak ebaki eta kendu, hezetasun gutxiago dagoen tokira eraman, gutxiago ureztatu eta lainoztatu eta behar bada fungizidaz tratatu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz hostoak horiztarazi egiten ditu. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentziorik onena.

Zorria: kimu berrietan pilatuta izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Banaka-banaka kendu edota intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Etxe barruan baino askoz gusturago bizi ohi da kanpoan.

Loreontzietan saltzen dituztenak hormonaz txiki mantentzen dira, baina hurrengo urtean normal, handi, garatuko dira.

Loretan dagoen landarea oparitzen badizute loraldia amaitu bezain pronto kanpoan landatu, baratze edo lorategiren batean. Bestela ahalik eta loreontzi handienean landatu.

Inausketa udaberrian egin behar da, adar batzuk (laurden bat) ipurditik ebakiz eta gainerakoak oso-osorik utziz. Ebakitakoak berritzeko, utzitakoak loratzeko.

Hortentsia urdinek lur azidoa behar dute kolorea mantentzeko. 

Ongarriketaz lagundu, kanpoan landatuta badago ere bai (simaurra eta abar).

Kanpokoa
Argia

Argi asko behar du baina sekula ez eduki eguzkiak gordinenean joko duen tokian (eguerdian edota hegoaldera).

Tenperatura
termometroa 0-25℃ artean

Ez da landare berozalea eta kanpoan gustura bizi ohi da. Beraz, barruan ia ezinezkoa da mantentzea, baina saiatu nahi izatera ahal dela kanpoko tenperatura berean dagoen tokiren batean eduki. 

Ureztaketa

Loreontzian badago, hazkunde sasoian eta loraldian erruz ureztatu, egunero. Neguan berriz, astean behin. 

Ongarriketa

Udaberri hasieran, begiak zabaltzen hasi orduko, ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu hamabost egunero. 

Ugalketa

Landarea inausi ondoren kimu aldaxkak lur arinean landatu, ura maiz emanez gero erraz sustraituko dira. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora