Asteroko buletina
Ekaina bustitu, gure nausia kexu
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Gaitz arruntenak

 

[Jakoba Errekondo]

Begiz ikusteko modukoa ez den mikroorganismoren batek landarea erasotzen duenean gaitza sor daiteke. Onddoek, birusek eta bakterioek sortzen dituzte. Gaitz gehienak onddoek sortutakoak dira. Onddoak hezetasun handiegiagatik etortzen dira, beraz konpontzeko gutxiago ureztatu, gela aireztatu, lurra berritu edo, agian, eguzki ordu gehiago dituen edo toki beroago batean jarri. 

Onddoek landareari kolorea apaldu, marguldu eta histu egiten diote, baita hauts itxurako orbanak eta lizunak sortu ere: zuriak, grisak, gorriak, beltzak... Jeneralean, gaitzaren aztarna hauek ikusten ditugunerako landare osoa kaltetuta egongo da, eta zaputzaldiari buelta eman eta berpiztea oso zaila izango da. Landarea multzo batean baldin badago aldamenekoetara ez zabaltzeko, gaitza duen landarea ipurditik atera eta erretzea litzateke onena. Bizitza eta uzta luzeko landarea bada, sendabidean jarri beharko da. 

Onddoak fungizidekin tratatu beharko dira. Onddoen artean bi multzo nagusi bereizten dira: lurpekoak eta airekoak. Lurpekoak dira okerrenak: ez dira ikusten eta tratatzen zailenak dira, konturatzerako kaltea larria izan daiteke. Airekoen artean ere bi multzo daude: hostoaren barrura eta handik landare guztira sartzen direnak (gorrina, herdoila...) eta azalean zabaltzen direnak (zurina...) Lehenek usteldura hezeak sortuko dituzte eta bigarrenek erre itxura lehorra emango. 

USTELDURAK (BOTRITISAK ETA ABAR)

Gehiegizko hezetasunaren ondorio izan ohi da. Sustraiak lurretik irteten den zurtoin-unea, zurtoina bera edo hostoak ustel daitezke onddo ugariren eraginez. Zurtoin urtsua duten landareak errazago erasotzen ditu. Arrazoi ugari dago: landareen arteko tarte txikiegia, aireztatze eskasa, behar baino gehiago ureztatzea, lur itoa, nitrogenoa duten ongarriak neurririk gabe erabiltzea...

Zer egin?

* Landarea tenperatura hotzetan ez eduki. 

* Lurra ontzitik atera eta lehortzen utzi. 

* Urriago ureztatu eta lainoztatu.

* Gelako aireztapena hobetu.

* Ongarria tamainan erabili, gehiegi gabe.

* Kobrea duten produktuak erbiltzen dira, eta, batez ere salda bordelesa. Baita ere esnekiak (%10 urtuta) eta belar urak: azeribuztana, garoa, asentsio-belarra, lapa-belarra...

ZURINA (OIDIOA)

Hostoaren eta landarearen zati bigunen gainean onddo honek lizuna edo hauts tankerako geruz zuriska sortzen du. Ondorioz, hostoak okertu, kiribildu eta erori eta puja bigunak makurtu egiten dira landarea ahulduz eta loraldia zapuztuz. Hostoetan argizarizko babesik ez duten landareak erasotzen ditu, batik bat. 

Zer egin?

* Zimeldutako zati guztiak ebaki eta kendu.

* Ureztatzerakoan hostoak ez busti.

* Gelako aireztapena hobetu.

* Sufrea duten produktuekin tratatu. Baita propolioa, eta asunaren, azeribuztanaren eta baratzuriaren urak. Esnekiekin ere tratatu daiteke. 

GORRINA

Onddo batez sortzen du. Hostoen azpiko aldean pikardatuaren tankerako esporangio gorri-arre multzoak ikusten dira. Beroa eta hezetasuna dagoenean azaltzen da, landarea hasiern ahulduz, baina akabatzera ere hel daiteke. Lehoi geranioetan erruz ikusten da. 

Zer egin?

* Zimeldutako zati guztiak ebaki eta kendu.

* Ureztatzerakoan hostoak ez busti.

* Gelako aireztapena hobetu.

* Kobrea duten produktuak erabiltzen dira, eta, batez ere, salda bordelesa. Baita ere esnekiak (%10 urtuta) eta belar urak: azeribuztana, garoa, asentsio-belarra, lapa-belarra...

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora