Asteroko buletina
Intxaur urte, arto urte
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Sendabide naturalak

[Jakoba Errekondo]

Gaitzei eta izurriteei aurre egiteko etxean presta daitezkeen makina bat aukera bada. Batzuek landareak indartuko dituzte, berez kaltea eragozteko. Beste batzuek arerioak uxatu egingo dituzte, eta zenbaitek akabatu ere egingo dituzte. Landareak erabiliko ditugu prestakinak egiteko. Ura da oinarri garrantzitsua: euritakoa da onena; besterik ezean, iturrikoa ontzi zabal batean utzi egun pare batez, kloroa kentzeko tarteka irabiatuz. Ontziak zurezkoa, plastikozkoa edo altzairu herdoilgaitzezkoa izan behar du. Lau eratako prestakinak egin ohi dira:

Beratua

Arinenak dira. Landareak uretan sartu eta eguun batez edo biz bertan beratzen utziko ditugu. Uretara igaroko dira landareak dituen osagaiak. Landare hezeak edo ezkoak txiki-txiki ebakita jarri, kilo bat 10 litro uretan (orokorrean).

Landare lehortuak erabiliz gero 100 eta 200 g artean izango da, zein belar denaren arabera. Ondoren iragazi eta zuzenean erabili. Ez jaso, irakin egingo du eta. 

Egoskina

 24 orduz landareak beratzen eduki eta ondoren irakin. Irakinaldi gozoa eman, 15-30 minutu artekoa. Ez da komeni bor-bor indarrean irakitea, pir-pir irakin arinean eustea hobe da. Ontziari tapa jarri, sustantzia lurrunkorrak bertan geratzea komeni da. Tapa altxa gabe hozten utzi, iragazi eta zuzenean erabili. Ez dira jasotzen. 

Irakina

Beratuen antzerakoa da, baina egun gehiagoz utzi behar da. Hartzitu edo irakin egingo du. Gutxienez egunean behin indarrez irabiatu. Hau egin eta burbuilak igotzen diren artean mantendu. Burbuilarik azaltzen ez denean prest da; minda itxura izango du. Landarea eta uraren arteko proportzioa beratuen bera da, kilo bat eta hamar litro. Toki epel batean egin behar da eta, jeneralean, 10-15 egunetan egingo da. Orduan iragazi eta ontzi itxi batean jaso, airerik gabe, irakinaldia eteteko. Ardo onena bezala jaso, 12 ºC inguru edukiz gero luze eutsiko die bere gaitasunei. 

Infusioa

Kamamila prestatzen dugun eran egin behar da. Ur hotzetan landareak sartu eta irakitera eraman. Irakinarekin sua kendu eta tapatuta utzi hoztu arte. Orduan erabili. Egun gutxi batzuk iraungo dute, hozkailuan jasoz gero. 

 

INTSEKTUEN AURKAKO NAHASKETA ON BAT:

Tabakoa eta xaboia

* Litro erdi bat alkohol eta beste hainbeste ur nahastu eta 100 gramo tabako erantsi. 

* Hamabost bat egunez beratzen utzi.

* 100 gramo xaboi potasiko edo neutro (hau gogorra izango da eta birrindu) 10 litro uretan urtu.

* Tabako ura eta xaboi ura nahastu.

Hona hemen, erraz askoa, intsektu egoskorrenari ere aurre egin eta gailentzeko intsektizida naturala. Intsektuak izurrite bilakatu badira, zuzenean nahasketa horrekin tratatu. Erasoaren hasiera bada, tratatzeko erantsi beste 10 litro ur. Intsektuak ez baditu garbitzen, landareak ondo garbitu arte astero tratatu. 

Xaboiarekin bainua

Xaboi beltzak edo potasikoak intsektuak berehala erasotzen ditu. Azalean duten babesa kentzen die eta hiltzen ez direnak erabat ahulduta geratzen dira. Landare osoa sartzen da xaboia duen uretan: loreontzia, lurra eta landarea. Honela:

* Landarea urperatzeko adina ontzia bete ur epelez (45 ºC gehienez ere) eta 200 cl xaboi potasiko edo beltza nahasi eta ondo urtu.

* Sartu loreontzi osoa eta landarea urpean eta bost minutu inguru eduki. Landarea kaltetu gabe intsektuak suntsituko dira. 

* Uretatik ateratakoan loreontzia bere tokira eraman aurretik ondo xukatzen utzi.

Astebeteko tartea utzi landarea ureztatu arte. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora