Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!
[Jakoba Errekondo
Hau da etxe barruko landareak ugaltzeko erarik zabaldu eta errazena. Zurtoin biguna duten landareen aldaxkak errazago errotzen dira (begoniak, etxeko pozak, huntza, genioak eta abar).
Adar-aldaxka
Lorerik ez duen adar mardul bat aukeratu. 1,5 cm inguruko muturra ebaki, behealdeko hostoen erdiak kendu eta lur harro hezean sartu eta estutu. Adarraren oina gogorra bada, egurkara, lurpean sartuko dugun parean azala harramaskatzeak mesede egingo dio. Puntz-begia kima daiteke, eta hosto handiak dituen aldaxka bada, hauek erditik ebaki.
Kaktusen adar-aldaxkak ebaki eta lurrera sartu aurretik egun pare batez zauria lehortzen utzi behar dira.
Adar-aldaxkak lurrera sartu ondoren, hezetasunari eusteko ugari ureztatu eta plastiko garden batez estaliko ditugu, negutegitxo baten antzera, maiz aireztatuz. Batzuek laster errotuko dituzte sustrai berriak. Beste batzuek, aldiz, denbora asko behar dute.
Adar-aldaxka batzuk oso erraz errotzen dira zuzenean uretan, lurrera sartu gabe (potosa, etxeko poza, eta abar). Sustraiek zentimetro batzuk dituztenean, loreontzi berrian landatu.
Hosto-aldaxka
Zurtoinik ez duten landareak, hosto zatiak landatuz ugaltzen dira (begoniak, sansebierak, bioleta afrikarra eta abar).
Landare zukutsuen hosto-aldaxkak (kaktusak eta tankerakoak) egun pae batez zauria lehortzen eduki, eta landatu ondoren. harea larri edo legarrez estali lurra.
Biolea afrikarra, sagu-isatsa, gloxinia eta hosto txikia duten begonien aldaxketan hostoak osorik izango dira. Hauen hosto-txortena lurrera sartu eta estutu egin behar da.
Hosto handia duten landareetako aldaxkak (begoniak, sansebiera, eta abar), hostoak 5 cm-ko puskatan zatituz egin eta laurden bat edo erdia lurrean sartu.
Denetan, adar-aldaxketako lan berdinak izango ditugu; plastikoz estali, ureztatu, aireztatu eta landare berriak landatzea, alegia.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545