[Jakoba Errekondo]
Brasildik dator, Rio de Janeiro estatutik. "Mandevilla" izena, Henry John Mandeville ingelesari sor zaio, Argentinan berak landu baitzuen landarea lehen aldiz. "Sanderi", aldiz, Henry Frederick Conrad Sanderren omenezko izena da, berak eraman baitzuen lehen aldiz Europara, Ingalaterrara. Hasiera batean Dipladenia generoan sailkatu zuten, eta orduan hartu zuen dipladenia izen arrunta. Gero Mandevilla generoa igaro zen baina lehengo izena ez du galdu. Brasilgo jasmina ere esaten zaio.
Igokaria da eta 3 m inguru haz daiteke. Hostoak osoak, aurkakoak, 20 cm luze artekoak, eliptikoak, meheak, berde biziak eta iraunkorrak dira. Loreak korola gametopetaloa du, hau da, petalo soldatuak ditu eta bost lobulu zalduak, 10 cm-koak, eztarria edo barrualdea horia eta bestela arrosa.
Batik bat lorearen kolorearen arabera bereizten dira barietateak, denak arrosa eta gorriaren artekoak. Hona aipagarri batzuk:
Mandeviilla splendens "Rosea" Izoki-koloreko loreak ditu.
Mandeviilla splendens "Red Riding Hood" Lore gorri-arrosak ditu.
Mandeviilla splendens "Alba" Lore zuriak ditu.
Mandeviilla splendens "Scarlet Pimpermel" Lore gorriak ditu.
Ez dago bereziki bera erasotzen duen gaitz edo izurriterik. Hala ere, kontuz kotxinilarekin eta armiarma gorriarekin.
Ez da mantendu-erraza, hezetasun eta bero handiak behar ditu. Negutegi batean biziko da egokien, baina han ere erdi itzalean. Kanpoan bizi bada toki bero eta eguzkitsuenean jarri.
Inguru hezea izan dezan, loreontzia harriz eta urez betetako ontzi zabal batean jarri. Ura lurruntzean bere ingurua hezetuko du.
Udaberriro luberritu.
Garaia hazteko loreontzi handian landatu (gutxienez 10 litrokoa)
Barruan bizi bada, loraldiaren ondoren, udazken erdi-parean edo amaieran loratu diren arbak inausi, eta negu partean toki hotzago batean (13ºC inguru) jarri, sasoi aldaketa nabari dezan eta udaberrian ziklo berriari hasiera eman diezaion.
Igokari gisa hazten segitzea nahi badugu, urtero hazten den luzeraren erdia inausi.
Barruan eguzki zuzena kalteko du, erdi itzalean ongi biziko da. Kanpoan eguzkitan ederki etorriko da.
Berotasuna atsegin du. Neguan 13ºC-tik gora, beti. Udan 25-30ºC edo gehiago. Kanpoan bizi bada, neguan babestu; loreontzian bada, estali edo babesera mugitu.
Udaberritik udazkenera erruz ureztatu. Neguan urri. Inguru hezea atsegin du; loratzera doanean batik bat. Beraz, maiz lainoztatu.
Apirila-urria bitartean hilean behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu.
Udaberrian muturreko aldaxkak lur arin, heze eta beroan (27ºC) landatu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545