Asteroko buletina
Agorrilak ontzen, buruilak biltzen
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Arazoak

[Jakoba Errekondo]

UREZTAKETA ETA DRAINATZEA

"Etxe barruan hiltzen diren landareetatik %90 gehiegi ureztatzeagatik hiltzen da". Esaldi hau landare saltzaileen artean zabalduenetakoa da, et ez dute arrazoi faltarik!

Gutxiegi edo gehiegi ureztatutako landareek antzeko itxura izango dute: hosto-ertzean berezko kolorea joan, zimurtu eta hostoa galdu egingo da. Lehenagoko eskarmentuak erakutsiko digu kasu bakoitzaren arrazoia (ur gehiegi edo gutxiegi) zein den. Loreontzietan garrantzitsuena azpiko zuloa da. Azpitik ureztatzeko erabiliko da, edo gainetik ureztatutakoan alferrik duen ura hortik askatuko du lurrak. Zulorik ez badu edo estalita badago lurra urasetuko da eta arazo larria da hori, baldin eta erabat urzalea den landarea ez bada. 

Maiz sartzen da landarea eta bere ontzia, itxura hobe edo bereziko ontzi handixeagoan. Horrek itxura hobetzen du, baina soberako ura bertan biltzen denez, lurra erraz lokaztu eta landarearen zainak ito daitezke. Horrela baduzu landarea ureztaketa bakoitzaren ondoren, kanpoko potoan biltzen den ura kendu. Plater gainean dagoen ontzia ureztatu ondoren, soberako ura erraz ikusi et ken dezakegu.

ONGARRIKETA

Lan honetan dugun ohitura falta dela-eta, gehiegi ongarritzea ez da arazo arrunta. Hala ere, landarea sasoi aktiboan ongarri kimiko kontzentratuak erabiliz elikatzen badugu, loreontziko lurrean elementu kimikoak pilatuta egon daitezke, eta hori landarearen elikaduraren orekarako ez da ona. Arazo hau badugu, konpontzeko, landarearen zikloko atsedenaldian loreontzitik atera. Sustrai artetik ahal den lur gehiena kendu, eta lur berria erabiliz birlandatu. 

Gutxiegi ongarritzea, aldiz, ohiko arazoa da; 2 edota gehienez 3 urtez behin lurra berritzeko ohiturarik ez denean batik bat. Loereontziko lurra mugatua denez, bertako elikagai-erreserba laster ahituko da. Arazo hau erraz konpon daiteke, bi urtetik behin lurra berrituz edo landarearen sasoi aktiboan bere beharretara ongi uztartuko den ongarri orekatua erabiliz, bai lurrari erantsiz (luarra edo simaurra), bai ureztaketa urari ongarri likidoa nahasiz. 

Arazo hau latzagoa da lurra pH edo azidotasuna neurri berezi batekoa behar duten landareekin. Hauen loreontzietan urtero, nahitaez, azidotasun horri eutsiko dion gehigarri edo ongarria erantsi behar da.

GAITZAK ETA IZURRITEAK

Landareen gaitz edo izurriteen aurkako borrokarik erraz eta eraginkorrena, aurretik kontuak ateratzea da. Landare berri bat eskuratzerakoan merezi du zorrotz begiratzeak. Goi eta behe, hosto eta zuztar bezala lurraren azala eta loreontzia ondo miatu. Inolako usteldura, zoldura, gaitz edo izurrite arrastorik badu ez hartu. Etxera etorritakoan jabetzen bagara arazoaz, beste landareetatik urruti jarri. Garbitu eta tratatu ondoren bere onera ez badator, urrun eutsi. Azaroa larritzen bada, inguruko beste landareak kutsatu baino lehen, landarea desegin eta erretzea hobe da. 

Landarearen ingurua garbi edukitzea beharrezko da. Loreontzia, azpiko platera, hautsa, eta abar gaitzak eta izurriteak eransten laguntzen onak dira. Beraz, garbitasunak landarearen osasunerako berebiziko garantzia du. 

Landare bakoitzaren premiak ezagutu eta gogoko dituen baldintzak betez gero, tantoaren erdia gurea da. 

Gaitzei eta izurriteei aurre egiteko aholku batzuk

* Ongarri onak erabili, naturalak, lurra osatu eta landarea egoki elikatzeko.

* Bertako baldintzetara erraz egokituko diren landareak aukeratu. 

* Gaixotutako landareak edo zatiak azkar kendu eta bertan erre, ez bazterrera eraman eta bertan utzi. Laster zabalduko dira bestela. 

* Kanpotik dakargun landarea ongi miatu: harrak, arrautzak, intsektuak, onddoak, edozein eratako apopilo desatseginen bat ekar dezake.

* Etxean sortutakoetatik ere, sano eta sendo daudenak erabili. 

GAITZ ETA IZURRITE ARRUNTENAK

Oro har, gaitzak eta izurriteak agertzea, landarea baldintza kaxkar edo desegokitan egotearen ondorio besterik ez da. Gaitza azaldu orduko, aintzakotzat hartu eta azkar jarri behar da osabidean landarea: erasotutako zatia ebaki eta erre, behar izanez gero fungizida edo intsektizida egokia erabiliz sendatu. Garrantzitsuena, hala ere, gaitza itsastea eragin duen oinarrizko baldintza desegokia zuzentzea da et landareak zapuztu edo ahultzen hasten badira, inolako gaitz edo izurritetan pentsatu aurretik ondoko galdera hauei erantzuutea:ç

Gehiegi ureztatzen ote dut?

Ur gutxiegi ematen ote diot?

Tenperatura egokia al du?

Argitasun egokia ote du?

Neurriko loreontzia al du?

Noiz luberritu nuen azkenekoz?

 

 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora