Asteroko buletina
Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ikasten ari zara
Dani Blanco

Kala

Zantedeschia aethiopica

[Jakoba Errekondo]

Afrikako hego muturrekoa da, Hegoafrika, Lesotho eta Swazilandiakoa. Zantedeschia izena Francesco Zantedeschi botanikari italiarri egindako ohorea da. Aethiopica izenak, afrikarra dela esan nahi du, eta, batez ere, Afrikako hego muturreko landareei esaten zaie. Agi danean kala izena grekoko "kallos" hitzetik dator, zeinak "edertasuna" esan nahi duen. Izen ere nork jartzen du zalantzan kala lorerik ederrenetako denik?. 1731 urtean ekarri zen Eurapara eta harrezkero erruz ugaldu eta erabili den landare eta lorea da. 

Deskribapena

Landare belarkara da, zurtoinik gabekoa. Lurpean dituen eta zukutsuak diren tuberkuluetatik sortzen dira hostoak. Hosto iraunkorrak dira. Hosto pinatuak metro bete arte luzate daitezke eta 10-20 cm zabalekoak dira, gezi formakoak, punta luzea, gilgil borobilekin, berde biziak. Hostoen oinetik sortzen diren loreek txorten luzea dute, 1,5 metro artekoak, muturrean espadize horia kopa itxurako kordotx zurian bildua. Fruitu biribil laranja-horiak ditu, mordoan, txortenaren muturrean. 

Barietateak

Kala barietate asko dago, hona batzuk:

Zantedeschia aethiopica "Hercules" Landarea dena askoz handiagoa da. 

Zantedeschia aethiopica "Deja vu" Lorea biltzen duen ezpata zuria, arrosa eta berdea da. 

Zantedeschia aethiopica "Crowborough" Lorearen txortena motzagoa da. 

Zantedeschia aethiopica "Green Goddess" Lorearen ezpata txuri-berdea da. 

Zantedeschia aethiopica "Marshmallow" Lorearen ezpata txuri-arrosa da. 

Zantedeschia elliottiana  Espezie desberdina da, udan loratzen da eta ez du kalaren indarra eta tamaina, baina kolore askotako loreak ematen dituzten barietateak daude. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotoi-kotxinila: intsektu honen larbak kotoi antzeko babes bat du. Intsektu garatuak, hostoan itsatsita izerdia zurrupatuz bizi diren oskoldunak dira. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragozteko hostaila maiz lainoztatu eta inguru hezean eduki. 

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu. 

Bareak eta barraskiloak: kimu berriak gustura hozkatu eta jango dituzte. Ilunpetan landareak miatu eta kendu. 

Trikimailuak

Loreontzian bada hostaila maiz lainoztatu, inguru hezea maite du.

Eguzki-galdatan badago, koloreak ahuldu egingo zaizkio eta landare osoa zimeldu egingo da. 

Loreontzian estu-estu dagoenean handixeago batean landatu edo zatitu eta banatu.

Lurra berritzeko luar edo simaur ondua erabili.

Hostoak zimeldu ahala ipurdi-ipurditik ebaki. 

Distiratsu jartzeko produkturik ez erabili, ezta erosterakoan saltzaileari botatzen utzi ere, erraz erre baitaiteke. 

Kanpokoa
Argia

Erditzalean bezala eguzkitan ederki biziko da. Eguzki ordu asko izango baditu nahitaez ur asko duen lurra behar du. 

Tenperatura
termometroa 0-20℃ artean

Epeleko landarea da. Izotz arinak jasan ditzake baina kimu berriak ematen ari denean hotz handiak badira, erre egingo dira. Lasai, laster berrituko da-eta. 

Ureztaketa

Lurrari lehortu gabe eusteko moduan ureztatu, etengabe. Loreontzian bizi bada ez ahaztu: ura eta ura. 

Ongarriketa

Hazkunde sasoian eta loraldian, hau da, neguan eta udaberrian, hilean bitan ureztaketa urarekin ongarritu. Udan ez du behar. 

Ugalketa

2 urtetik behin loreontziko lurra aldatu, eta behar badu loreontzi handiagoa eman. Orduan landarea zatitu. Lurpean dauden tuberkuluak askatu eta lursail edo loreontzi berrietan jarri. Udan, abuztu aldera egiten da lan hau. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora