Asteroko buletina
Euliak behera begira jartzen dira sanbartolomeak ezkero.
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Elikadura: lurra eta ongarriketa

[Jakoba Errekondo]

Baratzean, lorategian, basoan edo beste inguru natural batean bizi den landarea, lurrean eskuera dituen elikagaien arabera haziko da. Aldiz, etxe barruan ditugun landareek lurretik elikatzeko aukera oso mugatua dute eta ematen zaizkien elikagaiek segurtatuko dute beren etorkizuna. Janaria mugatua duten kartzela batean bizi dira. 

Landareentzako elikagaiak bi eratara berritu ohi dira: urtero edo bi urtetik behin loreontziko lurra berritu, edo lurra mantendu eta ongarritu. 

Loreontzi batean jartzeko edo lehendik dugun landare bati berritzeko lurra osatzeko, bi aukera ditugu: salgai dauden lur--nahaste bereziak erabili edo geuk moldatu. 

Hona hemen geuk egin eta landare gehienentzako egokia den lur-nahaste bat:

* Erdia, baratzeko lurra.

* Laurdena, itsasokoa ez den harea larria edo legarra. 

* Laurdena, luarra, simaur zaharra, humusa, zizare-lurra.

* Aparteko ongarria erantsi daiteke: odol-hautsa, hezur-hautsa...

Landare-espeziearen arabera lur nahasketa hau aldatu egin behar da. Kaktusetan, adibidez, drainatzea errazteko legar-kopurua handitu edo hartxintxarra gehituko dugu. 

Lehendik loreontzian dagoen landareari lurra aldatzea edo berritzea landarearen atsedenaldian edo sasoi apalaren amaieran egingo dugu, ondorengo ziklo aktiboan sustrai berrien elikadura eta landarearen sasoia bermatzeko. Loreontzi guztietan urtero ez bada, gehienez ere bi urtetik behin lurra berritu egin beharko litzateke. Loreontzia handia delako lan hori ezinezkoa bada, azalean dagoen lurra harrotu eta ahalik eta gehiena kendu egin behar da, lur nahasketa berriarekin betetzeko. 

Ongarriak bi multzotan banatuko ditugu: ongarri naturalak edo organikoak eta ongarri kimikoak. Ongarri naturalak bizidunetatik sortutakoak dira: luarra edo konposta eta simaurra. Oinarrizko ongarriketan, loreontzia betetzen edo lurra berritzen dugunean horiek erabili behar dira. Beti ondo ondutako ongarriak izan behar dute. 

Ongarri kimikoek hiru osagai nagusi dituzte: Nitrogenoa (N), Fosforoa (P) eta Potasioa (K). Hauez gain bigarren mailako osagaiak ere eduki ditzakete: Kaltzioa (Ca), Magnesioa (Mg), Manganesoa (Mn), Burdina (Fe), Zinka (Zn), Sufrea (S), eta abar. Ongarri guztiek dakarte etiketan osagai konposizioaren zehaztapena. Lehenengo azaltzen diren hiru zenbakiek Nitrogeno-Fosfora-Potasio (N-P-K) elementuen portzentaia adierazten dute eta bigarren mailakoak beti banaka agertzen dira. Adibidez 9 - 4 - 7 + %2 Mg + % 10 M.O. ongarriak honakoa du: % 9 Nitrogenoa, % 4 Fosforoa, % 7 Potasioa, % 2 Magnesioa eta % 10 Materia organikoa. 

Ongarri kimikoak bi formatan erabiltzen dira. Koxkorretan edo pikorretan datozenak oinarrizko ongarriketa egiteko baliatzen dira, loreontzian jartzen den lurrari nahasteko, alegia. Guk ongarriketa hori ongarri naturalekin egingo dugunez, ez ditugu erabiliko. 

Bestetik, ongarri kimiko likidoak daude. Horiek ureztaketa urari nahasten zaizkie. Baita zenbakiak kasu jakinetan lainoztatzeko urari ere, landareak hostoetatik har ditzan elikagaiak. Ongarriketa honetarako ere ongarri naturalak badaude, landareen uretatik, luarra edota simaurren nahasketaten uretatik eta abar sortuak. Eskuera izanez gero horiek erabiltzea egokiagoa da. Ongarriketa hau lanarearen sasoi aktiboan, hazkuntzan eta lorealdian egingo dugu. Hosto eta loredun landare arruntetan martxoa-urria bitartean eta neguko lorealdia dutenetan (azalea eta abarretan) neguan. Landarearen atsedenaldian ongarriketarik ez dugu egingo. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora