Asteroko buletina
Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari
Etxeko landareak

Liburu honek etxeko loreak (etxe barrua, balkoia, lorategia) hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu, baita landare hori nola ugaldu ere. Jakoba Errekondoren eskutik bertan ikasiko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!

Izurrite arruntenak

[Jakoba Errekondo]

Izurriteak landareak erasotzen dituzten intsektuek eta bete animaliek sortzen dituzte: zorri, euli, armiarma, barraskilo, bare, har, kotxinilla... Kanpotik landare berri bat, ontzi bat edo lurra etxera ekartzen dugunean etorri ohi dira. Beraz, lehendik osasuntsu dugunean, aurretik ondo miatu, batik bat hostopea, enborra eta puja berriak. 

Tratamenduak egiterakoan, kontutan izan xaboia eranstearen garrantzia. Xaboiak intsektuen azala erasotzen du eta horrek bakarrik hil dezake, baina baita ere nahastua daraman gaia barrura errazago sarrarazi eta egindako mina handitu. 

ZORRIA

Landarearen zati bigunak erasotzen dituzte. Berdeak, horiak edo beltzak, espezie ugari dago, baina denek berdin erasotzen dute: muturrean duten eztena hostoan, kimuan edo txorten gurian sartzen dute eta izerdia zurrupatu, landarea ahulduz eta zimurtuz. Era berean birosiak, gaitzak, eta abar transmititu ditzakete.  Gehiegizko ureztaketa edota ongarriketaren ondorioz etortzen dira, gehienetan. Tratatzeko gehien erabiltzen diren gaiak Bacilus thuringiensis eta Neem olioa dira. Biak naturalak. Horien lana indartzeko landare urak erantsi daitezke: intsusa, izpilikua, huntza, tomatea, tabako-belarra, larranbiloa, bortusaia, mota-belarra, baratxuria, garoa, asuna, azeribuztana eta zolda-belarra. Beti ere xaboi potsaikoarekin nahastuta. 

Zer egin?

* Ongarriketa zaindu. Nitrogeno gehiegi duen lurrean landarearen kimu berriak gozo-gozoak dira zorrientzako. Urrutitik usaintzen dituzte. 

* Erasoaz azkar jabetzen bazara, zorri bakanak eskuz kendu eta akabatu.

* Erasoa zabaldua badago belar ur horiekin edo Bacilus thuringiensisekin tratatu. 

KOTXINILA

Era askotako kotxinilak daude. Lapa antzeko oskol baten azpian babestuta bizi eta ugaltzen da. Oskol hau itxura ezberdinekoa izan daiteke, marroia, kotoi-antzekoa, zurixka, eta abar. Oskolpeko intsektuak eztena landarean sartu eta izerdia zurrupatuz landarea zimelaraziko du. Enborrean bezalaxe, hosto eta adarretan aurki daiteke. 

Zer egin?

* Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.

* Izurritea oso zabaldua badago, ahal direnak eskuz kendu eta gero tabako urarekin tratatu.

ARMIARMA GORRIA

Akaro edo armiarma txiki hauek (0.25 mm) heldutasunean gorri-gorriak dira eta landarean zehar mantso mugitu ohi dira. Bere janaldien ondorioak landarean erraz nabari daitezke: hostopean eta txortenetan amaraun edo armiarma-saretxoak ikus daitezke, landarearen hazkundea zapuztu egiten da (batik bat puja edo hosto berrietan), hostoek bere ohiko forma galtzen dute, koskorrak garatuz eta zakartuz eta hostaila horitzen da gero arretuz.

Zer egin?

* Landare berri bat ekartzean ondo miatu.

* Ingurune lehorra atsegin du armiarmak, beraz, onartzen duten landareetan, hostaila maiz lainoztatzea da prebentziorik onena. 

* Tratamendua egiteko azeribuztana, asuna eta baratxuriaren ura erabili. 

EULI TXURIA

Gaztetan hostopean multzoka kokatutako ezkata berde itxurako harrak dira. Heldutasunean landareen bueltan hegaka ibili ohi diren euli ttiki-ttiki zuri-zuriak. Ezkutuan izaten dira, baina landarea astinduz gero laino baten antzera hedatzen dira inguruan. Izerdia zurrupatzen dute hostoak zimelduz eta eroriaraziz.

Zer egin?

* Ingurune lehorra atsegin du euli txuriak, beraz, onartzen duten landareetan, hostaila maiz lainoztatzea da prebentziorik onena. Lurrari heze eustea ere komeni da. 

* Tabako-belarraren urak ederki jipoitzen du. Akabatzeko mota-belarra, zolda-belarra, huntza eta bortusaiaren ura erabili. 

* Xaboi potasikoarekin ere tratatzen da.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora