Asteroko buletina
Nik baratzea zaintzen dut eta berak ni
Dani Blanco

Gardenia

Gardenia jasminoides

[Jakoba Errekondo]

Asiarra da, bere forma basak Vietnam, Bangladesh, India, Myanmar, Txinako hegoaldea, Korea, Japonia eta Taiwanen aurki daitezke. Milaka urte da Txinako lorategietan lantzen dela eta 1757an ekarri zen Europara, Ingalaterrara. Gardenia izenak eskoziar sendagile eta naturalista Alexander gardeneri egiten dio ohore. Jasminoides izenak jasminaren (Jasminum officinale) antza duela esan nahi du; izan ere gardeniaren loreak usainak jasminarena gogorarazi dezake...

Zaintzen eta mantentzen zaila den landarea da gardenia. Pazientziarik ez baduzu, ahaztu. Bere itxurak, eta batez ere bere lore zuriek hedatzen duten lurrin paregabeak, ordea, merezi dute saioa egitea. 

Deskribapena

Zuhaixka da 2 metrotik gora hazi daitekeena. Forma biribildua du, adar oso trinkoekin. Hosto berde ilun iraunkorrak, distiratsuak, eliptikoak, multzoka bezala, adarraren gune batean sortuak. Lore bakanak ditu, adar muturretan, hostajea ez bezala distira gabeak, 4-10 cm zabalekoak, onil edo inbutu itxurakoak, bikoitzak edo petalo ugarikoak, hasieran zuriak eta gero laru krema kolorekoak. Ezagutzen den lore lurrintsuenetakoa. Fruitu koxkor txiki obhalak. Gardenia landuek ez dute fruiturik ematen. 

Barietateak

Gardenia jasminoides "Aimee Yashioka" Hostaje iluna eta lore handiak ditu. 

Gardenia jasminoides "Plena" Petalo ugariko loreak ditu.  

Gardenia jasminoides "Radicans" Izar itxurako lore irekiak ditu. 

Gardenia jasminoides "August Beauty" Hostaje trinkoa eta lore zuri bikoitzak ditu. 

Gardenia jasminoides "Fortuneiana" Krabelin itxurako lore handiak ditu. 

Gardenia jasminoides "Mystery" Lore bikoitz handiak ditu. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotoi-kotxinila: intsektu honen larbak kotoi antzeko babes bat du. Intsektu garatuak, hostoan itsatsita izerdia zurrupatuz bizi diren oskoldunak dira. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragozteko hostaila maiz lainoztatu eta inguru hezean eduki. 

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu.

Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki zuriak dira, izerdia zurrupatzen dute. urarekin maiz lainoztatuz gero alde egingo du, hezetasuna ez du atsegin. Gainontzean intsektizidaz tratatu. 

Botritisa: onddo honek hostoak zimurtu eta usteldu egiten ditu. Lurra edo ingurua hezeegia denaren adierazle. Toki lehorragoan jarri, gutxiago ureztatu, erasotutako hostoak ebaki eta kendu. 

Trikimailuak

Tokiak izugarrizko garrantzia du: argia, eguzki-galdatan ez egotea, eta tenperatura hotzik ez izatea. Eguzkitan egon daiteke ahulena den orduetan. 

Luberritzerakoan lur azidoa ez ahaztu, nahitaezkoa du.  

Udako egun beroetan ingurua heze mantendu, maiz lainoztatu.

Aire-korronteetatik urrutiratu.

Neguan ez ahaztu, 15ºC-tik gora egon behar du.

Ureztaketarako euri-ur epela erabili.

Ongarriketa ez ahaztu. 

 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Batez ere kanpoan lantzen da, itzalean beti. Argitasuna behar du baina eguzkiaren errainu zuzenik ez. 

Tenperatura
termometroa 15-35℃ artean

Berozalea da, egunez 20ºC baino gehiagotan egongo da gustora eta gauez 10ºC baino gutxiagotan ez eduki. 

Ureztaketa

Uda partean astean hirutan eta neguan astean behin. Hostajea lainoztatzea atsegin du, batik bat uda partean. 

Ongarriketa

Lur azidoa nahitaezkoa da. Beraz, ongarri azidoak erabili. Ez du ongarri asko behar baina kelatoa edo burdina duen ongarria behar du. Ureztaketa urari nahastuta eman. Luberritzean lur azidoa jarri. 

Ugalketa

Adar aldaxkak erabiltzen dira baina oso zaila da itsastea. 15cm luzeko adarrak, bi hostorekin jarri lur harro eta hezean, toki beroan eduki. Probenatzea edo belaunketa egin daiteke, baina adarrean lurrarekin biltzeko egiten dizkiogun ebakitxoetan hormonak jartzea komeni da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora