Kaixo Jagoba Azken hilabeteotan, duela bi urte aldatu nuen intxaur baten ingurua erreta edo igartua ageri da. Ematen du norbaitek herbizida bota duela, baina guk dakigula ez da holakorik gertatu. Susmorik hartzen al diozu? Mila esker
Herbizidaren itxura osoa du. Edo antzeko lana egiten duen zerbaitena. Adibidez aziendaren bat landareren batekin tematzen denean eta bere ipurdian pixa egiten badu, gainontzekoek ere arrasto hura berearekin estali nahi izaten dute eta horrelako guneak sortzen dira eta maiz landarea hil. Larreetan ere horrelako gunean maiz ikusten dira. Horrelako zerbait dela esango nuke. Zein animalia den jakin behar…
Gaur arte erantzundakoak (195 galdera-erantzun)
Atsaldeon Jakoba! Fruta arbolak erosteko hemen inguruko tokiren baten berri ba al duzu?. Besteak beste, sagardotarako sagarrondoak topatzen nabil baina Euskal Herriko leku askotan fruta arbolak saltzeari utzi diote. Eskerrik asko! Nora
Hurbil dudalako ezagutzen dut Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatiban saltzen direla. Ea horrekin moldatzen zaren. Gainontzean idatzi berriz.
Kaixo, Tolosatik idazten dizut. Jardinean, melokotoi eta limoiondoa ditut eta noiz moztu behar diren jakin nahiko nuke. Bestalde, 5 urteko limoiondoak oraindik ez du fruiturik ematen eta ea normala den jakin nahiko nuke. Mila esker, eta ondo izan.
Ez melokotoia ez limoiondoa ez da komeni moztea. Melokotoia, fruta hezurduna ematen duten arbola guztiak bezala oso ahulak dira toki hezeetan. Zauriak eginez gero zura usteldu egingo da, tartean erretxin tankerako jariakin bat askatuz. Limoiondoa ere ez moztea hobe. 5 urte eta fruiturik ez ematea normala da, oraindik gaztea da. Inausten baduzu arazo hori areagotu egingo da, bera hazi eta zeuk moztu eta umetu. Horrela ez du fruiturik emango. Utzi hazten eta berak erabakiko du noiz eman. Arbola horiek soilik enbarazu egiten duen adar bat badute moztu behar dira; eta moztu aurretik beste nolabait konpondu badaiteke hobe, adarra okertu edo makurtu eta lotuz, adibidez.
Kaixo Jakoba, zein bide gomendatuko zenidake fruta arbolen zaintzan aurreratzeko? Kurso, liburu edota taldetan egiten diren jardueretan batzea pentsatzen ari naiz, gomendiorik? Eskerrik asko aldez aurretik!
Euskal Herrian ikastaro jakinak topatuko dituzu: gaztainaren etorkizuna, kiwia, inausketa, sagardo sagarrondoen zaintza, txerkaketa… Horietarako bidea aurkitzeko jo Fraisoro eskola, Fruitel elkartea, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba, Nafarroako nekazaritza zerbitzura eta Arakilgo Udala eta Arrea elkartea. Gereziondoaren jakintzaz janzteko jo Itsasu aldera, ekoizle elkarte bat badute han antolatua. Oso ikastaro interesgarriak antolatzen ditu baita Asturiasko SERIDA zerbitzu publikoak; gure klimaren antzekoa dute han. Ahuakateondoari buruzko jakintza hedatzen ari da han bezala hemen; hemen jardunaldiren bat antolatu du Fraisoroko eskolak. .
Noiz batu behar ditugu kiwiak?
Kiwia gure lurretan ez da landarean bertan heltzen edo umatzen. Han utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.
Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.
Arratsalde on Jakoba
Duela hilabete batzuk aguakate bat landatu nuen.
Normal normal hazten joan da. Lehenengo uretan eduki dut, sustraia atera zedin, lorontzira lekualdatu dudanera arte.
Ondo zihoan, astiro, hosto berde berdeekin. Azken astean horrelako orban marroi batzuk agertzen joan zaizkio hosto batzuetan, hasieran puntutxo batzuk zirenak hedatzean doaz dexente azkar hostoak guztiz sikatu arte.
Interneten irakurri dudanaren arabera hainbat aukera daude honakoa azaltzeko, ur gabezi edo gehiegizko ura, tenperatura edo gehiegizko eguzkitzapena, lurraren konposizioa...
Ideiarik? Gehiegizko eta ur gabezia ez nuke esango denik... baina batek daki, lehenengo aldia denez honakoa egiten dudana agian oraindik ez dut neurria behar bezala hartu. Sikatzen dauden hostoak kenduko nituzke?
Eskerrik asko!
Zaindu
Nire ustez lehorte handi bat igaro du, egun gutxi batzuk bero handiarekin nahikoa dira horrelako erredurak sortzeko hosto berri gurietan. Bestetik eguzkiak zuzenean eman eta erreta ere izan daiteke. Lasai hartu, hosto berriak ederki asko datozela ikusten da.
Lehenik eta behin, eskerrik asko aurreko galdera aerantzutegatik Jakoba! Hona hemen beste bat. Sagardoa egiten gabiltza eta zukua ateratako sagar hondarrak onuragarriak dira zeozertarako? txerriak segituan aspertzen baitira eta aprobetxatu arren. Eskerrik asko berriz ere!
Gure txerria eta behiak ez dira aspertzen! Patsa ontzi itxietan edo gainontzean ondo-ondo zanpatuta jaso behar da, bestela hartzitu egingo da eta bizituta alferrik galdu. Agian horregatik ez du jan nahi… Bestela Ongarriaren pilara gehitu, ederki luartuko da luarrarekin edo simaurrarekin nahastean.
Kaixo jakoba! Aurreko baten konturatu nintzen intxaurrondoetako batek, ipurdi inguruen kriston orban baltza daukola, aurten intxaurrik eztau emun eta hostua bestiek baiña lehenau hasi jako galtzen, urte batzuk badauko intxaurrak ta... ea zer ein neiken!
Argazkiren bat gustura hartuko nuke erantzun zehatzagoa eman ahal izateko, baina tira. Nik esango nuke non edo handik adarretan edo enborrean goian duen zuriren batetik gaitza sartu zaiola. Intxaurrondoa oso mizkina da, onddoen gaitzak ezin eraman ditu. Edozein zauri nahikoa da gaitza sartu eta ondoren zauri beretik sartzen den hezetasunak bultzatuta behera-behera egiten du. Azpian azaltzen den arte. Zer egin? Pentsatu enborra barrutik belzten eta iruditzen ariko dela, ustel uneak ere izango ditu, gero eta gehiago. Horrek ez du arbola arriskuan jarriko, baina bizimodua baldintzatu bai: ahulago egongo da, fruitu gutxiago…
Egun on. Urteroko galderarekin natxatorrek. Mizpirak noiz jaso. Ilgoran jaso behar dizkiagu, ezta? Noiz dituk egunik egokienak? Ta kuiak? Ilbeheran? Eskerrik asko hire denborarengatik eta jarraitu beti bezela. Eskerrik asko
Mizpirak heldutasunera iritsi gabe biltzen dira eta gero purikatzea nahi izaten da, ustel gozo hori hartzea, alegia. Horretarako ilgoran biltzea komeni da eta fruitu egunean. Aurten urriaren 1 eta 2 izango dira eta hurrengo ilgoran urriaren 21, 22 goiza, 29 eta 31. Kuiak, aldiz ez da komeni heltzen jarraitzea, ahalik eta denbora gehien gogor iraun dezaten, horretarako ilbeheran bildu behar dira eta sustrai egunean; ilbehera 6tik 20ra izango da eta egun onenak 12 arratsaldea eta 13 egun osoa, 15 goiza ere bai.
Aupa Jakoba. Aurrekoan intxaurrak batu nituen nire aitonaren baratzetik eta denak oskolaren gainean frutaren mamiz josiak zeuden, guztiz baltziturik. Hori al da aurreko batean landaberrin komentatu zenuen euliaren gaitz hori? Momentuz soluziorik ez duen hori? (Hemen argazki bat) Hala eta guztiz ere, jasotako intxaur hauek lehortzerik badago? Nola? Betiko moduan lehortuta jateko aukerarik edukiko genuke? Ala hobe hasieratik denak jaurtitzea? Eskerrik asko aldez aurretik
Zokotena belzte hori eguraldiagatik izan daiteke edo baita euliaren erasoagatik ere. Euliarena bada beltz horietakoren batean harren bat ikustea ez harritu. Jateko modukoa edo ez, ireki eta ikusi. Jende askok horrelakoa jateko modukoa dela esaten du. Hala baderitzozu betiko moduan lehortu, bai. Zeuk erabaki.
Zelan inausten da mahatsondoa parra egiteko,gereizpea emoteko?
Lehenik parrak izango duen forma definituko duen egitura eraiki behar da. Ondoren mahatsondoa formatu behar. Horretarako udaberrian ematen dituen altsuma edo panpano ugarietatik zuzenena eta egiturari lotzeko egokiena aukeratu eta gainontzekoan moztu. Hortik atzera luzatu eta parra estaltzeko aukeratutakoa ez beste kimu guztiak sortu ahala moztu, urte guztian. Honela indar guztia luzatu nahi den adar horretara bideratuko da. Parraren gainera iritsitakoan han erabaki adar bakar batekin jarraitu edo gehiago utzi.
Kaixo Jakoba! Badira jada bizpahiru urte etxeko irasagarrondoaren fruitua heldutu aurretik zuhaitzean bertan usteltzen dena. Orain badirudi udareondoetara pasa dela gaitza. Zein gaitz izan daiteke? Konponbiderik ba al du? Eskerrik asko aldez aurretik!
Irasagarrondo eta udareondo barietate batzuk oso berak dira gorrinaren familiako gaitzen aurrean. Erraz erasotzen dute eta bi sintoma antzeman daitezke: hostoetan orban borobil gorri-beltzak hasieran eta gogor jotzen badu hosto guztia harrapatu eta arbola soiltzeraino, bigarrena fruituetan ere antzera, orban borobilak eta usteldurak hastea. Beste usteldura klase bat ere agertu daiteke irasagarrean, usteldura handiak eta ustelduraren azalean lizun tankerako zirkulu zuriak, hori beste gaitz gogor bat da: monilia. Horiek denak tratatzeko tomatearen gorrina tratatzeko erabiltzen den salda bordelesaren nahasketa oso egokia da: salda bordelesa, asun ura eta gatz pixka bat (10 litroko 10 gr.). Hostoak ateratzen hasi orduko tratatzen hasi, eta euria badator aurretik tratatu. Udazkena etorri aurretik hostoak erortzen hasi orduko azken tratamendua eman, hostoak lurrera erori aurretik tratatuta joan daitezen.
Eskerrik asko hain bizkor erantzuteagatik. Emandako gomendioak ikusita, moztu egingo dut. Batez ere, inguruko sagarrondoak ahalik eta osasuntsuen haz daitezen. Izan ere, lur saila ez da oso handia eta denak ere nahiko gertu geratuko lirateke. Sagar barietate hauek sartu nituen aurreko urtarrilean. Bata urtebete sagarra (uzta iraila urrian) eta bestea san pedro sagarra (uzta ekain uztailean). Nire hasierako intentsioa hurrengo denboraldian barietate bakoitzeko beste bana edota bina sartzea litzateke. Eta gero? Gero zer sartuko zenuke? Eztakit zer sartu... - Bi barietate hauekin nahiko eta beraien 4-5 zuhaitz sartu? - Beste sagar barietateren bat? Zein? - Ala beste zerbait gehiago ere sartuko zenuke?? (okana, laranja, madaria...)? Lursaila Ondarroan dago, itsasertzean ekialderantz zuzenduta. Beraz, beste toki batean pikondo batzuk sartuko ditut, landaberrin entzun nizunaren arabera, kokapen aproposa baita beraientzat. Azkenik, sortu zaidan duda zera da, intxaurrondoa moztu eta gero, geratzen dena (erderazko tocón) eta bere sustraiekin zer egin? Bertan hutsi bertan usteldu daitezen? Hala hobe zulatu eta ahal den guztia ateratzea? Lan hau egiteko sasoi jakin batean egitea gomendagarriagoa? Negua, udaberria...ilgora, ilbehera? Kalekumea naiz eta idea handirik eduki ez arren, intentsio eta gogo handiz hartu dut nire aitona zenaren terrenoa biziberritzeko erronka hau. Orain ere aldez aurretik, eskerrik asko denagatik!
Jan-sagarrak nahi badituzu, lehengo bi horien tankerakoak, nik urtea osatu egingo nuke denak une berean ez izateko, adibidez: pelestrina, urtebi handia eta errezila. Horrela udan hasieratik negura arte sagarra izango duzu.
Intxaurrondoaren motzondoa edo epaitondoari buruz nahi duzuna, kentzeko ikaragarrizko lanak hartuko dituzu. Egitez gero nahi duzunean. Bertan utziz gero berritzeko altsumak ematen baditu maiz maiz kendu.
Aupa Jakoba. Aurrekoan ohartu nintzen intxaurrondo batek duen orban honetaz... Zer da? Ze egin dezaket?
Kontsulta egin eta gero, beste duda edota kezka bat sortu zitzaidan. Kontua da, aurtengo sasoian intxaurrondo hau dagoen tokitik laupabost metrotara bi sagarrondo landatu nituela. Landaketa horien emaitza ona dela ikusirik, datorren denboraldian beste hainbat landatzeko asmotan nabil. Nire lehen asmoa, intxaurrondoa inguratuz landatzea zen. Orain ordea, intxaurrondoaren orban (edo gaitz) horren ondorioz moztu beharko banu, landaketa horren formakuntza aldatu dezakedan posibilitatea ikusten dut.
Baina, nire kezka (intxaurrondoa moztuz gero) intxaurrondoa dagoen toki berean sagarrondo bat landatzean, ea lurrazpian gelditutako susterrak kaltegarriak izango diren ala ez diren da. Espezie honek, beste espeziekiko duen "toxikotasunarengatik".
Ea lehenengo intxaurrondoarekin ze irtenbide gomendatzen didazun, eta gero gerokoak...
Aldez aurretik eskerrik asko zure denboragatik eta landaberrin emoten dituzun gomendio eta jakituria guztiagatik
Zure erantzunaren zain geratzen naiz.
Intxaurrondoarena normala dela iruditzenzait. Enborraren oso beheko aldean txardengoa osatzen duten bi adar nagusi utzi dira. Gaztetan horietako bat kentzea izango zen egokiena. Orain biek hazi nahi dute, goruntz eta zabalera eta bata bestearekin joka ari dira. Azalak batek bestearena zauritzen du eta intxaurrondoak hain berea duen jario beltz hori ateratzen da. Bertan uztez gero bi adarretako bat moztea gomendatzen dizut. Bertikalera gehien hurbiltzen dena utzi eta bestea kendu. Zauri handia izango da baina vuelta emango lioke.
Kendu eta sagrrondoa jartzearena ezda erokeria. Zuloa egiterakoan ondo landu lurra eta ongarritu.
Arazo handiagoa izango duzu etorkizunean kentzen ez baduzu: bost metro oso tarte txikia da intxaurrondoarekin, eta hau hazten denean eta gutxi-gehiago sagarrondoak azpian hartzen dituenean hostoetatik askatzen du jario beltz hori eta sagarrondoek Elorrio izango dute. Ez dira inoiz behar bezala biziko.
Kaixo Jakoba, Badira hilabete batzuk laranja zuhaitzeko hostoak horitzen joan direla. Lore gutxi izan zituen eta fruituak ere txikiak zirela erortzen joan ziren, orain gutxi ditu. Aurreko jabeak ongarri kimiko ugari botatzen ziola esan zigun eta guk azken 5 urte hotan ez diogu ezer bota. Ongarririk beharko ote du? zein ongarri litzake egokiena?
Zuhaitza Errenterian dago, etxe aurreko baratza txiki batean. Bere ondoan bidea, bizilagunekin muga egiteko landarea eta baratza ditu (patata izan dugu bertan). Ez da oso haundia (laranjak eskuz hartzeko modukoa), orain arte beti berde berdea egon da eta laranja ugari eman ditu. Oraingoan, beti bezala ederra zegoen eta loreak ere hasi ziren baina gutxi garatu ziren (asko erori zitzaizkion), fruituak ere piskanaka erortzen joan ziren zuhaitza horitzen zihoan heinean. Berde berde izatetik itxura trixtea ematera pasa da.
Azken aldian hostoren bat kiribilduta ikusi dugu eta beste baten batek gainkaldean "zikin beltz" modukoa du eltxo txuriekin.
Mila esker!!
Bi gauza ikusten ditut argazki horietan. Batetik inausita dago. Inausketarik ez dute behar garrazkiek. Inausiz gero zauriak egiten dira eta ahultzeaz gain gaitzak sartzeko bidea erraztu. Bestetik esaten duzun eran hosto gainean azaltzen den zikin beltz hori onddo bat da, “negrilla” esaten zaiona. Eltxo zuriak ere izurrite txarra da. Zorria, euli txuria edo kotxinilla baldin badago haien hondakinetan garatzen da negrilla. Proposamena: ongarri organikoa eman, luarra edo simaurra. Urtero udazken-neguan, karretilakada bat inguruan, zabalduta, ez soilik enborraren ondoan. Bestetik gaitza eta izurritea kentzeko tratamendua hasi: bacillus thuringiensis eta xaboi potasikoa, hosto kiribilak eta zikin beltza amaitzen diren arte 8-10 egunetik behin. Eta noski, inausteko guraizea saldu.
Aurten irasagarra ederki zetorren, fruitu dexenterekin eta azken asteko euriak eta gero hostoei gaitza sartu zaie, orban marroi ilunak... gorriña al da? Nola lagundu diezaioket?
Gorrinak dira. Irasagarrondoak sentsibilitate handia du gaitz horiek dakartzaten onddoekiko eta udaberri hezeetan nonahi eta noiznahi agertzen dira. Gaitzekiko erresintentzia garatua duten barietateak erabiltzea eta kobrea oinarri duten produktuak erabiltzea gomendatzen da.
Kaixo. Lau intxaurrondo eder ditugu, baina azkenengo 3 urteetan hostoak eta fruituak belztu egiten dira. Uzta ederrak izan arren. Honddoren bat omen da eta erremediorik ez dagoela. Auzokoak bereak bota egin ditu, eta geureekin ere berdin egiteko gomendatu. Erabaki zuzena da? Zer egin bestela?, pena haundia ematen digu hain arbola ederrak botatziak.
Intxaurrondoarena izurrite bat da: Rhagoletis completa izena duen eulia. Kasualitatea, BIZI BARATZEAREN Telegrameko kanalean gaur hitz egiten dut horretaz, hauxe diot:
Rhagoletis completa eulia buruhauste galantak sortzen ari da gure intxaurrondoetan. Eulia uztailaren hasieratik atzera azaltzen da eta tranpak jartzen dira ba ote dabiltzan ikusteko.
Fruituen zokoten edo azal samurrean arrautzak jartzen ditu. Handik sortutako harrak azala zulatu eta barrutik jango du gaitzei atea irekiz eta fruitua zapuztuz.
Intxaurpeko lurra landu eta euli pupak azaleratuz hil eta Spinosad izeneko produktuarekin tratatu.
Oso izurrite txatxua da euli hori. Uztailean erasotzen du gogor eta fruituaren inguruko zokoten mamitsua jaten duen harra ekarriko duen arrautza jartzen du. Harrak zauritutako fruituan gaitza sartzen da eta erabat zapuztu. Horregatik alea zokotenari itsatsita geratzen da, zikina, belztuta eta barruko mamia osatu gabe. Pentsatzen da urte batzuen ondoren apalduko dela erasoa, baina uste hutsa da. Nik, hala ere oraingoz ez nituzke intxaurrondoak botako. Itxaron ea datozen urteetan zer atarramendu datorkien…
Egunon Jakoba !!!! Noiz aldatu behar dira ahuakate landareak ? Hiru landare dauzkat txertatuta bere tiestoan . Eskerrikasko . 💪💪💪
Oraintxe ez da garai txarra. Landatzerakoa kontutan izan: txertoa bistan utzi, lur azaletik gora geratu behar du. Uda partean maiz antzera ureztatu, eta ureztaketa sakonak eman, sustraiak luza daitezen. Bi lehenengo neguetan izotzetik babestu: simaur berria jarri azpian, enborra bendatu, eta txapela jarri.
Egun on. Limoiondo bat daukagu etxean, eta bere hostoak marroxka jartzen hasi dira toki batzutan. Ez dakit zein izan daitekeen arazoa, eta irtenbide bat eman nahi nioke posible balitz. Lagunduko al zenidake?
Nire ustez uraren estresa da. Uneren batean ur falta larria izan du (egun bat, bi egun…) eta hosto puntak erre egin dira eguzki gogorrarekin. Zaindu ureztaketa, eta loreontziari itzala emanez gero hobe. Bestetik somatzen den landarearen tamainarentzako loreontzi txikia ikusten da. Loreontzi askoz ere handiagoa jarri, honela sustraiak ez dira berotuko, ur gehiago izango du lurrean eta hobeto babestuko da bero zakarreko egunetan.
Kaixo! Maiatzaren 28an mandarina zuhaitz bat landatu genuen. Bezperan lurra ongi buelta emanda eta koneju ximaurrarekin nahastuta baratzetxo txiki bat jarri genuen, letxugak, tomateak, piparrak, kalabazina... eta ertz banatan limoiondo bat eta mandarina zuhaitz bat landatu genuen. Mandarina zuhaitza paretatik gertuago eta babesagoan. Gaur gaurkoz, beste guztiak ondo badoaz ere mandarina arbola ez dugu ongi ikusten. hostoak zuriska kolorearekin eta jada zituen fruituak erreta. egunero bota diogu ur pixkat.. Zer izan ote daiteke? nola berindartu?
Mandarinondoa pattal dagoela ikusten da bai. Bi arrazoi etortzen zaizkit. Batetik tokia oso lehorra izatea, etxearen horma azpiak oso lehorrak izaten dira eta aldamenean duen espaloia ere oso bertan. Horrek denak lehortu egiten du azpiko lurra, eta gogoan izan garrazkiak oso urzaleak dira. Limoiondoa kanporago eta agian euriak gehixeago harrapatzen duela askoz ere hobeto dago. Hostoetako zuritasun hori gaitza edo izurrite baten hondarra izan daiteke. Hasteko maiz-maiz ureztatu eta sakon ureztatu ez axalean. Bestetik hostajea garbitzeko xaboi potasikoarekin tratamendua egin, 3-4 alditan 8-10 eguneko tartearekin. Esango didazu zer gertatzen den udan.
Kaixo, urte batzuk badira pikondo pare bat moztu genituela ipurditik. Hala ere, urtero aldakaitz berriak ematen dituzte. Hauek kendu arren ez dugu lortzen zuhaitz hauekin akabatzea. Zer egin dezakegu hau lortzeko?? Mila esker.
Aldakaitz berriak ematen baditu, horrek esan nahi du batetik edo bestetik sustrai horiek janaria hartzen dutela, ez lurreko izerdi gordina, hostoetatik bueltan datorren izerdi landua baizik. Hau da, aldakaitz edo altsumak edo dena delako kimuak bizi dira eta berriak emateko sustraiak elikatzen dituzte. Nire ustez aukera bakarra da aldakaitzak sortu ordurako, arra beteko altura hartu baino lehenago, hostotxo pare bat dituztenean edo moztu, maiz-maiz moztu eta bukatuko da. Ez bukatzearena hortik dator, buelta emateko arnasa hartzeko tartea uzten diezutela. Puja txikiak ikusi ordurako moztu, ilgoran ahal bada, eta urte guztian, noiznahi.
Egun on Jagoba, 2022ko udazkenean landatu genuen 2 urtetako melokotoneroa. Aurtengo udaberrian, lehenengoa izanik, ez genuen lorardirik ezta fruiturik espero, baina loran jarri zen. Ondoren ez zuen fruiturik izan eta ostroak kolorez eta formaz aldatzen hasi ziren, argazkian ikusten den bezala geratu arte. Interneten begira egon naiz eta monilia edo abolladura deritzona izan leikela suposatzen dot, baina ez naiz ausartzen erabakia hartzera eta okerreko tratamendua ematera. Eskertuko nizuke gomendatzea noiz eta zer egin dezakedan esango bazenit. Aurrez, mila esker. Edurne Orbea.
Gaitza dauka: muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doanean begiak puzten hasten direnean tratamendu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Loreak bukatzen direnean tratamendua errepikatu, lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.
Zergatik geriza erdibitu egiten da gorritze sasoian
Heldutasunera iristen ari den garaian alearen azala gero eta finagoa da. Tarte horretan ur estresa sortzen bada, hau da ur gutxi izan eta bapatean ur asko, alea azkarregi hazten da eta azala zartatu. Uraren emana kontrolatu behar da eta ur asko izaten den sasoietarako lurra erraz drainatu eta lehortzeko aukerak landu behar dira.
kaixo bi gereziondoak moztu behar genituen etxeko paretaren obra egiterakoan ez dakit horregatik den ala ez, baina gaixo daude, ez dute fruiturik eman aspaldi, batek gainera adar handi bat hilda du. hemen bidaltzen dizkizut argazkiak. Eskertuko nizuke esango bazenidan zer egin sendatzeko mila esker Esther
Zerorrek esan duzu, obra egiterakoan moztutako adar handi horiek utzi dituzten zauriak ezin itxi eta bertatik sartu da barru-barruraino gaitza. Hezurdun fruitua ematen duten arbolak oso sentiberak dira, zauriak kontuz egin behar zaizkie, gainontzean hemengo hezetasunarekin zauritik onddoak sartzen dira. Nire iritziz arbola horiek etorkizun pattala dute. Adar handia iharra duen horrek behintzat… Adar iharrak kendu eta zer buelta ematen dioten ikusi. Gaitzari aurre egiteko gorrinaren aurkako tratamendua erabili: asun ura, salda bordelesa eta xaboi potasikoa. Euri giroa datorren bakoitzean aurrez tratatu.
Kaixo Jakoba, limoiondo bati kelatoa bota diot burdin falta konpontzeko. Zenbat egunetan egin beharko zen tratamendua? Eskerrik asko
Kelatoa dosi oso txikietan erabili behar da, gainontzean emandakoaren zati handi bat alferrik galtzeko arriskua dago. Urtean zehar 3-5 emanalditan banatzen da. Limoiondoak ia urte osoko ziklo mugitua duela kontutan izanda egin banaketa. Bestetik, lur karetsua ez zaio komeni eta loreontzian bizi bada kanilako ura beharrean euri ura erabili ureztatzeko.
Orain ere galdezka gatoz. Zer da hau Jakoba? Eta Zer egin? Prunus persica da. Ez dakit argazkia atxikitzea lortu deten
Lepra da argazkiko muxikaren hostoetan ikusten dena. Taphrina deformans esaten zaion onddo batek eragiten du. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545