Sapar zailari aihotz zorrotza.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Limoiondoa noiz eta nola kimatu
2026-01-13 11:34 | Koro

Egunon Jakoba, Koro naiz, Legasakoa, nafarroan. Baratzen badugu limoiondoa koxkor bat. Aitak egiten zion kimaketa lanak baino zendu da eta GURE esku gelditu dira baratze lanak. Galdera bat dut, noiz eta nola egin dakioket kimaketa? Esker mila, Ongi izan, Koro.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-01-13 12:01

Limoiondoa nik ez nuke kimatuko. Ez da arbola handia egiten eta ez du bilketarako arazorik ematen, fruitu biguinagoak ematen dituztenen aldean. Adarren batek enbarazu egiten badu, hura kendu eta listo! Lan hori egiteko sasoi onena apirila-maiatzeko ilbehera da. Gainontzean inausi gabe badago, urte gutxitan igarriko diozue askoz ere ale gehiago emango dituela. Gauza bat egin behar duzue, urteoro ongarritu.

Gaur arte erantzundakoak (253 galdera-erantzun)

Bi urtez ibili naiz intxaur beltzaren –juglans nigra– hazietatik –intxaurretatik– zuhaitz berriak sortu nahirik, baina bat bera ere ez zait atera. Azalduko dizuet zein bide segitu dudan: intxaurra irail edo urri aldean, heldua dagoenean alegia, zuhaitzetik jaso. Azaroan lurpean sartu, bost bat zentimetroko sakoneran, eta gero noizbehinka ureztatu, haziak hezetasun egokia izan dezan. Bide berbera erabili dut bertako intxaurrondoaren haziekin –juglans regia– eta arrakasta erabatekoa izan dut. Entzuna daukat intxaur beltzaren haziak zailak direla ernetzeko. Ea argibideren bat ematen didazuen. Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2010-09-12 00:00

Iepa Xabier. Geruzatze teknikarekin egin ezak saioa. Urak alde egiteko moduko zuloak dituen ontzia (zurezkoa onena) eta erreka-hondarra eta lur beltza nahasketa (10-2 proportzioa) behar dituk. Ontzian hondarra, intxaurrak, hondarra, intxaurrak... geruzaka jarri, bukatzeko hondarra jarri lodi. Ontzia kanpoan eduki, toki fresko edo hotz batean; ito gabe baina hondarrari beti heze eutsi. Intxaurrak jango lituzketen animalietatik babestu, sare batekin edo dena delakoarekin.

Teknika honen oinarria haziak ez lehortu, eta pixkanaka udaberrian ernatzen lagunduko dion hezetasuna barneratzea da. Ernatzean adi ibili, azaldu ordurako muintegira edo baratzera pasa, bestela baten eta bestearen sustrai eta enbortxoak nahaspilatuko dira.
Esango diguk...

Aupa Jakoba. Bizpahiru urtez ez ditugu kiwiak  inausi, eta ondorioz sekulako adarje nahasia sortu zaigu eta sare horren gainean sortu dira fruituak. Beraz, bilduko baditugu adar horiek moztu egin beharko ditugu. Arriskurik izango al du orain mozteak? Esker aunitz eta izan ongi.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-13 00:00

Kaixo Nekane. Landareak mozteko urte sasoi okerrena da oraingo hau. Orain egiten diren zauriak negu osoan hor izango dira itxi gabe. Askoz egokiagoa da udaberria aldera izerdi berria datorrenean inaustea, orduan zauriak egin berritan konturatzerako itxi eta sendatuko ditu landareak. Kiwia biltzeko adar batzuk moztu beste aukerarik ez baduzu, egin ezazu, baina esandakoa kontuan izanda, hau da, behar-beharrezkoak direnak besterik ez moztu eta inausketa txukuna, landareak bere oneratuko dituena izerdi berriaren bor-borrerako utzi. Zeu ere bor-bor izango zara orduan eta kiwiak ahazteko arrisku ederra aurtengoan ere...

Yang tao pare bat landatuta dut, arra eta emea. Orain dela hiru urte emeak hogei fruitu eman zizkigun baina iaz eta aurten bat ere ez. Inausketa dela-eta arazoren bat dugula suposatzen dut. Enborretik ezker eta eskumara doazen adar nagusiak ere moztu beharko dira? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-11-01 00:00

Kaixo Edorta. Kiwiaren jatorrizko izena da yang tao. Arra eta emea, lehen urteetan biak antzera inausi behar dira, eusteko jarritako egituran zabaltzeko. Lan horretan adar nagusi izango direnei mutur ahulak kentzea komeni da, urtetan fruta asko hazteko gai den egitura indartsua sortzen ari baitzara. Behin zabalduta, fruta emateko desberdin inausi behar dira. Arra lorea eman ondoren, beti, udaberrian sartuta. Haren lan guztia loreak ematea da, emearenak polinizatzeko; beraz neguan ez inausi, behin lorea pasatakoan baizik. Gero, hurrengo negua artean, adar berriak eman eta hurrengo urteko loreak prestatzeko nahikoa denbora izango du. Emea aldiz lorea eman aurre horretantxe inaustea komeni da, beti ere fruta adar nagusietatik bertan zintzilik izan behar duela pentsatuz. Honetarako, adar nagusi horietan adar motz eta ahulak utzi behar dira eta inausten ditugunak bi edo hiru begi utziz, horietatik hurrengo urtetan loreak eta fruituak emango dituzten adar txikiak sor daitezen.

gora