Gabon, dagoenean bonbon, ez dagoenean egon

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Limoiondo koittadua
2025-03-10 19:08 | Xabier Arregi

Kaixo, Jakoba, mendebaldera begira dagoen balkoi batian bost urte inguru izango dauen limoiondo bat dakot, zainketa gutxi izan dauena! Kontua da, kuttauak, adar dexente dakola hosto gutxirekin. Badakit ez zarela inausi-zalea, baina uste duzu pena mereziko dauela,.....forzauta bada be, bultzadatxo bat emutia adar batzuk kimatuz? Eskerrik asko!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-12 15:14

Limoiondoaren panorama ikusita, zer hobetu asko dago. Batetik tamaina horretako fruta arbolari eusteko eta indarrean loratu eta fruituak emateko loreontzi eskasa du. Jarri bikoitza gutxienez eta ahal izanez gero hirukoitza. Luberria ondo ongarritutakoa: simaur zaharra heren bat eta beste biak baratzeko lur beltza. Ureztatzen duzun bakoitzean urari ongarri likidoa erantsi, lorontzietarako aproposak saltzen dituzte, batzuk lore landareentzako eta beste batzuk hostoentzako; azken horrekin hasi eta urtebetera edo biziberritzen denean bestera pasa. Ureztatu aldiero ongarri ttantta bat urari, ongarriaren potoak jartzen duenaren herena edo. Bestetik laranjondo laguna jarri duzuen etxeko hormaren ondora eraman limoiondoa ere. Babesa garrantzitsua da, eta eguzki gehien izango duen puntuan jarri, hala ere ez du gehiegi izango eta. Inausketa, azkenekoa, adartxo ihar horiek kentzeko soilik. Hostoren batean bitxoren bat ere ba ote dagoen iruditzen zait, baina ez da garbi ikusten. Ondo miatu eta hala bada Xaboi potasikoa, Bacilusa eta Neem, hirurak nahastuta bota, enbor adar eta hosto alde guztietatik blaituz, zortzi egunero garbitu arte.

Gaur arte erantzundakoak (206 galdera-erantzun)

Noiz jaso ondo konserbatzeko, Irañeta, Nafarroan bizi dira

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-10-10 16:25

Bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren beldur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.

Gabon. Mizpirak jasotzeko zein egun da onena? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-10-07 10:56

Mizpira ez da beste fruituak bezalakoa. Sagarrak, adibidez, jaso eta ahalik eta gehien irautea nahi dugu. Mizpira aldiz purikatuta, erdi ustelduta, jaten dugu, orduan baita benetan gozoa. Hala ere irautea nahi baduzu ilbeheran jaso beharko zenuke; purikatzea nahi baduzu ilgoran. Urriaren 16 arte ilgoran gaude, 16tik 29ra ilbehera izango da eta 30etik azaroaren 12 arte ilgora. Irauteko egun onenak sustrai egunak dira: urriaren 23, 24 eta 25. Purikatzeko, aldiz, fruitu egunak: urriaren 11, 12, 30 eta 31 eta azaroaren 7.

Gabon, Jakoba.

Kontsulta batekin nator. Nire koinadu batek duela Ia 40 urte ipinitako sagasti ederra du Garinen. Urte askotan sagardotegi batera saldu izan du sagar gehiena baina azken urteetan berak sagardoa egiten du etxerako. Emaitza bikaina da. Oso ona!!. 

2000ko "patsa" baratz ertzean banatu zuen eta sagar landara ugari atera ziren. Onenak (40cmkoak) behin betiko lekuan berlandatu ditu. Gune haizetsua da eta honen helburua zuztar ederrak garatuz, haizeak sagarondoak ez botatzea da. Jakin nahiko luke ea landara hauek aproposak diren "patroia" bezala erabiltzeko. Ez du inongo presarik. Bere asmoa landara hauek hazten uztea da enborran neurria txertatzeko gai izan arte. Zer iruditzen? Zein da zure aholkua?. Bide onetik doa?. 

Esango diguzu.

Aldez aurretik eskerrik asko harretagatik.

Ondo izan,

Lurdes

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-03 11:35

Zorionak sagardoagatik! Ez da etxekoa bezalakorik. Patsak draman hazi pilatik sortutako landarerik ez nuke nik mentu oinetarako erabiliko. Hazi horiek urte askotan zehar hautatu eta bereizitako barietateetako sagarren haziak dira. Frutatarako onak dira, baina ez dira aproposak oinetarako edo gero txertatzeko. Era berean Bakoitza ama batena izango da, barietate desberdinetakoak eta polinizazioan gertatutako hibridazio desberdinetakoak. Honek esan nahi du sortu den horietako bakoitza erabat desberdina izango dela. Nik ez nituzke inolaz ere txertatzeko erabiliko. Ikaragarrizko lana egin eta urtetara jabetuko da akatsaz... Orain bai, erraza dirudi, sagar landare mordoxka pas pilan, baina... Mentu oinetarako ahal dela basoko sagar makatzak erabili behar dira. Edo sagarrondo txikiak nahi badira saltzen diren klonak.

3 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-16 12:20

Laranjondoa inausteko sasoia giro epelak eta lurra beroa dagoenean. Hemen azkarrenera apirilean eta ekaina aldera onena. Beti ere fruitualdia amaitu eta loraldi berria irekitzen hasi baino lehenago.

Iñaki-ren erantzuna
2022-02-20 20:35
Laranjondoa iñaustu behar al da?
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-07 13:23
Berez ez. Eta nik uste dut hemen batez ere hobe dela ez inaustea. Landarea sanoago eta indartsuago biziko da; batez ere gero inoiz ez tratatu eta nolahala ongarritzen denean.

Intxaur amerikanoa noiz adarrak moztu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-12 16:51
Intxaurrondo amerikarra, Juglans nigra, ez da maiz ikusten den arbola. Zorionak inguruan bateren bat baldin baduzu. Adarrak mozteko sasoi onena izerdia mugitzen duenean da eta ilbeheran. Martxoko ilbeheran, alegia.

Kaixo, Jakoba:

Limoiondo bat eta mandarinondo bat dauzkagu loreontzi handietan. Urtarrilean ale ugari eman dituzte, eta, erantsi ditugun argazkietan ikus dezakezun bezala, handi samar daude. Hori dela eta, lurrera aldatzekotan gaude. Baina, halere, hainbat zalantza dauzkagu; izan ere, Berastegin bizi gara, Izotzalde auzoan, eta izenak dioen bezala baserria leku laiotzean dugu. Beraz, hauexek dira gure galderak:

1) Merezi al du lurrera aldatzea?

2) Hala balitz, non kokatu?

Guk bi aukera hauek ikusten ditugu:

Lehena lorategira (leku askorik ez dugu) aldatzea litzateke. Han, etxeak ipar-haizetik babestuko lituzke (pittin bat), baina arazo handi bat ikusten diogu: neguan ez du eguzkirik jotzen, batere; izotzak, berriz, gogotik.

Bigarren aukera baratzearen inguruko lur-sailera aldatzea litzateke. Han ere neguan eguzki oso gutxi eta ipar-haizearen aurkako inolako babesik ez lukete izango.

Zalantza horiek argitzen lagunduko diguzulakoan, mila-mila esker! Ondo izan!

Gurenda

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-07 15:38
Berastegin nahikoa lan izango dute garrazki horiek kanpoan bizitzeko. Batera edo bestera erabakitzeko, noski eguzki gehien izango duten tokira. Onena aterpe bat izatea da; izotza beti goitik behera etortzen da eta txapela moduko edozerk babestuko ditu. Bi aukera:
1.- Baratzean aterpe bat eraiki. Zurezko egitura bat negu partean plastiko garden batekin estaliko dena.
2.- Oraintxe dauden tokian lurrean zulotxo batzuk egin eta bertan landatu, teilatuaren babesean.

Sagarrondo zahar batzuk mugarratu ditut eta zauria sendatzeko zer erabil dezaket? Mila esker erantzunaregatik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-01 15:03

Mugarrotzerakoan zauri handiak sortzen dira. Horiek sendatzea lan zaila eta nekeza da arbolarentzako. Ebakia egiterakoan adarraren oinarrian dituen orbaina sortzeko guneak ez moztea da garrantzitsuena. Zauria estali eta sendatzeko ukenduek kalte besterik ez dute egiten. Zaurian izerdia ahalik eta libreen ibiltzea da orbaina ondo eta sano sortuko denaren berme onena. Ez eman inolako ukendurik. Izatez gero laster ezereztu eta eroriko den ukenduren bat. Nire gomendioa: behi kaka, buztina eta salda bordelesa egiteko oinarrizko hautsa. Ondo nahasi, ur ttantta bat behar badu gehitu eta ore lodi bat egin. Zauria estali, baina euriarekin eta abar laster desegingo da. Salda bordelesak kuprea eta karea ditu, lehortzen lagunduko dute eta fungizida lana ere egingo dute, gaitzen lehen erasoetatik babestuz.

Noiz kimatu kiwiak?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-01-31 10:32
Martxoko ilbehera da inausteko sasoi onena. Hala ere giroak epeletik badoa eta egun argitsuak badira otsailekoan ere inausi daitezke.

Kaixo, Jakoba:

Intxaurrondo handi bat daukagu, eta, fruituak eder eta ugari ematen baditu ere, apur bat kezkatuta gaude. Izan ere, enborraren erdialdean arrakala bertikal handi bat dauka eta azkeneko bi urteetan arrakala hori gero eta sakonagoa egin dela iruditzen zaigu. Negu honetan, berriz, arrakala pixka bat betetzen ari zaiola ematen du, baina ez gaude ziur. Zer iruditzen zaizu? Zure ustez, zer egin beharko genuke? Pena litzateke horrelako intxaurrondo bat galtzea.

Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-01-30 12:33
Zartadura eta arrakala ugari du arbola intxaurrondo horrek. Hori ez da, ordea, txarra. Arrakalak sortzeko arrazoi ugari dago. Adibidez adar handi horren ingurukoak adarraren beraren mugimenduek sortutakoak direla iruditzen zait; baita adarraren hazkundeak eraginda ere. Goitik beherako handi horri tximistak jotakoa izan daiteke edo gainean duen adarretik sortu eta pixkanaka pixkanaka beheruntz dijoan ustelduraren batek ere. Hala ere garbi dago: zauri haundi hori ederki ixten ari da. Intxaurrondoak indarra eta kemena soberan dituenaren adierazle. Egin dezakezuen onena ongarria ematea da. Adarjearen bueloak hartzen duen lur sail osoa erruz ongarritu. Eta ilargialdi batera karea eman; kare koxkorra eta 200 gramo metro kuadroko. Karearen ordea egur errautsa ere erabili dezakezu, 100 metro kuadroko 20 litro inguru errauts emanez.

Intxaurrondo ta gaztainondo injertatuak landatu berri ditut. Podatzea gomendatzen duzu? Podatu gabe fruitu gutxiago emango dute?
Podatzekotan noiz da sasoi ona?
Eskerrikasko Jakoba
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-01-30 12:13

Ez inausi, ez. Utzi hazten eta zure alturatik behera adarren bat sortzen badute hura moztu, uda partean uztaileko ilbeheran. Inausi gabe ez dute fruta gutxiago emango. Txertuak egingo du lan hori. Eta luzeago eta hobeto biziko dira. Horrez gain, biak ala biak onddoen erasoekin asko sufritzen duten arbolak dira. Zauriak, badakizu, onddoak sartzeko eta gaitzak barruratzeko bide errazena dira.

Kaixo, jakin nahi nuke kobrezko haria ea erabiltzen duzun zuhaitzetan.
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-01-16 11:50

Erdi Aroan pentsatzen zuten metalezko hariak eta iltzeak zuhaitzei eta arbolei enborrean sartuz gero ikaragarrizko indarra eta kemena ematen ziela. Burdinezkoak, kuprezkoak eta baita zilarrezkoak ere jarri izan zituzten. Lore gehiago, fruitu gehiago, gaitza gutxiago eta abar. Gerora ere jarraitu izan da jarduera horrekin. Alfer-alferrik ordea. Soilik zauriak egiten zaizkio landareari, eta zauri horietatik gaitzak eta abar sartzen dira. Horrek landarea ahultzen du, inausketak bezalaxe eta horren eragiten du lore eta fruitu gehiago ematea, baina epe motzeko eragina da hori. Askoz lehenago hilgo baita.

Kupre hariarena mahatsondoetan eta tomateetan erabili izan da, batez ere. Gorrinari egiten dio aurre kupreak eta landare horiek bereziki sufritzen dute gorrin gaitzak sortzen dituzten onddoen erasoa. Batzuetan alanbre haria enborrean alderik alde sartzen zaio, tomateari adibidez, eta beste batzuetan buelta eta bira enborraren bueltan jartzen zaio. Ustez landarea gaitz horietatik babestuko da hari horretatik hartuko duen kuprea medio. Maiz egin izan da saio hori, baina ez dago emaitza egokirik ematen duen arrastorik. Beraz nik ez nuke sistema hori erabiliko.

Hobe duzu kuprea bere forma ohikoetan erabili. Beti ere jakinda kuprea neurri batean toxikoa dela kontutan izanda. Hau da, ahal baduzu kuprea erabili aurretik beste tratamentu batzuekin saioa egin: asun edo azeribuztan minda eta abar.

Egun on, Jakoba!

Durangoko azokan zure stand-ean egon nintzen, baina jendea zeneukan eta ez nuen aukerarik izan zurekin hitz egiteko. Egutegia hartu nuen ilargiaren eta une bakoitzean egin daitezkeen laburpena biltzen dituena (oso aproposa behar dudanerako) baina ondoko zalantzarekin geratu naiz. Sagarrondoak kimatu (podatu) nahi ditut, eta uste dut orain hasi eta otsaila aldera arte dela sasoia, baina zein egunetan litzateke egokiena....ilargia kontutan hartuta esan nahi dut...Ea erantzuterik baduzun! Aldez aurretik mila esker eta ondo segi! ;)

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-12-14 10:50

Orain landaketak egiteko garaia da, otsailaren amaiera arte. Sagarrondoak kimatzeko sasoi onena izerdi berria hasten denean da. Hemen martxoa aldera. Itsasalde epelean bizi badira edo gori oso beroak badoaz otsailean ere bai. Baina hori baino lehenago egitea ez da komeni. Inausketa edo kimaketa egiteko onena ilbehera da. Egutegian ikusi ahal duzunez martxokoa 12tik 25 eguerdira arte izango da. Otsailekoa16 eguerditik 28ra.

Noiz garai onena olibondoa aldatzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-11-24 17:09

Udaberriaren atarian. Martxoan baita, tokia hotza bada, apirilean ere.

Gabon Jakoba, zein frutarbola landatu leike garai hontatik hasita urte bukaerara arte? Eta non eros daitezke?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-11-22 10:52

Hostoa galtzen duten landareak landatzeko sasoia da hau. Azaroaren erdialdetik hasi eta otsailaren amaiera arte. Hostoa galtzen duten fruta arbolak, adibidez: gaztainondoa, mizpira, kakia, mingranondoa, muxika, mertxikondoa, brinoia, paraguaioa, gereziondoa, abrikotondoa, aranondoa, arbendolondoa, udareondoa, elorri beltzasagarrondoa, gurbea edo maspila, pistatxondoa, hurritza, pikondoa, intxaurrondoa, marugatzea, irasagarrondoa, mahatsondoa, kiwaïa, kiwia..
Kontutan izan: izotzik izango ez den egunetan egin behar da landaketa..

Erosteko bi aukera dituzu mintegietan edo nekazaritza kooperatibatan eta hemendik atzera gero eta ugariagoak izango diren azoketan.

Noiz batu behar dira kiwiak?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-11-07 16:48

Kiwia (Actinidia sinensis), gure lurretan ez da arbolean bertan heltzen edo umatzen. Arbolean utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzekoe do gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.

Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahl den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jar

Kaixo Jakoba, etxeko balkoian urtebete pasatxo duen limoiondo hau daukat (ikusi argazkia). Galdetu nahi nizun batetik, ea noiz aldatu behar nukeen lurrera, eta bestetik, ea aurretik, ondoren, ala noiz txertatu behar dudan. Milesker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-10-30 18:42

Limoiondoak neguan ez du hostajea galtzen. Horrelakoak udazken hasieran edo udaberriaren hasieran landatu behar dira. Limoiondoa bezalako berozaleak direnak udaberri hasieran hobeto. Martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran. Txertatu martxoan adarreko txertoa bada eta begikoa bada uztaila-abuztuan.

Intxaurrondo injertatuak landatu nahi ditut piñua botatako lekuan. Viverista batek esan dit agian ez dela ideia ona. Lur azpian geratutako piñuen sustraien onddoen ondorioz edo... ze iritzi duzu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-10-21 12:10

Nire ustez pinudia izan izanak ez du eraginik. Hori baino garrantzitsuagoa da lurraren izaerak. Lur buztintsu eta astuna bada nik ez nuke intxaurrondorik jarriko. Buztinaren elastizitatearen eraginez sustraiak autsi egiten dira eta zauri horietatik sartuko dira onddoak. Beraz arazoa ez da onddoak bertan izatea (lur guztietan gutxi edo gehiago daudenak) baizik eta zauriak sortzea. Intxaurrondoari urak erraz alde egiten dion lurra gustatzen zaio.

Noiz inausi?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-10-21 12:40

Nik ez nuke inausiko. Inausketa behar bezala egi ezean fruitua atzeratu egingo duzu edota urte bat edo batzuetarako galdu. Inausi ezean landarea sanoago (zauririk gabe) eta loretarako begiak osatzeko indar handiagoz egongo da. Inausita lore eta fruitutarako kemena apaldu eta adar berriak sortuz lehengo forma berrezkuratzeko grina piztuko diozu. Adarren bat kentzea behar beharrezkoa baduzu, enbarazu egiten duelako edo, martxoaren amaiera edo apirila aldera moztu.

Kaixo egun honetak zeintzuk dira kiwiak, zagarrak eta kalabasak batzeko?

Zure erantzuna espero dut

Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-10-10 22:59
Iraupenari begira luzarorako nahi baditugu ilbeheran biltzea komeni da. Urriaren 26tik azaroaren 8 arte. Eguraldiaren arabera lehenago edo beranduago egun tarte horretan. Toki epeletan eta izotz beldurrik ez bada azaroaren 23tik abenduaren 5era arteko ilbeheran ere bai.

Egunon, sagardoa egin nahi degu eta jakin nahi nuke Urrian ze egun diren hoberenak hortarako,

Milla esker, Begoña

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-27 10:40

Urrian 12tik 26ra izango da sasoi onena.
Egun onenak sagarra jasotzeko 12 arratsalde, 13, 21 eta 22.

Kaixo Jakoba, ahuakateondo bat daukat ontzian, eta lurrean aldatzeko garai ona noiz den jakin nahiko nuke. Gipuzkoako kostaldean bizi gara. Zenbat leku behar duen ere jakin nahiko nuke, inguruan beste zeozer jartzekotan kontuan izateko.Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-12 18:14

Orain landatu dezakezu. Baina udaberrira arte loreontzian balego bezala ureztatu beharko zenuke, sustrai berri ahulak izango baititu. Beste aukera loreontzian bertan mantendu eta martzoan landatzea da. Tarte handia utzi, oso handia egiten baita eta gero bestela inausi egin nahiko duzu. Tarte handia 8-10 metrokoa, alegia.

Kaixo Jakoba! Ba al dakizu esaten Zeraingo mandio tabernaren aurrean dagoen arbolatxo zer dan? Horrelako arbolatxo txiki bat behar dut aterki forma hartzen duena eta ahal izatea autoktonoa noski, asko gustatzen zait honako espezie hau eta ea laguntzerik badaukazun, eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-06 16:40

Gustu ederra duzu. Neronek ekarri eta landatutakoa da, 1994-95 neguan. Sagarrondo bat da. Barietate negartia da eta txertatua dagoen tokitik hasieran behera ematen ditu adarrak baina gero, indartzean pixka bat gora ere egiten du, 4-4,50 metro arte hazi daiteke. Loraldi zuria du udaberrian eta sagartxo gorriak hostoa eroritakoan ere bertan mantentzen dira, txorien gozagarri. Bere izena Malus x scheideckeri “Red Jade” da, baina normalean Malus “Red Jade” edo “Red Jade” sagarrondoa bezala ezagutzen da mintegietan. Ez da erraza topatzen beraz datorren negu honetan jarri nahi baduzu hasi galdezka...

Atsaldeon Jakoba.

2 zugaitz intxaur edade berekoak. Bat, batean ikustezu ihartuta, enborrean lur azalan contra kostra zuria. Ze gaxotasun klase izanditeke ? Eskerrikasko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-24 11:15

Orain ebaki ondoren garbi ikustend a aspaldiko arazoren bat edo batzuk izan direla hor. Adibidez gainean duten plaza antzeko horri eusten dion horma intxaurrondoak hor zirela egin al zen? Horrek kalte handia sor dezake. Inaustekarik izan al zuen? Ebakietatik ura erraz hartzen du intxaurrondoak eta bihotza usteltzea etorri daiteke. Horrekin batera urarekin gaitzak ere ziztu bizian sartzen zaizkio, beste zuhaitz askori baino errazago... Aldamenekoak ondo irauteko kontuz inguruan zama jartzearekin. Ohol kastillo hori da adibide garbia. Horrelakorik ez jarri intxaurrondoaren bueloaren parean; gainontzean sustraiak ito, usteldu eta gaitzak hortik ere sar daitezke.

Aupa Jakoba. Egunon Malerrekatik!! Aurten sagar urtea omen da, bistan da, eta sagardoa egiteko tenorea hurbiltzen. Sagardoa eta zukua egiñak gara, eta aurten ozpina egiten saiatuko gara. Bele zahar batek zuri galdetzeko esan dit. Nola egin daiteke sagar ozpina? Ezagutzen ahal dituzu motak eta horretarako egin beharreko desberdinak? Eskerrik asko ta segi bixkor!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-12 17:31

Aupa, Zubietatik Zubietara!

Ozpina egitea da errazena. Sagar muztioa edota sagardoa airea hartzen utzi eta laister ozpintzen dira. Horretarako laguntza handia da ozpina egiten den beste nonbaitetik ozpin horren ama eskuratzea, edo gutzienez ozpin pixka bat.

Onena urte askotarako ozpina egingo duen ontzi batean pentsatzea da. Errazena plastikozkoa, goian boka handia duena eta azpian behe-behetik goraxeago kanila bat. Nik sagardoarena egiten dut. Sagardoz ia goraino bete ontzia eta ama edota ozpina gehitu. Goiko boka irekita mantendu, oihal arin batezkin estalita; airea sartzea behar-beharrezkoa da, baina xakarrik ez. Hilebete batzuetara ozpina egina egongo da. Nik ontziaren erdia ateratzen dut, ozpin ozpina, eta ateratako erdi hori jasotako sagardo hondarrekin edo sagardo garbiarekin bete. Urtero egin hori, erdia atera eta bete. Horrela kalkulatu ontziaren tamaina zenbat ozpin behar dekenaren arabera. 50 litro behar, 100 litroko ontzia...

Gero gerokoak: niri ozpin desberdinak egitea gustatzen zait. Ateratako ozpin horri erdi eta erdi muztio gozoa edo sagardoa nahasi eta itxi, gehiago ez ozpintzeko. Horrela ozpin errebajatua eta askoz ere lurrintsuagoa izango da. Edota belarrak sartu: albahaka, ispilikua, erromeroa, ezkaia, piperrak...

Egun on Jakoba,
Errigoitin bizi naiz eta etxea aurrean, hegoaldean, aranondo bat daukat, klaudia aran goxo askoak eman izan dituenak. Kontua da urte luzeetan zipres pare baten enbarazua izan duela eta gorantza hazi beharrean eskumarantza oker oker eginda hazi dela, ia ia lurrari paralelo. Zipresak iaz kendu genituen eta argitasun ederra du orain, eta egia esan indartsu eman ditu ostoak eta adarrak eta baita fruitutxoak ere. Astelehen goizean enborra apurtu egin zen, nik uste pisuaren pisuaz...eta orain nire galdera da: enborra apurtu deneko gunean adar indartsu pare bat ditu tente tente...hauek bere berean utzita haziko ete da gorantza egiten? edo bestela, adar horietako baten bat (ederrak ditu eta) landatu dezaket edo...zure erantzunaren zain geratzen naiz.
Mila esker arretagatik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-05-06 10:57
Hautsi den adarra bizi baldin bada, bere horretan mantendu. Nahi baduzu eusteko hagaren bate do txardengoren bat jarri. Adar berri indartsu horiek haziko dira. Nik denak bere horretan utziko nituzke. Agian urte batzuk beharko dituzte fruta ematen hasteko, baina lehenago arbola berria osatu behar dute. Zuk egin dezakezun onena da ongarriarekin laguntzea da.
gora