Baratzea da nire irakasle gogokoena

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
AHUAKATEONDOAK INDARREAN ETORTZEKO ZER EGIN
2026-04-01 21:04 | Daniel

Aupa Jakoba. Apirilleko azken hiru egunetako baten, aguakate batzuk aldatuko dittut. Patroi klonalak dira duke 7 eta hass, bacon eta lamb-hass bariedadeak. Badira sei bat hillabete erosi nittula eta tiestoan pasa duten denbora hau luze xamar itten ari zaiela iruditzen zait. Aldatu eta gero zer egingo nieke bixkortzeko? Eta aurreneko urtean pake xamarren utzi beharko dittut ezta? kimatu gabe etb. esan nahi det... ERskerrikasko


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-04-02 19:00

Tokiaren aukeraketa eta guzti hori garbi duzula alde batera utzita. Landatzerakoan egiteko oraindik argitaratu gabe dudan trikimailu bat duzu hau.

Arbolak landatzeko lagungarri oso ona den nahasketa hau prestatu: ontzi batean euri ura jarri eta erantsi trikoderma (onddo lagungarria), mikorrizak eta rizobakteriak (inguruko lurra biziberritzeko), azido humikoak, fulbikoak eta algak (sustraien inguruan bizi diren mikroorganismoak suspertu eta indartzeko). Ondo nahasi eta landatu aurretik sustraiak bertan busti. Errazago itsatsi eta gogatsu haziko da. Soberan duzun likidoarekin landareen oinak ureztatu.

Garrantzitsua da oso ohiko ongarriketa. Jarri landareen inguruan simaurra edo luarra. Ahuakateondoa hazkunde azkarreko landarea, baina baldin eta eskuera nahikoa janari baldin badauka.

Eta bai, lehen urteetan kimaketa ahaztu. Indartzen lagundu eta neguan babestu: enborrak bendatu, goitik soilik babestuko duen txapela bat jarri eta inguru guztian azarorako simaur berri-berria jarri eta neguaren hasieran berritu gehiagorekin. Honela negua epelxeago igaroko dute.

 

Gaur arte erantzundakoak (277 galdera-erantzun)

Aupa Jakoba. Bizpahiru urtez ez ditugu kiwiak  inausi, eta ondorioz sekulako adarje nahasia sortu zaigu eta sare horren gainean sortu dira fruituak. Beraz, bilduko baditugu adar horiek moztu egin beharko ditugu. Arriskurik izango al du orain mozteak? Esker aunitz eta izan ongi.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-13 00:00

Kaixo Nekane. Landareak mozteko urte sasoi okerrena da oraingo hau. Orain egiten diren zauriak negu osoan hor izango dira itxi gabe. Askoz egokiagoa da udaberria aldera izerdi berria datorrenean inaustea, orduan zauriak egin berritan konturatzerako itxi eta sendatuko ditu landareak. Kiwia biltzeko adar batzuk moztu beste aukerarik ez baduzu, egin ezazu, baina esandakoa kontuan izanda, hau da, behar-beharrezkoak direnak besterik ez moztu eta inausketa txukuna, landareak bere oneratuko dituena izerdi berriaren bor-borrerako utzi. Zeu ere bor-bor izango zara orduan eta kiwiak ahazteko arrisku ederra aurtengoan ere...

Yang tao pare bat landatuta dut, arra eta emea. Orain dela hiru urte emeak hogei fruitu eman zizkigun baina iaz eta aurten bat ere ez. Inausketa dela-eta arazoren bat dugula suposatzen dut. Enborretik ezker eta eskumara doazen adar nagusiak ere moztu beharko dira? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-11-01 00:00

Kaixo Edorta. Kiwiaren jatorrizko izena da yang tao. Arra eta emea, lehen urteetan biak antzera inausi behar dira, eusteko jarritako egituran zabaltzeko. Lan horretan adar nagusi izango direnei mutur ahulak kentzea komeni da, urtetan fruta asko hazteko gai den egitura indartsua sortzen ari baitzara. Behin zabalduta, fruta emateko desberdin inausi behar dira. Arra lorea eman ondoren, beti, udaberrian sartuta. Haren lan guztia loreak ematea da, emearenak polinizatzeko; beraz neguan ez inausi, behin lorea pasatakoan baizik. Gero, hurrengo negua artean, adar berriak eman eta hurrengo urteko loreak prestatzeko nahikoa denbora izango du. Emea aldiz lorea eman aurre horretantxe inaustea komeni da, beti ere fruta adar nagusietatik bertan zintzilik izan behar duela pentsatuz. Honetarako, adar nagusi horietan adar motz eta ahulak utzi behar dira eta inausten ditugunak bi edo hiru begi utziz, horietatik hurrengo urtetan loreak eta fruituak emango dituzten adar txikiak sor daitezen.

gora