Nolako zura halako ezpala

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Limoiondo koittadua
2025-03-10 19:08 | Xabier Arregi

Kaixo, Jakoba, mendebaldera begira dagoen balkoi batian bost urte inguru izango dauen limoiondo bat dakot, zainketa gutxi izan dauena! Kontua da, kuttauak, adar dexente dakola hosto gutxirekin. Badakit ez zarela inausi-zalea, baina uste duzu pena mereziko dauela,.....forzauta bada be, bultzadatxo bat emutia adar batzuk kimatuz? Eskerrik asko!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-12 15:14

Limoiondoaren panorama ikusita, zer hobetu asko dago. Batetik tamaina horretako fruta arbolari eusteko eta indarrean loratu eta fruituak emateko loreontzi eskasa du. Jarri bikoitza gutxienez eta ahal izanez gero hirukoitza. Luberria ondo ongarritutakoa: simaur zaharra heren bat eta beste biak baratzeko lur beltza. Ureztatzen duzun bakoitzean urari ongarri likidoa erantsi, lorontzietarako aproposak saltzen dituzte, batzuk lore landareentzako eta beste batzuk hostoentzako; azken horrekin hasi eta urtebetera edo biziberritzen denean bestera pasa. Ureztatu aldiero ongarri ttantta bat urari, ongarriaren potoak jartzen duenaren herena edo. Bestetik laranjondo laguna jarri duzuen etxeko hormaren ondora eraman limoiondoa ere. Babesa garrantzitsua da, eta eguzki gehien izango duen puntuan jarri, hala ere ez du gehiegi izango eta. Inausketa, azkenekoa, adartxo ihar horiek kentzeko soilik. Hostoren batean bitxoren bat ere ba ote dagoen iruditzen zait, baina ez da garbi ikusten. Ondo miatu eta hala bada Xaboi potasikoa, Bacilusa eta Neem, hirurak nahastuta bota, enbor adar eta hosto alde guztietatik blaituz, zortzi egunero garbitu arte.

Gaur arte erantzundakoak (206 galdera-erantzun)

Jakoba franbuesa noiz eta nola kimatu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-08 12:24

Mugurdiondoa orain kimatzen da. Oinarrizko kimaketa landarea gaztetu eta biziberritzeko egiten da. Urtero fruitua eman duten adar zaharrak ipurditik mozten dira eta gazteak oso osorik utzi.

Kaixo Jakoba Bediatik idazten deutsut. Aguakate zuhaitz bat baratzean landatu gure dogu eta zein izingo zan egunik onena jakin gureko geunke. zuhaitzak 2 urte dekoz. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-03-07 17:27

Hostorik galtzen ez duten landareak landatzeko sasoia oraintxe hasi da. Ilbeheran egiteko lana da eta egokienak sustrai egunak dira. Martxo honetan ilbehera 7tik 21 arte da, eta sustrai egunak 15 eta 16 dira.

Sagarrondoa iñauzi/ kimatu behar ditugu, adar batzuk lurreraino dauKa eta. Behin adarrak kimatuta, zer edo zer eman behar diogu zauriari, gaitzik har ez dezan?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-26 11:17

Adarrak kimatzean sortzen dizkiogun zauriak berez ixtea du onena sagarrondoak. Saltzen dituzten pasta eta ukenduek kalte besterik ez dute egiten. Zauria itxi beharko lukeen aldameneko azalari ez diote arnasa hartzen uzten ezta orbaina sortzen ere. Onena bere horretan uztea. Laguntzea nahi baduzu izerdi berria hasi denean inausi. Martxoa da hilabeterik onena eta egun egokienak ilbeherakoak dira, eta aproposenak sustrai egunak. Aurtengo martxoko ilbehera 7an hasiko da, arratsaldeko 17:00etan eta 21 arte luzatuko da. Sustrai egunak 15 eta 16 izango dira.

Kaixo Jakoba, zer gertatzen da frutarbolak ez badoguz inausten?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-26 12:37

Iruditzen zait galdera alderantziz egin beharrekoa dela: zer gertatzen da fruta arbolak inausten ditugunean? Zergaitik eta zertarako inausten ditugun jakin beharko genuke, noiz nola eta abar inausteko. Inausi gabe utzita, bere bizimodu naturalarekin jarraituko dute, besterik gabe, gure ekoizpen eta uzta handien goseak sortutako estresa eta arazorik gabe.

Arratxalde on Jakoba, Kiwiak noiz kimatu bejar diren jakin nahiko nuke, baita kontutan hartu behar diren arrak edo emeak diren. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-24 17:51

Ez da gauza bera arra edo emeak inaustea. Emeak izerdi berria hastera doanean inausi behar dira. Martxoko ilbehera da onena. Aurten 8tik 21era artean izango da. Ilbehera osoa inausketarako ona bada ere, egun onenak sustrai egunak dira, aurten 15 eta 16.Arra aldiz geroago. Izan ere arraren lan bakarra loreak zabaldu eta polena hedatzea da. Aurretik inausiz gero loraldia murriztuko dugu eta bere lana eskastu. Arra, beraz loraldia amaitu ondoren, apirila edo maiatza izan daiteke.

Kaixo !! Etxe aurrean gereizondo bat degu eta adarrak kimatu beharrean gaude...oztopatzen baitute pasua....noiz egin leike ???

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-11 10:43

Gereziondoa, fruitua hezurra duena ematen duten fruta arbola guztiak bezala Euskal Herri hezean ez da inausi behar gaitzak sartzen zaizkiolako. Bestetik gereziondoak bereziki, egur oso ahula, biguina du eta egingo dizkiozun zaurietatik barrura usteltzen hasiko da, arbola guztia ahulduz eta arriskutsu bilakatuz. Beraz, ahal baduzu inausi gabe pasa, adarrak okertuz eta lotuz edo… Bestetik inausten baduzu zauriak ahalik eta ttikienak egin. Inausketa orain egin daiteke otsaileko ilbeheran, 22 arte.

Atsaldeon. Sagarraondoa inausteko, otsaileko ze egunak diré aproposak? Eskerrik asko Jakoba

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-05 10:57

Sagarrondoa inausteko askoz ere hobea da martxoa otsaila baino. Izerdia mugitua behar du egingo dizkiozun zauriak ahalik eta azkarren ixteko. Egun onenak ilbeherakoak dira eta aproposenak sustrai egunak. Martxoan ilbehera 8 eta 21 artea izango da, eta sustrai egunak 15 eta 16. Otsailarekin egoskortzen bazara ilbehera 8ko 12:00etatik 22 arte izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.  

Mandarino gazte bat daukagu. Iaz dozena bat mandarina eman zituen, aurten hiru. Zegaitik? Leku epelean dago.. Sondikan bizi da.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-04 16:44

Iazkoa orokorrean fruituentzako urte oso txarra izan zen. Arrazoi bat hori izan daiteke eta bestea gaztea da, zeuk esan duzu, eta gazteetan normala da horrelako gorabeherak izatea. Egin dezakezun gauza bakarra laguntzea da. Inguruan, ez soilik ipurdian, zabalxeago baizik, ongarri organikoa jarri: satsa, luarra, eskuera daukazuna. Eta utzi bere horretan. Adarrik ez moztu inola ere, bestela urte batzuetan gutxiago emango dizu.

Arratsaldeon Aurten udareondoak landatzeko asmotan nabil (kostaldeko lursail batean, itsasoaren frente frentean) baina barietateak aukeratzeko orduan zalantzak ditut. Esan didatenez, pasa crasana ederra omen da bai konpotak egiteko, baita jateko ere. Eta bere fruitualdia urria aldean izaten dela. conferencia ere oso hautatua izaten omen da mintegietan. Honen fruitualdia uztailean dela. Gustatzen zait bi barietate hauen fruitualdi desoreka, denak batera jaso ez izateko. Pasa crasana barietateari ordea, su-gorriñak ederto erasotzen diola irakurri dut. Egia ahal da? horren kontra egitea zaila ote da? lan handiegirik ere ez dut hartu nahi. lursailean 8-12 udareondo sartzeko lekua daukat. ze barietate gomendatuko zenidake? hauek ondo? besteren bat?? Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-01-31 19:54

Aipatzen dituzun bi barietate horiek udazkenekoak dira. Irailaren arditik atzera heltzen dira. Udako beste barietate batzuek: Blanquilla, Ercolini, Limonera  eta William’s. Hala ere gomendatzen dizudana da Euskal Herriko Hazien Sarearekin harremanetan sartzea. Haiek bertoko barietateak lantzen dituzte eta aukera hobea dira beti: https://www.haziensarea.org/

Kaixo, Hainbat fruta arbola landatu nahi nituzke. Landatu beharreko lurra 700metrotako altitudean aurkitzen da; beraz, posible da oraindik izozteren bat egotea. Errezil inguruan dago, idea bat egin daizun. Honakoak dira nire zalantzak: noiz landatu behar nituzken zuhaitzak? Ze zuhaitz dira egokienak inguru horretarako? basoko animaliek apur ez ditzaten, zer babes jartzea gomendatzen duzu? Eskerrik asko!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-24 19:53

Inguruko ohiko fruitu arbolak landatu daitezke altuera horretan: hurritza, sagarra, udarea, arana, mertxika, brinoia, paraguaioa, albertxikoa, mugurdia, andere-mahatsa, irasagarra, kakia, kiwia, mahatsa, mizpira eta mizpira japoniar.  Pikoak agian hotzarekin sufritu egingo du… Intxaurrondoa ahaztu, gaitza eta izurrite baten konbinazioak ez bai dio fruituak ondo heltzen uzten. Bereziren batekin saiatu nahi baduzu limoiondoa eta mingrana edo granada jarri. Landaketa martxoko ilbeheran egin. Babesa jartzeko mendiko landareari jartzen zaion plastikozko tutu hori jarri eta handitzean hesolatxo batzuk jarri inguruan (3 edo 4) eta txarrantxa jarri ez hurbiltzeko eta ezta bere kontra aztarrika egiteko ere.

Egun on! Haizeak bota doskun limoiondoa dekogu, barriro sartu dogu baina errama batzuk kendu guretzeguz. Ilargia kontutan hartu behar da horretarako? Milesker aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-15 18:52

Sustraia batzuk galdu baditu proportzio berean hostajea murriztea komeni da, erraz itsatsi dadin. Inausketa egiteko sasoi onena izerdi berriarekin batera da, baina kasu horretan landatutakoan bertan egin. Ez itxaron ilargiari.

Kaixo Jagoba Azken hilabeteotan, duela bi urte aldatu nuen intxaur baten ingurua erreta edo igartua ageri da. Ematen du norbaitek herbizida bota duela, baina guk dakigula ez da holakorik gertatu. Susmorik hartzen al diozu? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-27 13:01

Herbizidaren itxura osoa du. Edo antzeko lana egiten duen zerbaitena. Adibidez aziendaren bat landareren batekin tematzen denean eta bere ipurdian pixa egiten badu, gainontzekoek ere arrasto hura berearekin estali nahi izaten dute eta horrelako guneak sortzen dira eta maiz landarea hil. Larreetan ere horrelako gunean maiz ikusten dira. Horrelako zerbait dela esango nuke. Zein animalia den jakin behar…

Arratsaldeon Jakoba Aiatik idazten dizut, guk etxevondoan sagasti bat dugu eta azken urteetan asuna asko ugaritu zaigu, ardiak ibiltzen dira zelaian tarteka baina urtean 2/3 aldiz desbrozatzen ditugu asunak. Entzuna dugu udaran ilberri garaian sasoi ona dela asuna eliminatzeko eta saiatzen gara horrela egiten. Orain udazken negu partean zer egin genezake? Ea laguntza txiki bat eman diezaiguzun, Eskerrikasko, Edurne

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-22 18:20

Asuna nitrogeno asko dagoen lurretan ugaltzen da. Simaurketagatik edo larretzen den aziendarengatik goititzen da nitrogenoa. Desbrozaketak laguntzen du atzeratzen; beti ilgoran egiten saiatu eta ahal izanez gero hosto egunetan. Udakoak oso eraginkorrak dira, baina onena urte guztian moztea da, azpiko sustraietako erreserbak ahultzeko. Era berean neguan egin dezakezuna da karea zabaldu. Sagastiarentzako bereiziki ona da eta asunari kalte egiten dio. Aspaldi karerik ikusi ez duen lurra bada 200 gr /m2 erabili. Eta urtetik urtera 50 gr gutxiago eman dosi arruntera iritsi arte: 75 gr/m2. Simaurrik ez eman urte pare batez behintzat…

Kaixo jakoba, jakin nahi nuke mendiko nisperoa hezurretik errez gehitu daiteken t nola. Mila esker. Paki

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-16 18:03

Nik ez dut ezagutu hezurretik sortutako mizpirondorik. Badira mendian, baina baratzean egindakorik ez dut ezagutzen. Mizpira ugaltzeko era ohikoena txertatzea da, elorri zuriaren gainean txertatzen da, neguan zotzetik eta udan begitik.

Noiz izango dira egunik onenak biltzeko? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-11 11:29

Dagoenerako iritsi da bai kiwiak biltzeko sasoia, izotzak ez harrapatzea baita garrantzitsuena. Ilbeheran biltzea komeni da eta ahal izanez gero eta sustrai egunean. Ilbehera 18 tik abenduaren 2ra izango da, eta sustrai egunak 25, 27 arratsaldea eta 28.

Noiz txertatu egin behar da aguakatea eta zein dan txertaketaren era egokiena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-07 18:46

Bi txerto mota erabiltzen dira, batez ere, ahuakatea txertatzeko: zotzekoa eta begikoa. Zotzekoa ekaina aldera egiten da, sasoi berriko hazkunde nagusia apaldu denean. Hemen erabiltzen den zotzeko txerto arruntaren aldean errazagoa da: ez da mentu-oina zartatu behar, azalaren alderago irekitzen da goitik behera mentuaren zabalera duen ebakia eta hor sartzen da mentua behean txistuan egindako ebaki bakarra enborraren aldera jarriz. Begiko txertoa uztaila eta iraila artean egiten da. Txerto hu hemen egiten den ohikoa da: mentu-oinari gurutze formako bi ebaki eginda azala altxa eta azpian begi bat sartzen da; gero bil-bil egin eta ondo ixten da. Emaitza onenak ematen dituen txertoa zotzekoa da.

Mizpirak noiz jaso ber dizkiu? Ilgoran jaso behar dizkiagu, ezta? Noiz dituk egunik onenak? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 10:33

Mizpira aleak ahalik eta denbora gehien arbolean egotea komeni dek; horrela gehiago gozatuko dituk, eta gero heuk ere. Jaso eta ahalik eta ondoen purikatzea edo “usteltzea” badek helburua ilgoran bildu eta ahal izanez gero fruitu egunean. Aurten urrian ilgora 21 arte izango dek eta fruitu egunak 18 egun osoa eta 19 13:00 arte. Azaroan ilgora 5eko 18:00etatik 18ko 11:19 arte izango dek eta fruitu egunak 5, 6, 7 eta 15. Abenduan ilgora 3tik 15era izango dek eta fruitu egunak 3, 4 11 17:00etatik atzera eta 13 09:00 arte. Hilabete horretan, baita, 30 eta 31 ilgora eta fruitu egunak izango dituk.

Kaixo Jakoba, jakin nahi nuke zergatik hurritz makil batzuen azala txuria izaten den, bestetan gorrixka,... Hurritza klase bakarra da ez? Izan leike altsumak urte ezberdinetakoak izatean kolorea ere ezberdina izatea? Eskerrik asko, Xalba

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 11:50

Hurritza klase bakarra dela diozunean, espezie bat dela esaten duzu. Espezie horren izen zientifikoa Corylus avellana da. Espezie baten barruan, ordea, azpiespezie, barietate edo aldaera, kultibare eta abr asko izan daitezke. Begira adibidez sagarrondoari, zenbat sagarrondo desberdin ezagutzen dituzu? Eta aldatzen dena ez da soilik sagar alea, baizik eta arbolaren forma, azala, adarjearen egitura, eitea, eta abar. Hurritzetan ere berdin gertatzen da. Adibidez basoko arbolari, hur ale ttikiak ematen dituenari hurritza esaten zaio eta landutakoari, ale handiak ematen dituenari uzta-hurrondoa edo uzta-hurtzea. Guk denak hurritz bezala ikusten ditugu, noski, baina haien artean ezaugarri desberdinak garatu dituzten kastak daude. Beste adibide bat: begira geuri, Homo sapiens espezieari. Ikusi azalak, garaierak, soinen formak eta abar zenbaoterainoko aldeak dauden, espezie berean! Ez da ez altsumaren urtea, berezko ezaugarria da. Hala ere altsumak, urtekoak, bi urtekoak edota zaharragoak izan azala aldatzen da: leuntasuna, kolorea, loditasuna eta abar.

Pikondoa izorratu du gaurko haizea. Adar handi bat enborratik eroria. Zer egin zaurian ? Mila mila ezker !!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 16:58

Komeni da zauria garbitzea; zartadurak eta zauriaren alde zakarrenak labana zorrotz batekin garbitu eta ahalik eta zauri garbiena uztea komeni da. Ondoren salda bordelesarekin eta ur pittin batekin ore edo pasta lodi bat egin eta hura eman isipu edo brotxa batekin; ura beharrean azeribuztan ura bada hobe. Ez erabili merkatuan dauden orbaintzeko pastak, mesede baino kalte gehiago egiten dute.

Agendan eta egutegian irakurri dut, neguan zuhaitzak landatzeko oraindik zuloak egiten hasi ahal dela. Zer dela eta komeni da dagoeneko zuloak egitea? daukadan lursaila buztintsua eta ura metatzen da, leku batzutan bestetan baino gehiago. asmoa belardian fruta-arbolak eta sasiak kendutako lekuan basoko arbolak ipintzea da.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-13 17:38

Batetik lana errazten hastea da: landaketa egin behar denerako lan handiena aurreratua izatea. Bestetik ongarriketa ere erazten du: zuloa orain egin eta ateratako lurra ongarriarekin nahasi eta zuloa bete. Gero bertan landatzea errazagoa izango da. Lur buztintsua edo tupa denean zuloa bai urez bete daiteke, baita zuloa gero eginda ere. Toki horietan komeni da lur azaletik letorkiokeen ura zulora ez sartzeko nola desbideratu prestatzea. Eta landatzerakoan gogoan izan landarea sustrai bistan baldin badator sustraiak lokatzetan ondo busti; ura eta lurra nahasiz lokatz arina prestatu. Honek hobeto itsasten laguntzen du.

Egunon Urdazubi tik !! Sagar basak noiz eta nola erein... Milesker. Segi bixkor.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-16 15:10

Sagar basa edo sagar makatzak bildutakoan jarri zabal-zabal eginda lehirtzen eta usteltzen, kanpoan. Gero haziak zailduta egongo dira eta orduan haziak atera eta hondarretan geruzatuta jarri: ontzi batean hondar geruza bat eta gainean haziak zabalduta eta gainean hondarra. Ontzia kanpoan eduki, haziek negua sentitu dezaten eta euriak bustitzen duela. Euri gutxi bada ureztatu. Otsaileko ilgoran haziak atera eta mintegian erein lur harroan ez da sakon sartu behar, zentimetro erdi bat nahikoa da. Gainean lur arinarekin estali, zanpatu, lurrak hazia ondo ukitu dezan eta ureztatu. Lehen udaberri-udan ureztaketa zaindu.

Kaixo, noiz jaso behar dira kiwiak Hauek Irañetan bizi dira Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-10-16 15:17

Kiwia gure lurretan ez da arbolean bertan heltzen edo umatzen. Arbolean utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran. Izotzik ez bada geroago ere jaso ditzakezu.

 

Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.

Egun on. Erantzunetako baten hau irakurrita: "Hurrengo urteetarako, eta sagardotegi industrialetako ontzi erraldoirik ez baduzu edota hotzetan eduki ez baduzu eguberrietako ilbeheran botilaratu; alde ederreko sagardoa edango duzu urte guztian…" Galdera: Noiz egin dugun aintzat izan gabe botilaratu dezakegu eguberrietako ilbeheran? Ez al da azkar xamar Urrin eginda? Eskerrik asko aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-26 15:08

Zein sagardo mota duzu gustuko? Hori da galdera gakoa. Nire iritziz, sagardo industrialak alde batera utzita, botilan egiten bukatu eta osatzen den sagardoa da onena. Horregatik hartzidurak erebat amaitu gabe daudenean botilaratzea da egokiena. Sagardotegi handietan dentsitatea 1000 gr/l baino beherago dagooenean botilaratzen dute. Ni 1001-1002 tartean sartzekoaren aldekoa naiz, pittin hori botilan egin dadin. Gero, botila etzanda eta geldirik, toki ilun eta fresko batean edukita sagardoa egingo da. Horrek bere txinparta eta gustu guztiak ekarriko ditu. Ontziak egurrezkoak baldin badira zer esanik ez! Askoz ere garrantzitsuagoa da hori. Gure etxean, adibidez, muztioa 40-50 egun egoten da ontzian eta gero botilara. Zein tenperaturatan dagoen ere garrantzitsua da; kontuz giro beroekin. Aurten azaro beroa datorrela dirudi eta adi!

Kaixo Jakoba. Errautsa fruta arbolei nola bota azaldu zenidanean, zalantza bat suertatu zitzaidan. Errautsak lurra lehorrzen duela irakurri dut zure azalpenean. Gure sagarrondoak udan oso lehorra den eremu batean bizi dira, neguan ur nahikoa, asko, baina uda guztian ez du euririk egiten, eta bero handia. Komeni da errautsa botatzea? Ez dugu gehiegi lehortuko? Esjerrik asko zure lan txukunagatik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-23 18:08

Errautsa neguan zabaldu behar da. Orduan komeni da bere lana egitea, baita udaberrian ere. Bestetik fruitu arbolak sustraiak oso sakonak dituzte eta asko zabalduak. Lehorte larria bada sufrituko dute, baina gainontzean erraz eramango dute lehorte arrunta bat.

Kaixo Jakoba. Tximiniako errautsa pilatuta dugu, eta fruta arbolei botatzea ona dela entzun dut. Noiz da garai egokia? Zein onura dakar? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-14 20:35

Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.

gora