Euria eta eguzkia, martiko eguraldia.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Limoiondoaren izurritea, zorria
2025-05-19 20:12 | Mikel Erriondo

Eskertuko nizuke esango bazenida argazkian ikusten den izurritea zer motakoa den eta nola ekidin daitekeen.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-20 11:34

Zorria da. Ohiko izurritea da eta beti izerdi gozoena dabilen tokian pilatzen da, kimu berrietan, alegia. Tratamendua xaboi potasikoarekin egiten da. Uretan xaboi potasiko pittin bat nahasi eta dena ondo busti. 3-4 egunero tratatu garbitu arte.

Gaur arte erantzundakoak (233 galdera-erantzun)

Aupa Jakoba, aurten ez dut inausketarik egin etxeko sagarrondoetan. Hurrengo ilbeheran (17an...) egitea posiblea da? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-08 11:36

Bai egin dezakezu eta egokiena hori da. Martxoko ilbeheran egin behar da sagarrondoen neguko inausketa. Inausi eta laster izerdia etorriko baita zauriak ixtera.

Datorren zapatua sagardoa enkortxatzeko ona da, ala hilberan beranduegi. Lana egiten dot eta astebiuua dut lanabes horietarako. Beste aukera bat dot astean libre duten lagunak zapatu aurretik boteilan sartu edo aste santuko ilbehera itxoin. Zer deritzozu? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 10:57

Zeuk ikusi behar duzu zer den garrantzitsuena zeure sagardoarentzako. Ontzi txikitan egina eta bizitzeko arriskua badago zalantzarik gabe ahalik eta azkarren botilaratu. Hotz giro hau baliatu eta aurrera. Asteburuari itxaron behar badiozu larunbata 9, ez onena delako, lehenengo aukera delako. 10ean ez behintzat. Bestela 18tik atzera nahi duzunean. Hurrengo urteetarako, eta sagardotegi industrialetako ontzi erraldoirik ez baduzu edota hotzetan eduki ez baduzu eguberrietako ilbeheran botilaratu; alde ederreko sagardoa edango duzu urte guztian…

Kaixo. Frutarboletan eta fruitu gorrien landare batzuen adarretan liken horia ageri da. Horrek kalte egiten die arbolei? Entzun dut liken horren azpian ezkutatu ohi direla izurriteak, intsektuak etab. komeni da liken hori kentzea? eta horrela bada, nola kendu daiteke? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 11:12

Likenak ez dio kalterik egiten bere ostalariari. Gauza bat argi esaten ari da: hezetasun handia dago ingurune horretan. Seguruenera hezetasun horrek kalte askoz ere nabarmenagoa egiten dio fruitu landareari. Egia da likenaren babesean negua gozoago igaro dezaketela landarearen aurkariek; horregatik askotan gomendatzen da kentzea. Kentzez gero bere enborra edo adarrak ez kaltetzea da kontua. Erabili zurda leuneko eskuila bat. Alanbre-zurdazko eskuila eraginkorragoa izango litzateke baina aldi berean azala mintzeko arriskua dago. Kendu edo ez zeuk erabaki eta zerekin ere bai. Baina gauza bat izan argi, hezetasuna dagoen artean ederki berrituko da.

Kaixo Jakoba. Nahi genuke muxika landatu baina ez dugu lortzen. Ba ahal dakizu noiz edo non daukagu posibilitatea erosteko. Pena da zuhaitz mota hori galtzen ari dela. Gure lursaila Hernanin inguruan dago. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-17 19:03

Ez dut ezagutzen muxika landarerik saltzen duen inongo mintegirik. Onena litzateke beste edozein muxikari txertatzea. Hezurretik sortutako edozeini txera dakioke. Baina Mentua nondik eskuratu jakin behar duzu. Muxika non duten baldin badakizu, handik mentuak hartu eta txertatu…

Kaixo Jakoba! Atzo Markinako hitzaldian entzundakoaren ostean, argi daukat sagarrondo barietatea aukeratzekotan hemengo klimara ohitutako oin egokia beharrezkoa dela, etab. Horregaitik galdetu nahi nizuke ea ze mintegi edo kooperatibetan saltzen dituzten bertako sagarrondoak; izan ere, hemen Arratia inguruko dendetan betidaniko koloretako etiketa eta argazkidun sagarrondoak bakarrik topatu ditut, eztakitnongo enpresek salduak. Horrez gain, oraindik garaiz al nabil landatzeko? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-11 18:35

Mentuoina edo azpiko klasea da gakoa. Nire ustez, baldin eta ekoizpen intentsiboan pentsatzen ari ez bazara, egokiena makatza edo basatia da. Horri mintegietan “franko” ere deitzen diote, baina ez da gauza bera; franko hori edozein sagarren hazitik sortzen da, baina makatza sagarrondo basatiaren sagarrondoen fruitu ttikiaren hazikoa da. Baina hemengoa izan behar du. Jeneralean mintegietan ez duzu topatuko makatza edo basaka hori. Agian baserritarren kooperatibaren batean, baina ez dadila “franko” hori izan. Baserritar batzuk, baita bere kaxa aritzen dira makatz horiek sortu eta txeratzen. Beraz mentuoina basaka edo makatza eta gainean zeuk nahi duzun barietatea txertatua.

Etxeko lima-limoia, laranjaondoa eta limaondoa gaixoturik dauzkagu (argazkian lehenaren hostoak). Zer egin dezakegu sendatzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-19 18:11

Nik uste dut alternaria gaitza izan daitekeela. Hezetasunak, tenperatua epelak eta gehiegizko ongarriketak laguntzen duten onddoa da. Erasotutako hostoak bildu eta erre. Gehiegizko ongarriketak eta inausketak bultzatutako hostaje handiegia eta adarje trinko itxia onddoaren zabalkunderako ezin hobeak dira. Beraz: inausketa eta ongarriketa ahaztu. Orain buelta ematen laguntzeko martxotik atzera 3-4 tratamendu egin kobrearekin: salda bordelesa, kobre oxidoa eta eskuera duzuna.

Kaixo Nire galdera arbolei karea emateari buruzkoa da Nire asmoa da zuhaitz frutalei enborrean karea ematea, baina , larunbatean entzun nizun (edo hórrela ulertu nuen nik) lurrean ere eman behar dela Nik ditut intxaurrondoak, gereziondoak, sagarrondoak eta mertxikondoak, baina ez daude oso sanoak, batez ere gereziondoak, orduan, hori jakin nahiko nuke….. lurrean ere komeni da botatzea? Eta zer jaraitan egin behar da? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-26 11:47

Onena aurrez lurraren analisia egitea litzateke. Hor azalduko litzateke zehatz mehatz karea ematea komeni den eta zenbat. Euskal Herri atlantiarrean bizi badira eta lurra buztintsua bada, seguruenera mesede egingo dio kareak. Eman dosi eder bat lehen urtean , 150 gr/m2. Hurrengo urtean 100 gr/m2 eta hortik atzera urtero edo biz behin 75 gr/m2.  Urtarrila-otsaila tarte hau oso garai ona da. Nahi baduzu kare bizia erabili (kontuz eskuak, begiak eta abar) edo bestela kare hila.

Kaixo lur sailean iada fruiturik ematen ez duten 12 sagarrondo ditugu eta txertaketak egin nahiko genituzke. Noiz izan daiteke momenturik egokiena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-25 10:53

Txertatzeko sasoia izerdi berriaren etorrera da. Adarreko txertua neguaren amaieran eta begikoa udan. Orain adarrekoaren sasoia dator. Sagarrondoa berandu mugitzen den fruta arbola da eta martxoan txertatzen da. Lehen beti esan izan da ilbeheran txertatzen dela, baina ilbehera ilzaharrari esanez, hau da ilargia txikitzen ari den sasoiari. Ikuspegi biodinamikotik ilgoran txertatzen da. Biei kaso eginez martxoan ilgora eta ilzahar izango diren egunak 5, 6, 7, 8 eta 9 izango dira.

Fritu arbolak ze norabidetan landatzea komeni da (hego-ipar edo eki-mendebalde)? Eguzki gehien goizeko orduetatik arratsaldeko orduetara izaten dituen arloa da

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-23 16:27

Fruitu arboladia Euskal Herri atlantiarreko lurretan landatzeko asmoa baduzu norabide egokiena hegoa-iparra da. Horrek esan nahi du goizean alde batetik eta arratsaldean beste aldetik hartuko dutela eguzkia. Lurralde horietan arazo handiena hezetasun handiegia da, zeinak onddoak suspertzen dituen eta horiek gaitz nagusien eragileak dira. Beraz hezetasunari aurre egiteko eguzkia behar dela arboletan bezala baita lurrean ere. Eguzkia lurreraino iristeko tarte handia utzi arbolatik arbolara, ez ditzatela adarrak elkar lotu. Beste baldintza garrantzitsua arbolen garaiera da. Garaienak edo altuenak iparraldean eta motzenak hegoaldean, itzalak bata bestea jan ez dezan.

Non erosi ahal dut olió zuria?.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-08 11:17

Olio zuria edo olio minerala intsektizida lana egiteko erabiltzen da. Tratamenduak batez ere udazken-neguan egin behar dira. Azken hostoak erori aurretik onena. Orain ere eraginkorra da. Intsektuen gainean olio geruza geratzen da eta ito egiten ditu. Tratamendu hori oso ezaguna da batez ere fruta arboletan. Olio horiek nekazaritzako produktuak saltzen dituzten tokietan topatuko dituzu. Ez badaukate ekarriko dizute.

Kaixo Jakoba! Ulertu izan dizut baratzeko lurra hostoz estaltzea egokia dela eta horretan nabil. Baina udaberrirako karea ere eman nahiko nuke. Orden egokia orain hostoak eta ondoren karea litzateke? Hala balitz, karea zenbat denborara edo noiz bota beharko nioke? Bestetik, ximaurrik ekarri ezin dudanez, ditudan sagarrondo, limoiondo eta kaki arbolaren enborren inguruan hostoak jartzea egokia al da? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-30 12:28

Hostoa usteltzen hasi berria da eta nik uste hobe zenukeela lur gainean karea jarri eta orbelarekin estali. Karea orain hasiko da ongarritze, lurra harrotze eta abarreko lanetan, eta hostoak denborarekin usteldu ahala ongarri izango dira eta lurrera sartu.

Fruta arbolen inguruan orbela jartzea ere ona da. Ez pilatu enborraren aldera, inguru guztian zabaldu lur gainean. Eta hobe enborraren kontra ez jartzea, tarte bat utzi hostorik gabe enborraren inguruan.

Arratsaldeon, Errekondo jauna. Ez dizut ezer galdetu nahi, bitxikeria bat jakinarazi baizik. Tira, bitxikeria nire ustez, baina ez dakit oso normala ez ote den. Kontua da hozkailuan is ahaztuta neuzkala gaztaina batzuk, plastikozko poltsa ia itxi batean, eta bustita. Bada, gaur jateko asmoz haien bila joan eta haietako hiru ernatuak dira. Hozkailuako hotz handian eta ilunean!! Harritu egin gara. Lorontzi banatara aldatuko ditugu, noski! Ez al da bitxia? Jabi Ibañez

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-28 11:01

Polita da istorioa. Baina era berean erakuslea. Hotzean, baina ez jeletan eta ilunpetan ernetu da, neguaren amaieran lurpean balego bezala. Jarri bai loreontzian eta hurrengo urteko negurako pentsatu non landatu nahi dituzuen. Zorionak.

Kaixo, oraindik kiwiek batzuk arbolan daude. Noiz arte batzea posible da?

0 erantzun | Zeuk erantzun

Kaixo egunon naturzaleok!goierri aldean limoiondoa aldatu genuen 2022ko azaroan.dozena bat limoi jaso genituen eta aurten adarrak asko hazi zaizkio ,gure galdera da Ia komeniko litzatekeen kimaketa egitea forma emateko eta Noiz izango litzatekeen hori egiteko garai aproposa .Pasa den urtean plastikozko txapela jarri genion eta aurten ere jartzekotan gaude,agian bihar,zer iruditzen? Milesker zuen lanagatik!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-18 11:29

Inola ere ez. Ez du kimaketarik behar. Oraindik oso txikia izango da, gero izango denaren aldean. Kimatzen hasten bazara, fruitu gutxiago emango du, eta indarrak beti haztera bideratuko ditu. Pentsatu etorkizunean tamaina ertaineko fruta arbola izango dela… Adarren batek enbarazu egiten badu hura moztu eta kitto. Gainontzekoak hazi eta fruta emateko bere horretan utzi. Babes txapela bai, jarri eta enborra oihal leun batekin bendatu, adarretaraino.

Atsaldeon Jakoba! Fruta arbolak erosteko hemen inguruko tokiren baten berri ba al duzu?. Besteak beste, sagardotarako sagarrondoak topatzen nabil baina Euskal Herriko leku askotan fruta arbolak saltzeari utzi diote. Eskerrik asko! Nora

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-13 19:15

Hurbil dudalako ezagutzen dut Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatiban saltzen direla. Ea horrekin moldatzen zaren. Gainontzean idatzi berriz.

Kaixo, Tolosatik idazten dizut. Jardinean, melokotoi eta limoiondoa ditut eta noiz moztu behar diren jakin nahiko nuke. Bestalde, 5 urteko limoiondoak oraindik ez du fruiturik ematen eta ea normala den jakin nahiko nuke. Mila esker, eta ondo izan.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-06 09:30

Ez melokotoia ez limoiondoa ez da komeni moztea. Melokotoia, fruta hezurduna ematen duten arbola guztiak bezala oso ahulak dira toki hezeetan. Zauriak eginez gero zura usteldu egingo da, tartean erretxin tankerako jariakin bat askatuz. Limoiondoa ere ez moztea hobe. 5 urte eta fruiturik ez ematea normala da, oraindik gaztea da. Inausten baduzu arazo hori areagotu egingo da, bera hazi eta zeuk moztu eta umetu. Horrela ez du fruiturik emango. Utzi hazten eta berak erabakiko du noiz eman. Arbola horiek soilik enbarazu egiten duen adar bat badute moztu behar dira; eta moztu aurretik beste nolabait konpondu badaiteke hobe, adarra okertu edo makurtu eta lotuz, adibidez.

Kaixo Jakoba, zein bide gomendatuko zenidake fruta arbolen zaintzan aurreratzeko? Kurso, liburu edota taldetan egiten diren jardueretan batzea pentsatzen ari naiz, gomendiorik? Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-01 16:20

Euskal Herrian ikastaro jakinak topatuko dituzu: gaztainaren etorkizuna, kiwia, inausketa, sagardo sagarrondoen zaintza, txerkaketa… Horietarako bidea aurkitzeko jo Fraisoro eskola, Fruitel elkartea, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba, Nafarroako nekazaritza zerbitzura eta Arakilgo Udala eta Arrea elkartea. Gereziondoaren jakintzaz janzteko jo Itsasu aldera, ekoizle elkarte bat badute han antolatua. Oso ikastaro interesgarriak antolatzen ditu baita Asturiasko SERIDA zerbitzu publikoak; gure klimaren antzekoa dute han. Ahuakateondoari buruzko jakintza hedatzen ari da han bezala hemen; hemen jardunaldiren bat antolatu du Fraisoroko eskolak. .

Noiz batu behar ditugu kiwiak?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-01 18:14

Kiwia gure lurretan ez da landarean bertan heltzen edo umatzen. Han utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.

 

Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.

Arratsalde on Jakoba

Duela hilabete batzuk aguakate bat landatu nuen.

Normal normal hazten joan da. Lehenengo uretan eduki dut, sustraia atera zedin, lorontzira lekualdatu dudanera arte.

Ondo zihoan, astiro, hosto berde berdeekin. Azken astean horrelako orban marroi batzuk agertzen joan zaizkio hosto batzuetan, hasieran puntutxo batzuk zirenak hedatzean doaz dexente azkar hostoak guztiz sikatu arte.

Interneten irakurri dudanaren arabera hainbat aukera daude honakoa azaltzeko, ur gabezi edo gehiegizko ura, tenperatura edo gehiegizko eguzkitzapena, lurraren konposizioa...

 

Ideiarik? Gehiegizko eta ur gabezia ez nuke esango denik... baina batek daki, lehenengo aldia denez honakoa egiten dudana agian oraindik ez dut neurria behar bezala hartu. Sikatzen dauden hostoak kenduko nituzke?

Eskerrik asko!

Zaindu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-22 21:28

Nire ustez lehorte handi bat igaro du, egun gutxi batzuk bero handiarekin nahikoa dira horrelako erredurak sortzeko hosto berri gurietan. Bestetik eguzkiak zuzenean eman eta erreta ere izan daiteke. Lasai hartu, hosto berriak ederki asko datozela ikusten da.

Lehenik eta behin, eskerrik asko aurreko galdera aerantzutegatik Jakoba! Hona hemen beste bat. Sagardoa egiten gabiltza eta zukua ateratako sagar hondarrak onuragarriak dira zeozertarako? txerriak segituan aspertzen baitira eta aprobetxatu arren. Eskerrik asko berriz ere!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-04 19:57

Gure txerria eta behiak ez dira aspertzen! Patsa ontzi itxietan edo gainontzean ondo-ondo zanpatuta jaso behar da, bestela hartzitu egingo da eta bizituta alferrik galdu. Agian horregatik ez du jan nahi… Bestela Ongarriaren pilara gehitu, ederki luartuko da luarrarekin edo simaurrarekin nahastean.

Kaixo jakoba! Aurreko baten konturatu nintzen intxaurrondoetako batek, ipurdi inguruen kriston orban baltza daukola, aurten intxaurrik eztau emun eta hostua bestiek baiña lehenau hasi jako galtzen, urte batzuk badauko intxaurrak ta... ea zer ein neiken!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-15 12:12

Argazkiren bat gustura hartuko nuke erantzun zehatzagoa eman ahal izateko, baina tira. Nik esango nuke non edo handik adarretan edo enborrean goian duen zuriren batetik gaitza sartu zaiola. Intxaurrondoa oso mizkina da, onddoen gaitzak ezin eraman ditu. Edozein zauri nahikoa da gaitza sartu eta ondoren zauri beretik sartzen den hezetasunak bultzatuta behera-behera egiten du. Azpian azaltzen den arte. Zer egin? Pentsatu enborra barrutik belzten eta iruditzen ariko dela, ustel uneak ere izango ditu, gero eta gehiago. Horrek ez du arbola arriskuan jarriko, baina bizimodua baldintzatu bai: ahulago egongo da, fruitu gutxiago…

Egun on. Urteroko galderarekin natxatorrek. Mizpirak noiz jaso. Ilgoran jaso behar dizkiagu, ezta? Noiz dituk egunik egokienak? Ta kuiak? Ilbeheran? Eskerrik asko hire denborarengatik eta jarraitu beti bezela. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-09-26 19:10

Mizpirak heldutasunera iritsi gabe biltzen dira eta gero purikatzea nahi izaten da, ustel gozo hori hartzea, alegia. Horretarako ilgoran biltzea komeni da eta fruitu egunean. Aurten urriaren 1 eta 2 izango dira eta hurrengo ilgoran urriaren 21, 22 goiza, 29 eta 31. Kuiak, aldiz ez da komeni heltzen jarraitzea, ahalik eta denbora gehien gogor iraun dezaten, horretarako ilbeheran bildu behar dira eta sustrai egunean; ilbehera 6tik 20ra izango da eta egun onenak 12 arratsaldea eta 13 egun osoa, 15 goiza ere bai.

Aupa Jakoba. Aurrekoan intxaurrak batu nituen nire aitonaren baratzetik eta denak oskolaren gainean frutaren mamiz josiak zeuden, guztiz baltziturik. Hori al da aurreko batean landaberrin komentatu zenuen euliaren gaitz hori? Momentuz soluziorik ez duen hori? (Hemen argazki bat) Hala eta guztiz ere, jasotako intxaur hauek lehortzerik badago? Nola? Betiko moduan lehortuta jateko aukerarik edukiko genuke? Ala hobe hasieratik denak jaurtitzea? Eskerrik asko aldez aurretik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-04 21:11

Zokotena belzte hori eguraldiagatik izan daiteke edo baita euliaren erasoagatik ere. Euliarena bada beltz horietakoren batean harren bat ikustea ez harritu. Jateko modukoa edo ez, ireki eta ikusi. Jende askok horrelakoa jateko modukoa dela esaten du. Hala baderitzozu betiko moduan lehortu, bai. Zeuk erabaki.

Zelan inausten da mahatsondoa parra egiteko,gereizpea emoteko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-04 21:27

Lehenik parrak izango duen forma definituko duen egitura eraiki behar da. Ondoren mahatsondoa formatu behar. Horretarako udaberrian ematen dituen altsuma edo panpano ugarietatik zuzenena eta egiturari lotzeko egokiena aukeratu eta gainontzekoan moztu. Hortik atzera luzatu eta parra estaltzeko aukeratutakoa ez beste kimu guztiak sortu ahala moztu, urte guztian. Honela indar guztia luzatu nahi den adar horretara bideratuko da. Parraren gainera iritsitakoan han erabaki adar bakar batekin jarraitu edo gehiago utzi.

Kaixo Jakoba! Badira jada bizpahiru urte etxeko irasagarrondoaren fruitua heldutu aurretik zuhaitzean bertan usteltzen dena. Orain badirudi udareondoetara pasa dela gaitza. Zein gaitz izan daiteke? Konponbiderik ba al du? Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-15 12:34

Irasagarrondo eta udareondo barietate batzuk oso berak dira gorrinaren familiako gaitzen aurrean. Erraz erasotzen dute eta bi sintoma antzeman daitezke: hostoetan orban borobil gorri-beltzak hasieran eta gogor jotzen badu hosto guztia harrapatu eta arbola soiltzeraino, bigarrena fruituetan ere antzera, orban borobilak eta usteldurak hastea. Beste usteldura klase bat ere agertu daiteke irasagarrean, usteldura handiak eta ustelduraren azalean lizun tankerako zirkulu zuriak, hori beste gaitz gogor bat da: monilia. Horiek denak tratatzeko tomatearen gorrina tratatzeko erabiltzen den salda bordelesaren nahasketa oso egokia da: salda bordelesa, asun ura eta gatz pixka bat (10 litroko 10 gr.). Hostoak ateratzen hasi orduko tratatzen hasi, eta euria badator aurretik tratatu. Udazkena etorri aurretik hostoak erortzen hasi orduko azken tratamendua eman, hostoak lurrera erori aurretik tratatuta joan daitezen.

gora