Astelehenero 8:00etan zure epostan
Madariondoaren harra, sagarra erasotzen duena bera da. Maiatzaren amaiera aldera azaltzen da lehen belaunaldia. Gero udaran bigarren belaunaldia izango da. Hura da min gehien egiten duena. Inguruan sagastirik ez bada aurrenekoa kontrolatzea komeni da, horrekin erasoa asko jeitsiko da, bigarrena ia erabat zapuztuz. Sagastiak baldin badira inguruan bietan tratatu beharko duzu.
Tratamentua egiteko harraren arrautzek jartzen dituen tximeleta noiz dabilen jakitea da onena. Horretarako feromonak dituen tranpa jartzen da, eta aste batean 4 tximeleta edo gehiago itsastita azaltzen badira handik 8-10 egunetara tratatu behar da. Orokorrean esan daiteke maiatzaren azken astean tratatu eta gero zortzi eguneko tartearekin beste tratamentu pare bat eman daitekeela. Hau uztailaren azken astean edo abuztuaren lehenengoan hasita errepikatu beharko litzateke. Tratamentuak egiteko nekazaritza ekologikoan onartutako produktuak erabili: “Bactur” edo “Madex”.
Gaur arte erantzundakoak (235 galdera-erantzun)
Orain landatu dezakezu. Baina udaberrira arte loreontzian balego bezala ureztatu beharko zenuke, sustrai berri ahulak izango baititu. Beste aukera loreontzian bertan mantendu eta martzoan landatzea da. Tarte handia utzi, oso handia egiten baita eta gero bestela inausi egin nahiko duzu. Tarte handia 8-10 metrokoa, alegia.
Kaixo Jakoba! Ba al dakizu esaten Zeraingo mandio tabernaren aurrean dagoen arbolatxo zer dan? Horrelako arbolatxo txiki bat behar dut aterki forma hartzen duena eta ahal izatea autoktonoa noski, asko gustatzen zait honako espezie hau eta ea laguntzerik badaukazun, eskerrik asko!
Gustu ederra duzu. Neronek ekarri eta landatutakoa da, 1994-95 neguan. Sagarrondo bat da. Barietate negartia da eta txertatua dagoen tokitik hasieran behera ematen ditu adarrak baina gero, indartzean pixka bat gora ere egiten du, 4-4,50 metro arte hazi daiteke. Loraldi zuria du udaberrian eta sagartxo gorriak hostoa eroritakoan ere bertan mantentzen dira, txorien gozagarri. Bere izena Malus x scheideckeri “Red Jade” da, baina normalean Malus “Red Jade” edo “Red Jade” sagarrondoa bezala ezagutzen da mintegietan. Ez da erraza topatzen beraz datorren negu honetan jarri nahi baduzu hasi galdezka...
Atsaldeon Jakoba.
2 zugaitz intxaur edade berekoak. Bat, batean ikustezu ihartuta, enborrean lur azalan contra kostra zuria. Ze gaxotasun klase izanditeke ? Eskerrikasko.
Orain ebaki ondoren garbi ikustend a aspaldiko arazoren bat edo batzuk izan direla hor. Adibidez gainean duten plaza antzeko horri eusten dion horma intxaurrondoak hor zirela egin al zen? Horrek kalte handia sor dezake. Inaustekarik izan al zuen? Ebakietatik ura erraz hartzen du intxaurrondoak eta bihotza usteltzea etorri daiteke. Horrekin batera urarekin gaitzak ere ziztu bizian sartzen zaizkio, beste zuhaitz askori baino errazago... Aldamenekoak ondo irauteko kontuz inguruan zama jartzearekin. Ohol kastillo hori da adibide garbia. Horrelakorik ez jarri intxaurrondoaren bueloaren parean; gainontzean sustraiak ito, usteldu eta gaitzak hortik ere sar daitezke.
Aupa Jakoba. Egunon Malerrekatik!! Aurten sagar urtea omen da, bistan da, eta sagardoa egiteko tenorea hurbiltzen. Sagardoa eta zukua egiñak gara, eta aurten ozpina egiten saiatuko gara. Bele zahar batek zuri galdetzeko esan dit. Nola egin daiteke sagar ozpina? Ezagutzen ahal dituzu motak eta horretarako egin beharreko desberdinak? Eskerrik asko ta segi bixkor!
Aupa, Zubietatik Zubietara!
Ozpina egitea da errazena. Sagar muztioa edota sagardoa airea hartzen utzi eta laister ozpintzen dira. Horretarako laguntza handia da ozpina egiten den beste nonbaitetik ozpin horren ama eskuratzea, edo gutzienez ozpin pixka bat.
Onena urte askotarako ozpina egingo duen ontzi batean pentsatzea da. Errazena plastikozkoa, goian boka handia duena eta azpian behe-behetik goraxeago kanila bat. Nik sagardoarena egiten dut. Sagardoz ia goraino bete ontzia eta ama edota ozpina gehitu. Goiko boka irekita mantendu, oihal arin batezkin estalita; airea sartzea behar-beharrezkoa da, baina xakarrik ez. Hilebete batzuetara ozpina egina egongo da. Nik ontziaren erdia ateratzen dut, ozpin ozpina, eta ateratako erdi hori jasotako sagardo hondarrekin edo sagardo garbiarekin bete. Urtero egin hori, erdia atera eta bete. Horrela kalkulatu ontziaren tamaina zenbat ozpin behar dekenaren arabera. 50 litro behar, 100 litroko ontzia...
Gero gerokoak: niri ozpin desberdinak egitea gustatzen zait. Ateratako ozpin horri erdi eta erdi muztio gozoa edo sagardoa nahasi eta itxi, gehiago ez ozpintzeko. Horrela ozpin errebajatua eta askoz ere lurrintsuagoa izango da. Edota belarrak sartu: albahaka, ispilikua, erromeroa, ezkaia, piperrak...
Intxaurrondoak urte asko behar du fruta ematen hasteko. Are gehiago hazitik sortua bada, txertatu gabekoa, alegia.
Lur onean eta toki gozoan bizi bada oraindik ere gehiago kostako zaio fruta ematen hastea, gehiago hazi eta arbola izugarria egingo da, baina fruta emateko behar duen heldutasunera iristea kosta egingo zaio.
Arazo honi aurre egiteko txertatzen dira fruta arbolak, eta baita inausketak egiten dira, arbolari bizimodua neurri batean okertu eta fruta ematera makur dadin.
Kendu eta berriak jartzearena zeuk ikusi behar duzu. Agian proba egin dezakezu gutxi batzuk moztu eta ipurditik ematen duten altsuma berria hurrengo urtean txertatu, gustuko duzun barietateren batekin.
Orain da mihura kentzeko sasoi onena. Ahalik eta azkarren, ikusi ordurako onena. Honela agertu nuen 2018ko LANDAREAK LANTZEN, ILARGIA eta LANDAREAK agendan:
MIHURA KENDU
Mihura zuhaitza edo arbola baten gainean bizi da. Beste baten bizkar bizi behar du, ez da gai bere gisa, bakarrik bizitzeko. Mihura, Viscum album, bizkarroia da. Zuhaitza edo fruitu arbola, izerdia nori kendua behar du.
Mihurak lorea ematen du eta handik fruitua: koxkor zuri-laru borobiltxoa. Heldutakoan, erortzean, lurrera erortzen bada, akabo, ez du mihura berririk emango. Fruituak azalean biska edo lika bat du eta horrekin adarretan itsasten bada mihura berria haziko da. Txoriak harrapatzeko biska, koxkor horiek zanpatuta egiten denez, biska izena mihuraren “Viscum” horretatik ote dator?
Mihurak zuhaitzaren azalaren azpian sustraiak botako ditu eta haien bidez izerdia zurrupatu. Hazten ari den neurrian gero eta gehiago zurrupatuko du, eta denborarekin bera dagoenetik aurrera adarra ihartu egingo da.
Mihura azaldu ordurako kendu egin behar zaio zuhaitzari, bizkarroi hutsa baita. Labana edo guraize zorrotz batekin ahal den zauri garbiena eginez ipurdi-ipurditik moztu.
Kaki fruituak iraupen motza du. Biguina da eta heldutasunean jaso ezkero laister jan behar da. Jan edo eraldatu: muztioaegin, marmelada, konfitura, lehortu...
Fruitua bera jaso eta jateko bada erabateko heldutasunera iritsi aurretik jaso eta toki hotz, ilun eta haizeberritzen den batean jaso. Irauteko ilbeheran jasotzea da egokiena. Aurten azaroaren 18 eguerdira arte.
Pikondoak hostoa galtzen du neguan. Sasoi horixe da egokiena landatzeko. Izotzaren beldurrik ez den eguna aukeratu, bestela landatzerakoan harrotzen den lurrean ere izotza sar daiteke eta sustraiak kaltetu.
Landarea sustrai eta guzti baduzute, lehen zegoen maila bereraino lurperatu, ez gehiago ez gutxiago.
Bestela oso erraza da pikondoa adarretik sortzea. Hartu metro beteko adarra eta zulo luze bat egin aitzurrarekin lurrazalean, sakondu gabe, aitzurraren buruaren altueran. Adarra sartu luzetaka eta muturreko 20-25 zentimetro bistan utzi. Udaberrian hostoak ematen dituen bezala, lurpean sustraiak garatuko ditu.
Hurrondoak hostoa galdu egiten du neguan. Hori egiten duten landare ia denak bezala negu neguan landatu behar da, abendua eta otsaila artean. Nola? Hazitik landarea sortu dezakezu, orain erori berriak diren hurrak, gustuko dituzun aldaerakoak, bildu eta hondarretan sartuta jaso; kanpoan, negua sentitzen eta euriarekin bustitzen direlarik. Euririk ez bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, baratzean edo otzian. Bestela landarea eskuratu, beste hurrondoren baten azpiko aldean topatuko duzu alerik. Erosi nahi baduzu zihurtatu zer nolako aldaera den. Landatzeko tokia ondo aukeratu, gerora zein tamaina izango duen eta itzala nora egingo duen eta abar kontutan edukiz. Aurrez zuloa egin dezakezu eta neguan landatu. Lurra simaur edo luar zaharrarekin nahasi. Landarea lehengo sakonera berean jartzea garrantzitsua da, azalean nabarmena izango da noraino zegoewn lehen lurpean. Agian, lehen udan ur pixka batekin algundu beharko diozu.
Ondo helduta daudenean ederki igarriko diozu. Ez dago sasoi bakar bat. Zeureak noiz landatu dituzunaren eta eguraldiaren arabera lehenago edo geroago izango da. Heldu eta azala zailtzen zaienean, orduan.
Gereziondoa eta aranondoa, biak fruitua hezurduna dutenak. Familia horrek nahikoa arazo du hemen, hezetasuna dela-eta izaten dituen gaitzaengatik. Ni saiatuko nintzateke bertako barietateren bat topatzen. Mintegi batzuk eta hazien sareak ari dira lan hori egiten eta haiengandik eskuratuko nituzke, bertara ohituagoak, zailduagoak izango dira. Euskal Herriko Hazien Sareak banatzen ditu fruitu arbolen lehengo barietateak. Hostoa galtzen dutenez, landaketa negu-neguan egitea komeni da, abendua-urtarrila tarte horretan.
Ahuakatondoari dagokionez, hostorik ez du galtzen eta beraz negua igaro arte itxaron. Martxoa aldera landatu.
Eguraldiari lotu behar zaio itxura hori. Hzetasun handia baldin bada, alearen kanpoko aldeko zokotena ez da ondo lehortzen eta fruituari itsatsita geratzen da. Ez du euri asko egin, baina ihintzak handia izan dira. Tokiaren arabera ere eragin hori ikusgarriagoa izango da. Aldaera edo barietate batzuk joera nabarmenagoa dute horretarako.
Ahalik eta azkarren geruzatu. Geruzatzearen teknika oso ona da hazien ernetzeko gaitasunari eusteko. Honela adierazten du 2019 urterako arfgitaratua dugun LANDAREAK LANTZEN agendan:
HAZIAK GERUZATZEA
Hazia heltzetik ernatu arte tarte bat igarotzen da. Zuhaitz, fruitu arbola eta zuhaixken haziak jasotzeko era da geruzatzea.
Bietan fruitua heldu denean eskuratzen ditugu haziak. Hauek sortu ahala, geruzatu egin behar dira. Errekako hondarra behar dugu, zulatutako ontzi batean hondar geruza bat jarri eta gainean hazi geruza bat, gainean hondarra, gainean haziak... Hondar geruza batekin bukatu. Ontzi hau kanpoan jarriko dugu negu guztia han igaro dezan. Beti heze egon behar du, baina ito gabe.
Haziak neguko hotza sentituko du eta udaberrian erraz ernatuko da, hondarrak ebaki txikiak egingo dizkio azala leuna badu eta hezetasunean hazia puztu eta ernatzeko prestatuko da. Neguan otsailean edo martxoan haziak atera eta erein, edo hondarretan bertan kimuak atera arte itxaron eta orduan landaretxoak landatu.
Onena haziak geruzatzea da. Begira 2019ko LANDAREAK LANTZEN agendan nola adierazten dudan:
HAZIAK GERUZATZEA
Hazia heltzetik ernatu arte tarte bat igarotzen da. Zuhaitz, fruitu arbola eta zuhaixken haziak jasotzeko era da geruzatzea.
Bietan fruitua heldu denean eskuratzen ditugu haziak. Hauek sortu ahala, geruzatu egin behar dira. Errekako hondarra behar dugu, zulatutako ontzi batean hondar geruza bat jarri eta gainean hazi geruza bat, gainean hondarra, gainean haziak... Hondar geruza batekin bukatu. Ontzi hau kanpoan jarriko dugu negu guztia han igaro dezan. Beti heze egon behar du, baina ito gabe.
Haziak neguko hotza sentituko du eta udaberrian erraz ernatuko da, hondarrak ebaki txikiak egingo dizkio azala leuna badu eta hezetasunean hazia puztu eta ernatzeko prestatuko da. Neguan otsailean edo martxoan haziak atera eta erein, edo hondarretan bertan kimuak atera arte itxaron eta orduan landaretxoak landatu.
Adarrak mozteko garai onena izerdi berria hasi aurrekoa da. Aipatzen dituzun horietan otsaileko ilbehera.
Ez dago ez horrelakorik, nire ustetan behintzat. Egin beharko genuke!
Neroni ibiltzen naiz batean eta bestean ikastaroak ematen, etxean nola egin biak, baina ez dut ezer idazteko tarterik izan.
Kaixo Elena,
Esaidazu zein baldintza izango dituen: itzala, erdi itzala, goizez, arratsaldez, lurrean biziko da edo ontzian, jardinera handi bat egiteko aukerarik baldin badago eta abar.
Horrekin aukeraketa errazago egingo dugu.
Mila esker
Laister arte
Jakoba
Kaixo Jakoba.
Nik esango nuke Hegomendebaleko orientazioa duela. Negu partían arratsaldeko eguzkia du eta udan berriz bete betean.
Ustez, ontzi handi bat jarri ahalko genuke, beti ere kontutan edukita, gelen gaineko terraza dela.
Terraza, nahiko handia da.
Hara hor, iaz ateratako argazkiak. 4 urtekoak.
Mila esker zure arretatik.
Ondo izan
Elena
Proposamen bikoitza egingo dizut. Limoiondoa eta kumkuata. Biak zitrikoak dira. Limoiondoa ondo ezagutzen dugu eta bere fruituaren erabileraak ere bai. Kumkuata, aldiz berria da lurralde hauetan, baina ikastetxe baterako ezaugarri egokiak ditu: fruitu arbola txikia da, zitrikoa denez fruitu ikusgarriak ditu, fruitu txikiak haurekin ikastetxean bertan gozatzeko. Izan ere fruitua arboletik hartu eta zuzenean jaten da, azala kentzeko zuritu beharrik gabe, azal mehe eta guzti. Gozoa da, ez da limoia bezala bizia.
Biek bakoitzak bere ontzi HANDIA beharko du. Tamaina horren araberako uzta eta arbola izango dituzue. Hori bai, uda partean ere bateren batek ureztatu beharko ditu. Beste aukera ureztaketa sistema programatu bat jartzea da.
Ontzitik ontzira noiznahi landatu daiteke, sustraiak ez bai dituzu moztuko. Hala ere sasoi bereziki ona da izerdia mugitzera doanekoa. Hostoa galtzen ez duten landareetan martxoa amaiera aldeko ilbehera.
Barrutik mami gorria duten sagarrak hiru izenez ezagutzen ditut: Azalain, Santio sagarra eta tomate sagarra. Santio sagarra da niretzat ezagunena. Hura, ordea, luze antzerakoa da, zure argazkikoa borobil samarra dela iruditzen zait.
Mixurka fruitu arbola desberdinei deitzeko erabiltzen da: albertxikoa, melokotoia, mizpira...
Denek, hala ere ezaugarri garrantzitsuena bera dute, ziklo berdintsua, alegia. Hostajea galtzen dute neguan eta sasoi hori baliatuko dugu landaketa egiteko. Beraz abendua-urtarrila alde hori izango da onena. Izotz egunetan ez landatu.
Ongarria organikoa (simaurra, luarra, zizare-lurra...) jarri inguruan erruz, landarea bera ukitzen ez duela. Udaberria iristerako desegiten hasia egongo da, eta ederki aprobetxatuko du.
Hori egiteko sasoi onena martxoa da. Izerdi berria laister etorriko da eta egindako zauriak ixten lagunduko du. Ilbeheran egiteko lana da kimaketa.
Ahal izanez gero intxaurrondoa ez da inausi behar. Zura ahula du eta zaurietatik hezetasuna sartzen zaio, barruko egurra ustelduz. Inausi behar izanez gero adarrak txikiak direnean egin, zauri tzikiak eginez. Onena martxoa aldera inaustea da, izerdi berria laister etorriko zaio eta hark zauria itxiko du. Ilbeheran inausi eta ebakia adarrak goian eta behean dirtuen orbanak edo marrak errespetatuz egin, ahalik eta ondoen ixteko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545